Ehun urteko bidea egin du margolanak

Ehun urteko bidea egin du margolanak

Edurne Elizondo

Ehun urte joan eta gero, islatzen duen unea inguratzen zuen isiltasun bera dario Javier Ziga margolariaren Biatiko bat Baztanen izenburuko lanari. Gaixo dagoena apaizaren zain da Elbeteko Askoa etxean; elizakoak ematera joan da apaiza; beltzez jantzitako hiru emakumek egin diote harrera. Mezalagunak eskuan duen txilinaren hotsak baino ez du hitz egiten. Bertze guztiak isilik dira. Zigak (Iruñea, 1877-1960) 1916. urtean margotu zuen koadroa, Elizondon. Herriko bizilagunak erabili zituen modelo gisa. Obra Madrilen aurkeztu zuen lehendabiziko aldiz, 1917ko maiatzaren 28an egindako Espainiako Arte Ederretako Erakusketan. Mende bat bete du Zigaren biatikoak, eta, hori ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Nafarroako Museoak, han baita orain Zigaren lana.

Ziga fundazioko presidente Pello Fernandezek "maisulantzat" jo du margolariaren Biatiko bat Baztanen. Koadroa ongi ezagutu nahi duenak izanen du aukera, Nafarroako Museoak bisita gidatuak antolatu baititu: ekainaren 4an eginen dute lehendabizikoa, gaztelaniaz; 12:30ean hasiko da. Ekainaren 11n, berriz, ordu berean, euskaraz eginen dute. Fernandez bera ariko da gidari lanetan. Hitzaldi bat hartuko du museoak, halaber, ekainaren 7an, 19:30ean: Iñaki Urrizelki ariko da, 1917ko Madrilgo arte ederretako erakusketari buruzkoak azaltzen.

Oihartzun handia izan zuen 1917ko Madrilgo erakusketak; 404 margolan erakutsi zituzten, eta egileen artean ziren lehen mailako artistak: Sorolla, Muñoz Degrain, Anglada Camarasa eta abar. Javier Zigak bi lan eraman zituen: Biatiko bat Baztanen lanarekin batera, On Frantzisko Xabier Arbizukoa Gorrizen erretratua aurkeztu zuen erakusketan. "Parisen arrakasta lortu eta gero joan zen Ziga Madrilera; orduan hasi zuen heldutasunaren etapa", azaldu du Fernandezek.

Ziga fundazioko presidenteak ongi ezagutzen du margolariaren lana. Batetik, "bikaintzat" jo du artistak erakutsitako trebezia teknikoa; bertzetik, koadroak jorratzen duen gaiari buruz, Fernandezek nabarmendu du Zigak ederki islatu zuela "erlijio emozioa". Hala eta guztiz ere, 1917ko erakusketatik esku hutsik atera zen Ziga; hau da, saririk gabe. Lehendabizikoa Valentin Zubiaurrek jaso zuen, Bertsolariak izenburuko lanarekin; hirugarren, berriz, bertze nafar bat sailkatu zen, Gustavo de Maeztu, alegia, Lur iberikoa izenburuko margolanarekin. "Halakoetan irabazteko, izen handia behar zenuen Madrilen, eta azpiegitura artistikoak ongi kontrolatu", azaldu du Fernandezek.

"Merke" erosi zuten

Madrilen aurkeztu eta gero, bertze hainbat erakusketatan zintzilikatu zuten Zigaren Biatiko bat Baztanen lana: 1978an, Nafarroako Museoan margolariaren omenez egindako erakusketan; 1986an, Bartzelonan Nafarroako artisten inguruan egindakoan; eta 2014an, Aranda de Dueron (Espainia), arte sakratuari buruzko erakusketan.

Ehun urte bete dituen Zigaren lana Nafarroako Diputazioak erosi zuen. "Merke" erosi zutela erran du Fernandezek, hain zuzen ere. Azaldu duenez, Florencio Ansoleagak diputazioari oinordetzan utzitako diruarekin erosi zuten. 5.000 pezeta utzi zituen Ansoleagak. "Monumentu historiko eta artistikoen batzordeak Eduardo Carceller ordezkariaren esku utzi zuen negoziazioen ardura; Zigaren maisu zen", gogoratu du Fernandezek. 2.000 pezetako prezioa ezarri zuen Zigak, hasieran; 1917ko erakusketan lana saldu ez zenez, negoziazioak martxan jarri zituzten, berriz ere, handik itzuli zenean; azkenean, 1.625 pezetaren truke erosi zuen diputazioak. Zigak, gainera, bertze koadro bat margotzeko eta diputazioari emateko konpromisoa hartu zuen. "Antza, koadro hori ez zuen egin. Ordaindutako prezioak erakusten du, halere, erakundeak ahalegina egin zuela ahalik eta gutxien ordaintzeko; ez zioten aitortu zuen balio ekonomikoa", erran du fundazioko buruak.

Fernandezek, hain zuzen ere, Zigak egindako lanen eta bidearen garrantzia nabarmendu du. Haren lana hobeki ezagutzeko aukera balia dezatela eskatu die herritarrei. "Artearen gorena gogora dakar lan honek", erran du. Orain, duela ehun urte bezala.

“Desorekek legitimatuta egon behar dute beti”

“Desorekek legitimatuta egon behar dute beti”

Kattalin Barber

Gaur egungo gizarteetan berdintasuna eta askatasuna saltzen direla baina egiazki ez dagoela halakorik uste du Ana de Miguel filosofoak (Santander, Espainia, 1961). Gizonen eta emakumeen arteko desorekak aztertu ditu Neoliberalismo sexual. El mito de la libre elección izenburuko liburuan, eta Iruñean izan da berriki, lan hori aurkezten, MIRaN foroak gonbidatuta.

Zergatik esaten duzu mito bat baino ez dela aukeratzeko askatasuna?

Gurearen gisako gizarte demokratikoetan, askatasuna eta berdintasuna balioak dira. Horregatik, desorekek legitimatuta egon behar dute beti. Pertsonek, modu batean edo bestean, onartu egin behar dituzte desoreka horiek. Gaur egun, hautu libreak esan nahi du edozein jardueratan eta edozein harremanetan, desorekatua izan arren, norberak libreki aukeratzeko eskubidea duela: edo hartu, edo utzi. Mundu desorekatu honetako harremanak legitimatzeko erabiltzen dugu hautu librea, hain zuzen ere.

Liburuan diozu berdintasuna saltzen digutela baina, egiazki, ez dugula ez berdintasunik, ezta askatasunik ere. Nola gertatzen da hori?

Askatasunaren ideia saltzen digute, baina askatasuna dugu merkatu bateko produktuak libreki aukeratzeko bakarrik. Ez besterik. Metafora bat baliatuko dut hori azaltzeko: seguruenik, gaur egun ez dago inor Iruñean esanen duena bere seme-alabak desberdin hezi dituela. Guztiek esaten dute berdintasunean hezi dituztela beren haurrak. Hori horrela izanik, nolatan gertatzen da semeek erabakitzen dutela futbolean aritzea, eta alabek, berriz, panpinekin jolastea? Hautu librea al da hori? Guraso askok jarraitzen dute alabei jaio berritan belarrietan zuloak egiten, eta handik urte batzuetara harrituta esaten dute ez dakitela zergatik gustatzen zaizkion hainbeste belarritakoak alabari. Haiek eraiki dute horrela beren alaba, hain justu, zuloak genero marka baitira! Baina ez dira horretaz ohartzen; halako portaerak naturaltzat dituzte, eta eutsi egiten diete.

Berariaz neskentzat edo mutilentzat sortutako ipuinak, telesailak eta gisakoak ugaritu dira. Erabat baldintzatzen dute heziketa?

Bai, eta ez hori bakarrik. Neska asko ohitzen dira bizitzaren esparru askotan ez egotera, eta azkenean, normaltzat hartzen dute egoera hori. Bai politikan, bai kulturan eta bai aisialdian gertatzen da hori. Egunero albistegietan minutu asko hartzen ditu futbolak, adibidez, eta mutiko gehienei kirola gustatzen zaie. Baina zer ikusten dute neskek albistegietan? Emakumeak ez dira ageri, ez daude. Ez dituzte ikusten.

Berdintasunean heztea aipatu duzu lehen. Nola lor daiteke, beraz?

Oso zaila da hori lortzea, egia esan. Neska arrosak eta mutil urdinak sortzeko produktuak nabarmen areagotu dira azken urteetan. Jada ez dago borragomarik, adibidez. Orain, borragoma urdinak daude, eta borragoma arrosak. Eta gauza bera gertatzen da beste hamaika jostailurekin. Gizon edo emakume bihurtu ordez, nahi duten izaera eta ezaugarriak garatzen utzi behar diegu haurrei. Horregatik, hori lortu ahal izateko, aukera bakarra irakasleen eta gurasoen kontzientzia kritikoa lantzea da.

Hautu librea ez da hain librea, finean?

Ez dut uste 15 zentimetroko takoiak eramatea nesken hautu librea denik. Kontua da askatasuna lotzen dugula, alde batetik, askatasun sexualarekin, eta, bestetik, janzteko eta kontsumitzeko askatasunarekin. Zergatik ez dugu lotzen askatasuna, ordea, bakoitzaren garapen pertsonalarekin edota norbanakoaren autonomiarekin? Orain esaten digute askeak eta berdinak garela, eta horregatik, hain zuzen, gure gorputza saldu dezakegula.

Neoliberalismo sexuala neoliberalismo ekonomikoaren legitimazio iturri bilakatu da, beraz, zure ustez?

Bai. Berriro ere aztertu behar ditugu kontzeptu asko, nire ustez; sexualitatea ere berraztertu beharko genuke. Iraultza sexualaz hitz egiten dugu, baina ez ote da izan iraultza sexual patriarkal bat? Sexua ona da, sexua askatasuna da, eta hortik eraiki dugu guztia. Horregatik, orain sexua merkantilizatu egin da, eta, modu berean, gorputza ere bai. Gorputzari mugarik ez jartzea larria dela uste dut. Dena saltzen eta erosten ahal da. Badirudi gauza bera dela gorputza saltzea, altzairuak saltzea edo ideiak saltzea. Arazoa da beren gorputza besterik ez duten pertsonek, bizi garen mundu desorekatu honetan, ez dutela beste aukerarik, ez dutela beste biderik, eta haien gorputza salduko dutela azkenean.

Prostituzioa eta haurdunaldi subrogatua sakon eztabaidatzen ari dira mugimendu feministan. Zein da zure iritzia auzi horien inguruan?

Uste dut asko pentsatu eta eztabaidatu behar dugula jarrera eta erabaki bat hartu baino lehen, estatuak bi egoera horiek normaltzat jotzeko legeak egin baino lehen, alegia. Hainbesteko presarik ez dugu, finean. Belaunaldi berriek prostituzioa beste lanbide bat balitz bezala ikustea ez da mesedegarria, nire ustez. Seme-alabak izateko gaitasuna saltzea ere ez. Egia esan, ez dut ulertzen nola ezkerreko hainbat sektorek eta feminismoaren ahots batzuek defenditzen dituzten halako egoerak. Asko dugu pentsatzeko, eta egin behar ez dugun urrats bat da, nire ustez.

Norabide argia du feminismoak egun?

Baietz uste nuen nik, eta liburuari Norabidea duen mundu bat jarri nahi nion, hain zuzen ere. Baina gerora ikusi nuen oker nintzela. Argi geneukana ez dugu hain argi orain. Baditugu ideiak, baditugu planak, eta badakigu nola eraiki mundua, baina, agian, asko ari ginen aurreratzen, eta, bat-batean, zer esan jakin gabe gelditu gara globalizazio neoliberal, kapitalista eta patriarkal horren aurrean. Zer esan nahi dugu emakume adina feminismo daudela esaten dugunean, adibidez? Feminismoa ez dela ezer esaten dugu mezu hori zabaltzen dugunean, nire ustez: ezerezten ari da, hutsaltzen ari da feminismoaren kontzeptua. Dena sartzen den tiradera bat balitz bezala saltzen digute, eta horrek, azkenean, kalte baino ez dio egiten feminismoari. Indarrak batu behar ditugula uste dut, baina badakit, aldi berean, zaila dela hori. Gaur egun, inoiz baino jende gehiagok parte hartzen du manifestazio feministetan, eta hori positiboa da, ona da, baina argi izan behar dugu norabidea behar dugula.

Ez dutelako konformatu nahi

Ez dutelako konformatu nahi

Mundua eraldatu nahi dute; egungo sistema kapitalistak ezartzen dituen joko arauei aurre egin; lanerako eta lan harremanetarako esparru propioa sortu dute horretarako, inguru hurbilenean, eta, gizartean, oro har, eragiteko asmoz: Lizarran Denendako proiektu komunitatea sortu dute hainbat gaztek; Iruñean Gakoa gazte kooperatiba jarri dute martxan bertze hainbatek. Edurne Elizondo Denendako: “Nahi dugun aldaketaren alde ari gara lan egiten” Lagun onak...

Matxismoaren aurkako aldarria

Matxismoaren aurkako aldarria

Kattalin Barber

Laguntza eta babesa eskaini nahi diet nirea bezalako egoeran diren pertsonei, indarkeria bazter utzi ahal izateko; ahal delako, eta behar delako". Indarkeria matxista jasan duen emakume baten testigantza da Nidos desnudos (Habia biluziak) dokumentalaren hari gidari nagusia. Virginia Senosiainek eta Juan Luis Napalek egin dute, eta fikzioa, errealitatea, adituen elkarrizketak eta kaleko jendearen iritziak baliatu dituzte obrari forma emateko.

"Lan honen bidez, adierazi nahi dugu gizartearen gehiengo osoa indarkeria matxistaren aurka egon arren, egunero pairatzen jarraitzen dugula. Errealitate hori behingoz hutsean uzteko ordua dugu", adierazi du Senosiainek. Aurreratu duenez, dokumentala "gogorra eta gordina" izan arren, "modu positiboan" amaitzen da. "Genero indarkeria jasan izan duen emakumeak esaten duena esanen dut nik ere: putzu horretatik atera daitekeela, eta are garrantzitsuagoa dena, atera egin behar da".

Dokumentala osatu ahal izateko, 88 pertsona elkarrizketatu dituzte, genero, adin eta jatorri desberdinekoak. "Helburua, hortaz, guztiok borroka komun bat dugula adieraztea izan da: indarkeria matxista desagerraraztea", gaineratu du Napalek. Horrez gain, genero indarkeriaren inguruan sentsibilizazioa eta hausnarketa sustatzeko ere egin dute dokumentala. "Gizarte osoaren parte hartzea behar dugu gaitz horri aurre egin ahal izateko", esan du Senosiainek.

Besteak beste, dokumentalean parte hartu dute Aritz Romeo Iruñeko Udaleko Hiritar Segurtasuneko zinegotziak, Amaia Alcala Iruñeko Udaltzaingoaren Indarkeria saileko zuzendariak, Maria Ortega genero indarkerian espezializatutako abokatuak eta Iruñeko Emakumeendako Udal Arreta zerbitzuko langileek.

Senosiainek eta Napalek haien hondar aletxoa jarri nahi izan dute, eta, zuzendari lana egiteaz gain, dokumentaleko aktore ere badira. Aktorea da Senosiain, baina lehenengo aldia izan da Napalentzat. Erasotzaile baten larruan jartzea zaila eta gogorra gertatu zaio. "Irudi latzak grabatu ditugu, gordinak". Hala ere, leuntasunarekin eta sentiberatasunarekin landu dute gaia dokumental osoan.

Fikzioaz eta elkarrizketez gain, indarkeriaren inguruko performance bat ere ageri da dokumentalean, dantzan oinarritutakoa. Carmen Larrez eta Txusmi Pellicer aritu dira dantzari: "Dokumentalaren alderdi artistikoa da, eta oso iradokitzailea da; horrelako zerbait sartu nahi genuen".

Orain, dokumentala lau haizeetara zabaltzea da asmoa. Hilaren 7an estreinatu zuten Leitzan, eta biak kontent azaldu dira izan duen harrerarekin. Oraindik ez dituzte data zehatzak, baina Nafarroako hainbat udalek interesa agertu dutela jakinarazi dute egileek. Horrez gain, Iruñeko Golem zinemetan estreinaldia egiteko asmoa dute sanferminak baino lehen. "Mundu guztiak ateak ireki dizkigu, eta zinez eskertzekoa da".

Sanferminetan ere jarri dute arreta dokumentalean, eta iazko eraso sexistei gizarteak kalean eman zien erantzuna erreferentziatzat hartu dute. "Gaitzespen sozial izugarria egon zen, eta hori zerbait ongi egiten ari garen seinale da. Orain dela hamar urte horrelako erantzuna ezinezkoa zen, baina egindako lanaren fruituak jasotzen ari gara", dio Napalek. Urratsez urrats, aurrerapausoak ematen ari direla ziur dira. "Bere onetik aterata dago gizartearen parte bat, eta belaunaldi gazteen balioetan jarri behar dugu arreta", dio Senosiainek.

Aspaldiko asmoa

Aspalditik zuten buruan Napalek eta Senosiainek genero indarkeriaren inguruko lanen bat egiteko ideia. Antzerki ikuskizun bat egiteko aukera aztertu zuten hasieran, baita eta lip dub bat ere. "Azkenean, ordea, lanari ekin, eta dokumentala atera zaigu", azaldu dute egileek. Ikus-entzunezko lehen lan handia izan da bientzat, eta lan eskerga izan dute azken hilabeteetan. Halere, esku artean dituzte proiektu gehiago, eta dagoeneko ari dira lantzen hurrengoa: 36ko gerra emakumearen ikuspuntutik aztertu nahi dute, film labur baten bidez. "Gehiegi landu ez den gaia dela uste dugu, eta merezi du", dio Napalek.

Orain, indarkeria matxistari buruzko lana dute lehentasun. Gaztelaniaz dago bakarrik, oraingoz, baina euskaraz eta katalanez ere emanen dute. Asmoa da, gainera, bertsio bakoitzak "identitate bat" izatea: "Elementu komunak izanen dira, baina elkarrizketa berriak eginen ditugu, euskaraz eta katalanez aritzen diren adituekin". Euskal Herrian eta Katalunian grabatu dituzte irudi guztiak.

Euskararen mugak

Lohizune Amatria
Inoiz zalantzan jarri ez dudan erabaki bati buruz galdetu zidaten aurrekoan. Euskaraz egin ditut ikasketak, horrek nire formakuntza prozesuan edota ezagutza mailan gabeziarik eragingo ote zuen ezbaian jarri gabe. Guraso batek bota zida...

“Arazo bat ziren zuhaitz zaharrak, baina ari da aldatzen pentsaera”

“Arazo bat ziren zuhaitz zaharrak, baina ari da aldatzen pentsaera”

Kattalin Barber

Toponimiaz gain, zuhaitz zaharrak ere maite ditu Mikel Belasko hizkuntzalari eta Zuhaitz Zaharren Lagunak elkarteko kideak (Iruñea, 1967). Zuhaitz zaharren garrantziaz eta horien aberastasunaren kudeaketaz mintzatu zen atzo, Mendillorriko Civivox aretoan.

Zein irizpideren arabera sailkatzen dira zuhaitz zaharrak?

Oraindik ez dago batere argi zer izan daitekeen zuhaitz zahar bat. Ingelesek zuhaitzak sailkatzeko ahalegin handia egiten dute, baina hemen ez da egin. Izan ere, ez dute zerikusirik 100 urteko sekuoia batek eta haritz batek. Mendira joaten garenean, ohiko galdera izaten da zuhaitzen urteak jakin nahi izatea, baina oso konplexua da zuhaitz baten adina jakitea. Gainera, espezieen artean ez ezik, alde handia dago toki batetik bestera ere. Ez da berdin Baztanen hazi den edo Orbaibarren hazi den haritza. Oso zaharra dirudien zuhaitz bat ere gaztea izan daiteke. Dakienak badaki, baina zuhaitz asko ikusi eta aztertu dituelako. Edozein pertsonarentzat, zaila da.

Zein da Iruñeko zuhaitzik zaharrena?

Esan beharra dugu Iruñean, berez, ez dagoela zuhaitz zaharrik. Baina daudenen artean, Nafarroako Diputazioko sekuoia da zaharrena. 1855. urtean landatu zuten, Baztandik ekarri eta gero. Diputatu batek Iruritako jauregian zuen sekuoia. Garai horretan Ignacio Baleztenak Iruñeko arbola deitzen zion, Gernikakoarekin alderatuz. Jende askorentzat ikusgarria da, eta oraindik askok deitzen diote Iruñeko pinua. Sekuoiek 2.000 eta 3.000 urte arteko bizi itxaropena dute; hortaz, gazte-gaztea da hemen duguna. 150 urte ez dira ezer.

Zergatik ez dago zuhaitz zaharrik Iruñean?

Erromatarren garaitik Iruñea hiri militarra izan da, eta orduan indarrean zegoen agindu batek debekatzen zuen harresietatik bi kilometrora zuhaitzak landatzea, etsaien ezkutaleku izan zitezkeelako. Bitxia da, baina Iruñeko toponimian ez dira zuhaitzak ageri, bakarrik landareak. Iruñeko Ziudadela egin zutenean eta harresi berriak altxatu zituztenean, Takonera hiriaren barnean gelditu zen, eta hori baliatu zuten Iruñeko lorategirik handiena egiteko. Zumarrak ziren gehienak. 1980ko hamarkadan, hala ere, grafiosi gaixotasunaren ondorioz, ehunka hil egin ziren. Gure ondarerik zaharrena galdu genuen.

Zuhaitzek balio historiko eta kultural handia dute. Gertaera askoren lekuko izan dira Iruñekoak?

Bai. Adibidez, Nabarreria kaleari Zugarrondo deitzen zitzaion XIV. mendean. Izan ere, zumar erraldoi bat egon zen han, XVIII. mendera arte. Garai batean, Iruñeko arbolarik ezagunena izan zen. Aranzadin, beste zuhaitz interesgarri bat dago, baina gutxi dakigu hari buruz. Libanoko zedro bat da, eta hiltzeko zorian egon zen. Orain dela 50 urte, jabeak zuhaitza saldu nahi izan zuen zotzak egiteko, baina, zorionez, enpresak porrot egin zuen, eta zuhaitza salbatu zen. Edota Takonerako Kukuaren zuhaitza. Pio Baroja idazlea zumar handiaren adarretara igotzen zen, gaztetan. Albako Dukea ere Iruñea konkistatzera etorri zenean haren azpian egon zela esaten da, hiriko giltzen zain. Gertaera askoren lekuko dira zuhaitz zaharrak, eta, botanikaria ez naizenez, iraganarekin lotzea gustatzen zait. Gertaerak gogora ekartzeko ahalmena dute zuhaitzek, eta hori baliatu behar dugu.

Zer egiten duzue Zuhaitz Zaharren Lagunak elkartean?

Batetik, lan zientifikoa, eta, bestetik, dibulgaziozkoa. Nafarroan, 52 zuhaitz monumental daude, baina badakigu horiek bezalako beste ehunka daudela, eta ez dute inolako babesik. Horiek guztiak katalogatzea da gure lana, eta, bestetik, horiek ezagutaraztea. Hala ere, kontu handiz ibili behar dugu. Gertatu izan da zuhaitz zahar batzuk modan jartzea eta, horren ondorioz, jendea asko hurbiltzea ukitzera eta besarkatzera. Besarkada horiek, urtez urte gertatzen badira, kasu batzuetan hil egin ditzakete zuhaitzak, sustraiak zanpatzen dituztelako. Ingelesek zuhaitz ehizak egiten dituzte, eta, oharkabean, zuhaitz izugarriak harrapatzen dituzte. Oso zaleak dira, eta gustatuko litzaidake hemen horrelakoak antolatzea.

Nola kudeatu daiteke zuhaitz zaharren aberastasuna?

13 zuhaitz inguru daude babestuta Iruñean, baina zuhaitz zaharrek arazo handi bat dute hirietan. Hazteko duten moduagatik, arriskutsu bilaka daitezke pertsonentzat. Adarrak galtzen dituzte, eta zuloak izan ohi dituzte. Hortaz, udalak badu erantzukizuna zerbait gertatzen bada. Zaila da kudeatzea. 80.000 zuhaitz inguru daude Iruñean, eta gehienak orain dela 50 bat urte landatu ziren, Iruñea handitu zenean. Orduan, ez ziren baldintza asko kontuan izan, eta, egun, arazoak daude, asko hazi direlako.

Espezie askoren bizitoki ere badira zuhaitz zaharrak...

Zomorro batzuk izan dezaketen habitat bakarra dira zuhaitz zaharrak. Onddoen eta likenen bizilekua ere badira, bai eta zenbait hegazti espezierena ere. Ekosistema oso bat lekutzen dute, eta hainbat espezieren bizitoki eta babesleku dira. Horrek ematen die garrantzi berezia. Kontua da, Iruñean zuhaitz zaharrak ez daudenez, bestelako bideak bilatu behar direla animalia horiek babesteko. Horregatik, hainbat zuhaitzetan kutxa beltzak paratzen dituzte saguzarrentzat eta apo hontzentzat. Orain arte arazo bat ziren zuhaitz zaharrak, baina pentsaera aldatzen ari da. Bio-aniztasunerako oso garrantzitsuak dira. Horretaz konturatu, eta, orain, hainbat zuhaitz hilda egon arren, tokian bertan uzten dituzte, onak direlako.

Hiru hamarkadako ikasturtea

Hiru hamarkadako ikasturtea

Edurne Elizondo

Nafarroako Parlamentuan egin zuen lehendabiziko urratsa Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), duela 30 urte. 1987ko apirilaren 21ean sinatu zuten erakunde horretan NUP sortzeko lege proiektua; Sario eraikina izan zuen lehen egoitza nagusi, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak diseinatutako Arrosadiko campusa errealitate bilakatu zen arte. Egun, Tuteran ere badago NUP; hemezortzi gradu eskaintzen ditu, eta datozen urteotan bertze zazpi emateko proiektua martxan jarri du. Duela hiru hamarkada hasitako ikasturtea hamaika ikasgai, irakasle, ikasle, ikerlari eta proiektu berrirekin hornitzen jarraitu nahi dute NUPeko arduradunek.

30. urteurrena "gogoetarako une aproposa" dela nabarmendu du NUPeko errektore Alfonso Karlosenak, hain zuzen ere. Batetik, gizarte osoari eman nahi izan dizkio eskerrak, "egindako ekarpenagatik"; bertzetik, unibertsitateak berak gizarteari eman diona nabarmendu nahi izan du errektoreak. "Nafarroa bertzelakoa litzateke NUP gabe", erran du.

Unibertsitate publikoa ederki ezagutzen du Maria Jose Asiainek (Goñi, 1957). Matematikan doktore da NUPen. Hain zuzen, Asiainena izan zen erakunde horretan irakurritako lehendabiziko tesia. Bat egin du errektorearekin, eta unibertsitateak Nafarroan herritarrek uste baino anitzez ere gehiago eragin duela nabarmendu du. "NUPen bertan formatu diren katedradunak baditugu jada; eta hemen ikasitako jende anitz ari da hamaika ardura postutan. Unibertsitatearen garapena handia izan da, eta izan duen eragin soziala ere bai. Ezin dugu ahaztu hemen, NUP sortu baino lehen, unibertsitate pribatua baino ez zegoela".

Opus Deiren unibertsitateak publikoaren garapenean eragina izan duela uste du Asiainek; ezin dela erakunde pribatuak izan duen eta baduen pisua bazter utzi. "Bertze gauza anitzen artean, unibertsitate pribatuak marketin zerbitzu bikaina du", erran du matematikariak. Ez hori bakarrik. "Kontuan izan behar dugu, ezinbertzean, gure unibertsitateko irakasle anitzek ere unibertsitate pribatuan ikasi dutela".

Hori sumatzen da, Asiainen hitzetan, NUPen gertatutako hainbat gauzaren inguruko jarreretan: "Manifestazio edo pintaketaren bat arazo bilakatzeko joera izan dute hainbatek; alderantzizkoa beharko luke jarrerak, ordea, eskerrak eman beharko genituzke zerbait mugitzen delako! Lasaitasuna, unibertsitate batean, ontzat jo ohi dugu, baina ez da; gurearen gisako erakundeek biziak izan behar dute".

Azken osoko bileran

Legegintzaldiko azken osoko bileran onartu zuten, 1987an, NUP sortzeko lege proiektua. Gabriel Urralburu zuen presidente orduko gobernuak, eta Roman Felones zen Hezkuntza kontseilaria. 1983ko hauteskundeetan, Felonesi egokitu zitzaion sozialisten programa idaztea, eta testu hartan helburu nagusitzat jo zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortzeko urratsa egitea. Garai hartako inkestek agerian uzten zuten herritarrek nahi zutela unibertsitate publiko bat Nafarroan. 1987ko lege proiektua onartu eta gero, "egin beharrekoa eginda" utzi zuen kontseilari kargua Felonesek, NUPek mende laurdena bete zuenean nabarmendu zuenez.

Maria Jose Asianek ez zuen Nafarroan ikasteko aukera izan. "Zaragozara joan nintzen, hango unibertsitate publikoa zegokigulako nafarroi, NUP sortu aurretik". Ikasketak amaituta, Bigarren Hezkuntzako irakasle izan zen matematikaria, eta, gero, Zaragozako Unibertsitatean bertan hasi zen lanean, fakultateko laguntzaile gisa. "1991n etorri nintzen NUPera, laguntzaile gisa hasieran. Nire tesia prestatzen ari nintzen, eta Julio Lafuente nuen zuzendari; Lafuente 1989an etorri zen unibertsitatera. 1992an nire tesia defendatu nuen, azkenean. Ohorea da niretzat NUPeko aurrenekoa izana". 1993an hasi zen irakasle lanetan Asiain, eta 1995ean lortu zuen plaza.

Hamarkadotan unibertsitatea anitz aldatu dela uste du Asiainek. Sortu zenetik, hain zuzen ere, 35.000 ikaslek lortu dute titulu bat NUPen. Egun, 8.306 ikasle ditu erakunde horrek; 885 irakasle eta ikerlari ari dira unibertsitate publikoan lanean, eta, administrazio eta zerbitzuen arloan, berriz, 456 pertsona. 2017rako, 70,4 milioi euroren aurrekontua du unibertsitate publikoak.

NUP anitz hazi da, eta egin ditu urrats anitz, 1987tik. Zenbait arlotan, halere, lehengo lepotik dira buruak, Asiainek agerian utzi duenez. Aitortu du kezka duela hainbat auziri buruz. Batetik, ikasleen jarrera jarri du mahai gainean. "Hasierako urte haietan ikasle bikainak genituen; ikasteko gogo biziz etortzen ziren unibertsitatera; bertzelakoa da egungo egoera; etorkizunarekin etsita daude gazteak, neurri handi batean; ikasteko pizgarririk ez dute".

Azken urteotako krisi egoeraren eragina sumatzen du irakasleak jarrera horietan. Salatu ditu azken urteotako esparru guztietako murrizketak, eta larritzat jo du herritarren arteko berdintasunean atzera egin izana. Asiainek argi du unibertsitate ororen helburu izan behar duela gizarte justuago baten aldeko lana egiteak, eta NUPek ere zer eman baduela argi du, ondorioz. Unibertsitateak dituen erronkak, hain zuzen, justizia lortzeko bide horrekin lotu ditu. "Unibertsitateak pertsona kritikoak sortu behar ditu; pentsamendu propioa duten pertsonak. Ezin dugu onartu lanak aurrera egiteko aukera bermatuko ez digun gizarte bat; berdintasuna apurtzen duen gizarte batek ezinbertzean eginen du porrot".

Bertzetik, feminismoari buruzko gogoeta nabarmendu nahi izan du Asiainek, eta "hagitz kezkagarritzat" jo ditu ikasleen artean sumatzen dituen jarrerak. "Azken sei urteotan ikusi dudana biziki larria iruditzen zait; emakume gazte anitz bikotekidearen kontrola ari dira onartzen. Horrek argi erakusten du zerbait gaizki egiten ari garela".

Gizarteak genero bakoitzari ezarritako rolen banaketa ere agerikoa da, oraindik ere, unibertsitatean. "Gutxi dira, oraindik ere, ingeniaritzetan ari diren emakumeak; irakasletzan, berriz, emakumeak dira nagusi".

Euskara eta medikuntza

Bertze bi kontuk sortu dute eztabaida NUPen, azken urteotan. Batetik, euskarak duen tokiak. Behar baino urriagoa dela diote anitzek. Badu ondoriorik horrek: selektibitatea NUPen egin arren, EHUn matrikulatzen dira urtean 258 ikasle nafar; tartean, ikasketak euskaraz egin ahal izatea bilatzen dute 40 inguruk. Egun, 1.272 kreditu eskaintzen ditu NUPek euskaraz, 246 ikasgaitan. Oraindik ere, ezinezkoa da gradu oso bat euskaraz egitea. Alfonso Karlosena errektorearen hitzetan, ordea, eskaintzak "era egokian" erantzuten die ikasleen nahiei.

Bertzetik, NUPen Medikuntza ezartzeko aukerak eragin du eztabaida. Aurreko gobernuek ez dute aukera hori babestu, baina egungoak hori egiteko asmoa agertu du. "Hasiak gara bidea egiten", erran du Hezkuntza kontseilari Maria Solanak. Ez dela erraza aitortu du, halere. Auzi horretan ere nabaria da Nafarroako Unibertsitatearen eragina, erakunde pribatu horrena baita Klinika Unibertsitarioa.

Unibertsitate pribatu guztiak enpresak direla gogoratu du Maria Jose Asiainek. "Nafarroako Unibertsitateak asko eman duen sentsazioa dute herritarrek, baina diru anitz ere eraman du; etenik gabe, gainera". Matematikariak bertze gisa bateko unibertsitate bat defendatzen du. Eta argi du irakasleek nolakoak behar duten izan: "Irakasten dutena menperatu behar dute; irakasten gozatu behar dute; eta ikasleak bikain tratatu behar dituzte". 30 urteurrena ospatu, eta lanean jarraitzeko gogoz da Asiain.

Elkartasunak ez du etenik

Elkartasunak ez du etenik

Kattalin Barber

Mundura etorri aurretik sortu zitzaizkion Aiorari osasun arazoak. Kardiopatia batekin jaio zen, eta bihotzeko arazoak ebakuntza bat baino gehiago egiteko beharra eragin zuen. Denbora luzez egon da ospitalean, baina aurrera egin du Aiorak. Hirugarren ebakuntza, hala ere, "atakarik larriena" izan zen. Ebakuntza sinplea izan arren, arazoak izan zituzten, eta Aiorari bihotza gelditu zitzaion 20 bat minutuz. Horren ondorioz, garun paralisia du orain Aiorak. Ate guztiak jo ditu familiak, halabeharrez, eta Kubatik iritsi zaie, azkenean, albiste pozgarria. Hala, behar duen tratamendua finantzatzeko, eta Kubako bidaia ordaintzeko, hain zuzen ere, egun osoko jaialdia antolatu dute, biharko, Lizarran: Ega Fest (Eutsi gogor, Aiora).

"Aukera handia du Aiorak hobetzeko, eta itxaropena dugu. Sei urte bete arte burmuina ez da garatzen, eta denbora hau baliatu behar dugu guztia egiteko". Maialen Zabalbeaskoaren hitzak dira, Aioraren amarenak. Hiru urte ditu egun haurrak; harenganako elkartasunak ez du etenik. Haren bizi kalitatea hobetu eta haren garuneko mina arindu ahal izateko, hamaika kanpaina eta ekintza egin dira azken hilabeteotan. Handiena, halere, biharkoa izanen da: besteak beste, Esne Beltza, Zea Mays, Mikel Urdangarin eta DJ Elepunto izanen dira Lizarran, Aiora laguntzeko prest. "Kalkulatu dugu 25.000 euro inguru beharko ditugula tratamendua ordaintzeko, ostatu hartzeko eta hegaldiak pagatzeko", esan du Zabalbeaskoak.

Habanako CIREN neuroerrehabilitazio zentrora joan nahi du familiak, osasun sistema publikoak Nafarroan ez duelako bermatzen Aiorak behar duen tratamendua. "Ez da nahikoa. Horrelako osasun arazo bati aurre egitea gastu izugarria da, eta gizarte segurantzak ez digu eskaintzen. Hemen dagoena eskasa da Aioraren garapenarentzat".

Astean hiru egunez fisioterapia eskaini diote Aiorari, baina egunero behar du, eta baita logopeda eta hidroterapia ere. Horregatik, arlo pribatura jo behar izan dute, eta Iruñeko klinika batean jasotzen du, astean hirutan, behar duen tratamendua. "Baina egunero behar du hori, eta ez dugu behar dugun dirua ordaintzeko; Kuban tratamendu hori eskaintzen digute, hilabete eta erdiz, egunean bost orduz", azaldu du Zabalbeaskoak. Ondorioz, argi izpi bat da Aioraren amarentzat Kubako klinika.

Kubako CIREN neuroerrehabilitazio zentroaren tratamendua finantzatzeko, 2.000 sarrera saldu behar dituzte, eta egun osoko egitaraua osatu dute biharko. Esne Beltza, Zea Mays, Mikel Urdangarin eta DJ Elepunto ariko dira taulan, Lizarrako ikastolan, 19:00etatik aurrera. Goizean, berriz, askotariko jarduerak izanen dira Santiago plazan. 12:00etatik 14:00etara puzgarriak eta eskalada murrua egonen da gaztetxoentzat. Herri bazkaria antolatu dute geroko, eta, horren ondotik, ipuin kontaketa Ines Bengoaren eskutik. "Urduri gaude dagoeneko, baina oso pozik lortu dugunarekin". Telmo Iruretak eta Haritz Morrasek bakarrizketa saioa eginen dute 17:15ean. Egun oso berezia izanen dela ez du dudarik Zabalbeaskoak, eta eskerrak eman dizkie jaialdia antolatzeko lanetan laguntzen aritu eta ari diren pertsona guztiei.

Izan ere, Aiora jaio zenez geroztik honako bidea ate-joka ibiltze bat izan da gurasoentzat, baina, egoeraren gordinetik izanda ere, pozik daude elkartasunaren atea zabal-zabalik ireki zaielako. "Lizarrako erantzuna izugarria izaten ari da". Herriko Denendako kooperatiba aipatu du Aioraren amak. "Haien laguntzarik gabe, jaialdi hau ez litzateke posible izanen. Herri eta inguruko jende asko batu da, ezagunak eta ezezagunak. Izugarria da", azaldu du. Bihar, 150 boluntariok baino gehiagok parte hartuko dute jaialdian. Horrez gain, zero ilara deitutako sarrerak egonen dira. Hau da, jaialdira joan ezin baina Aiorari lagundu nahi dionak aukera izanen du zero ilara izeneko txartelak erosteko.

Hobera egin du Aiorak azkenaldian, eta etxetik eskolarako pausoa ere eman berri zuen orain dela hilabete batzuk. "Garun paralisia dutenak asko hobetu daitezke, baina hemen ez digute eskaintzen tratamendu egokirik, eta segimendua behar dute. Gauza asko lor daiteke, baina, zoritxarrez, ezin dugu hemen artatu".

Elkartearen babesa

Garuneko kaltea jasan duten adingabeen familiek Hiru Hamabi elkartea osatzen dute, eta egiten duten lana goraipatu du Zabalbeaskoak: "Burmuinean kaltea izan duten haurrek behar duten tratamendua sare publikoan jasotzea da haien helburua, eta borrokan ari dira". Horrez gain, beharrezkoa ikusten du haurren inguruko pertzepzioa aldatzea. "Behin baino gehiagotan esan didate niri horrelako haurrekin ez dagoela ezer egiterik. Baina hori ez da horrela, behar bezalako tratamendua jasotzen badute. Osasun publikoak bermatu beharko luke hori". Horregatik ere, bihar Lizarran ospatuko den jaialdian, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa jorratuko dituzte.

Tapoiak bilduz hasi zuen Aioraren familiak haurrarentzat behar zuen laguntza lortzeko bidea. Joan den urtean, gainera, futbol partida bat antolatu zuten Lizarran, eta lortutako 3.000 euroekin Aiorarentzako gurpil aulki bat erosi ahal izan zuten. "Jendearen ekinaldiak izan dira guztiak; laguntza eskaini digute, eta zinez eskertuta gaude". Aiora jasotzen ari den babesak ez du etenik izan, eta, bihar ere, babes eta elkartasun horren erakustaldia eginen dute Lizarran, zalantzarik gabe. Familia osoa Kubaraino eraman nahi baitu Ega Fest jaialdiak.