Txapela nork jantziko zain

Txapela nork jantziko zain

Kattalin Barber

Bertsoaren hiriburu bihurtuko da Iruñea bihar. Lehia, urduritasuna eta giro ona izanen dira Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros Terre eta Julen Zelaieta ariko dira Anaitasunako oholtza gainean, txapel bakarra eskuratu nahian.

Azken txanpan sartu da, eta bihar bukatuko da, beraz, otsailaren 18an abiatutako txapelketa. Dena prest dute Bertsozale Elkartekoek bihar "egun handia" ospatzeko. Ander Perez elkarteko kideak azken hilabeteotan egon den giro ona azpimarratu nahi izan du. 1.500 entzule inguru izan dira saio guztietan, eta inoizko parte hartze handienarekin hasi zuten txapelketa: 35 bertsolarik eman zuten izena Nafarroako 43. Bertsolari Txapelketan, eta horietatik bederatzik lehen aldiz parte hartu dute lehian. Horiekin kanporaketa saio bat egin zen abenduan, Iruñean, eta, hartan, lau bertsolarik lortu zuten final-laurdenetara sartzea. Horrenbestez, 30 bertsolarirekin abiatu zen bigarren fasea.

Bost final-laurdenek, hiru finalaurrekok eta finalak osatu dute txapelketa. Saio guztietan erantzun ona jaso dutela adierazi du Bertsozale Elkarteko kideak. Gainera, bertsolaritza Nafarroako bazter desberdinetara eramaten saiatu izan dira. Tafalla, Auritz, Lakuntza, Irurita, Uharte, Bera, Antsoain eta Agoitz izan dira bertsoen lekuko. Horietan guztietan, "maila txukuna" eman dute bertsolariek.

Biharko finala "kolore askotakoa" izanen dela uste du Perezek. Lehendabiziko finala izanen da Xabi Maiarentzat, eta gainerako zazpiak "eskarmentu handiko" bertsolariak dira, 2015. urteko finalean aritutakoak. Julio Sotok hirugarrenez irabazi zuen txapela orduan, eta laugarrenaren bila joanen da bihar. Zelaietak behin jantzi du txapela, eta hamar aldiz parte hartu du finalean; Sotok, zortzitan; Terrerosek eta Lazkozek, bost aldiz, eta Fuentesek, Karrikak eta Fernandezek, berriz, hiru aldiz. "Kolore askotako finala izanen da, bertsolariak ibilbide eta kantaera desberdinekoak direlako".

Aurten, zazpi emakume baino ez dira lehiatu —Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Ioar Tainta, Joana Ziganda, Amaia Elizagoien, Sarai Robles eta Irati Majuelo—, eta ez dute lortu finalera heltzea. Bertsozale Elkarteari hausnartzea dagokiola uste du Perezek: "Gogoeta batzuk martxan ditugu, eta sakontzeko beharra badugu, etorkizunean berriro errepika ez dadin".

Estitxu Arozena izan da emakume bakarra Nafarroako txapela janzten. Bi aldiz irabazi zuen, 1995ean eta 1998an. "Bertso eskoletan gero eta emakume gehiago daude, baina egia da plazarako urratsa ez dutela hainbestek egiten", dio Perezek. Alazne Untxalo bertsolaria finalaurreko batera iritsi zen, Beran martxoaren 18an jokatu zenera. Saioa Alkaizarekin batera, fase horretara iritsi diren emakume bakarrak dira.

Txapelketan gustura aritu dela dio Untxalok, eta pozik dagoela egindako lanarekin. "Finalerdietan hemezortzi bertsolaritatik bakarrik bi emakume geunden; hortaz, proportzioan aukera gehiago dute gizonek; guk egin ahal duguna egin dugu", esan du.

Bat egin du Perezekin, eta kontatu du 14 urtera arte neskak aritzen direla bertsotan, baina, momentu batean, utzi egiten dutela. "Konplexuak, gaizki egiteko beldurra, jendaurrean aritzea... Faktore horiek guztiek zerikusia dute". Gogoan izan du Aurizko saioa, otsailaren 19koa. Sei bertsolaritik lau emakume ziren. "Gure artean giro bikaina egon zen, kantuan hasi aurretik, bitartean eta bukatu eta gero, elkarri lagunduz eta aholkuak ematen". Argi du Untxalok: bertsolaritzak emakume eta gizonen arteko parte hartze orekatuagoa izango balu, finalaren irudia desberdina izango zatekeen.

"Gizartearen arazoa"

Gizartean jarri du arreta: "Gizartearen arazoa da, eta bertso eskoletan islatzen da. Rolak hautsi behar ditugu, eta hezkuntzan lan handia egin. Finalera iristen banaiz, ez dut nahi iristea emakumea naizelako, baizik eta bertsolaria naizelako", esan du Untxalok. Nafarroako Bertsolari txapelketan aritu da 2007tik. Biharko finalaren emaitza "irekia" ikusten du Untxalok. Zortzi bertsolariek saio txukuna eginen dutela ez du dudarik, "maila handikoak" direlako.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa urte osoan egiten den "lan isilaren fruitua" da, Perezek dioen moduan: "Parte hartzaile kopuru handiak erakusten duen sasoi ona estuki lotuta dago azken urteotan Nafarroako Bertsozale Elkarteak transmisio arloan egin duen lanarekin, gazte eta helduei bertsolaritza ezagutu eta bertan aritzeko aukerak emanez, bertso eskolen bitartez".

Era berean, nabarmendu nahi izan du Nafarroako ikastetxeetan garatzen den Bertsolaritza irakaskuntzan programa. 2.400 ikasle baino gehiago dira urtero bertsogintza eta ahozkotasuna lantzen dutenak. "Sare handia dago Nafarroan bertsolaritzaren inguruan urte osoan hainbat eta hainbat ekitaldi aurrera ateratzen dituena eta bertsolaritza bizirik mantentzen duena", azaldu du Perezek. Unerik ikusgarriena Nafarroako Bertsolari Txapelketa den arren, oinarrian "eguneroko lan izugarria" dagoela berretsi du. Izan ere, gaur-gaurkoz, 39 bertso eskola daude martxan eta lanean Nafarroan.

Langileak epaitegira

Langileak epaitegira

Edurne Elizondo

Ez dago egun onik kaleko saltzaile garenontzat". Lamine Bathilyk erran zituen hitz horiek, Iruñean, joan den martxoaren 22an, SOS Arrazakeria erakundeak antolatutako jardunaldietan. Bartzelonan sindikatua sortu dute kaleko saltzaileek, bat egin, eta beren jardueraren kriminalizazioari aurre egiteko, eta elkarte horretako kide da Bathily. Nafarroan ez da gisako erakunderik. Egia da Bartzelonan baino kaleko saltzaile gutxiago aritzen direla herrialdean, baina aritzen direnentzat ere, hangoentzat bezala, egun onik ez dago. Bathilyk mahai gainean jarritako errealitatea bera da kaleko saltzaile guztientzat, eta errealitate hori salatu nahi izan du Paperak eta Eskubideak Denontzat plataformak, Iruñean, Senegalgo bi kaleko saltzaileren aurka egindako epaiketaren egunean: protesta egin du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Joan den ostiralean deitu zituzten Bilbon bizi diren bi kaleko saltzaileak Nafarroako auzitegira. 2013. urtean, Lizarrako bestetan izan ziren, eta han atzeman zituen Poliziak. Ostiralean, hainbat herritarren babesa jaso zuten. Urduri ailegatu ziren senegaldarrak epaitegira, eta nahiago izan zuten adierazpenik ez egin. Behin eta berriz eskertu zuten, hala ere, jasotako elkartasuna eta berotasuna. "Eskerrak eman bertzerik ezin dugu egin", erran zuten biek, epaitegitik atera zirenean.

Sententziaren zain gelditu da beren auzia. 1.500 euroko isuna eskatu du fiskalak saltzaile bakoitzarentzat. "Hasiera batean, markentzako kalte-ordaina ere eskatu nahi izan zuen, baina hori bertan behera gelditu da, azkenean, zorionez. Kontua da perituak dendako produktuen salneurria hartzen duela kontuan saltzaileon aurkako auzietan, eta, ez, ordea, karrikan duena", azaldu zuen SOS Arrazakeriako kide Beatriz Villahizanek, Iruñeko joan den ostiraleko epaiketa amaitu eta gero.

Kaleko saltzaileen aurkako "jazarpena" salatu du behin eta berriz SOS Arrazakeriak, hain zuzen ere, eta, senegaldarren aurkako epaiketa dela-eta, babesa eta elkartasuna agertu nahi izan die erakunde horrek karrikan aurrera egiten ahalegintzen diren langile guztiei. Ostiraleko epaiketa salatzeko egindako elkarretaratzean parte hartu zutenek argi utzi zuten tokikoak bertakoak eta kanpokoak, denak direla langile, eta, ondorioz, langile borrokatzat jo zuten karrikako saltzaileen aldeko aldarria ere.

Jarduera horren "kriminalizazioa" salatu du Villahizanek. "Kaleko salmenta da paperik ez dutenentzako aukera bakarra, kasu anitzetan; haien kontra egiten du sistemak, ordea, eta ez da bidezkoa". Zigor kodearen erreformak berez zaila zen egoera are zailago bilakatu duela erantsi du SOS Arrazakeriako kideak, gainera. "Gogorragoa da". Iruñeko epaiketan erreformaren aurreko legedia izan dute kontuan, 2013an atzeman zituztelako kaleko saltzaileak; erreforma hori egin aurretik, alegia.

Epaiketaz harago, kaleko saltzaileen egunerokoa jarri nahi izan du SOS Arrazakeriak erdigunean. "Guztiok dugu gure eskubide guztiak bermatuta lan egiteko eta bizitzeko eskubidea; kaleko saltzaileen jarduera arautzeko ordua da", eskatu du Villahizanek.

Zigorraren ondorioak

Kaleko saltzaileen jarduerak jaso dezakeen zigorra epaileak agintzen duenaz harago doala nabarmendu du SOS Arrazakeriak. "Zigor aurrekariak izateak ondorio larriak ekartzen ahal ditu migratzaileentzat; gerta daiteke paperik ez dutenek beren egoera erregulatzeko aukerarik ez izatea; paperak dituztenek ere horiek berritzeko aukera gal dezakete", nabarmendu du SOS Arrazakeriako kideak.

Errealitate horrek pertsonen oinarrizko eskubideak bazter uzten dituela salatu du erakunde horrek, eta egoerari "behingoz" aurre egiteko beharra jarri du mahai gainean. Bertzela, kalean saltzeagatik epailearen aurrera joan behar izaten duten migratzaileek kanporatzeko agindua jaso dezakete; babesgabe gelditu daitezke, "erabat". "Kanporatzeko aginduaren mehatxua ezin dugu onartu; ezta pertsona horiek atzerritarrentzako zentroetan ixtea ere", nabarmendu du Villahizanek.

Senegalgo saltzaileen auzia sententziaren zain gelditu da. Absoluzioa eskatu du haien abokatuak, eta absoluzioa espero dute saltzaileek eta SOS Arrazakeriako kideek ere. "Ez dezagun berez zaila den egoera bat are zailago eta gogorrago bilaka", erran du Beatriz Villahizanek. Epaitu dituzten biak eta kaleko gainerako saltzaileak ditu gogoan. Langileak.

“Profesionaloi ere rolak ematen dizkigu gizarteak”

“Profesionaloi ere rolak ematen dizkigu gizarteak”

Kattalin Barber

Aurizko osasun etxean egiten du lan Irune Tubia medikuak (Iruñea, 1985). Generoa eguneroko kontsultan izeneko hitzaldia eman du, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako jardunaldietan.

Osasuna eta aniztasuna izan dituzue hizpide. Zeintzuk dira desberdintasunak osasun arloan, generoaren ikuspegitik?

Generoa, sexua eta genero rolak izan ditugu hizpide, eta horrek gure lanean nola eragiten duen aztertu dugu. Osasun kontuetan, ez du bakarrik eragiten pazientearen generoak. Desberdintasun genetikoak eta biologikoak daude, eta horrek eragiten du gaixotzeko moduan. Baina badira, generoari dagokionez, baldintza sozialak eta kulturalak ere, batez ere bizi ohituretan eragiten dutenak; eta bizi ohiturek, azkenean, baldintzatzen dute, ehuneko handi batean, gero gaixotzeko moduan. Horrez gain, profesionalok nola lan egiten dugun aztertu dugu. Adibidez, aurten ikerketa bat argitaratu dute AEBetan, eta ondorioztatu dute ospitalean gaixoak emakumeek artatzen zituztenean hilkortasun tasa txikiagoa zela. Horrek ez du esan nahi emakumeak hobeak direnik, beste faktore batzuk daude, noski; baina badirudi emakumeak denbora gehiago egoten garela pazienteekin.

Nola eragiten du generoak gaixotzeko moduan?

Alde batetik, biologikoki eta genetikoki badira desberdintasunak. Horrek baldintzatzen du gure gorputzaren funtzionamendua, bai eta gaixotzeko modua ere. Baina, batez ere, bizi ohiturek; adibidez, emakume eta gizonen tabako kontsumoa desberdina izan da historikoki, baina orain aldatzen ari da. Igotzen ari da emakumeen artean, eta horrek eragiten du haiengan lehen hain ohikoak ez ziren gaixotasunak agertzea. Horrez gain, ongizatean eragin ahal du generoak. Europako beste ikerketa batean diotenez, herrialde guztietan emakumeen ongizate psikologikoa gizonena baino baxuagoa da. Ziurrenik, eragina izanen du emakumearen egoerak eta dituen aukerak. Egiturazko kontua da generoarena, eta alde guztiei eragiten die.

Emakumeek bizi itxaropen handiagoa dute, baina bizi kalitate baxuagoa?

Leku askotan, bai. Bitxia da: lehen bazen alde handia emakume eta gizonen arteko bizi itxaropenean, eta azken urteotan zenbakiak ari dira hurbiltzen. Egun, emakumeena ez da aldatu, eta gizonena ari da igotzen. Aztertu beharko litzateke zergatik ari den aldatzen, eta zergatik batzuk hobera doazen besteak baino azkarrago.

Familiako medikua zara zu. Eguneroko kontsultan nola eragiten du generoak?

Gehienetan, desberdintasunak kontuan ez hartzera jotzen dugu. Esaterako, botiken dosiak kalkulatu ohi dira 70 kiloko gizon batentzat. Gauza horiek guztiak ez ditugu buruan izaten gaixoak artatzean. Horrez gain, jendea guregana etortzen denean, askotan, nahi gabe ere, modu desberdinean aritzen gara gaixoaren generoaren arabera. Kontuz ibili behar dugu.

Zer egin horri aurre egiteko eta kontsultan genero ikuspegia txertatzeko?

Alde batetik, egiten diren ikerketetan genero ikuspegia txertatu behar dugu, eta, beste aldetik, profesionalok hausnarketa egin behar dugu. Egunero bost minutu hartuko bagenu gogoeta egiteko, eta pazientearen generoak edo nire generoak eguneroko erabakietan zertan eragiten duen jakiteko, pauso handi bat litzateke. Azken finean, poliki-poliki begirada aldatzea eta desberdintasunak kontuan izatea da gakoa.

Gizonen gaixotasunak aztertuz eratu da medikuntza. Ikusezin egin du emakumeen osasuna?

Batzuetan, bai, baina ez bortxaz. Gaur egun dagoen bizitzaren medikalizazio horretan agian emakumeen osasuna gehiago izan da kontuan. Haurdunaldia kontrolatu behar da, baina ez da patologizatu behar, ez da gaixotasun bat. Hilekoarekin ere antzekoa gertatzen ari da. Hormonek gure egoera psikologikoan eragin dezakete, baina hortik patologizatzera eta tratamendu bat ematera alde handia dago. Tentuz ibili behar da. Hortaz, egia da gauza asko gizonen ikuspuntutik aztertu direla, baina, era berean, gehiegi patologizatu dira emakumeen hainbat kontu.

Eguneroko kontsultan generoak baldintzatzen zaitu?

Oso harreman pertsonala da osasun langileen eta pazienteen artekoa. Baina egia da askotan jendeari kostatzen zaiola, batez ere adin bateko jendeari, emakumea eta medikua izatea onartzea. Euskaldun eta mediku onaren arteko arazo bera da mediku eta emakumea izatearena. Medikua gizonarekin identifikatu ohi da, eta erizaina, berriz, emakumearekin. Horrelako hamaika egoera bizi izan ditut. Erizain gizon batekin etxe batera baldin banoa, askotan hari bakarrik egin diote kasu, medikua dela pentsatzen dutelako. Dena den, inoiz ez dut sentitu baztertu nautenik, ezta nire generoarengatik gutxietsi nautenik ere.

Oraindik falta da gizartean hori barneratzea?

Bai, erabat. Azken finean, ematen zaizkigun rolak dira, eta ez da bakarrik osasun arloan gertatzen. Gainera, erizain gizonen egoera askoz larriagoa da oraindik. Inork ez du pentsatzen gizon bat izanen denik erizaina. Eta jakin behar dugu gizarteak ez dizkiela bakarrik pazienteei rolak ematen, guri ere ematen dizkigu, eta horren parte gara. Iruditzen zait emakumeok beti egin behar dugula gehiago, ahalegintxo bat, erakutsi behar dugula badakigula gure lana egiten. Euskalduna izatearen gauza bera da. Hala ere, aurrera goaz, nork bere aletxoa jarriz, eta begirada hori aldatuz.

Antzerkia biziberritzea xede

Antzerkia biziberritzea xede

Naiara Elola

Aspalditik behar zuen bultzada eman nahi dio Nafarroako Gobernuak antzerkiari. Sarritan esaten da antzerkiarena krisi iraunkorra dela; baina azken urteetako gobernuen "ahanzturaren" eta sortzaile, aktore eta zuzendariek izan duten "babes faltaren" eraginez krisi hori areagotu egin dela salatu dute sektoreko zenbait profesionalek. Egoera horretaz jabetuta, Nafarroan Antzerkia Sustatzeko Plana jarri du abian Kultura Departamentuak. Sektoreko hainbat eragilek parte hartu dute planaren diseinuan. Egun antzerkiak duen egoera "larria" arintzea da jomuga nagusia.

Antzerkia, beste arte adierazpen asko bezala, sarritan ez da erosoa izan boterearentzat. Berezkoa duen izaera kritikoak zuzenean eragin diola irizten dio Javier Perezek, Nafarroako Antzerki Eskolako zuzendariak. Hala ere, planak fruituak emango dituelakoan dago. "Oso garai zaila bizitzea tokatu zaigula uste dut, eta egoera hobetzea ezinbestekoa da". Publikoari, azpiegiturei eta artistei dagokienez, egoera "oso ona" dela irizten dio Perezek, eta, horregatik, egoera bideratzeko ez du zailtasun berezirik aurreikusten.

Antzerkia Sustatzeko Planean jasotzen diren ekintza positiboen bitartez, gizarteak antzerkia lehen mailako kultur adierazpena dela ulertzea nahi dutela azaldu du Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultura Ekintzarako Zerbitzuko buruak. Sektorearen egoera "aldatu" nahi dute. Batez ere, antzerkigintza profesionalean jarri dute fokua, horiek baitute aurrera egiteko zailtasun gehien. Plana diseinatu aurretik, hamabost bat lagunez osatutako talde bat eratu zuten, Antzerkiaren Talde Eragilea deiturikoa. Perezek, Nafarroako Antzerki Eskolako ordezkari gisa, talde horretan parte hartzeko aukera izan du. Adierazi duenez, profesionalen iritzia aintzat hartu izana oso positiboa da, eta horrek planari "zilegitasuna" ematen dio.

Lopez Juriok azaldu duenez, hausnarketa prozesuak "asko lagundu" du sektorearen diagnostikoa egiteko orduan: "Beharrak ondo zehazturik, plana eraginkorragoa izan da". Hainbat hutsuneren artean, ondorengoak nabarmendu dituzte: sektorearen atomizazioa, programatzaileen irisgarritasun falta eta eragileen harremana ahalbidetzeko espaziorik eza. Beraz, abian jarriko dituzten neurriek hutsune horiek betetzea izango dute xede.

Planak eragindako lehen aldaketetako bat aste honetan bertan antzeman da. Izan ere, Nafarroako Gobernuak, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna zela eta, adierazpen instituzionala kaleratu zuen, ofizialki antzerkiari eta bertan lanean aritzen direnei babesa azalduz. Baina plana ez da adierazpen horretara mugatzen. Izan ere, neurri asko jarri nahi dituzte abian. Kulturan gutxiengo inbertsioa ziurtatzea, elkarlanean aritzeko sareak eratzea, Nafarroako Antzerki Eskolarekin hitzarmena berritzea, Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboa sortzea eta 948 Merkatua sortzea —arte adierazpen ezberdinen erakusleiho izango den azoka— dira neurri horietako batzuk.

Plana bera albiste ona dela dio Miguel Goikoetxea Iluna taldeko zuzendariak. Modu profesionalean aritzen da antzerkian beste lau lankiderekin batera, eta azken urteak oso zailak izan direla aitortu du. Planari dagokionez, "zalantzaz" betea dago; neurri guztiak legealdia amaitu aurretik indarrean jartzerik izango den galdetu du. "Nik uste plana berandu xamar datorrela. Legealdiaren erdian gaude, eta ez dut uste hurrengo hauteskundeetarako dena betetzerik izango dutenik". Alde horretatik, aurreikusita dago planaren jarraipena egingo duen sektore mahaia eratzea.

Ia berezko krisia

Aspalditik daude arte eszenikoak itolarrian. Konpainia askok ia inertziaz egin dute aurrera. Lopez Juriok argi du: "Kontratatzen dutenek normalean merkeena bilatzen dute; kalitatea ez da oso kontuan hartzen". Ondorioz, konpainiek, lehiakorragoak izateko helburuz, prezioak jaitsi dituzte, ahalik eta emanaldi gehien ziurtatu ahal izateko. Baina, aurrerantzean, kultur eragileen arteko harremana indartzeko elkarguneak sustatu nahi dira, kontratatzeko orduan kalitatea lehenetsiko den faktorea izan dadin.

Nafarroan 30 kultur etxe eta agertoki baino gehiago daudela aprobetxatuta, antzerki zirkuitu bat sortzea aurreikusita dago planean. Horren bitartez, bertako antzerkigile profesionalek Nafarroako Antzoki Sarea osatzen duten kultur guneetan emanaldiak egiteko aukera izango dutela iragarri du Lopez Juriok. Neurri hori zalantzan jarri du Goikoetxeak. Jakinarazi duenez, Antzokien Sareko arduradunek ez dakite emanaldi horiek ziurtatzerik izango duten, aurten behinik behin.

Baina, ziurrenik, neurririk berritzaileena 948 Merkatua deituriko azoka izango da. Arte adierazpen guztiek izango dute bertan tokia: zinemak, arte eszenikoek, arte plastikoek... "Nafarroan zer dagoen erakutsi nahi dugu; bertako konpainiei saltzen lagundu", azaldu du Lopez Juriok. Izan ere, bertan ez ezik, kanpoan ere lan egin ahal izatea nahi dute, merkatua zabaltzea alegia. "Nafarroan egiten den arte eszenikoak kanpora atera beharra dauka. Ez du esan nahi ez denik ateratzen, baina ateratzeko gaitasun handiagoa izan behar du", dio Perezek.

Bestalde, Nafarroako Liburutegi Nagusian, antzerkiarekin lotutako bibliografia funtsa eratuko dute. Nafarroako Artxiboan, berriz, Arte Eszenikoen eta Musikaren Artxiboa sortuko dute. Bi ekinbide horiei esker, antzerkiarekin lotutako iturrietara jo ahal izango du. Planarekin zerikusirik ez duen arren, heldu den udan Sorgune Arte Eszenikoen Gunea zabalduko dute Desoion. Bertan, sorkuntza prozesua gauzatu ahal izango da hasieratik bukaeraraino. Gaur egun sektoreak duen egoera aldatzeko, denaren beharra izango du.

Aisialdiaren arloaz harago

Aisialdiaren arloaz harago

Edurne Elizondo

Poliziak San Anton karrikako etxe okupatu bat hustu duen aste berean egin dute Euskal Herriko gaztetxeek eta gazte biltzarrek urteko topaketa, Iruñean. Arrotxapea auzoko gaztetxea izan da jardunaldien egoitza, Alde Zaharrekoa azarotik baitago itxita, Iruñeko Udalaren aginduz. Ostiralean hasi, eta igandera bitarte aritu dira parte hartzaileak autogestioari, gaztetxeen defentsari eta botere harremanei buruz gogoeta egiten, bertzeak bertze. Ondorio nagusi bat jarri dute mahai gainean: autogestioari lotutako teoria eta praktika arlo guztietara zabaltzeko beharrarena, hain zuzen ere.

"Aisialdiaren esparrutik ateratzea kosta egin zaio gaztetxe askori, baina urrats hori egiteko ordua da; autogestioa aisialdiaz harago landu behar dugu, jarduera politiko orokor bilakatu ahal izateko". Jesus Villarorenak dira hitzak. Topaketan parte hartu du. Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kide ere bada. Hagitz kritiko agertu da Iruñeko Udalaren eta, zehazki, Joxe Abaurrea zinegotziaren jarrerarekin. "Ez dute batere zintzo jokatu". Udalaren eta gaztetxeko kideen arteko negoziazio prozesuan parte hartu zutenetako bat da Villaro. Nabarmendu du harremana "zaila" izan dela. Argi du erakundeak "legearen agintearen pean" mugitzen direla, eta garbi utzi du negoziazio prozesuari baiezkoa eman ziotela erakundeon jarduera ez baldintzatzeko. Erantsi du egindako bidea "zaila eta malkartsua" izan dela, ordea, eta udalak ez duela gertatutakoaren "benetako kontakizuna" egin.

Villarok uste du karrika dela errealitatea aldatzeko dinamiken berezko tokia, eta herri mugimenduen autonomia bermatu behar dela. "Hala ez bada, zer? Injustiziak herriak berak ez baditu geldiarazten, nork eginen du?". Testuinguru horretan ulertzen du Villarok gaztetxeen eta gazte biltzarren zeregina. "Gero eta argiago dugu autogestioa errealitatea iraultzeko praktika politiko bat izan daitekeela", nabarmendu du.

Hasitako lanari segida

Urtean behin egiten dute topaketa Euskal Herriko gaztetxeek eta gazte biltzarrek. Laudiokoa (Araba) izan zen lehendabizikoa; Oñatikoa (Gipuzkoa) bigarrena; eta Iruñeko aurtengoa, berriz, hirugarrena. Oñatiko topaketan hasi ziren autogestioaren dimentsioa zabaltzeko beharra jorratzen, eta orduko gogoetari segida eman nahi izan diote Iruñekoan. "Iruñean gaztetxeen aldeko mugimendu sendoa bazelako ere erabaki genuen hemen egitea", azaldu du Villarok.

Alde Zaharreko gaztetxea itxi dute, baina Arrotxapekoa martxan dago oraindik, eta, azken urteotako dinamiken ondorioz, gainera, Barañainen ere, bertzeak bertze, badute gaztetxe berria. "Oztopoak oztopo, autogestioaren aldeko grina hor dago", nabarmendu du Alde Zaharreko gaztetxeko kideak. Husteko mehatxua da Arrotxapeko gaztetxeak, adibidez, aurrez aurre duen oztopoetako bat. Villaro bera sententziaren zain dago, iazko abenduan Sarasateko eraikin bat okupatu eta gero izandako istiluengatik. Eraikinetik kanpo atxilotu zuten. "Poliziaren azpijokoa izan zen". Hamabost hilabeteko espetxe zigorra eskatu diote, eta mila euro baino gehiagoko isuna. Bertze bederatzi lagun daude auzipetuko ote dituzten zain.

Zain, baina lanean. Villarok zehaztu du Iruñeko topaketan ez dutela proiektu guztiek parte hartu, baina uste du Iruñerriko, Sakanako, Baztango eta Lizarraldeko gaztetxeen bidez argi gelditu dela lanerako gogoa. Gaineratu du badirela autogestioaren esparrua zabaltzeko hainbat proiektu martxan, jada, eta horren adibide jarri ditu, adibidez, elikadura subiranotasunaren aldeko dinamikak. Bertzelako gaiei heltzeko asmoa eta beharra aipatu du, gainera: "Energiaren auziari, adibidez". Bada lana egiteko. Gogoa ere bai.

“Korrikak ez ditu zonifikazioaren mugak ikusten”

“Korrikak ez ditu zonifikazioaren mugak ikusten”

Edurne Elizondo

Antolatzaile izateak emanen dio hamaika lan egunotan Asier Biurruni (Iruñea, 1977). Korrika egiteko tartea ere bilatuko duela nabarmendu du, halere.

Korrika gaur ailegatuko da Nafarroara; dena prest?

Bai, dena prest. Azken petoak banatu ditugu, eta azken egunotan aritu gara, halaber, errepidea markatzen. Oraindik erabat itxita ez dagoena da azken eguneko jaia. Egitaraua prest dugu, baina hamaika txikikeria gelditzen zaizkigu lotzeko. Horretan ari gara!

Zuretzat, zer da Korrika?

Gozatzeko jai bat da. Hainbat urte dira Korrika antolatzeko lanetan ari naizela, eta, noski, lanez gainezka egoten gara egunotan. Zaila da lanaren zirimola horri ihes egitea, baina fruituak ikusten dituzunean, jendeak nola erantzuten duen ohartzen zarenean, orduan, sekulako poza hartzen duzu. Nik aspaldi erabaki nuen euskararen alde egin nahi nuela lan eta borroka, eta gisa honetako ekinaldi batek betetzen zaitu; erabat, gainera. Euskara ari da aurrera egiten. D ereduarekin hemen gertatu dena da horren adibide; hainbat tokitan lortu dute jartzea. Emozioa sumatzen da, eta horrek betetzen nau.

Emozioak bat egiten du aldarrikapen eta lan politikoarekin?

Hala da. Nik ez dut ahaztu nahi, tamalez, Korrika egin behar dugula euskararen normalizazioa oraindik ez dugulako lortu. Baina Korrika martxan den egunetan, emozioak, irribarreak, sortzen dira, eta horiek guztiek euskararen aterkiaren pean egiten dute bat ere. Eta sekulakoa da! Ziur naiz Korrika Iruñean amaitzen denean sentituko dudana azaltzeko hitzik ez dudala izanen. Eta ziur naiz jende askori gauza bera gertatuko zaiola.

Antolatzaile lanetan ari zara; korrika egiteko aukera ere izanen duzu?

Bai, bai, izanen dut. Aurten, segur aski, bertze batzuetan baino gutxiago egin ahal izanen dut, hemen amaitzen denez, lan handia izanen dugulako. Baina beti bilatzen dut tarte bat lagunekin eta familiarekin korrika egiteko. Sakratua da hori niretzat. Guk ere gure unetxo hori izanen dugu.

20. Korrika da aurtengoa; zer du betiko, eta zer du berri?

Korrika guztiak dira berdinak eta ezberdinak, aldi berean. Betiko du euskarria, eta, zoritxarrez, betiko ditu helburuak. Euskararen normalizazioaren alde, eta AEK-ren inguruan dauden guztiak duintasunez aritu ahal izateko egiten dugu Korrika. Zer du ezberdin? Esperientzia, eskarmentua. Berezia du, gainera, egoera politiko eta sozialean aldaketak izan direla, bai eta 20. edizio honetan, azkenean, Korrika hasi zutenei gorazarre egin diegula ere, behingoz, jendaurrean.

BatZuk da aurtengo leloa. Erranahi anitz dituen leloa da. Zuk zer nabarmenduko zenuke?

Nik gustuko dut nabarmentzea oso mezu zuzena dela, eta norbanako horrentzakoa dela; zuri egiten dizula so. Bada sektore bat, euskaltzalea dena baina euskaraz ez dakiena edo erabiltzen ez duena, eta horiengana jotzen du aurtengo Korrikak: Bat gehi Zuk izateko batzuk, eta izateko, aldi berean, multzo bat. Izateko komunitate bat euskaraz eginen duena. Korrikak ez du inor baztertu nahi, hala ere. Hizkuntza bat badugu, zergatik ez ezagutu eta hitz egin?

Oposizioko taldeek ez dute hori egiteko asmorik. Euskararen aurkako erasoak etengabeak izan dira gobernua aldatu zenetik. Zer deritzozu?

Pena da. Politikan ibiltzen den jendeari ahoa betetzen zaio demokraziaren, justizia sozialaren eta eskubideen gisako hitzekin, baina ez dituzte hitz horiek egunerokoan gauzatzen. Nik uste dut badela komunitate bat euskaraz bizi nahi duena, eta badira, halaber, horren kontra egin nahi duten politikariak. Lehengo lepotik burua. Agintean zirenean egiten zituzten politikak beren erara; orain, aldaketaren gobernuaren erara egiten dira. Gobernuan ere badira hainbat gehiegi laguntzen ez dutenak. Nik uste dut beldurraren kultura horren pean bizi garela. Argi badugu demokrazia demokrazia izan dadin euskaldunek bete behar dituztela beren eskubideak, bada, ezar dezagun demokrazia. Ezartzen ari garena da sasidemokrazia bat.

Oposizioaren diskurtsoa ari da gobernuaren jarduera baldintzatzen?

Uste dut beldur direla, neurri batean; eta, bertzalde, uste dut ez dutela jo egin behar denera, eta euskalgintzatik mahai gainean jarri diren beharrak betetzera ez dutela jo.

Zonifikazioak indarrean jarraitzen du, adibidez.

Hainbat udaletan onartu dituzte eremu mistoan sartzeko mozioak, baina hori ez da nahikoa. Zonifikazioaz ari garen bitartean, hutsegite bat dugu. Ez da naturala. Mugak ezartzen dizkiogu hizkuntzari, eta hizkuntza batek modu natural batean behar du izan bere tokia. Zonifikazioa dugun bitartean, ez dago normalizaziorako biderik. Gainditu behar dugu. Orain egiten ari diren urratsak interesgarriak dira, baina ez dira nahikoak. Udalek baliatu dute aukera, urratsak egiteko irrikan direlako. Eman diezaietela aukera hori denei, lege baten pean egin ahal izateko.

Korrikak ere helburu du horretan eragitea?

Bai, zalantzarik gabe. Korrikak ez du mugarik ikusten; ez ditu herrialdeen arteko mugak ikusten, ezta zonifikazioak ezarritakoak ere. Korrikak, gainera, bere eginen du Nafarroan gertatu direnek eragindako poza; D eredua jarri izana hainbat herritan, edo eremu ez-euskalduneko hainbat herri mistora pasatu izana. Sortutako ilusioak bere eginen ditu Korrikak, zalantzarik gabe. Espero dut mugarri izanen dela konturatzeko jauzia egiten ahal dugula. Eta konturatzeko ofizialtasuna ere eskatzen ahal dugula herrialde osoan.

Oposizioak baldintzatuta, baina erakundeek egin dituzte hainbat urrats. Aurten, adibidez, Iruñeko Udalak bat egin du Korrikarekin.

Bai, aldaketa erabatekoa izan da. Lankidetza hitzarmena sinatu dugu Iruñeko Udalarekin, eta horrek erabateko aldaketa ekarri du orain arte erakundeetatik jaso dugunarekin. Hitzarmen horren bidez, udala azken eguneko bestako antolatzaile ere bilakatu da, neurri batean. Gainera, kilometro bat erosi du.

Gobernuan ere aldatu dira hainbat gauza. Diru laguntzak jasotzen hasi zarete berriz.

Egoera hori aldatu da. Gogoratu nahi dut UPNren garaian genuen aurrekontua, kendu zuten arte, orain jasotzen duguna baino handiagoa zela, halere. Euskalgintzan eta alfabetatzean ari garenontzat, diru laguntza berriz jasotzeak haizea eman digu, baina urratsak egin behar ditugu, oraindik ere. Ikasleek ahalegin handia egiten dute, baina erakundeek oraindik ez. Gobernuak bekarik ere ez du ematen. Euskarak egon behar du agendako lehen lerroan, eta izan behar du transbertsala. Erakundeek laguntzen ez badute, hankamotz gelditzen gara. Aurrera goaz, baina azkarrago joanen ginateke, adibidez, hemengo presidente guztiek euskaraz eginen balute. Naturaltasunez ariko bagina euskaraz.

Iritzia: Bideak

Lur Albizu Etxetxipia
Ez dakit zein obsesio-grina-gogo-sentimendumultzo elkartzen diren bat-batean, martxoan eta apirilean. Baina bi hilabeteok badute agenda guztiak betetzeko bokazioa; badute zerbait, udaberriaren hasiera izanen delako agian, edo negu...