Aditu independenteen zain

Aditu independenteen zain

Edurne Elizondo

Aurrera. Esako urtegia handitzeko lanek ez dute etenik, eta aurrera jarraitzen dute. Asteon, hain zuzen, giltzak emateko epea amaitu zaie Espainiako Gobernuak desjabetu dituen etxeetako jabeei, Zaragozako (Aragoi, Espainia) Sigues herrian. Azpiegitura horrek eragindako kalteak “hagitz larritzat” jo dituzte Aragoiko Chunta Aragonesista taldeko kideek, eta gogor salatu dute urtegiak ukitutako Siguesen gisako herrietan gertatzen ari dena. Nafarroan ere kezka eragiten jarraitzen dute urtegiko lanek; gobernuak iaz egindako txosten baten berri zabaldu da azken egunotan. Testu horretan gobernuko teknikariek nabarmendu dute Ebroko Ur Konfederazioak “gutxietsi” egin dituela urtegia handitzeko lanen inguruko arriskuak, eta, ondorioz, aditu independenteek egindako txosten baten beharra jarri dute mahai gainean.

Zangozako Esa + Ez Lanak Gelditu plataformako kideek bazuten gobernua prestatzen ari zen txostenaren berri. Iker Aramendia kideak uste du hainbat departamentutako teknikariek azaldutakoak berretsi egin duela plataformak berak eta haren inguruko adituek hainbat aldiz errandakoa eta salatutakoa.

“Aurrerapauso garrantzitsutzat” jo du Aramendiak txosten hori osatu izana, eta, batez ere, nazioarteko hainbat aditu independentek egindako bertze bat eskatu izana. Onartu du gobernuaren oraingo erantzuna “lehenago” espero zutela, baina plataformako kideek ez dute uste, hala ere, gobernua deus egin gabe egon denik azken bi urteotan. Esako urtegia handitzeko lanen inguruko kezka eta konpromisoak gobernua babesten duten taldeen arteko akordio programatikoan daude jasota, baina oraingoa da azpiegitura horren egoerari buruzko urratsik sendoena. “Argi dugu halako kontuek denbora behar dutela”, erran du plataformako kideak.

Denbora, hala ere, herritarrek “kontra” dutela uste du Aramendiak. Eta onartu du horrek kezkatzen duela, batez ere. “Aditu independenteen txostena guztiz beharrezkoa dela uste dugu, baina kezkatzen gaitu aditu horiek bilatzeko eta ikerketa egiteko beharko duten denborak”, azaldu du.

Denbora kezka iturri dute plataformako kideek, lanek etenik gabe jarraitzen dutelako aurrera Esako urtegian. Nafarroako hurrengo hauteskundeak ere gero eta hurbilago direla badakite. “Auskalo zer gertatuko den”. Emaitzek, noski, urtegia handitzeko lanen inguruko gobernuaren jarreran eragina izan dezaketela argi dute lanen aurkako herritarrek. “Orain dagoen gobernua izan da gure kexak entzuten bakarra. Gobernua aldatzen bada gerta daitekeenak kezkatzen gaitu”, berretsi du Aramendiak.

“Zalantza nabarmenak”

Nafarroako Gobernuko Barne, Garapen Ekonomiko eta Ingurumen departamentuetako teknikariek egin dute aditu independenteen txostena eskatzeko oinarri hartutako ikerketa. Teknikariok argi eta garbi erran dute beren ondorioetan urtegiko eskuin hegaleko segurtasunari buruz “zalantza nabarmenak” badirela, oraindik ere, eta ez dagoela batere argi ustez hegal hori egonkortzeko egindako lanek izan duten eragina.

Txostenak jaso ditu Esako segurtasunik eza eragiten duten faktoreak. Haietako bat da urtegia dagoen eremuko geologia. Teknikariek nabarmendu dute, bertzetik, Ebroko Ur Konfederazioak ez duela ongi zehaztu eskuin hegaleko segurtasun faktorea. Aipatu dute, gainera, hegal hori sendotzeko lan osagarrien azken faseko obrek segurtasunari eragiten ahal diotela, eta sismologiari buruz konfederazioak dituen datuak urriak direla.

Txostenak mahai gainean jarri du, halaber, zalantzak daudela azpiegitura handitzeak eta urez betetzeak presako eta eskuin hegaleko segurtasunean izanen lukeen eraginari buruz. Ebroko Ur Konfederazioak ezarritako larrialdi planak herritarrak Zangozatik ateratzeko aukera bermatuko ote lukeen ere ez dute argi txostena egin duten teknikariek.

Txosten hori teknikariek egin izana nabarmendu du Aramendiak; uste du horrek balio erantsia ematen diola. “Ez da txosten politiko bat, teknikoa baizik”. Sismikotasunari buruz, “bitxitzat” jo du Ebroko Ur Konfederazioaren jarrera: “Muga meategi proiektuari buruz txostena egin dute, eta sismikotasunari buruzko ikerketak eskatu dituzte, meategiak urtegiari eraginen liokeela uste dutelako. Haiek, ordea, gisako ikerketarik ez dute egin urtegia handitzeko lanak martxan jartzeko”, salatu du Aramendiak.

Plataformako kideak nabarmendu du urtegi handitua betetzeko uneak anitz kezkatzen duela. “Presako lanak laster amaituko dituzte, baina egiteko daude bertze hainbat obra. Konfederazioak erran du 2020-2021. urtean amaituko dituztela. Lan horiek bukatuta hasiko lukete urtegia betetzeko plana”.

Aramendiak uste du, beraz, denbora badela, oraindik ere, urtegia ez betetzea lortzeko. “Ez da berandu, oraindik ere badugu aukera hau gelditzeko”, erran du. Espainiako Gobernuak hainbat aldiz baliatu izan duen ekintza burutuen politikaren beldur da, hala ere.

Ekintza burutuen politika horren barruan ulertzen du Aramendiak Sigues herriko etxeen desjabetzea, hain zuzen ere. “Duela hainbat urte ere zuhaitz pila moztu zituzten Europaren intereseko toki batean. Urak eremu hori azpian hartu arte ez du zentzurik mozteak”, azaldu du Aramendiak. Eskuin hegaleko mugimenduari buruz daturik gabe jarraitzen dutela gogoratu du. “Zikin jokatzen du Ebroko Ur Konfederazioak. Ez dago batere gardentasunik”, salatu du plataformako kideak. Zangozan, segurtasunaren auzia “behingoz” argituko duten aditu independenteen zain dira.