iritzia: Nire bizilaguna

Bost eguneko oporraldia izan zuen nire bizilagunak duela hamabi urte. Espainia hegoaldera joan zen, autobusez, eta primerako egunak igaro zituen senideen etxean. Geroztik, baina, ez du besterik izan. Seme-alabak haren lehengusuak ezagutzera eraman zit...

Enborra zutik, baina hozkekin

Enborra zutik, baina hozkekin

Udazkenak hartu du Zilbeti. Etxarro errekako ur gardena hostoz beteta heldu da herrira, menditik. Pagadian zuhaitzek atzean utzi dute jantzi berdea, eta kolore gorrixkek eta horixkek aldarrikatzen dute, orain, haien garaia. Eskinosoak oihu egin du zuh...

Norbera ez denean norbera

Norbera ez denean norbera

Mutiloako egoitzan geldirik egoteko denborarik ez da. 10:00etan hasten dira Adacen elkarteko erabiltzaileak eguneko zentrora sartzen. Berrogei dira; bertze seik egoitza bera dute etxe. Nafarroako Gobernuarekin itunduak ditu Adacenek zerbitzu horiek. Burmuinean kalte hartutakoak artatzen dituzte elkarte horretan. Nafarroan, 1.200 kasu berri daude urtean. Astelehena haien egoeraren berri emateko eguna da; herritarrei gogoratzekoa segundo batean haien bizitza erabat alda daitekeela.

1.200 pertsona horietako anitzek betiko egunerokora itzuli ahal izanen dute, erabat osatu eta gero; bertze anitzek, ordea, ez, burmuinean hartutako kaltearen ondorioak betirako jasan beharko baitituzte. Oro har, iktus baten edo auto istripu baten ondorioz hartutako kalteak izaten dira. Lehen unean, ospitalean artatzen dituzte gaixoak, haien egoera egonkortu arte. Hori egin eta gero, Ubarmin klinikan egiten dute errehabilitazioa. "Ubarminetik ailegatzen dira burmuinean kalte hartutakoak gure elkartera", azaldu du Andres Ilundainek, Adaceneko kudeatzailearen albokoak.

Elkartea duela 21 urte sortu zuten burmuinean kalte hartutako hainbat pertsonaren senideek. Konturatu ziren Ubarminetik atera eta gero haientzat inolako zerbitzurik ez zela. Eta haiek eskaintzea erabaki zuten. Orain, gobernuarekin itundutako zerbitzuetan hartzen dituzten pertsonekin batera, zentrora noizbehinka joaten diren bertze ehun artatzen dituzte. Gainera, zentro berri bat zabaldu dute Iruñean, Azpilagaña auzoan. "Iruñeko horretan errehabilitazioa egiten dugu, logopedia, fisioterapia eta neuropsikologia zerbitzuen bitartez".

Mutiloako eguneko zentroan hori guztia ere badute erabiltzaileek, 2003tik. Bai eta gehiago ere. "Bertzelako esparruak jorratzen ditugu hemen ere: sozializazioa lantzeko programa dugu, bai eta lantegi okupazionala ere. Familientzako programak ere baditugu".

Argi eta garbi erran du Ilundainek: "Burmuinean kalte hartzen duenak atzean uzten du ordura arteko bizitza; bertze pertsona bat bilakatzen da. Aurretik zituen lotura sozialak apurtu egiten dira, eta egoera berriari aurre egiten ikasi behar du; hark, eta haren senideek. Egoera berri horrek ondorio ekonomikoak ere baditu". Ez da erraza. Horixe nabarmendu du Adaceneko arduradunak. Helburua, hala ere, egoera berria ahalik eta azkarren "normalizatzea" dela erantsi du Usua Purroik, elkarteko gizarte langileak. "Gauzak aldatu direla onartu behar du familia osoak; eta hori egiteko laguntza eskaintzen dugu".

Mendekotasun legea

Adacen elkarteko egoitzan nonahi ikusten dira makuluak eta aulki gurpildunak. Korridoreetan uzten dituzte erabiltzaileek, fisioterapia ariketak egiten edo igerilekuan lanean ari diren bitartean. Denek ez dituzte behar, kalte hartutako burmuin zatiaren arabera ondorioak era batekoak edo bertzelakoak baitira. "Mugitzeko arazoak dituzte zenbaitek; arazo kognitiboak bertze anitzek; hitz egiteko zailtasunei aurre egin behar diete bertze hainbatek". Mendekotasun gradua ere, ondorioz, ezberdina da kasu batzuetan eta bertzeetan. Zentroan, betiere, helburua da erabiltzaileek dituzten gaitasunei eustea.

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek mendekotasunari buruzko foru legea egiteko asmoa jaso dute haien arteko akordio programatikoan. Asmo horiek zer eman dezaketen ez du argi Ilundainek: "Gu eszeptikoak gara; edonola ere, argi dugu mendekotasunari buruzko lege batek ezintasunen bat duten pertsonen eskubideak zaindu eta bete behar dituela".

Gaur egun ez da hori beti gertatzen. Espainiako Gobernuak 2007. urtean onartu zuen mendekotasunari buruzko legea, eta harekin batera, mendekotasunen bat dutenentzako hainbat zerbitzu bermatzeko zorroa. Azken urteotako krisiak baliabideak murriztu dituela nabarmendu du Ilundainek. Haiek itundutako zerbitzuetatik kanpoko programentzat jasotzen duten diru laguntzak, adibidez, %30-40 egin du behera. Ez da hori bakarrik. "Mendekotasun graduaren balorazioa ez da ongi egin; mendekotasun handia duten pertsona anitz, adibidez, ez dituzte halakotzat jo, eta administrazioak, ondorioz, dirua aurreztu du".

Tratamenduetan ere gertatu dira aldaketak. "Egia da osasun sistema publikoak burmuinean kalte hartutakoak artatzen jarraitzen duela, baina epeak murriztu dituzte; lehen, adibidez, gutxienez urtebete ematen zuten Ubarminen errehabilitazioa egiten; orain, sei hilabete eta urtebete bitarte". Burmuinean kalte hartutakoen kasuan, lehendabiziko bi urteak funtsezkoak dira. "Denbora horretan hobera egin ez duenak nekez eginen du gero", azaldu du Ilundainek.

Purroik burmuinean kalte hartutakoen beharren inguruko bertze kezka bat jarri du mahai gainean: "Mendekotasun gradua zehazteko egiten dituzten balorazioak azalean gelditzen dira; sakoneko bertze hainbat behar ez dituzte kontuan hartzen". Bertze modu batera azaldu du Purroik: "Ematen ahal diogu pertsona bati toki bat eguneko zentro batean, eta pentsa dezakegu haren beharrak ase ditugula. Neurri batean, bai. Baina nekez eginen diogu mesede aztertzen ez badugu zentro horretara ailegatzeko zer aukera dituen edo bere kabuz gosaltzeko eta janzteko gai ote den". Ez hori bakarrik. "Haien oinarrizko beharrak ase ditzakegu, baina hori ezin da izan eskaintzen diegun guztia. Kontua ez da oinarrizko beharrak asetzea, baizik eta pertsona orori ahalik eta bizitza aberatsena izateko aukera eskaintzea. Burmuinean kalte hartutakoek ere badute aisialdiaz gozatzeko eskubidea, adibidez".

Gizarteak baztertu egiten du burmuinean kalte hartu duena. Horixe utzi du agerian Purroik. "Haientzako ibilbideak sortzen ditugu, eta horietan uzten ditugu. Irlak sortzen ditugu, nolabait erranda. Artatzen ditugu, bai, baina haientzako zerbitzuetan edo haien etxeetan egotera bultzatzen ditugu". Lan anitz bada, oraindik ere, egiteko. Purroik argi erran du: "Ezin dugu ahaztu edozein egunetan gu izan gaitezkeela burmuinean kalte hartutakoak".

Mezu hori zabaltzeko, haien erabiltzaileen egoeraren berri emateko eta herritarrenganako zubiak eraikitzeko, hain zuzen ere, karrikara aterako dira, astelehenean, Adacen elkarteko kideak. Gizarteak denentzako tokia izan behar duela aldarrikatzera.

Espioi prismatikodunak

Espioi prismatikodunak

Epela da giroa, eta zerua garbi samar dago. Etienne Rogeau eta Robin Petit gora begira dira. Prismatikoak lagun, Lindus gainetik urtero hegoaldera bidean pasatzen diren hegazti errarien zain dira, Auritzen. Milaka pasatu dira jada migrazioa hasi zenetik. Uztailean hasten ohi dute bidea goiztiarrenek, eta azaroan, berriz, berantiarrenek. Zaleek eta adituek bat egiten dute, urtero, Lindus tontorrean, iparraldetik hegoaldera bidean hegaztiei so egin ahal izateko; migrazioaren ikuskizunarekin gozatzeko.

LPO Akitania elkartearentzat ari dira migrazioa jarraitzen Petit eta Rogeau; soldatapean ari da Petit; Rogeau, berriz, boluntario gisa, bigarrenez. "Iaz ere egon nintzen. Toki zoragarria da hau hegaztiei so egiteko. Espezie anitz ikus daitezke, eta hagitz gertu. Ederra da, adibidez, milaka miru gorri batera ikustea", azaldu du Rogeauk, prismatikoak utzi gabe. Goiz bakar batean, erraterako, 3.600 miru gorri pasatu ziren Lindus tontor gainetik, joan den astean.

Nafarroan, Ornitolan etxeko kideek dute Lindusen migrazioaren jarraipena egiteko ardura. Nafarroako Gobernuarentzat eta Aurizko Udalarentzat jasotzen dituzte datuak. Hamabi pertsonako lantaldea ari da zeregin horretan, txandaka. "Zer espezie pasatu diren, zenbat hegazti eta noiz, halako datuak jasotzen ditugu; bai eta hegaztiok pasatu direnean zer-nolako eguraldia genuen, haizerik edo hodeirik ote zegoen edo ez... halakoak ezagutzea garrantzitsua da migrazioa hobeki ulertzeko; jakiteko, adibidez, zergatik egun zehatz batean milaka eta milaka hegaztik bat egiten duten, elkarrekin toki beretik pasatzeko", azaldu du Ornitolan etxeko Gabi Berasategi biologoak.

Jatekoa bilatzeko beharra

Berasategik LPOko kideen teleskopioen ondoan jarri du berea, hegaztiak hobeki behatu ahal izateko. Orduak eman dituzte jada elkarrekin Lindusen. Lana ere elkarrekin egiten dute. "LPO, Nafarroako Gobernua eta Aurizko Udala batera ari dira; datuak partekatzen ditugu; benetako elkarlana da gure artekoa", nabarmendu du Berasategik.

Miru beltzak, amiamoko beltzak, kurriloak, arrano arrantzaleak, zapelatz liztorjaleak... hamaika espeziek egiten dute Lindusetik hegoalderako bidea, eta haiei so egoten dira ornitologoak; eguzkia ateratzen denetik ezkutatzen denera arte. Jatekoa bilatzeko beharrak mugitzen dituela nabarmendu du Berasategik. Europako iparraldetik Afrikara bidea egiten dute anitzek. Bertze zenbait Iberiar penintsulan gelditzen dira. Hegazti handi eta txiki, Pirinioetako Linduseko tontorra baliatzen dute anitzek milaka kilometrokoa izan daitekeen bidaia egiteko.

Usoek ere bai. Urriaren 1etik, hegaztiei so eginez gozatzen dutenekin batera, ehiztariak ere badituzte hegazti horiek zain. Rogeauk onartu du: "Ez da samurra gu gure prismatikoekin hegaztiei so garen bitartean ehiztarien tiroak entzutea".

Garai bateko liskarrak jada ez direla gertatzen azaldu du Berasategik. Lindusen ehiza egiteko ordaintzen zutenez, han egoteko eskubidea haiena zela aldarrikatzen zuten zenbait ehiztarik, eta saiatzen ziren naturzaleak handik botatzen, hori egiteko eskumenik eta euskarri legalik ez izan arren. "Elkar errespetatzen dugu orain", erran du Ornitolan etxeko kideak. Eskopeta gutxiago omen dago orain, gainera. "Ehiztarien kopuruak behera, eta prismatikoekin hurbiltzen direnenak gora egin du", azaldu du Berasategik.

Tiroen hotsa, hala ere, ez da isildu, oraindik. Ibañetatik Linduserako bidean Luzaideko eta Aurizko ehiztarien postuak ageri dira. Luzaidekoek saldu egiten dituzte postu horietako zenbait, eta Madrildik ere etortzen dira ehiztariak Nafarroara, usoei tiro egiteko. Autoak ezkutatzeko egindako hesi berdeen atzean badira hainbat. Postuetan dira ehiztariak. Pagauso bat pasatu da Lindusen diren ornitologoen gainetik, eta tiro hotsek bete dute mendi tontorreko isiltasuna, berehala. Ezin jakin hegazti bakartiaren bidaia Lindusen amaitu ote den.

Pagausoen eta bertzelako espezieren bidaiak gero eta jende gehiago erakartzen du. Eskopetarik gabeko jendea. Euskal Herriko eta hemendik kanpoko hamaika zalek eta adituk egiten dute bat, urtero, Lindusen. Aurizko Udala ere ohartu da horretaz, eta turismo ornitologikoaren alde egin duela nabarmendu du Berasategik. "Hegaztien migrazioa ikustera etortzen den jendeak inguruko herrietako ekonomiari egiten ahal dio mesede, argi eta garbi", erran du.

Eguzkia oraindik ez da sartu. Egun lasaia da Lindus gaineko zeruan, baina hari so jarraitzen dute Rogeauk, Petitek eta Berasategik. Espioi prismatikodunak dira, zelatan.

Herri oso bat zigortzeko

Herri oso bat zigortzeko

Nafarroan baino anitzez ere lehenago hasi ziren Aragoin (Espainia) Esako urtegia handitzeko proiektuaren aurka borrokan. Artieda herria izan da lan horren ikur. 1985etik aurre egin dio egitasmo horri. "Eta ordainarazi nahi digute orain; herri oso bat ...

“Afrika 54 estatu dira orotara, eta errealitate oso ezberdinak”

“Afrika 54 estatu dira orotara, eta errealitate oso ezberdinak”

Hamalau urte pasa dira Xavier Aldekoa kazetariak (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1981) lehen aldiz Afrika zapaldu zuenetik. Han bizi da egun, Hegoafrikan. Urteetan kontinenteko hainbat herritan bizitako esperientziak jaso ditu orain Océano África liburuan. Pertsonen istorioak dira, pertsonak direlako "Afrikan existitzen den bakarra". Iruñean izan da bere lana aurkezten, Afrika ezinbestekoa jardunaldietan.

Nondik datorkizu Afrikarekiko interes edo pasioa?

Aitak istorioak kontatzen zizkigun lau seme-alabei. 15 urteko kapitaina [Julio Verne] dut gogoan; une batean, Afrikara iristen da protagonista. Nire aitak egiten zuen deskribapenak liluratzen ninduen. Lilura hori garatuz joan zen, eta, azkenean, interes bihurtu zen. Horra zuzendu ditut bizitzan egindako urrats guztiak. Alegia, ez nuen Afrikan lurreratu nora joan ez nekielako. Grenoblera [Frantzia] Erasmusen frantsesa ikastera joan nintzenean, edo Londresera ogitartekoak egin eta ingelesa ikastera joan nintzenean, banekien horrek lagunduko ninduela gerora, Afrikan.

Lehenengo aldiz joandakoan, irudikatu al zenuen han izanen zinela hamalau urte geroago?

Agian ez nuen irudikatzen, baina amesten nuen. Afrikakoa ez dut inoiz abentura gisa ulertu. Ezta lehen bidaia egin nuenean ere, Rene Caillie esploratzaileak Niger ibaitik Timbukturaino egindako bidaia errepikatu nuenean. Gogo handia nuen hura egiteko, erreportaje batean konparatu nahi nuelako hark XIX. mendean idatzitako egunerokoa nik ikusten nuenarekin. Niretzat, kazetaritzarekin lotuta egon da beti Afrika. Ez da abentura batera joan eta gerora nire lantoki bihurtu den tokia, baizik eta lan egiteko nahi nuena.

Bizi izan dituzu arriskuak, baina Afrikan segitu duzu. Zergatik?

Pasioagatik, gustatzen zaidalako. Baina zantarra iruditzen zait kazetariok izaten dugun arriskuan jartzea arreta, gu baikara halako egoeretan arrisku gutxien daukagunak. Argi dago gerran dagoen toki batean berezkoa dela arriskua, baina arrisku hori pairatzen duen jendearengan jarri beharko genuke arreta. Egokazetaritza-rako joera dago. Oso tentagarria da Afrikako berri-emailearen aura hori, baina saihestu beharra dago.

Afrika ez dela existitzen diozu, afrikarrak baizik. Pertsonengan jartzen duzu arreta. Zergatik?

Hori delako benetan existitzen den bakarra. Afrikako mugek ez dute askorik esaten, baina pertsonak daudela agerikoa da. Haiek dira protagonistak, eta haien bitartez gatazkak edo egoeren erroak azaltzen saiatzen naiz. Entzuten, batez ere. Zaindu beharreko altxorra da kontatzen dutena, ahalik eta errespetu handienarekin landu beharrekoa. Enrique Meneses kazetariak zioen kazetaritza zera dela: joan, ikusi, entzun —entzutearena azpimarratzen dut nik—, itzuli eta kontatu. Zerbait kontatuko duen norbait egotea da baldintza bakarra.

Zergatik jotzen dugu Afrika herri bakar gisara hartzera?

Ezjakintasunagatik, ziurrenik. Zerbait ez dugunean ezagutzen, sinplifikatzera jotzen dugu. Ezjakintasunetik sortzen dira nazioen eta herrien gaineko topikoak, beldurretik. Ondorioz, aniztasunik gabeko osotasun gisa ikusi ohi da Afrika. Baina guztiz kontrakoa da.

Hortik dator ozeanoaren metafora.

Bai. Ozeanoarena, finean, protesta bat da. Goitik ikusita, itsasoak ez du ezer berezirik, baina liluragarria da behin barrura sartuta. Denetarik dago, arrainak, korala, aniztasuna. Hori da Afrika.

Baina ezjakintasun hutsa dago jarrera horien atzean? Edo badira irakurketa interesatuak ere?

Argi daukat isiltasuna ez dela inozoa. Niger ibaiaren deltan ikusi dut hori: ikaragarri aberasten ari dira petrolio konpainiak, baina ez da komeni horri buruz hitz egitea. Halako kasuetan interes argia dago hitz egin ez dadin. Beste batzuetan, ordea, interes faltatik dator ezjakintasuna, urruntasunetik, eta baita paternalismo edo nagusitasun sentsaziotik ere, nonbait atzeratuak diren herri horiengandik zer ikasia izango ez bagenu bezala. Orduan konturatzen zara milaka urte bizikidetzan dabiltzan herriak direla, kode sozialei dagokienez ikaragarrizko maila dutenak. Adibidez, pigmeoak: gizonek umeak zaintzen dituzte, berdintasuna dago emakume eta gizonen artean, eta, nomadak izanda, basoan eztia aurkituz gero ez dute dena hartzen; zerbait uzten dute, atzetik baten bat datorrenerako, jakin gabe inor etorriko den ere. Asko ikas genezake elkartasun eredu horretatik. Eta askoz adibide gehiago ere badira.

Esperantzako izpiak ere agertzen dira zure liburuan.

Kontinentearen aniztasunak aspektu positiboak nabarmentzera bultzatu beharko gintuzke. Afrika 54 estatu dira orotara, eta oso errealitate ezberdinak. Hegoafrika, bere arazo guztiekin, apar-theid-aren garaikoa baino askoz herrialde hobea da egun. Mozambike, urteetako gerraren ostean, aurrera egiten hasi da. Badira adibide gehiago, Angola, Botswana, Namibia eta Senegal, ikaragarrizko demokrazia erakustaldia eskaini diguna. Ezin naiz baikorra izan Hego Sudan eta Somaliarekin, pikutara joaten ari direlako. Baina badira askoz hobeto doazenak. Eta badago gizarte gazte zabal bat, geroz eta heziagoa, eta bere eskubideak aldarrikatzeko geroz eta gogo handiagoarekin.

Zer eman dizu zuri Afrikako esperientziak?

Galdera gehiago. Uste nuen Afrikara helduta zalantza asko uxatuko nituela, eta hara non galdera gehiago ditudan orain. Bizitzarako ereduak ere eman dizkit. Afrikan, sarri borreroan edo hiltzailean jartzen dugu arreta. Nik Afrikan pertsona asko ikusi ditut, egoerarik txarrenean ere besteak laguntzea erabakitzen dutenak. Milioika dira arma bat hartzea errazena den momentuan ez hartzea erabakitzen dutenak, ondokoa laguntzeko. Ikasi dut badagoela halako jende gehiago, gaiztoak baino. Kontua da gaiztoek katua sakatzen dutela, eta askoz ozenago entzuten da hori.

Trikornio beltzen egoitza iluna

Trikornio beltzen egoitza iluna

Egutegiari desafioka ariko balira bezala, NO-DOren artxibotik edo Berlangaren film batetik atereak dirudite irudiek: herrialdeko presidentea, Madrildik ailegatu berri den ministroa eta sotana luzedun gotzaina, hisopoa astintzen. Aldamenean, guardia zibilak dozenaka. Gala-uniformeak eta txarolezko trikornioak. Botere politikoa, erlijiosoa eta militarra, elkar hartuta, ospakizun nazional-katoliko betean. Eszena hura, baina, ez da pelikula zoldatsu batetik ihes egindako pasartea; ezta propaganda frankistak zabaldutako dokumentu grafikoa ere. XXI. mendeko Nafarroan grabatu ziren irudiok (2015eko martxoan, zehazki), Fiteroko Guardia Zibilaren kuartel berriaren inaugurazio ekitaldian. Egun hartan, Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek ezinbestekotzat jo zuen proiektua, "herritarren aldarrikapen historikoa" zela argudiatuta. Eta hitzok entzunda, topa egin zuten gonbidatu denek, "Viva España!" eta "Viva la Guardia Civil!" oihukatzen zuten bitartean. Guztira, bi milioi euro gastatu zituen Espainiako Gobernuak, ia erabilerarik ez duen (eta inork eskatu ez zuen) kuartel bat eraikitzeko. Ospakizunetan dirutza gastatu ostean, bestondoa nagusitu da orain Fiteron. Eta txarolezko distiraren atzean trikornioaren beltza besterik ez da gelditu.

Aurtengo irailean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ohartarazpena egin zion Fiteroko Udalari, lur publikoen doako eskualdatzea irregularra izan zela argudiatuta, eta 30 eguneko epea eman zion, transferentzia hori berrikusteko. Ez da udalak jasotzen duen lehen abisua. Maiatzean ere antzeko eskaria egin zion auzitegiak, baina udal gobernu taldeak ez zuen ezer egin. Orain, ikerketa abiatzeko erabakia hartua du auzitegiak, eta prozesua ez oztopatzeko exijitu du. Heldu den astean amaituko zaio epea Fiteroko Udalari, auzitegiaren oharrari men egin eta kuarteleko lanen lizentzia udalbatzan eztabaidatu eta okerrak zuzentzeko. Hori egin ezean, Nafarroako Gobernuak esku hartu beharko luke, eta beharrezkotzat joko balu, lizentzia baliogabetu.

Momentuz, errezel zurrun eta opaku batek estaltzen du Fiteroko kuartelarekin zerikusia duen guztia. Egiazki, osasun etxea eta mediku kontsultategia eraiki behar zituzten orube hartan, baina Yolanda Barcinaren gobernuak ezarritako "doikuntza neurriek" bertan behera utzi zuten proiektua. Nafar exekutiboak ez ei zuen dirurik halako azpiegitura bati ekiteko, eta zer egin erabaki ezinik, lur saila Espainiako Barne Ministerioari oparitzea aukerarik onena zela otu zitzaien Fiteroko agintariei. Urte hartan, hamaika zinegotzik osatzen zuten udalbatza. UPNkoak dira denak.

Orduantxe hasi ziren irregulartasunak, legearen arabera, lur dotazionalak ezin baitira besterik gabe transferitu. Halako operazio bat egiteko tenorean, udal hirigintza plana aldatu beharra dago, baina UPNri ez zitzaion iruditu tramite hura betetzea beharrezkoa zenik, eta beraz, aurrera egin zuen. Udalbatza osoa kontrolatzearen abantailak.

Horrez gainera, udal ordenantzek ezarritako betebeharrei ere muzin egin zieten agintariek, eta etxebizitza bakarra eraikitzeko baimena izan arren, bost etxebizitza eta beste hainbat egoitza altxatu zituzten. Trabarik gabe. Oposiziorik gabe.

Fiteroko Udalaren eta Barne Ministerioaren jarrera harroak, ordea, ezinegona eragin zuen zenbait herritarren artean. "Kasualitate hutsez ohartu ginen. Guardia Zibilaren kuartela eraikitzeko proiektua argitaratu zenean, arkitektoa den lagun batek susmo txarra hartu zion eta bere kabuz ikertzen hasi zen, eta hari horretatik tiraka hasi ginen korapiloa askatzen", dio Eva Calleja fiteroarrak. Hark aurkeztu zuen kuartelaren kontrako salaketa Nafarroako Administrazio Auzitegian, eta epaileek arrazoia eman diote... kuartela eraikia izan ostean.

UPNko eta PPko buruzagien arteko hartueman opakuek eragindako haserrea akuilua izan zen Callejarentzat eta beste zenbait fiteroarrentzat. AFI Fiteroko Elkarte Independentea sortu zuten, eta ezustekoa eman zioten UPNri maiatzeko udal hauteskundeetan, bost zinegotzi lortuta. Zerrendan hirugarrena zen Calleja. "Haiek baino 120 boto gutxiago lortu genituen, eta sekulako marka da hori herri honetan", dio. Udalbatzan egoteak kuartelaren auzia gertuagotik ikertzeko aukera emanen ziela uste zuten AFIko kideek, baina Patxi Yanguas alkatearen jarrera itxiarekin egin zuten topo: "Ez du batzorderik antolatu nahi, ez digu informaziorik helarazten, eta ahal duen heinean, oztopatu egiten du gure lana".

Iragan asteko osoko bilkuran, adibidez, kuartelaren inaugurazio ekitaldi erlijiosoaren harira eginiko gastu guztien ordainagiriak eskatu zizkion oposizioak UPNri, baina ordutik, zinegotziek ez dute erantzunik jaso. "Justifikatu gabeko 20.000 euro daude hor, eta hori ere argitu nahi dugu. Gure susmoa da bazkari eta halakoetan gastatu zutela", dio AFIko bozeramaileak.

Guardia zibilak ere, kontra

Kuartelaren kontrako salaketak eta Administrazio Auzitegiaren ikerketa bera "ezker abertzalearen boikot" gisa aurkeztu zituen UPNko alkateak: "Ez dute Espainian integratutako Nafarroa foralean sinisten, eta proiektua boikotatu besterik ez dute egin orain arte, Nafarroako Parlamentuan eta Espainiako Kongresuan ekinbideak aurkeztuta".

Diskurtso horrekin, zaku berean sartu zituen Yanguasek ezkerreko alderdiak, AFI, Fiteroko herritar kritikoak eta baita guardia zibilen elkarteak ere. Izan ere, AUGC Guardia Zibilaren sindikatu nagusiak berak gogor kritikatu zuen proiektua. "Diru xahutze alferrikakoa" eta "fabore tratua" salatu zituen elkarteak ohar batean: "Krisiaren testuinguruan, funtzionarioei soldataren %5 murriztu dieten unean, beste kuartel bat eraikitzea ezin da inolaz ere lehentasuna izan". Fiterotik oso hurbil —Cintruenigon eta Corellan— Guardia Zibilak beste bi egoitza dituela gogorarazi zuen sindikatuak, eta zalantzan jarri zuen proiektuaren bideragarritasuna: "Fiteroko kuartel zaharra 1991. urtean itxi zen, lan karga eskasa zuelako, eta ez dugu uste egoera aldatu denik".

Fernandez Diaz ministroaren ustez, baina, proiektua "behar-beharrezkoa" da herritarrentzat: "Enplegua sustatuko du, Fiteroko ekonomia indartu eta inbertsioak erakarri. Izan ere, inbertitzeko aukeren bila dabiltzan enpresentzat, segurtasuna da faktore garrantzitsuenetako bat. Fiteroko etorkizunarekin zer ikusia duen guztiak bultzada jasoko du kuartel honi esker", esan zuen inaugurazio ekitaldian.

Hala ere, kuartela zabalik egon den hilabeteetan, Fiteroko herritarrek ez dute hobekuntzarik nabaritu. Nafarroa Garaiko langabezia tasarik altuenetakoa du oraindik herriak, eta Guardia Zibilaren egoitzak ez du inbertsiorik erakarri. "Gezur hutsa zen dena", laburbildu du Eva Callejak. "Kuartelak herriko merkataritza sustatuko zuela, inbertsioak areagotuko zituela... Halakorik ez da gertatu, noski".

Aitzitik, salaketak eta bizilagunen kontrako auzibideak izan dira ugaritu direnak. "2.000 biztanleko herri batean kuartel bat eraiki izana justifikatu nahian dabiltza, eta hortaz, jazarpena areagotu egin dute", dio Callejak.

"Nire semea eta bere lagun batzuk, adibidez, atxilotu egin zituzten herriko igerilekuan baimenik gabe sartzeagatik. Guztiok txikitan egin dugun bihurrikeria da piszina itxita dagoenean bainatzearena. Garai batean, errieta egiten ziguten eta kito. Orain, berriz, delinkuenteen gisara tratatzen dituzte, eta salaketa jartzen diete, adingabeak izan arren". Isunen kopuruak ere gora egin duela nabarmendu du fiteroarrak. "Itogarria da, eta jendea nazkatzen hasia da".

Egoera pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari den arren, ordea, Fiteroko giro itxiak ustelkeriaren betierekotzea bermatzen duela uste du Callejak: "Zentzu askotan, 1940ko hamarkadan iltzatutako herria da hau. Erlijioa, tradizioak, Guardia Zibila... Askorentzat, normala da hori guztia, eta kostako da aldatzea".

Ministroaren interesak

Jorge Fernandez Diaz ministroa bera giro atzerakoi eta militarista horretan hazi eta hezi zen, Fiterokoa baitu aita, eta ama ere herriko zaharren etxean bizi da. Gainera, hango balnuetxean igarotzen du uda Fernandez Diazen familia osoak. Jaime Ignacio del Burgoren enpresa batek kudeatzen du igerilekua.

Hain zuzen, ministroak Fiteron izan ditzakeen interes partikularrak salatu dituzte oposizioko zinegotziek eta guardia zibilen sindikatuek orain arte. "Patxi Yanguas alkatearekin eta herriko enpresa batzuekin dituen tratuek baldintzatu dute Espainiako Gobernuak Fiteroko kuartelean eginiko inbertsio neurrigabea. Finean, apeta bat besterik ez da", salatu zuen AUGC guardia zibilen sindikatuak iaz.

Amaiur eta Geroa Bai koalizioetako diputatuek ere behin baino gehiagotan eskatu dituzte azalpenak Espainiako Kongresuan. Orain arte, emaitzarik gabe. "Azken urteetan, Fiteroko populazioa ez da nabarmen aldatu, eta delinkuentzia maila ez da igo; gainera, oso deigarria da halako gastu itzela egin izana, hain zuzen, administrazioek austeritate planak sustatzen dituzten garaian", esan zuen Amaiurreko diputatu Sabino Kuadrak.

«Xumeagoa izan zen 1982ko Oinez»

«Xumeagoa izan zen 1982ko Oinez»

Baztan Ikastolak 45 urte bete ditu aurten, eta ospakizunetan murgiltzeko opari ederra jaso du, Nafarroa Oinez Elizondon eginen baita igande honetan. Ez da lehen aldia, ordea. Izan ere, 1982an, jaialdia jaio berria zenean, Baztan Ikastolari egokitu zitzaion festa antolatzea. Ordurako sei urte zeramatzan Mari Paz Goñik (Lekaroz, 1956) Haur Hezkuntzako irakasle gisa, eta oraindik hor jarraitzen du, bizitza osoko proiektu bat aitzinera eramaten.

Nola gogoratzen duzu hasiera hura?

Kontent nintzen, urduri, emozio handiarekin. Halere, gogoan daukat egunak arras luzeak egiten zitzaizkigula. Orain berehala pasatzen dira, baliabide anitz ditugulako haurrekin egoteko, baina garai hartan dena berria zenez, gehiago kostatzen zen. Hasmenta guztiak bezala, gogorra izan zen.

1981ean izan zen lehen Nafarroa Oinez; Baztan Ikastolak antolatu zuen bigarrena. Zer zulo zituen?

Jaialdiarekin batera, ikastola ere sortu berria zen ia. Bertze toki gehienetan bezala, hemen ere egoitza kaskarrak genituen, zaharrak ziren, eta horiek berritzeko dirua behar genuen. Lekua ere eskas genuen, txiki gelditzen ari zen. Horiek izan ziren helburu nagusiak. Denborarekin egoitzak tokiz ere aldatu ditugu.

Nolakoa izan zen 1982ko Oinez-en antolakuntza prozesua?

Oraingoa baino anitzez ere xumeagoa izan zen ordukoa. Uztail erdialdean izan zen, eta apiril aldera hasi ginen prestatzen. Lauzpabost hilabetean lotu behar izan genuen guztia, eta orain urtebete baino gehiago behar da jaialdi osoa antolatzeko. Hor aldaketa izugarria dago.

Helmuga ere ez zenuten hain urrun jarriko, akaso.

Ez. Ez genuen espero lortu genuen dirutza lortzea. Orain ez litzateke deus ere izanen, baina horri esker, Haur Hezkuntzako egoitza berritu genuen, eta hori izugarrizko lorpena izan zen.

Nolakoak ziren garai hartako eskolak?

Ez genituen baldintza onak. Gehiena ahoz irakasten genuen, kantuen bidez eta. Haurrek ia ez zuten materialik: papera, margoak, joko batzuk eta gutxi gehiago. Orduan txotxongilo ugari egiten zen, antzerki anitz egiten genituen. Hori zen eguna pasatzeko modua. Merkatuan ere ez zegoen ia materialik, eta guk sortu behar genituen, handik eta hemendik bildu, kopiak egin, eta horrela.

Ikastolaren azpiegituretan hobekuntzak egiteak jendea erakarri zuen?

Indarra behintzat eman zigun. Garai hartan kezka handia zegoen. Kartillak ere ez ziren ikastolan bertan sinatzen, bertze eskoletan egin behar genituen. Maiz entzuten genituen zalantzak: "Zer eginen duzue hor? Hori ez da legala izanen, ikasketek ez dute balioko...". Baina pixkanaka indarra hartzen hasi ginen, eta jendeak ikusi zuen ez zela hain arriskutsua ikastolan ikastea.

Testuinguru horretan, bi oin aukeratu zenituzten Oinez-en logotiporako.

Garai hartan euskara arras gutxi erabiltzen zen hemen. Horri buelta eman nahi genion, bi oin horiek adierazten zuten moduan: pauso horiek markatzen zuten nolabait poliki-poliki, pausoz pauso, urratsez urrats aurrera eginen genuela. Lan handia egin bada ere, oraindik euskararen berreskurapenean eta mantentzean zeregin handia dago.

Hori dela eta, aurtengo logotipoa ere oin bat da.

Bai, Zangotxo. 1982ko Nafarroa Oinez harekin lotura egin nahi izan dugu, garai hartan genuen filosofiarekin jarraitzen dugula adierazteko. Euskararen eta euskal kulturaren bidean jarraitzen dugu, eta hala jarraituko dugu pausoak emanez.

Hama... bortz, ama... bat. Zergatik?

Ongi begiratzen baduzu, ikusiko duzu oinean hamabortz orban daudela. Zergatik hamabortz? 2015ean gaude, Nafarroan hamabortz ikastola daude, eta Baztanen hamabortz herri daude. Guztiak irudikatu nahi izan ditugu logoan. Ama, aldiz, bakarra; denon ama euskara da, gure hizkuntza, denon hizkuntza. Amei omenaldi bat ere egin nahi izan diegu, beraiek indar handia izan dutelako hizkuntzaren transmisioan.

Zer aldatu da ikastolan?

Ikastola hobetuz joan da; bai hezkuntzan, bai harremanetan, bai elkarbizitzan. Baliabide gehiago daude orain, prestakuntza gehiago ditugu irakasleok... Hori dela medio, urtero-urtero zerbait berritzen da, baina beti bidea aurkitzen saiatzen gara. Gure kultura, gure ohiturak, gure hizkuntza... beti presente eta beti aitzinean dauzkagu. Horren alde eginen dugu beti; gure proiektuaren muina dira.

Baina oraindik badago zer konpondu ikastolan.

Bai. Horretara bideratu nahi dugu Oinez-etik ateratako dirua. Egoitzak nahiko handiak izan arren, zaharkituta geratu dira. Haur Hezkuntzan sabaia goratu nahi da, zorua aldatu eta isolamendua hobetu. Gela batzuk txikiak gelditu dira, gainera. Horrez gain, parkeko lurra moldatu nahi dugu, euria egitean lohiz betetzen baita. Lehen Hezkuntzari dagokionez, patioa estali nahi dugu, eta isolamendua hobetu.

Ia 40 ikasturtez egon zara ikastolan; ez da makala gero.

Bada zerbait, bai. Hasi nintzenean 20 urte nituen, pentsa! Baina ez naiz hainbertze iraun duen bakarra. Igande goizean zinta mozterakoan bederatzi irakasle omenduko gaituzte. Guztiok gure bizitza hor egin dugu, ia-ia. Horietatik lau erretiratuta daude, eta bertze bortz oraindik lanean ari gara. Baztan Ikastola sortu zenetik edo ia hastapenetik gaude hor omendutakoak.

Zer eman dizu zuri Baztan Ikastolak urte hauetan guztietan?

Nire bizitzako zati handi bat hartzen du ikastolak. Langile anitz lantokira joan, lana egin eta bertzerik gabe bueltatzen dira etxera. Guretzat ikastola bertze zerbait da; gurea den proiektu bat, bizitzeko era bat. Nik behintzat hala bizi izan dut hasieratik. Gurea den zerbait aitzinerat eramaten saiatu gara, horrek dakartzan momentu on eta txar guztiekin.

Zer espero duzu iganderako?

Batez ere, eguraldi ona egitea eta jendea etortzea. Egun borobila ateratzea gustatuko litzaidake, lanean aritu diren horiek guztiek merezi baitute sari hori. Eguna pasatzeko gogoa ere izanen dute askok, atseden pixka bat hartzeko. Aurtengo Oinez-eko azken urratsak hurrengo egunean eginen ditugu, halere, guztia bildu eta garbitu behar dugulako, baina hori ere gustura eginen dugu.

Aurrerantzean, nolako ikastola irudikatzen duzu?

Niri gustatuko litzaidake familia handi bat bezala jarraitzea, eta partaide guztiek —haurrek, irakasleek zein gurasoek— giro goxo eta elkarlanean gure helburuak aitzinerat eramaten segitzea, izan garenetik harago joanez.

Andres Salaberri: «Garrantzitsuena da neskek jakitea pilota badela aukera bat»

Andres Salaberri: «Garrantzitsuena da neskek jakitea pilota badela aukera bat»

Maite Ruiz de Larramendi Eulateko pilotaria munduko onena izendatu zuten 2010eko Paueko (Okzitania)munduko txapelketan, baina inor gutxik ezagutzen du Nafarroan. Ez da askoz ezagunagoa Rosa Maria Flores mexikarra, nahiz eta 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi. Abiapuntu hori hartu du Andres Salaberri zinemagileak (Iruñea, 1979, Daniel Burgirekin batera Las Pelotaris dokumentala zuzentzeko.

Nola hasi zen hau guztia?

2014ko otsailean hasi zen, Daniel Burgi etorri zitzaidanean. Kazetaria izanda, erreportaje bat egina zuen Goizuetan, eta ohartu zen jendea oso harro zegoela pilota eskolako neskekin. Normalena litzateke herri horretan, eskuko txapeldun gizonak izanda, gizonak izatea erreferenteak, baina esaten zioten oso pozik zeudela neskekin. Niri asko interesatu zitzaidan gaia, Diario de Noticias-en ibilia nintzelako pilota kontuetan lanean. Beti izan dut harreman ona frontoiarekin, hor sortzen den giroarekin. Pentsatu genuen oso gai ona zela, eta hasi ginen irakurtzen ea zer zegoen egina. Eta ez zegoen horrenbeste.

Bazenuten, gainera, istorioa kontatzeko marko aproposa. 2014ko Mexikoko munduko pilota txapelketa, hain justu.

Hori da. Hemen Maite Ruiz de Larramendi zegoen, baina jendeak ez zuen ezagutzen. Harekin harremanetan jarri ginen. Daniel [Burgi] oso tipo mugitua da, eta oso ondo ibiltzen da Internetekin: milaka gauza aurkitzen du. Ikusi genuen gauza asko lotuta zeudela: Mexikon, Rosa Maria Flores pilotaria zegoen, gauza asko irabazi dituena, tartean Bartzelonako domina olinpikoa. Hori da Maite Ruiz de Larramendik ez duen bakarra. Hasi ginen ideia hori garatzen. Lehenbizi, Gernikara joan ginen, emakumeen eta euskal pilotaren inguruko erakusketara, eta han, Arantxa Peredarekin hitz eginez, informazio gehiago atera genuen. Hasieran, beraz, bi ginen, dirurik ez, eta ideia bat. Orduan, diru laguntzen deialdira aurkeztu ginen, eta lortu genuen lehenbiziko bultzada. Eta pentsatu genuen: "Mexikora goaz". Gainera, garai bateko raketistak agertzen dira dokumentalean. Zaharrak dira, eta, beraz, testuingurua eta denbora hau zen; bestela, urte batzuk barru istorio hori desagertuko delako.

Lehen "bultzada" bai, baina askoz gehiago ez zenuten Mexikora joandakoan.

Bai, horrekin bidaia baino ezin genuen ordaindu. Jokin Pascualekin hitz egin genuen, eta haren ekoiztetxea, En buen sitio, sartu zen proiektuan. Istorio honekin ohartu gara jendeak interesa duela. Jende guztiak badu alaba, arreba, lehengusina edo izebaren bat pilotaria izan dena. Jokin Pascualekin ere halaxe gertatu zen; gaia interesgarria iruditu zitzaion, eta berak ere apustua egin zuen. Hala joan ginen Mexikora, jakin gabe nola bukatuko genuen, baina jakinda ezin genuela beste lau urte itxaron. Han izanda lortu genuen Nafarroako Gobernuaren laguntza, eta horri esker bukatu genuen proiektua.

Zuk ezagutzen al zenuen Maite Ruiz de Larramendi?

Nik banuen haren berri, baina ez nuen oroitzen.Ez zegoen asko idatzirik. Gogoan dut BERRIAko Imanol Magrok idatzi zuela emakume pilotariei buruzko erreportaje bat. Baneukan Ruiz de Larramendiren izena, baina ez neukan hari buruzko informazio guztia. Beraz, berarekin hitz egin genuen, ideia aurkezteko. Hasieran, ez zuen garbi ikusi serio ari ginen edo ez, baina ikusi zuen gure ikerketa egina genuela, eta bagenekiela zertaz ari ginen. Eta guretzat, horixe zen abiapuntua: guretzat ezezaguna zela. Eta guretzat ezezaguna izanda, Iruñekoak izanda eta ni gainera pilotan lanean ibilita... asko esan nahi du horrek. Eta hortik hasi ginen.

Zer aurkitu zenuten, bidean aurrera egin ahala?

Futbolean, adibidez, haur askok Cristiano Ronaldo dute eredutzat, fama eta dirutza duelako. Hemen, emakume pilotarien kasuan, ez dago ez famarik, ez dirurik, ez deus. Horregatik esaten dugu hau benetakoa dela, egiazkoa, nabari delako egiten duten guztia pasioz egiten dutela. Hori jaso dugu dokumentalean. Hori da ikasi genuen politena. Beraz, errealitatea erakusten dugu. Askotan esan dugu gu ez gara ez pilotariak, ez emakumeak ere. Ez genuen film feminista bat egin nahi, ahalik eta objektiboen izan nahi genuen; errealitatea erakutsi eta kitto. Informazioa hartu eta erakutsi.

Kontua da errealitateak, berez, badakarrela salaketa.

Noski, baina ez gara horretan sartzen. Filma ikusten duenak aterako du bere iritzia, eta, azkenean, iritziak beti doaz alde beretik.

Mezu positiboa helarazten du dokumentalak. Badago, beraz, esperantzarako arrazoirik?

Aurrestreinaldian Miguel Aristorena esan zidan [neskentzako pilota eskola du Etxarri Aranatzen]: "Agian Las Pelotaris 2 egin beharko duzue hamar urte barru, zer gertatu den azaltzeko". Gauza asko aldatu daitezke hamar urtean. Baina garrantzitsuena da neskek jakitea pilotan jokatzea aukera bat dela. Eskoletan beti futbola eta beste kirol batzuek hartzen dute protagonismoa. Jakin dezatela pilota aukera bat dela, eta gero aukeratu dezatela jokatu nahi duten edo ez.

Profesionaltasuna, ordea, urrun dago oraindik ere.

Profesional izatea ez da lehentasuna haientzako. Haiek egiten dute gustuko dutelako. Kontua da neskak aritzea, eta geroz eta gehiago aritzea. Gizonezko pilotarien kasuan ere gehienak ez dira profesionalak. Babes handiagoa behar dute emakumeek; kitto. Nik ez dut daturik jakiteko zenbat diru mugitzen den, baina argi dago: futbolak edo beste kirolek hartzen dute diru gehiena. Maite Ruiz de Larramendik esaten zigun haiek ere pilotan behar dutela dirua, babesa eta interesa. Nahiko bakarrik sentitzen direla, eta ez dutela laguntza handirik jasotzen.

Joan den astean egin zenuten filmaren aurrestreinaldia, Nafarroako Filmategian. Non ikusi ahal izango da hemendik aurrera?

Guk badugu banatzaile bat, eta harekin mugituko dugu han-hemenka. Kontua da film labur bat izanda ez duela lekurik zine aretoetan. Beraz, festibaletara mugitu nahiko genuke, gaur egun hori baita film laburrak ikusteko modu bakarra. Eta aurrerantzean, gustatuko litzaiguke kultur etxe eta horrelakoetan aurkeztea, haiek nahi badute behintzat. Gustatuko litzaiguke jendeak film hau ikustea. Ez dugu gure armairuan utzi nahi, ikus dadila baizik.

Baliteke gure mugetatik harago zabaltzea. Uste duzu gaiak berdin funtziona dezakeela beste toki batzuetan?

Gai unibertsala da, ziur, emakumeek bere lekua aurkitzeko arlo guztietan izan dituztelako trabak. Kasu honetan, pilotarena da testuingurua, baina pilotan ere herrialde askotan jokatzen dute. Guk beti esan dugu pilota exotikoa dela munduan—nahiz eta guk ezagutu—, baina unibertsala ere badela. Eta, aldi berean, neurri batean exotikoa da guretzat ere, emakume pilotarien gaia hemen ere ezezaguna delako.