Leitzarrak, autoan elkarrekin

Leitzarrak, autoan elkarrekin

Kattalin Barber

Ibilbide bera egiten dutenen artean autoa partekatzea gero eta ohikoagoa da Euskal Herrian. Oraingoan, leitzarrek sortu dute egitasmoa. Autoa partekatzeko aukera eskaintzen duen webgune berria da Tartarkar, Leitzatik eta Leitzara autoz egiten dituzten bidaien iragarki taula birtual bat. Dirua aurreztea ez ezik, aztarna ekologikoa murriztea eta bidaide berriak egitea ere badu helburu. Izan ere, ibiltzen diren auto gehienetan bidaiari bakarra joan ohi da: gidaria bera. Horri aurre egin nahi dion plataforma da Tartarkar.

LeitzEKO Kontsumo Taldeak hartu du proiektua sortu eta garatzeko ardura, Leitzako Udalarekin batera. 2014an sortu zen horrelako egitasmo bat egiteko ideia. Udalak 50.000 euro Zertan? Zertarako? parte hartzeko prozesua abian jarri zuen, eta herritarrek aukeratutako proposamenen artean autoa partekatzeko webgune bat martxan jartzeko ideia zegoen. "Orduan, Leitzako kontsumo taldearekin harremanetan jarri ginen; izan ere, kontsumo arduratsu eta jasangarria bultzatu nahi dugu", azaldu du Mikel Azkargorta Leitzako zinegotziak. Parte hartzeko prozesu horretan bertan herritarrek erabaki zuten 2.000 euro bideratzea egitasmoa sortzeko.

Horretarako eta ideia garatzeko, LeitzEKO Kontsumo Taldearen barnean Mugikortasun Taldea osatu zuten. Mamen Uharte taldeko kidea da, eta hasieratik egitasmoarekin bat egin zutela azaldu du: "Gure izaerarekin eta oinarriekin bat egiten du proiektuak, funtsean, baliabideak partekatzeko eta kontsumoa murrizteko ideia garatzen baitu. Horretaz gain, hausnarketa eragin nahi dugu".

San Joan bezperan aurkeztu zuten herrian egitasmoa, eta interesa sortu duela diote. Dagoeneko 80 pertsonak baino gehiagok eman dute izena webgunean, eta lehenengo bidaiak egin dira. Jendeak egitasmoari oso ongi iritzi diola dio Uhartek: "Mugimendua dago webgunean, eta ongi etorria izan da Tartarkar". Garraio ohiturek sortzen dituzten kontsumo ereduei buruzko hausnarketa eragin nahi dute Leitzan: "Ezbaian jarri nahi ditugu mugikortasunaren indibidualizazioa, garraio publikoaren aukera eskasak, herrian bertan autoa nola erabiltzen den, garraio mota ezberdinek eragiten duten energia kontsumoa…".

Beraz, egitasmoa puzzle horren beste pieza bat da, autoaren erabilera arduratsuago bat izateko aukera, herritik herriarentzat egindakoa.

Iragarki taula birtual baten gisa funtzionatzen du Tartarkar zerbitzuak. Izena eman, eta Leitzatik edo Leitzara doazen bidaiak ikusi eta publikatzeko aukera du erabiltzaileak. "Jendeari eskaini nahi diogu elkarrekin bidaiatzeko eta gastuak partekatzeko aukera. Tartean ez dago diru mugimendurik, inork ez du zentimorik hartzen. Bidaiariek beren artean eginen dute tratua; gu horretan ez gara sartuko", azaldu du Uhartek. LeitzEKO Kontsumo Taldea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta bitartekari izan nahi dute bakarrik martxan jarritako egitasmo horretan, gehiago esku hartu gabe.

Erabiltzaile bakoitzak, webgunean erregistratzen denean, ezizen bat jasotzen du. Leitzako toponimiarekin lotutako izenak aukeratu dituzte proiektua garatu dutenek. Horregatik Aliñea, Arinburkaitza, Amorruixketa eta Akolako erreka dira erabiltzaile izen batzuk. Azkargortak adierazi du "garrantzitsua" ikusten zutela anonimotasuna, eta ideia "bitxia" zela adostu zuten.

Errezelo kanpaina

Egitasmoa San Joan bezperan jendaurrean aurkeztu bazuten ere, errezelo kanpaina bat abian jarri zuten kontsumo taldekoek, joan den maiatzaren amaieran, eta lau astez. Lehenengo astean, Tar hitza idatzia zuten itsasgarriak paratu zituzten herriko hainbat txokotan. Bigarren astean, beste Tar bat lehenengoaren segidan, hirugarrenean Kar, eta laugarrenean .eus; azkenean, Tartarkar.eus sortu arte.

"Eragin genuen nolabaiteko errezeloa herrian, jendeak ez baitzekien zertarako ote ziren itsasgarriak", azaldu du Mamen Uhartek. San Joan bezperan photocall bat prestatu zuten egitasmoaren logoa zuen auto baten irudiarekin, zerbitzuaren berri emateko, eta jende "dezentek" parte hartu zuen.

Bukatu da negozioa

Bukatu da negozioa

Edurne Elizondo

Espekulazioa bazter utzi, eta etxebizitzaren auzia eskubideen esparrura itzultzea. Hori du helburu Nafarroako Gobernuak prestatu berri duen lege proiektuak. Eskubide Sozialetarako presidenteorde Miguel Laparrak aurkeztu zuen, joan den astean, gobernua babesten duten lau taldeetako ordezkariekin. "Nafarrek etxebizitza duina izateko duten eskubidea gauzatu nahi dugu", erran zuen, aurkezpenaren egun hartan, Laparrak.

Testu berriak bi ardatz nagusi ditu: batetik, alokairu babestuaren alde egin nahi du, eta hura sustatzeko neurriak jaso ditu; eta, bertzetik, eraikin zaharren birgaitzea bultzatuko du. Asmo horrekin bat egin du Hipotekak Kalte Eginikoen Nafarroako Plataformak. "Etxebizitza eskubide bat da, ez da negozio bat; bada garaia erakunde publikoek hori nabarmendu eta babesteko", erran du Angel Larrea PAH-ko kideak.

Urtebete egin du gobernu berriak. Denbora horretan, hirutan egin dute bilera PAH-ko ordezkariek Nafarroako agintariekin. "Jarrera aldaketa nabarmena izan da", onartu du Larreak. Are gehiago, erantsi du egin dituzten hainbat proposamen aintzat hartu dituela gobernuak. Aurkeztu berri duten lege proiektuak, adibidez, alokairu babestua merkatzea jaso du; %8-%14,6 eginen du behera prezioak, 2016 eta 2017an. Plataformak egindako eskaera da hori, nahiz eta haiek jaitsiera handiagoa galdegin. Haiek eskatuta, halaber, etxebizitza alokairuan hartzen dutenei ez dizkiete gutxieneko diru sarrerak eskatuko, eta kontratua berritzeko diru sarrera errealak hartuko dituzte kontuan, eta ez, ordea, aurreko urteko errenta aitorpenaren araberakoak. "Urte batetik bertzera erabat alda daiteke pertsona edo familia baten egoera".

Diru laguntzak ezarriko ditu legeak alokairu babestuko etxebizitza berriak sustatzeko. %23 eta %30 artekoak izanen dira. Alokairu babestuan emateko hutsik dauden etxeak birgaitzen dituzten toki entitateetarako, berriz, %50eko laguntzak aurreikusi ditu testuak. "Iruñeak, adibidez, 200 etxebizitza huts ditu; horiek birgaitzea da kontua, babestutako alokairuan eman ahal izateko". Helburua da gobernuak duen etxebizitza multzoa handitzea. "Egun dituenak ez dira nahikoak dagoen eskaera guztiari aurre egiteko", erran du Larreak.

Egun, Nafarroan, 4.500 ingurukoa da babes publikoko etxeen multzoa. Haietako 1.000-1.200 Nafarroako Gobernuarenak dira; gainerakoak, berriz, higiezinen agentzien esku daude, baina gobernuak diru laguntzak ematen ditu etxebizitza horiek alokatzeko. "Bertze 4.000 inguru behar dira", azaldu du plataformako kideak. Gobernuak, oraingoz, bertze 1.600 gehitzeko plana martxan jarriko duela iragarri du. Bost urterako plana izanen da.

Hainbat auzi, legetik at

Plan horretan gobernuak ez du jaso bankuekin negoziatzeko aukera, haiek dituzten etxebizitza hutsak babes publikoko etxebizitza multzo horretan sartu ahal izateko. Eskaera hori egin zuen Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak, baina gobernuak ez du kontuan hartu. Jaso ditu, ordea, herrietan erroldatutakoek kooperatibak eratzea errazteko neurriak, bai eta Etxebizitza Plana eta Etxebizitza Kontseilua sortzeko asmoak ere.

Badira plataformako kideek mahai gainean jarri baina legeak jaso ez dituen bertze hainbat auzi: pobrezia energetikoari buruzkoak, etxegabetzeen aurkako protokoloa egiteko aukera, hutsik diren etxebizitzen erregistroa sortzea, etxebizitzari buruzko kontu guztietarako leihatila bakarra martxan jartzea... "Badakigu auzi horietako hainbat legeak ukitzen duen esparrutik kanpo direla, baina uste dugu horietan ere urratsak egin behar direla; horiek bultzatzen jarraituko dugu guk".

Etxe kaleratzeen inguruan, argi eta garbi mintzatu da Angel Larrea. "Oraindik ere, gertatzen dira; egunean bat gertatzen da Nafarroan". Gobernuak agertu du etxegabetzeen aurkako protokoloa sinatzeko asmoa. Asmo hori jasotzen duen akordioa ekainaren 29an onartu zuen gobernuak. "Zirriborroa Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren esku da jada", azaldu du Larreak.

Plataformako kideak azaldu du haien laguntza eskatzen dutenek lortzen dutela etxegabetzea bertan behera uztea. "Bankuek, egun, nahiago dute negoziatu, gu egunero haien atarian pankartarekin egon baino". Plataformarengana jotzen ez dutenak dira etxegabetzeak pairatzen ari direnak, Larreak erantsi duenez. "Oraindik ere bada gure lanaren berri ez duen jendea; bertze batzuek, berriz, nahiago dute haien egoera publiko ez egin, lotsatu egiten direlako. Argi izan behar dute, ordea, haiek sistemaren biktima direla; sistema dela gaizki aritu dena", nabarmendu du PAH-ko kideak.

Sistema horrek etxebizitzen jabegoa sustatu du, hain zuzen ere. UPNren gobernuen azken bost urteetan gertatutakoa aipatu du Larreak, horren haritik: "Etxebizitzak erosteko diru laguntzetan 579 milioi euro eman ditu gobernuak bost urte horietan; babestutako alokairuan emateko etxebizitzen arazoa konpondua genuen diru horrekin. Sekulakoa da datu hori", azaldu du.

Nafarroako Gobernuak irail aldean jarri nahi du indarrean etxebizitzari buruzko lege berria. Oraindik izanen da aurkeztutako testuari zuzenketak eta alegazioak egiteko aukera. "Plataformako kideon lana izanen da, orain, lege proiektua aztertzea eta gure proposamenak egitea", erran du Angel Larreak. Etxebizitza eskubidea dela gogoratu du, eta herritar guztien beharrei erantzutea dela gobernuaren lana. Plataformak jarraituko du egin beharreko bidea zehazten. Etxebizitza eskubidearen alde.

“Errespetua zor diogu inguruneari; ezin dugu natura menderatu”

“Errespetua zor diogu inguruneari; ezin dugu natura menderatu”

Kattalin Barber

30 urte daramatza Francisco Jose Padillak (Logroño, Espainia, 1967) arroilen jaitsierak egiten. Nafarroako "altxor" gehienak bisitatu ditu espeleologoak, eta amildegiak ezagutaraztea du helburu, orain, bere liburuaren bitartez. Hainbat urtetako hutsunea bete du Padillaren lanak, gisako azken liburua 1991. urtean argitaratu baitzuten Nafarroan.

Esan izan duzu gida bat baino askoz gehiago dela zure liburua. Zergatik?

70 jaitsiera bildu ditut, horietako asko argitaragabeak, eta, gainera, arroila bakoitzean dagoen fauna eta landaredia aipatzen ditut, bai eta bisitatzeko guneak, pasadizoak eta hainbat bitxikeria ere. Istorio asko berreskuratu ditut, eta 450 argazki ageri dira liburuan. Gainera, 25 urte pasatu dira mota honetako libururik argitaratu gabe. Beharrezkoa zen.

Esan bezala, Nafarroako 70 arroila bildu dituzu. Dauden guztiak dira?

Gehiago daude. Hau bilduma bat da, eta, nire ustez, Nafarroan dauden adierazgarrienak eta interesgarrienak jasotzen ditu. Badaude ezin jaits daitezkeen arroilak, babes eremuetan daudelako, eta, ondorioz, debekatuta dagoelako; horiek ez ditut aipatu. Horretaz gain, badaude nik ezagutzen ez ditudan amildegiak ere. Badakit hainbat talde badirela Nafarroan esploratzen eta amildegi berriak aurkitzen dituztenak. Nik liburuan azaltzen diren guztiak jaitsi ditut, batzuk behin bakarrik eta beste batzuk hamar aldiz. Urtaro desberdinetan, baldintzak asko aldatzen direlako.

Ez du zerikusirik arroila berak udan edo neguan, adibidez?

Asko aldatzen dira urtaro bakoitzean; hortaz, baldintzak guztiz desberdinak dira, eta kontuan hartu beharrekoak. Amildegi batera joan aurretik, pentsatu behar duzu ea urik egonen den edo ez... Badaude behin betiko aldatu diren inguruneak, eta arroila batzuk dagoeneko ez dira existitzen. Ingurune bizia da natura, aldakorra. Horregatik, material egokia eramatea oso garrantzitsua da.

Noiz hasi zinen arroilen jaitsierak egiten?

30 urte daramatzat honetan. Espeleologian hasi nintzen, Barañaingo lagun batzuekin. Geroago ezagutu nituen amildegiak, eta ordutik ez dut jarduera hori bazter utzi. Zeharo harrapatu nau, erabat erotzen nau. Mundu erdia zeharkatu dut amildegiak ezagutzeko. Ez naiz honetaz bizi, baina nire pasioa da. Beste herrialde batzuetara esploratzera joatea eta amildegi berriak irekitzera joatea da gehien gustatzen zaidana.

Zerk liluratzen zaitu hainbeste?

Dudarik gabe, naturak berak. Ingurunea eta natura modu paregabean ikustea. Nik ikus dezaket ur jauzi bat errepidetik, baina ur jauziaren barnean sartzea guztiz desberdina da. Harrigarria da. Beti ezustekoak daude, eta gauza berriak deskubritzen dituzu. Gainera, bidaiatzean, amildegiez gain, jendea ezagutzen duzu, kultura, tradizioak.... Hainbatek bidaiak egiten dituzte monumentuak ikusteko; nik bidaiak egiten ditut arroila jaitsierak egiteko.

Zein da ezagutu duzun herrialderik bereziena jaitsierak egiteko?

Mundu osoan badaude amildegiak. Frantzian, Italian eta Suitzan amildegi interesgarriak daude, baita Espainian ere. Suitzako Ticino izeneko eremua ere asko gustatzen zait. Europatik at, berriz, AEBetan egon naiz, eta baita Kuban ere. Agian, egon naizen lekurik bitxiena Saharako basamortua izan da. Guztiz desberdina da toki hori. Leku batera esploratzera joan eta bertan zer aurkituko duzun ez jakiteak gozarazten dit niri, betiere natura errespetatuz.

Eta Nafarroako lekurik gogokoena arroila jaitsiera egiteko?

Hemen klasikoak direnak ikusgarrienak dira. Adibidez, Artazulgo amildegia eta Diablozulokoa, mundu guztiak ezagutzen dituenak. Bestela, Malloako ingurua, Aralarren, gustuko dut. Oso ezaguna ez den eremu bat da, eta jaitsiera oso interesgarriak daude. Dena den, bakoitzak bilatzen duenaren arabera nahiko ditu batzuk edo beste batzuk. Kirolaren arloko erronka bat bilatzen duenak ura nahi du, eta paisaiaz gozatzea nahi duenak jaitsiera soil bat nahikoa izanen du. Nik azken hori nahiago dut, baina noizean behin adrenalina izatea ongi dago. Faunari, landarediari eta geologiari erreparatzen diet nik. Horregatik ez naiz aspertzen, urik ez badago ere.

Liburua ez da bakarrik profesionalentzat, ezta?

Jaitsiera errazak daude, edonor egiteko modukoak. Baina gutxieneko ezagutza bat izatea beharrezkoa da; horregatik, oso garrantzitsuak dira materiala eta taldea. Gure lurra ezagutzea eta sustatzea da nire helburua, bai Nafarroako herritarrei, bai eta kanpotarrei ere. Abentura enpresentzako eta landetxeentzako liburu interesgarria dela uste dut, halaber. Tokiko toponimia errespetatu dut. Gehienak euskarazko izenak dira, eta SITNA Nafarroako Lurralde Informazio Sisteman oinarritu naiz.

Asko egiten den kirola da Nafarroan?

Modan dagoen kirola da, onerako eta txarrerako. Modek mundu guztia harrapatzen dute, eta badago jendea ez duena ez esperientziarik ezta formakuntzarik ere. Oso arriskutsua da. Taldean egiten den kirola da; komenigarria da gutxienez bi edo hiru pertsona egotea. Izan ere, taldeak markatzen du maila. Horregatik, ikastaroak bultzatu behar ditugu. Hemen ur gutxi dugu udan, eta ohikoena Huescara [Espainia] edo Frantziara joatea da. Gainera, gero eta emakume gehiago animatzen dira arroila jaitsierak egitera.

Nafarroan ez da existitzen arroila jaitsieraren federaziorik. Beharrezkoa dela uste duzu?

Agian federazioa izatea gehiegi da, baina uste dut beharrezkoa dela kirola laguntzea eta sustatzea. Goraldian dagoen kirola da. Nafarroan Mendi Federazioa eta Espeleologia federazioak daude, eta horien bien erdian dago gurea. Haiek arroila jaitsierak egiteko aseguruak dituzte. Oso gomendagarria da aseguratzea.

Anekdota eta pasadizoak bildu dituzu liburuan. Baten bat kontatzeko?

Oso bitxia izan zen Unzelaia amildegia bisitatu genuenekoa, Genbe herrian. Ehiztari batzuekin topo egin genuen, eta galdetu genien ea zergatik zen hain zaila ura aurkitzea arroila horretan. Esan ziguten euria egiten zuela baina inoiz ez zela betetzen. Eta 60 urteko ehiztari horietako bat oroitu zen 60ko hamarkadako uholde batekin. 7 urte zituen berak gertatu zenean, eta ibaiak eraman zituen herriko zubiak. Naturaren indarra izugarria da. Inguruneari errespetua zor diogu. Izan ere, gu gara bisitariak, eta ezin dugu natura menderatu; integratu behar dugu.

Iritzia: Nire titiak

Idoia Sobrino

Duela gutti jakin dut nire titiek ez daukatela titi formarik. Forma egokirik, erran nahi baita. Bi dauzkat, handi xamarrak gainera, modak manatzen duen erara, baina ez behar luketen formarekin. Arazoa, omen, erabiltzen ditudan bularretakoetan dago: betegarririk gabekoak erabiltzen ditut, ustetan, inozoa ni, bularretakoaren funtzioa bularrak kontzearena zela, bizkarreko minak saihestu eta, bide batez, egunerokoak erosoago egin ahal izateko.

Baina ez, orain ongi erakutsi didate bularretakoaren funtzioak bi direla: bat, zure titiei bertze neska baten titien forma ematea (hau da, modan dauden nesken titien forma ematea), eta bi, titipuntak gordetzea. Zer iduritzen? Ba horrela omen, bai jauna. Neska talde batek erran dit hori dena; susmotan nago haien ahoetatik ez ote den jaun hori solastatu.

Izan ere, nondik dator nire titiek titi forma ez izateren kontu hori? Zergatik behartu behar dut neure burua telebistan saltzen diguten neska horien titiak izatera? Gainera, afera trikimailuz josita dago: alde batetik, 90-60-90 neurri horiek lortzera behartzen gaituzte, hau da, titi handiak izatera. Bertzetik, modelo profesionalen gorputzak omen dira gure ispilua: titirik gabeko neskak. Eta, bukatzearren, binomio horretatik ateratzen diren modako arropak dira nonahi saltzen dizkigutenak (denda berezietara joan gabe).

Baina adi, hemen hasten da jolasa eta: modako arropetan ez dago titi handiak sartzerik, ez dira kabitzen; beraz, titi txikiak izatera bideratzen gaituzte. Baina o! Titi txikiak ez ditugu gustuko. Zer egin, orduan…? Tatxan! Horra, betegarriak dituzten bularretakoak guretzat prest!

Poz-pozik egon zaitezke titi txikiak izan eta bularretako handiak erabiltzen badituzu: kolore eta puntilla mota guztietakoak izango dituzu aukeran. Zure titiek, orain bai, forma borobildua izanen dute, eta oroitu, gainera, bularretakoaren bigarren funtzioa ere betetzen dutela: inork ez du suposatu ere eginen zure titiek titipuntarik daukatenik!

Baina itxoin, titipuntak emakume sexyaren ikur ere badira, ezta? Orduan ezkutatu edo agerrarazi behar ditut?? Ai ama… Ez naiz aklaratzen… Moda jaunak zoratuta nauka. Gainera, orain oroitu naiz nik neurez titi handiak ditudala; beraz, ezin dut mota eta kolore guztietako bularretakorik erosi, zeren guretzat, titi-handientzat, betegarririk gabekoak eta soilik hiru koloretan baizik ez baitira saltzen: xuria, beltza eta txitxi-kolorekoa (polita hori, ezta?). Azken horren funtzioa bularretakorik eramaten ez duzun itxura egitea da. 100 bat daukazu, baina bularretako horrekin denek pentsatuko dute ez duzula deus eramaten!

Ez dago dudarik: moda jauna jauna da. Jauna eta ez andrea. Oraindik badago mikromatxismoan sinisten ez duenik. Oraindik badago hau ez dela mikromatxismoa erran eta errango duenik. Nik bertze zerbait dut errateko: sanfermin parekide hauetan, eraso sexistak azpimarratzera deituak izan garen honetan, hona hemen nire azpimarra eta oihua: neskak, egizue titipuntetan jartzen zaizuena! Izan libre, ausart eta libre!

Migratzaileen Europaren bila

Migratzaileen Europaren bila

Edurne Elizondo

Onartezina da Coca-Cola botila batek askatasun gehiago izatea herriz herri mugitzeko, pertsona batek baino". SOS Arrazakeria taldeko eta Iruñea Harrera Hiria plataformako kide Natalia Nilok erran ditu hitzok. Haserre da. Europako agintariek migratzaileen aurka erabaki dituzten politikekin amorratuta. "Siriako krisiak eragindako egoera pil-pilean da, baina urteak dira Europak migrazio politika kriminalak indarrean dituela; Ceutan eta Melillan gertatzen denari so egitea nahikoa da horretaz jabetzeko. Hegoaldeko muga blindatuta dago. Europak Turkiarekin egindako akordioa ez da hutsetik sortzen; Marokorekin sinatutakoa hor zegoen". Mugak ixten dituzten politika horien kontra, hain zuzen ere, karabana antolatu du Iruñea Harrera Hiriak, hilaren 15erako. Iruñetik Greziara joanen dira parte hartuko duten herritarrak, egungo Europari ezezko biribila ematera, eta migratzaileen Europaren bila.

Karabana egiteko ideia Iruñean sortu zen, baina berehala bat egin zuten proposamenarekin Euskal Herriko bertze hainbat taldek, bai eta hemendik kanpoko zenbaitek ere. Denek Bartzelonan bat eginen dute, hilaren 16an. Eta handik abiatuko dira Greziarantz. Bidean, Europak indarrean dituen politikak salatzeko hamaika ekitaldi eginen dituzte, hiriz hiri. Tesalonikan (Grezia), gainera, No borders lelopean eginen duten kanpaldiarekin bat eginen dute karabanako kideek. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek. Zabaldin eman daiteke izena (Nabarreria, 25, Iruñea), edo nafarkarabana@gmail.com helbidean.

"Autobus bat aterako da Iruñetik. Lor daitekeen helburu bat dela uste dugu. Haren bidez, protesta politikoa egin nahi dugu; herritarrok orain arte erakutsi dugun haserre horri eduki politikoa eman. Finean, herritarron esku dago herritarrak salbatzeko boterea, eta baliatu behar dugu; gobernuek ez badute deus egiten, gure indarra erabili beharko dugu aurrera egiteko".

Sareak osatu nahi dituzte hori lortzeko. Europako gizarte mugimenduko kideen arteko sareak, hain zuzen. Urratsak egiten hasiak dira jada. Nilok berak Bruselan (Belgika) egindako hainbat topaketatan parte hartu du. "Europako hamaika tokitako aktibistak bat egin dugu, esperientziak partekatzeko eta estrategiak zehazteko; ideiei forma ematea falta da orain, gertatzen ari denaren aurrean erantzun sendo eta bateratua eman ahal izateko herri mugimenduetatik".

Karabana bada norabide horretan egindako urratsa. Grezia izanen du helmuga, baina, han gertatzen ari denaz harago, migratzaile guztien aldeko aldarria zabaldu nahi dute antolatzaileek eginen duten bidaiaren bidez. "Giza eskubideen gutunak argi eta garbi erraten du 13. artikuluan pertsona guztiek badutela askatasunez mugitzeko eskubidea. Etorri nahi duenak hori egiteko eskubidea badu, eta ez du axola zein den sorterritik ateratzeko arrazoia. Mugitu nahi duen orori egin behar diogu harrera. Gertatzen ari denaren aurrean aski dela ozen errateko ordua dugu jada".

Bide seguruak

Greziako errealitatea gertutik ezagutu du Iruñea Harrera Hiria plataformako kide eta argazkilari David Sanchezek. Han egon da, migratzaileen berri bere irudien bidez ematen. Gogoan ditu hasierako irribarreak; Turkiatik Lesbos irlara ailegatzen zirenean iheslariek erakusten zituzten irribarre haiek. "Irribarre egiten zuten bazekitelako bidaiaren zatirik arriskutsuena gainditu zutela. Irribarreak desagertu ziren gero, halere, nekez ulertzen ahal zutelako iheslariek Europak egiten ziena. Hesiak eta poliziak aurkitu zituzten; ilarak komunera joateko, ilarak jatekoa jasotzeko, ilarak edozer gauzatarako".

Iheslarien, migratzaile ororen atzean bizitza proiektuak, esperientziak, desioak eta helburuak badirela nabarmendu dute Iruñea Harrera Hiria plataformako kideek. "Errateko dutena entzun behar dugu, haien esku baitago non bizi nahi duten erabakitzea". Bide seguruen alde egin dute plataformako kideek. "Bat ixten badute, bertze bat bilatuko dute, are arriskutsuagoa. Libiakoari buruz denek erraten zuten arriskutsuena zela; berriz hasi dira erabiltzen, eta bi egunean 1.200 pertsona hil dira", nabarmendu du Sanchezek. Greziako kanpalekuetan entzundakoak ere gogora ekarri ditu: "Anitzek nahiago dute sorterrira itzuli, bonbak dauden tokira, aurkitu duten Europan gelditu baino. Agintariek lotsatu beharko lukete halako esaldiak entzunda", erantsi du argazkilariak, eta argi erran du Greziako herritarren eskutik jaso dutela iheslariek harrera bero bakarra. "Sekulako elkartasuna erakutsi dute".

Nafarroan, agintariek Iruñea Harrera Hiria plataformako kideen proposamenekin eta aldarrikapenekin bat egin dutela azaldu dute Nilok eta Sanchezek. Gobernuak bat egin zuen plataformak aurkeztutako mozioarekin; atzerritarren legea eta Turkiarekin sinatutako akordioa bertan behera uzteko eskatzen zuen testuak, bertzeak bertze. Nafarroako Parlamentuak, halaber, babesa eman dio karabanari. "Europako migrazio politika kriminalak" salatzeko adierazpen instituzionala onartu du asteon parlamentuak. Talde guztiek egin dute haren alde, UPNk eta PPNk izan ezik; bi talde horiek abstenitu egin dira bozketan.

Ahal Dugu-ko parlamentari Tere Saezek, hain zuzen ere, Iruñea Harrera Hiria plataformako kideen karabanarekin bat eginen du, Grezian. Hilaren 11n abiatuko da herri horretara, Emakume Migratzaileen eta Errefuxiatuen Plataformako kideekin batera. Iheslarien hainbat kanpaleku bisitatzea dute helburu, emakumeen eta haurren egoera aztertzeko.

“Iheslariek eurek zehaztu behar dituzte helburuak”

“Iheslariek eurek zehaztu behar dituzte helburuak”

E. Elizondo

Greziatik hamalau iheslari ailegatu ziren ekainaren 1ean Nafarroara; joan den astean, berriz, bertze sei, Turkiatik, eta asteon ailegatu da azken familia. Gerra ez da, hala ere, sorterritik ihes egiteko arrazoi bakarra. Denek egiten duten prozesua azaldu du Josune Anozibarrek (Iruñea, 1980).

Zenbat iheslari ailegatu dira Nafarroara?

Gure programan 53 pertsona artatu ditugu urritik. Orduan jarri genuen martxan harrera egiteko programa hori. Egun, 43 pertsona daude, eta haietako hamasei adingabeak dira. Hainbat herritakoak dira: Siria, Irak, Ukraina, Jordania, Palestina, Kamerun, Txad...

Zer-nolako arreta eta zerbitzuak jasotzen dituzte programa horren bidez?

Harrera programak hainbat fase ditu, eta bakoitzak eskaintzen ditu hainbat zerbitzu. Gizarte laguntza ematen dugu, bai eta laguntza juridikoa eta psikologikoa ere, bertzeak bertze. Asilo eskatzaileak prozesu bat jartzen du martxan eskaera hori egiten duenean.

Zeintzuk dira urratsak?

Lehendabizikoa balorazioa egitea da. Asilo eskatzaileari informazioa ematea da kontua. Inportanteena da haien beharrak ezagutzea. Zenbaitek babes sare bat izan dezakete hemen, senideak edo lagunak. Akaso tramiteak egiteko laguntza bertzerik ez dute behar. Bertze batzuek halako sarerik ez dute, laguntza gehiago behar dute. Haientzat dago lehen harrera deitzen dugun hori.

Zer da hori, zehazki?

Pertsona baten asilo eskaera tramitatzen duten bitartean, haren oinarrizko behar guztiak betetzen ditugu; haren mantenua eta ostatua. Eta, aldi berean, zentro batean toki bat eskatzen dugu harentzat. Hori guztia Madrilgo Errefuxiatuen Arretarako Bulegotik kudeatzen da, eta erakunde horrek egokitzen dio zentro bat eskaera egiten duenari. Ez du zertan hemen egon. Tokia dagoen zentrora bidaltzen dute. Une horretan prozesuan bertze urrats bat egiten du, eta behin-behineko harrerako programan sartzen da.

Nafarroan ez da programa hori eskaintzen?

Urrira arte, ez. Hemen, hasierako harrera egiten genien, lehen, asilo eskatzaileei, eta, gero, behin-behineko harrerarako, bertze nonbaitera joan behar zuten. Baina urritik, hemen ere badugu zentro bat zerbitzu hori eskaini ahal izateko. Errefuxiatuen krisiak eragindako erabaki bat izan da. Hasieran hamasei toki lortu genituen, behin-behineko harrera egiteko, eta, orain, 60 ditugu.

Eskatzaileak toki horietako bat lortzen duenean, zer bide egiten du?

Hainbat fase badira programa horretan ere. Harrera bera da hasierakoa, eta sei hilabete irauten du; bederatzira ere luza daiteke. Denbora tarte horretan eskatzaileen behar guztiak betetzen ditugu. Hemen, zentro bat dugu, eta, gainera, harrerarako hainbat etxebizitza. Denbora horretan, halaber, hizkuntzaren gaia jorratzen dugu, helburua baita pertsona horiek ahalik eta autonomoen izatea. Anitzetan, ailegatzen direnean, hemengo errealitateaz deus ere ez dakite, eta helburua da ingurua ezagutzea, errealitate horren parte izatea, harremanak sortzea.

Lehen fase hori amaituta, zer?

Integrazio fasea deitzen diogu hurrengoari. Gure zentrotik edo guk kudeatutako etxebizitzetatik at, familiak edo norbanakoak nor bere etxebizitzara joaten dira. Une horretan, helburua da haien esku jartzea tresnak etxebizitza propioa eta lana bila ditzaten. Asilo eskaera egiten dutenean hemen egoteko baimena lortzen dute; eta bigarren fase horretan, berriz, lan egiteko baimena ere badute. Baimen hori lortuta, formakuntza lantzen dugu haiekin, eta aholkularitza zerbitzua ere badugu, lana aurkitzen laguntzeko. Bigarren fase horrek bertze sei hilabete irauten du. Hurrengoa, bertze sei hilabetekoa, autonomia fasea litzateke. Haientzat erreferentzia bat gara oraindik, baina gure esku hartzea kontu zehatzetan baino ez da gertatzen. Egoeraren arabera, laguntzak jasotzen jarraituko dute, baina kontuan hartuta beren bidea egiteko autonomia nahikoa badutela. Hori da helburua, hasieratik. Nork bere bidea egiteko tresnak jaso ditzala.

Asilo eskaera egiteak ez du erran nahi beti jaso eginen dutela, ezta?

Ez. Asilo eskaera egitea nahikoa da, hala ere, programan sartzeko. Eskatzaile izateak bermatzen du babes hori izanen dutela, erantzuna jaso bitartean.

Eta erantzuna ezezkoa bada?

Asilo eskatzaile izateak ematen dion babesa galduko luke pertsona horrek, eta arautu gabeko egoera batean geldituko litzateke. Une horretatik aurrera, atzerritarren legearen menpe geldituko litzateke. Argi izan behar dugu legeak zehaztu egiten duela errefuxiatu nor diren: beren ideologiagatik, erlijioagatik, sexu orientazioagatik eta abar jazarriak diren norbanakoak. Noski, asilo eskaera egiten duten denek ez dute soslai horrekin bat egiten, eta kasu horietarako existitzen da bertze figura bat: nazioarteko babesa. Babes hori ematen zaie sorterrira itzuliz gero kalte bat jasoko dutenei. Hor sartzen dira gerratik ihes eginda sorterritik atera direnak. Goseteak edo klimaren aldaketak bultzatuta ihes egiten dute bertze anitzek. Prozesua, edonola ere, bera da bi kasuetan.

Zaila da errefuxiatu izaera hori edo babesa jasotzea?

Bai. Orain arte, txikia izan da baiezkoen kopurua. Guk uste dugu egoera hori aldatuko dela orain, egungo krisiaren testuinguruan. Sirian, Afganistanen eta Iraken gertatzen dena dugu denok buruan, baina Ukrainatik ere, adibidez, jende anitz etorri da asiloa eskatzera. Nafarroan anitz daude.

Ez luke zentzurik izanen orain pertsona horiek hartzeak, gero eskaerari ezezkoa emateko, ezta?

Ez, hala da. Baina argi izan behar dugu asilo eskatzaileak baduela aukera beti prozesua bertan behera uzteko, eta sorterrira itzultzeko, hango egoera aldatu bada, adibidez. Kasu horietan ere badira sorterrian aurrera egiteko laguntzak. Sorterritik alde egitea ez da erabaki erraza, eta itzultzeko ideia beti dago mahai gainean. Nafarroan, adibidez, Kosovoko albaniar talde bat izan zen ia urtebetez, eta, hango gatazka amaituta, itzultzea erabaki zuten anitzek. Edonola ere, haiek zehaztu behar dituzte beren helburuak. Haiek erabaki behar dute non egon nahi duten. Guri dagokigu zer nahi duten entzutea.

Erizainak, eskolako kide izateko bidean

Erizainak, eskolako kide izateko bidean

Kattalin Barber

Nafarroako ikastetxe publikoetan erizainak egon daitezen. Horixe eskatzen du Nafarroako Erizainen Elkargoak; haien ustez, ezinbestekoak baitira haur eta gazteen osasunaren prebentzioan eta sustapenean. Nafarroako Gobernuarekin bilerak egin dituzte dagoeneko, eta oniritzia jaso dute.

Egun, Nafarroako bost eskolatan lanean ari dira erizainak. Bi ikastetxe publikotan: Hezkuntza Bereziko Andres Muñoz ikastetxean (Iruñea) eta Torre Monreal Hezkuntza Bereziko zentroan (Tutera). Horietaz gain, erizainak daude San Fermin ikastolan, eta Maristas eta San Cernin itunpeko ikastetxeetan ere. Carlos Sesma Nafarroako Erizainen Elkargoko presidenteak argi du hezkuntza komunitatearekin batera egin beharreko bidea dela, eta iragarri du sindikatuekin eta gurasoen elkarteekin batzartuko direla heldu den ikasturte hasieran. Erizainen Elkargoaren iritziz, erizainek "osasun prozesuari ekarpen handia" eginen liokete.

Sergio Iribarren Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzaileak begi onez ikusi du proposamena. "Oraindik gauza asko zehazteke badaude ere, uste dugu erizainek eskolei mesede handia egin ahal dietela". Hortaz, bide beretik, hezkuntza eta osasun komunitatearekin gaia jorratzeko eskaera egin du. Iribarrenek adierazi du premia berriak sortzen ari direla eta horiei aurre egiteko ikastetxeek laguntza behar izaten dutela.

Erizainen Elkargoak txosten bat aurkeztu die Osasun eta Hezkuntza Departamentuei. Sesmak adierazi du harrera ona izan dutela oro har. "Gure proposamena ez da guztiz egokitzen haiek nahi dutenarekin, baina erizainen aldeko apustua egin dute", adierazi du. "Oraindik zehazteke dago zenbat erizain, non, nola, noiz...". Izan ere, argi dute ezinezkoa dela eskola guztietan erizainek lan egitea, eta, hortaz, zentro handietara mugatu beharko dutela egindako proposamenaren aldeko apustua.

Herrietarako eta eskola txikietarako beste irtenbide bat bilatu behar dute: "Adibidez, osasun etxeekin zerbitzuak hitzartzea". Sesmak jakinarazi du egun horrelako hitzarmenak existitzen direla baina askotan ez dutela behar bezala funtzionatzen. "Askotan, osasun etxeak gainezka daude, eta ezin dituzte beren gain hartu ikasle guztiak, ezta osasun programak bete-betean garatu ere". Hori saihestu nahi dute, eta, horretarako, "ezinbestekoak" iruditzen zaizkie eskoletako erizainak.

Bost ardatz

Gobernuari aurkeztu dioten dokumentua lantzeko, bilerak egin dituzte Nafarroan egun eskoletan lan egiten duten erizainekin, eta, horretaz gain, lehen mailako arretako datuetatik abiatuta, osasun txosten bat garatu dute. Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan dauden ereduak ikuskatu dituzte. "Informazio guztiarekin, gure ustez, Nafarroarentzat eredurik egokiena dena garatu dugu".

Dena den, Sesmak ohartarazi du oraindik ez dela finkoa, eta aldaketak izanen dituela aurreikusten du. "Hau oinarria izan da". Familia eta pazienteen hainbat elkarterekin jorratu dute gaia, eta haien babesa jaso dute. Bost ardatz jorratuko lituzkete eskoletako erizainek: osasunaren sustapena, prebentzioa, osasun heziketa, zainketa eta laguntza. Sesmak aipatu bezala, gero eta ikasle gehiagok dute gaitz kronikoren bat, eta irakasleek ez dute normalean izaten ez informaziorik ez prestakuntzarik larrialdiak garaiz aztertu edo oinarrizko tratamenduak bideratzeko. Ez baita haien egitekoa, finean.

Europako eskola osasungarriak deituriko programaren kudeatzaileak lirateke erizainak, eta, ikasleekin ez ezik, eskoletako langileekin eta familiekin ere zuzenean lan eginen lukete. "Beste herrialde batzuetan, ohikoa da erizainak izatea eskoletan; hemen, aldiz, ez. Haien lana aldarrikatu nahi dugu", nabarmendu du.

Enpresekin konparatu du Sesmak auzia: "100 langile baino gehiagoko enpresetan derrigorrean erizain bat behar dute izan; ordu batzuetan, gutxienez. Zergatik eskoletan ez?".

Nafarroako Erizainen Elkargoaren iritziz, Osasun Departamentuak hartu beharko luke ardura; betiere, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean. Gainera, erizainek osasun komunitarioan eta pediatrian prestakuntza izan beharko lukete. "Gure helburua orain proposamena ezagutaraztea eta lege esparrua aztertzea eta zehaztea da". Sesmak ez du dudarik onura handiak ekarriko lituzkeela, eta duela gutxi Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri den tesi bat izan du ardatz. Izan ere, Raquel Saenz Erizaintza diplomadunaren ikerketak adierazi duenez, eskolako erizainaren irudia sortzeak eskoletako istripuei aurrea hartzen lagunduko luke.

Lehen urratsak egin ditu proposamenak, eta heldu den ikasturtean itxura hartzeko nahia adierazi dute eragileek.

Zazpigarrena, biziberritzeko

Zazpigarrena, biziberritzeko

Edurne Elizondo

Esaldi bera errepikatu zuten iruindar anitzek, duela bi aste, Osasunak Lehen Mailara itzultzea lortu eta gero. "Sanferminak aurreratu dira aurten". Izan ere, Girona 0-1 mendean hartu eta gero, taldeko kideek zaleen omenaldi beroa jaso zuten, ekainaren 19an, Iruñeko Udaletxe plazan. Lepo bete zuten iruindarrek, hiriko besten hasiera iragartzen duen uztailaren 6ko txupinazoan gertatzen ohi den bezala. Sanferminek eta futbolak baino ez dute lortzen hori. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak egin zieten harrera Osasunako kideei, lehendabizi. Jokalarien eta zaleen pozak, halere, jokalariak Iruñeko herriko etxeko balkoira atera zirenean jo zuen goia. Zazpigarren igoera ospatu zuten denek, elkarrekin.

Taldea biziberrituko duen igoera izanen dela uste eta espero dute zale anitzek. Aurtengo igoera testuinguru berezi batean gertatu baita. Izan ere, azken urte luzean zelaitik kanpoko gora-beherek baldintzatu dute Osasunaren ibilbidea: 1920. urtean sortu zenetik talde eredugarritzat jo izan dena, susmopean jarri dute azken hamasei hilabeteotako gertaerek, eta futbolaren alde iluna agerian gelditu da, Iruñean ere.

Osasuna auziak 2015eko otsailean egin zuen eztanda epaitegietan, taldeko kudeatzaile ohi Angel Bizkaik partidak amarruz irabazteko hainbat akordioren berri eman eta gero. Orduan hasi zen Miguel Artxanko eta Patxi Izko presidente ohien gidaritzapean taldeko diruaren erabilera bidegabea gertatu ote den argitzeko ikerketa. Fermin Otamendi epaileak jarri zuen auzia martxan, eta oraindik ez da amaitu.

Epaitegietako gorabeherek Osasunaren arazo ekonomikoekin egin dute bat azken hilabeteotan; taldearen etorkizuna arriskuan jartzeraino. Zentzu horretan, igoera lortu eta berehala, argi eta garbi mintzatu zen taldeko entrenatzaile Enrique Martin Monreal: "Ezin ditugu iraganeko hutsak berriro egin; ezin dugu ez daukagun dirua gastatu; hurrengo sasoian Bigarren Mailara jaisten ahal gara, berriz ere, eta, hala bada, ez da deus gertatuko". Martin Monreal izanen da Osasunako entrenatzaile datorren denboraldian ere. 2015eko maiatzean ailegatu zen taldera, Osasuna auziak eztanda egin eta gero, eta zuzendaritzak baieztatu du jada karguari eutsiko diola hurrengo sasoian, Lehen Mailan.

Sabalzaren erronkak

"Martinen proiektuarekin %100 egiten dugu bat", berretsi du Osasunako presidente Luis Sabalzak. Sabalzak 2014ko abenduan hartu zuen talde gorritxoaren ardura bere esku. Igoera lortu eta gero, egungo taldearen oinarriari eusteko asmoa agertu du. Diruarena zaindu beharreko auzia dela badaki presidenteak, eragin dituen zorrei ere aurre egin behar baitie, oraindik ere, talde gorritxoak.

Kirolaren esparruko garaipenak ospatzeko garaia da, oraingoa, halere, Osasunako kideentzat, lehen taldearen igoera ez baita azken egunotako bakarra izan gorritxoentzat: Osasunako bigarren taldeak ere Bigarren B mailara igotzea lortu zuen, joan den igandean. Erronka berriak ditu Osasunak zelaian, bai eta zelaitik kanpo ere.

Iritzia: Egitekoen zerrenda

Asier Azpilikueta
Duela urtebete, aldaketa politikoaren Nafarroako Gobernua martxan jarri zelarik, batzuok erraten hasi ginen lau urte hauetan ahalik eta gauza gehien aldatu behar zirela, ahalik eta bizkorren, gutxienez lau urtean bertze Nafarroa batea...

“Tratamendua oso bortitza da, baina hari esker gaude hemen”

“Tratamendua oso bortitza da, baina hari esker gaude hemen”

Kattalin Barber

Saray elkartean batzen dira Nafarroan bularreko minbizia duten emakumeak. Haientzat arnasgune eta elkargune izan nahi du erakundeak, 1996. urteaz geroztik. Ana Gloria Ros (Iruñea, 1959) da elkarteko lehendakaria.

Hogei urte bete dituzue aurten bularreko minbizia duten pertsonei laguntza eta babesa eskaintzen. Zer-nolako balorazioa egiten duzue?

Gaur egun garena hogei urte hauetan guztietan lagundu diguten pertsonei esker gara. Gauden lekuan gaude pertsona konprometitu horiei esker. Eskerrak eman nahi dizkiegu medikuei, norbanakoei, laguntza eman diguten enpresei, Nafarroako Gobernuari eta udalei. Gaur egun Osasun Kontseilaria den Fernando Dominguez medikuak eta hainbat gaixok jarri zuten martxan Saray. Izan ere, Dominguezek ikusi zuen bularreko minbizia zuten emakumeek ezinbestekoa zutela laguntza psikologikoa, eta, hainbat gaixorekin batera, elkarteari forma ematen hasi zitzaizkion. Denbora luzea joan da geroztik. Hasieran, zortzi bat pertsonak osatzen zuten, eta, egun, 400 bazkide baino gehiago gara.

Zuen lana beharrezkoa dela erakutsi duzue, eta elkartea sendotuta dago. Zein da zuen egitekoa?

Nafarroan gure lana ezagutzea lortu dugu. Gure helburua bularreko minbizia duten emakumeei eta haien gertukoei laguntza eskaintzea da. Familiek rol garrantzitsua dute honetan. Arnasgunea da haientzat elkartea. Nik, adibidez, elkartean erantzunak aurkitu ditut. Elkar laguntzen dugu. Askok medikua ez denaren begirada bilatzen dute hemen.

Noiz erabakitzen du emakume batek zuengana jotzea?

Gaitzaren aurrean bi bide daude: edo jakinarazi egiten duzu edo ez duzu nahi kanpoko inoren laguntza. Hortaz, badaude emakumeak gure elkartearen beharrik ez dutenak; haiek bakarrik aurre egiten diote gaixotasunari. Beste batzuek, aldiz, ebakuntza egin aurretik gure atea jotzen dute. Zer bilatzen dute? Dudarik gabe, lasaitasuna. Informazioa, beste kasu batzuk ezagutzea, bularreko minbizia duten beste emakume batzuekin hitz egitea... Nafarroako Ospitale Gunean gure elkartearen berri ematen diete eriei.

Laguntza psikologikoaz gain, zer eskaintzen duzue?

Boluntarioek egiten duten lana oso garrantzitsua da gure elkartean. Alde batetik, hilero formakuntza ikastaroak antolatzen ditugu, eta, haien bidez, elkartea ezagutzera ematen dugu. Etengabe ari gara ikasten. Horretaz gain, ikastaroak egiten ditugu: yoga, gimnasia terapeutikoa, bitartekaritza tailerra... Azken finean, ongi sentiarazten gaituzten gauzak bilatzen ditugu beti. Fisioterapia zerbitzua ere badugu.

Urtero Nafarroan 410 emakume ingururi antzematen zaie bularreko minbizia.

Bai. Sarayn esaten duguna da pertsona bakoitza bakarra dela eta garrantzitsua dela. Datu estatistikoak baino gehiago, guri itxaron zerrendak arintzea axola zaigu.

Ez da lehenengo aldia aldarrikapen hori egiten duzuena. Hobera egin du egoerak?

Errealitatea da gure bazkideek hori eskatzen digutela. Urtebete edo gehiagoko itxaron zerrendak daude erradiologian eta bularra berreraikitzeko zerbitzuan. Joan den urtean bularreko minbiziari dagozkion zerbitzu guztiak bisitatu genituen, itxaron zerrenden jatorria zein den jakiteko. Txosten bat landu genuen, eta badakigu, adibidez, erradiologian pertsona bat gehiago jarri dutela lanean. Beste arazo larri bat emakumeak lanera itzultzen direnean agertzen da. Pertsona bakoitza desberdina da, baina patroi bera erabiltzen dute beti: urtebete pasa ondoren deitzen zaituzte, eta sei hilabete geroago lanera itzuli behar duzu. Ez gara zenbakiak, gaixoak gara.

Ez du batere erraza izan behar minbizia izan eta gero aurrera egiteak.

Minbizia izan dugunok ezin dugu mailegu bat eskatu banketxean. Ezta bizitza aseguru bat egin ere. Gidabaimena, berriz, bi urtean behin berritu behar dugu. Egunerokoan eragiten diguten kontuak dira.

Gero eta pertsona gazteagoek dute bularreko minbizia. Zer dela eta?

Azkenaldian, elkartera etorri dira 30 eta 40 urte bitarteko emakumeak. Beste behar batzuk dituzte. Bereziki lan arloan eragiten die haiei gaixotasunak. Ia ezinezkoa da lanerako ezintasuna lortzea, baina linfedema dutenek, eta harakinak edo ile-apaintzaileak direnek ezin dute haien lana egin. Hori ez dago aurreikusita, eta arazoa da. Bularreko minbiziaren diagnostiko goiztiarra arrakastatsua izaten ari dela uste dut. 45 urtetik aurrera mamografien zirkuituan sartzen dira emakumeak, eta horrela antzematen dute gaitza. Arazoa da zer egin gazteekin, mamografia haiengan ez delako eraginkorra. Guk hitzaldiak ematen ditugunean animatzen ditugu emakumeak bularrak ezagutzera, eta zerbait arraroa sumatzen badute, medikuarengana joatea gomendatzen diegu; obsesio bilakatu gabe, noski.

Mamografiak dira egun prebentziorako bidea, baina aditu askok diote gaitza garatzeko aukera sor dezaketela.

Herrialde batzuetan bakarrik 50 urtetik aurrera egiten dituzte mamografiak. Horren aldekoa naiz. Egia esan, gorputza erradiatzean hor geratzen dena ez da batere ona. Dena den, konfiantza osoa dugu medikuengan. Bularreko minbizia tratatzeko gero eta modu egoki eta doiagoak daude; etorkizunean kirurgia saihesteko baliabideak egonen direla esaten dute, eta kimioterapia ez dela beharrezkoa izanen. Tratamenduek ondorio latzak dituzte, eta bortitzak dira, baina egia da haiei esker gaudela hemen. Horregatik, ezinbestekoa da gaitza izan ondoren bizi kalitate ona izatea.

Ba al dago elkarlanik administrazioaren, elkartearen eta botikagintzaren artean prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduetan minbiziari aurre egin ahal izateko?

Bularreko minbizia asko ikertzen da, baliabideak badaude. Guk urtero antolatzen dugu lasterketa solidarioa, eta biltzen dugunaren %70 ikerketak egiteko ematen dugu. Behin galdetu zidaten ea murrizketen eragina izan dugun Nafarroan, tratamenduak oso garestiak direlako. Baina egia esan ez dugu murrizketarik jasan.

Minbizia gaitz kronikoa da?

Minbizia kentzen dizutenean gaitzaz libre gelditzen zara, baina horrek ez du esan nahi ez duzula inoiz gehiago izanen. Beti erne gaude, arriskua baitugu. Baina horrela bizi beharra daukagu, ez dugu besterik. Orain ongi nago, baina hemendik hilabete batzuetara ez dakit, eta ezin dut jakin; beraz, momentua bizi dugu. Minbizia izateagatik ez utzi gauzak egiteari.