Iritzia: Urrezko domina liburuzain bati

Jimeno Juriori Nafarroako Urrezko Domina eman zioten joan den abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, Euskararen Egunean. Ezin data aproposagorik. Pozgarria benetan pertsona hori aukeratu izana, egin zuen ikerketa lan guztiak egin eta gero aski ongi merezitakoa baitzuen errekonozimendua, hil eta hamahiru urtera eman badiote ere…

Baina, dudatan nago harritzekoa ote den edo ez, liburuzaina ere izandakoaren bizitzaren partea ez baita aipatzen. Historialari, etnografo, ikertzaile… eta liburuzain. Zerrenda osatzen duen ogibide garrantzitsua eta zuzenean egiten zuenarekin lotua, baina berari buruz ari direnean gehienetan atzendua...

"1970. urtetik aitzin…" irakurri dut dominaren harira egindako zenbait artikulutan, eta pentsatu, orain aipatuko dute urte hartatik aurrera liburuzain lanetan ibili zela. Baina ez, ezta ere. Data hortan erreparatzen da, preseski hortan, baina ez San Pedroko liburutegiko zuzendari izendatu zutela errateko, Iruñeko lehen auzo liburutegia ireki zela aipatzeko (datu horrek berak daukan garrantziarekin, Jimeno Jurio buru egon edo ez) baizik, eta urte hartatik aitzin bere lan garrantzitsuenak egin zituela errateko. Eta nik pentsatu: eta zergatik ez da aipatzen liburutegien munduan ere aitzindari izan zela? San Pedroko liburutegia ireki eta lehenengo egunetan izandako jende jarioa zela-eta sarrera 14 urtetik goitikoei mugatu behar izan zitzaiela? Hala ere, bera horrekin ados ez eta haurrentzako gela bat irekitzea proposatu zuela, irakurketa ttikitatik sustatzea garrantzizkoa zela uste zuelako? Hau da, bildu zuen informazio hori guztia biltzeaz gain, denon eskura jartzea garrantzizkoa zela pentsatzen zuela erratea, eta denon eskura liburutegian baino inon hobe egonen zela pentsatzen zuela. Ikertu eta informazioa zabaldu, txanpon beraren bi aldeak direla, alegia. Bata ikerlariak egina, bertzea, liburuzainak. Bietan, bera. Horrela pentsatzen zuen hark, horrela egin zuen. Eta horrela mantentzen da gaur egun, Jimeno Jurio deituriko San Pedroko liburutegian haren lan guztiak biltzen dituen tokiko funtsean.

Hortaz, harritzekoa dela diot lan horiek guziak aipatu eta goraipatzen direnean, eta berak nahi izan zuen bezala denon eskura non aurkitu daitezkeen ez aipatzea. Nafarroako Liburutegian ere, Nafarroako ondarea izanik, haren lan gehiena bilduta dago, eta, Urrezko Domina dela-eta, interes gune berezi bat egin da oraindik ere eskuragarriago paratuz eta, bide batez, Jimeno Juriok liburuzain lanak nola egiten zituen erakusketa baten bitartez erakutsiz.

Baina hori dena ez omen da interesgarria edo, bederen, mediatikoa. Toki guttitan ikusi dut nik, edo, agertu bada, albiste nagusiaren aldameneko artikulu ttiki batean izan da, informazio gehigarri gisa, osatzeko edo.

Arrazoia izanen zuen Tomás Yerrok, azaroan Nafarroako Liburuzainen Elkarteak antolatutako Jardunaldi Profesionaletan, liburuzainaren ofizioa ez dela aski baloratzen edo ikusarazten zioenean. Hedabideetan ez zela apenas agertzen zioen hark, eta nik erantzun ez nengoela guztiz ados, nire izena eta nire ogibidea hilabetero ateratzen zirela BERRIAN, adibidez. Baina ni ez naiz inor, eta norbait baden Jimeno Juriori ez bazaio liburuzain hitza hasieratik lotzen, zer pentsatu ematen du…

Zazpi errepresaliaturen arrastoak topatu dituzte Iberon

Zazpi errepresaliaturen arrastoak topatu dituzte Iberon

Iberon (Nafarroa) ari dira indusketa lanetan, 1936ko kolpe militarraren ostean hil eta lurperatu zituzten herritarren aztarnak topatzeko. Gutxienez horietako zazpiren arrastoak topatu ditu elkarteak. Larunbataz geroztik ari dira elkarteko paleontologoak lanean, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta. 1936ko gerran hildako 33 langile omendu zituen gobernuak urriaren 3an, eta nabarmendu du memoria historikoa lehentasunezkotzat jo duela, “1936ko errepresioaren biktimen senideen egia, justizia eta...

Agendatik atera dute euskara

Agendatik atera dute euskara

Zazpigarren puntuaren izenburuak zalantzarako aukera gutxi uzten zuen: "Euskara plana indargabetu, eta udala Uematik atera". Ezustekorik ez zen izan joan den ostiraleko osoko bilkuran, eta Lesakako Geroa Baik bere gehiengoa baliatu zuen bozketa bakar baten bidez bi erabaki horiek hartzeko. Talde horretako sei zinegotziek egin zuten proposamenaren alde; EH Bilduko bostek, aldiz, kontra. Aurrera egin zuen, beraz: Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateari utziko dio Lesakak, eta euskara planik gabe geldituko da udala, gainera. Agendatik atera dute euskara.

Osoko bilkuran errandakoei eutsi die Geroa Baiko alkate Jose Luis Etxegaraik. EH Bilduko zinegotzien "presioak" gogor salatu ditu, eta presio horien ondoriotzat jo ditu hartutako erabakiak. Lotu egin ditu biak, gainera; Uematik ateratzea eta euskara plana indargabetzea, alegia. "Finean, Uemak inposatutakoa zen Lesakako euskara plana; erabaki batek bertzea ekarri du".

Jose Luis Etxegaraik behin eta berriz errepikatu du: "Ez dugu inolako inposiziorik onartuko; presiopean ez dugu lanik eginen". Geroa Baik alkatetza lortu zuenean euskara plana ezartzeko asmoa bazuela erantsi du alkateak. "Baina gure abiaduran". EH Bilduk hori egiten ez diola utzi erran du Etxegaraik. "Egunero etorri zaizkigu hau eta bertzea egin behar genuela erratera. Egin beharrekoak eginen genituela erantzun diegu beti, baina ez digute aukerarik eman; horregatik hartu ditugu hartutako erabakiak; presio hori kentzeko".

Diru kontuak ere mahai gainean jarri ditu Lesakako alkateak. "Zein da kontua, norbait askatzea euskararen alde egin dezan? Euskararen alde inor ez da ari doan. Bortzirietako Euskara Mankomunitatean gaude, eta horretarako ere 86.000 euroko saila dugu; bertze 7.000koa Uemarako; eta itzulpenak egiteko ere laguntzarik ez digute ematen".

Etxegaraik ukatu du euskararen aurka egin dutela. Euskararen egoerak ez du zerikusirik Ueman egotearekin, haren hitzetan, eta euskara planik gabe ere udaletxean jendea orain arte bezala artatuko dutela gaineratu du Lesakako alkateak. Euskararen alde, gainera, jendea "konbentzitu" egin behar dela erran du, "hizkuntza inposatu beharrean".

Are gehiago, Frankismoaren garaian euskaraz mintzatzen zirenen egoerarekin alderatu du orain herrian gaztelaniaz ari direnena: "Gazte garaian nola mintzatu erraten ziguten. Baserritik herrira jaitsi, eta euskaraz aritzeagatik irri egiten ziguten; eta irri egiten ziguten horien seme-alabek eta ilobek orain bertze diktadura bat jarri nahi dute, baina bertze aldera egiteko, berriz ere errateko nola mintzatu", erran zuen Etxegaraik, osoko bilkurako eztabaidan.

Euskararentzat gauzak ez dira aldatuko Lesakan. Horixe nabarmendu du herriko alkateak. Bere horretan jarraituko dutela, Ueman egoteak eskatzen dituen konpromisoak betetzeko beharrik izan gabe ere; udaletxean euskararen erabilera normalizatzea helburu duen plana izan gabe ere.

"Lesakak hautsi du zubia"

Lesakako Udalak hartutako erabakiek izan dezaketen eraginari buruz kezka handia agertu dute herriko Euskara Batzordeko kideek, ordea; bai eta Uemako eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateko arduradunek ere. "Penaz" hartu dute erakundeotako ordezkariek Lesakako Udalak egindako urratsa.

Penaz, bereziki, Uemak. Mankomunitateko lehendakari Josu Labakak argi utzi du, hala ere, orain arte zutik ziren elkarlanerako zubiak Lesakak hautsi dituela. "Udal horrek hartu du erabakia; guk, noski, errespetatzen dugu, baina ez dugu bat egiten. Mila galdera eta kezka sortzen dira orain, Lesakak euskara sustatzeko hartuko duen jarrerari buruz; eskualdeko ikuspegia lantzea ere zailagoa izango da orain". Elkarlanerako atea, hala ere, zabalik utzi nahi du Labakak. "Espero dut bidean berriz ere bat egitea Lesakako Udalarekin; herritarren babesa badugu".

"Atzerapauso handitzat" jo du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari Mentxu Peñak ere Lesakan gertatu dena. Bortzirietako bost herriak ziren, orain arte, Uemako kide. Lesakak bakarrik utzi ditu, orain, bertze laurak. Bat eginda jarraituko dute, hala ere, Bortzirietako Euskara Mankomunitatean. Lesakak bi ordezkari ditu erakunde horretan; biak dira EH Bildukoak, udal gobernuko kideek hala erabakita. Mankomunitateak, halaber, batzorde bana du eskualdeko herri bakoitzean. Euskaltzale orok du parte hartzeko aukera; bai eta alderdiek eta eragileek ere. EH Bildu badago; Geroa Bai, berriz, ez. Uemako batzarrean ere, ordezkaririk ez du izan Geroa Baik. Lesakari hiru zegozkion, baina bakarra izendatu zuen udalak: oposizioko kide Maider Arrieta.

Lesakako Euskara Batzordeko kide da Edurne Rekondo, eta "larritzat" jo du joan den asteko osoko bilkuraren ondotik sortu den egoera. Geroa Baik agintea hartu eta berehala hasi ziren euskara plana betetzeko trabak, Rekondoren hitzetan. "Hainbat lehiaketa publikotan hizkuntza irizpideak ez dituzte kontuan hartu".

Plana aurrera eramateko jarraipen batzorde bat bada udalean, baina euskara batzordeak eskatu arren, ez du bilerarik egin, arazoari buruz eztabaida egiteko, Rekondok salatu duenez. Etxegaraik erran du euskara plana ez zela ordenantza; ez zutela betetzeko beharrik, alegia. Ez du horrekin bat egin Rekondok: "Udalak onartutako plana zen, eta betetzeko zegoen".

Plan horren xedea, edonola ere, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzea zela nabarmendu du Euskara Batzordeko ordezkariak, eta kezkagarritzat jo du, ondorioz, bertan behera utzi izana. "Geroa Bai gauzak nahasten ari da; planak ez zuen inposatzen, ez zuen euskaraz ez dakien inor euskaraz egitera behartzen".

Herrian hori argi uzteko eta azaltzeko beharra badela uste du Rekondok. Hori dela eta, Euskara Batzordeak bilerara deitu ditu herritarrak, abenduaren 18rako. Batzordeak, gainera, plan berria onartzeko prozesua jarri nahi du martxan. "Orain arteko plana oinarri hartuta, hura egokitzeko eta berriz martxan jartzeko urratsak egin nahi ditugu; Uemak egina zen, baina Lesakarentzat, eta batzordearen oniritziarekin". Rekondok uste du udalak hutsetik hasi nahiko duela plan berri bat. Ostiraleko osoko bilkuran, dena den, alkateak argi utzi zuen orain ez dela plan hori egiteko momentua. "Baditugu bertzelako lanak". Geroa Baiko Nafarroako arduradunek, berriz, auziari buruz ez dutela deus errateko azaldu dute.

Euskara plan batek zer ekartzen duen azaltzeko beharraz bat egin du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari Mentxu Peñak Rekondorekin, eta erakunde horretatik ere "pedagogia" egiteko beharra nabarmendu du. "Euskaraz ez dakitenak eta alfabetatu gabeko euskaldunak haien eskubideak kontuan hartuko ez dituzten beldur dira; lan egin behar dugu herritarrei argi uzteko helburua dela euskara bere tokian jartzea". Lesakak hartutako erabakiei buruz, herriak atzera egin duela azaldu du Peñak. "Pena da alkate euskaldun batek jarrera hori izatea".

Tresnak tonuan jartzeko ordua

Tresnak tonuan jartzeko ordua

Datorren ostegunean Baluarten emango duten kontzertua prestatzeko ari dira lanean, egunotan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoko musikariak. Tresnak tonuan jartzeko ordua dute. Oholtza gainean jotzeko; bai eta agertokitik kanpo ere. Gorabeheraz betetako urteak izan dira azkenok Nafarroako orkestrako kideentzat: murrizketek eragin diete, batetik; irailean egindako ikuskaritzak, bertzetik, ustezko irregulartasunak utzi ditu agerian erakunde horren kudeaketan. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko oraingo arduradunei dagokie datozen urteotarako norabidea zehaztea.

Departamentuko agintariek, hasteko, irailean egindako ikuskaritzak agerian utzitako datuak aztertzeko eskatu diote Nafarroako Kontuen Ganberari. "Horretan ari dira, eta txostena laster jasotzea espero dugu", azaldu du Kultura zuzendari Fernando Perezek. Kontuak "argitu" nahi dituzte, orkestrak etapa berri bat hasi ahal izateko. Ustezko irregulartasunena izanen da jorratu beharreko arloetako bat, bide berri horretan urratsak egiteko; baina ez da bakarra izanen. Aurrekontuak eta orkestraren egoitzaren auzia ere badaude mahai gainean, bertzeak bertze.

Kudeaketa "gardena"

Ikuskaritzak agerian utzitako datuen berri Nafarroako Orkestra Sinfonikoko egungo kudeatzaile Joaquin Romerok eman zuen, lehendabizikoz, joan den maiatzean. Romeroren zalantzak berretsi zituen ikuskaritzak.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Santa Cecilia Orkestran du jatorria; Pablo Sarasatek sortu zuen, 1879. urtean. Egungo orkestra Pablo Sarasate Fundazioak kudeatzen du. Fundazio hori 1997an jarri zen martxan, eta sustatzaile ditu Nafarroako Gobernua, Santa Cecilia Kontzertu Elkartea eta Iruñeko Udala.

Kudeaketaren inguruko zalantzek 2007-2014 urte bitarteko epea hartzen dute. Garai horretan, Florentino Briones zen orkestrako kudeatzaile. Kultura kontseilari Ana Herrerak berak joan den urrian azaldu zuenez, Santa Cecilia Kontzertu Elkartearen eta Pablo Sarasate Fundazioaren arteko kontuen kudeaketan gertatu dira ustezko irregulartasunak. 325.728 euro da bi elkarteon arteko kontuetan ageri den aldea. Santa Ceciliak 2007tik 2014ra bitarte pilatutako kopurua litzateke hori. Kontua da 2007. urtera arte Pablo Sarasate Fundazioak berak kudeatzen zituela denboraldirako abonamenduen diru sarrerak. "Urte horretan, Santa Ceciliak hartu zuen bere gain lan hori; argi ez dauden hainbat kontu aurkitu ditugu; Santa Ceciliak bere kudeaketarako gastuak aipatzen ditu, bai eta Florentino Brionesi egindako hainbat ordainketa ere, bertzeak bertze haren etxebizitzaren alokairua pagatzeko. Hori guztia argitu beharra dago", erran du Perezek.

Orkestrako musikariek ere "gardentasuna" eskatu dute. "Iraganean gertatu dena argitzea nahi dugu, eta aurrera begira ere, kudeaketa gardena egin dezatela", nabarmendu du Nafarroako Orkestra Sinfonikoko langile batzordeko buru Ferran Tamaritek.

Musikarien lanaren alde egin du Tamaritek, eta argi utzi du gobernuak orkestrak aurrera egitea nahi badu, haren aldeko apustua egin behar duela. "Gure aurrekontuaren %90 diru publikoak ematen digu; baina ez guri bakarrik; munduko orkestra guztietan gertatzen da hori", azaldu du.

Izan dituzten murrizketak salatu ditu. 5,7 milioi euro izan zen aurrekontua 2010. urtean. Kopuru horrek behera egin du azken urteotan. 2016ko aurrekontuen proiektuan, 3,7 milioi euroko diru saila jaso du Kulturak orkestrarentzat.

Kultura zuzendariak argi utzi du kopuru hori ez dutela aldatuko. Nabarmendu du, gainera, departamentuaren helburua dela arlo guztien arteko oreka lortzea. "Sail guztiak dira inportanteak. Orain arte, adibidez, arte plastikoek gutxi jaso dute, eta diru sail hori handitu dugu".

"Orkestrak Nafarroako errealitate ekonomiko eta sozialera egokitu beharko du", gaineratu du Fernando Perezek. Tamaritek, berriz, "egonkortasuna" eskatu du, musikariek haien lana egin ahal izateko. Orkestrak, bertzeak bertze, hainbat urtetarako hitzarmena eskatu dio gobernuari. Horrekin ados da Perez, eta Kultura Departamentuaren asmoa hori dela azaldu du. Orkestrako kideekin lan egiteko prest da, lan baldintzak egonkortze aldera. Erran du, hala ere, orkestrak bertze diru iturri batzuk bilatu behar dituela.

Perezek ez du bat egin orkestrako kideekin egoitzaren auzian. Egun musikariek Barañaingo auditoriuma erabiltzen dute entseguak egiteko, eta Baluarte kontzertuak egiteko. Tamaritek uste du azken horrek beharko lukeela haien egoitza. Kulturak, berriz, Barañainen alde egin du. Elkarrizketari eman nahi dio bidea. Denen artean orkestraren bidea zehazteko.

“Gure inguruaren nahiak asetzen ditugu, gureak alde batera utzita”

“Gure inguruaren nahiak asetzen ditugu, gureak alde batera utzita”

Pertsona helduago baten azaletik kontatu du Esti Martinezek (Iruñea, 1991) haurdun geratu nahi ez duen baina gizarteak haurduntzen duen emakume baten istorioa. Horregatik, irakurle asko eta epaileak harritu egin dira Zuberoa Oteiza izenordearen atzean Martinez zegoela jakitean: 24 urteko gazte bat. Arratsalde batean gertatzen da guztia, baina, lerroz lerro, bederatzi hilabete igaro direla sinetsarazi dio egileak bere lana eskuetan hartu duen orori. Baita epaileari ere. Azkenean, Martinezen Silikonazko sabela narrazioak jaso du 25. Pedro Atarrabia literatur lehiaketako saria.

Nola jaso duzu sariaren berria?

Epaileetako batek, Felipe Juaristik, deitu zidan duela pare bat aste, eta haren ahotik jakin nuen euskarazko narrazioen saria niri ematea erabaki zutela. Bere iritzia ere esan zidan, baina orduan ez nuenez uste dei hori jasoko nuenik, ez dut ondo gogoratzen zer esan zidan [barre artean]. Badirudi norbait helduagoa espero zutela, idazteko moduagatik eta kontatzen den istorioagatik. Egia esan, nahiko balorazio ona egin zidan, eta hori ere sorpresa polita izan da niretzat.

Baina ez da jaso duzun lehenengo saria.

Esan daiteke lehenengo sari handia Pedro Atarrabia izan dela. Horrez gain, duela bi urte Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako sormen saria irabazi nuen Deiaren zain lanarekin, eta, horren aurretik, Iruñeko Udalak aipamen berezia eman zidan idazle berrien lehiaketan; baina handiena hau izan da, zalantzarik gabe.

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Betidanik gustuko izan dut irakurtzea, txiki-txikitatik. Nerabea nintzenean hasi nintzen gauzak idazten, eta azken lauzpabost urteotan ipuinekin hasi naiz, edo, behintzat, lehendik idazten nuenari forma eta itxura pixka bat ematen.

Silikonazko sabela ipuinak jaso du azken saria. Amatasuna edo amatasunik eza da narrazioaren ardatza. Nola bururatu zitzaizun gaia?

Aspalditik idatzia nuen; ez nuen sariketa honetarako idatzi bereziki. Berez, beste istorio batekin hasi zen guztia, baina pixkanaka forma aldatzen hasi nintzen, eta hau da atera den emaitza. Amatasunaren gaiarekin adierazi nahi nuen askotan gure inguruaren desioak asetzen ditugula, gureak alde batera utzita. Uste dut amatasunaren kontuarekin jende asko horrela senti daitekeela. Behar bat iristen denean edo adinera iristerakoan, badirudi tokatzen zaizula eta hori dela zure inguruak eskatzen dizuna. Nahiz eta zure benetako nahia ez izan.

Nola laburbilduko zenuke istorioa?

Normalean, zail samarra egiten zait istorioa zertan datzan azaltzea. Protagonista neska gazte bat da, eta bat-batean, espero ez duenean, haren inguruko lagunak haurdun geratzen hasten dira, tantaka-tantaka. Konturatu gabe, puntu kritiko horretara iristen da, eta inguruak nolabait haurduntzen du neska. Badirudi haurdunaldi horietaz kutsatzen dela. Ipuina denboran, berez, arratsalde bateko kontua da, baina egun horretan haurdunduz doa, eta ipuina erditzearekin amaitzen da.

Baina ez da haurdunaldi erreal bat, ezta?

Beste modu batera ere interpreta daiteke agian; ireki samarra da. Nik ezetz esango nuke, ez dela benetako haurdunaldi bat. Arratsalde bateko istorioa da, eta ez bederatzi hilekoa. Aipatzen den guztia ilusio moduko bat da, sinbolikoa. Ardatza silikonazko sabela da. Horrekin benetakoa ez den zerbaiti erreferentzia egin nahi izan diot. Gainera, azkenean badirudi pertsonaia silikona zati bat maitatzera heltzen dela.

Amonaren bizimoduarekin hasi duzu istorioa.

Belaunaldien arteko harremana dago lerro artean, amona-bilobek elkar ezagutu ez zuten arren. Protagonistaren amona inudea zen, eta, seme-alabak etxean utzita, Santanderrera joan behar izan zuen beste batzuen haurrak elikatzera. Protagonistak ere, hein batean, bere inguruaren desioak elikatzen ditu. Erditzera iristen da, eta badirudi bera ere ongi sentitzen dela, eta horri esker lagun artean onartuko dutela.

Zertan dira berdinak amona eta biloba?

Bakoitzaren izaera ez dut askorik landu. Hasieran, islatu nahi izan nuen amonak etxean hutsune bat utzi zuela, eta nolabait berak ere jasotzen duela amonak utzitako zulo hori bere belaunaldian. Amona oso bakarrik sentitzen da hartzen duen erabaki horretan, eta protagonista ere, jendez inguratuta egon arren, nahiko bakarrik sentitzen da.

Gorka bikotekidea dauka ondoan. Errealitatean maiz gertatzen den moduan, Gorkak aita izan nahi du, baina protagonistak oraindik ez.

Istorioan muturrera eramaten da kontu hori, eta, azkenean, neskak silikonazko sabela erabiltzen du, haien harremanean dagoen hutsune hori betetzearren edo. Bikote harremanean uste dut askotan iristen dela momentu bat non batak nahi duen eta besteak ez. Era berean, badaude bikote asko haien hutsuneak betetzeko seme edo alaba bat edukitzen dutenak. Kasu honetan, antzeko zerbait gertatzen da, baina benetako umerik gabe.

Zuk ere noizbait sentitu duzu zeure burua zerbait egitera behartua, ingurukoek behartua?

Behin baino gehiagotan. Pertsonaiaren kasua ez da nire errealitatera hurbiltzen, baina bai egoera orokorra. Haurdunaldiaren kontuarekin inguruaren eragina islatu nahi izan dut, baina ez da gai horretan bakarrik gertatzen den zerbait. Lagunartekoen eragina, eta, oro har, gizartearena oso handia da gure kulturan. Askotan zuk zerbait egin nahi duzu, baina ingurukoen beldurrez ez duzu egiten. Gehiegitan gertatzen da hori.

“Ikerketa soziala egin beharko lukete alzheimerrari buruz”

“Ikerketa soziala egin beharko lukete alzheimerrari buruz”

Hainbat aldiz jo du telefonoak Afan elkartearen egoitzan. Aurora Lozano presidenteak (Zamora, Espainia, 1944) erantzun ditu jasotako deiak. "Etorri nahi duzunean, eta gure gizarte langileak hartuko zaitu; informazioa eman, eta erabakiak hartzen lagunduko dizu", erran dio laguntza eske deitu duenari. Senarraren zaintzaile izan zen lau urtez, alzheimerrak jo zuenean. Bertze zaintzaileak laguntzea du orain helburu.

25 urte bete ditu elkarteak; nola sortu zen?

Vicente Madoz medikuak hitzaldi bat eman zuen, eta han bat egin zuten senideei proposatu zien elkartea sortzea. Gaixo alzheimerduna zuten zortzi familiak erronkari eutsi zioten, eta martxan jarri zuten elkartea. Batez ere, babesgabe zirelako. Administrazioaren babesik gabe. Bat egitea erabaki zuten, elkarri laguntzeko.

Zu ere bazara alzheimerra duen pertsona baten senidea?

Nire senarra jo zuen gaixotasun horrek. Lau urtez izan nintzen haren zaintzaile, hil zen arte. Diagnostikoa jaso eta gero, elkarteko kide egin nintzen. Senarra hil zenean, depresioak jota gelditu nintzen. Orduan jakin nuen Afanek boluntarioak prestatzeko ikastaroa egin behar zuela, eta izena ematea erabaki nuen. Hamar urtez izan naiz boluntario.

Bertze zaintzaileak laguntzeko?

Bai. Ni bakarrik nengoen senarra zaintzen. Badakit zer den hori. Gaixotasunak erabat harrapatzen zaitu. Egoera berean ziren hainbat familiarekin aritu naiz boluntario lanetan. Administrazioak ez ditu dauden beharrak asetzen; laguntza handia behar da, eta ez du ematen.

Zer behar da?

Gaur egun, alzheimerra duen pertsona baten familiak bere kabuz aurre egin behar dio gaixotasunari. Eguneko zentro bat bada, baina tokia mugatua da, eta ez ditu dauden behar guztiak asetzen. Iruñean eta Tuteran egoera zaila bada, are zailagoa landa eremuko herrietan. Guk herrialdeko zazpi herritan ditugu taldeak, Iruñetik kanpo ere laguntza eskaintzea badelako gure helburua. Familiak diagnostikoa jasotzen duenean, informazioa behar du. Une hori hagitz gogorra da, eta funtsezkoa da laguntza jasotzea. Kasu gehienetan horrek huts egiten du. Sendabiderik ez duen gaixotasun bat dela erraten dizute, eta aurrera egin behar duzu, zeure kabuz. Nik uste dut horrek baduela zerikusirik inbertsio eskasarekin.

Sendabiderik gabeko gaitza izateak?

Bai. Uste dut ez dela egiten egin beharko litzatekeen inbertsioa arrazoi horregatik. Nik esperientzia hori izan nuen. Badira botiken bidezko terapiak, bai eta bertze motatako terapiak ere. Nik ordaindu behar izan nituen senarrak jaso zituenak; bertzela ez genuen deus.

Egoerak okerrera eginen omen du.

Adituek diote gero eta jende gehiagok izanen duela gaitza. Ikusten ari gara, gainera, gero eta jende gazteagoak sufritzen duela eritasun hori. Zerbait egin beharko da. Gaixotasun hagitz gogorra da hau; familia txikitu egiten du.

Familiaren egiturari eragiten dio?

Familiaren egituran eragina izatea ez da txarra, horrek erran nahi duelako kide guztiek hartu dutela haien gain gaixoaren zaintza. Arazoa da egiturak bere horretan jarraitu, eta zaintzaren ardura pertsona bakarrak hartzea bere gain. Egoera hori hagitz zaila eta gogorra da.

Zaintzailea gaixo bilaka daiteke?

Hala gertatzen da. Zaintzaileak arazo fisikoak izaten ditu, laguntzeko gai ez den pertsona bat mugitu behar izaten duelako; bai eta psikologikoak ere; finean, maite duzun horren agoniaren lekuko zara. Eta hiltzen denean, hutsik sentitzen zara. Kolpe latza da.

Arazo horien zama arintzea da zuen helburua?

Bai. Gure helburua da zaintzailea zaintzea; behar duen laguntza ematea. Psikologo bat eta gizarte langile bat ditugu lantaldean. Mota askotako arazoak sortzen dira, eta zaintzaileak laguntza eta aholkua behar izaten ditu. Ez bakarrik arazo fisiko edo psikologiko horiei aurre egiteko; arazo juridikoak eta ekonomikoak ere sortzen dira. Juridikoak, adibidez, gaixoa bere kabuz erabakitzeko gai ez delako jada; eta ekonomikoak, berriz, gaixotasun hau izugarri garestia delako.

Arazo ikusezinak dira horiek, neurri batean?

Bai. Nik uste dut familia osoa hartu behar dela kontuan; administrazioak familia osoari eman beharko liokeela babesa. Orain arte, anitz edo gutxi, gaixotasunari aurre egiteko terapien arloan egin da ikerketa; baina bada jorratu beharreko bertze esparru bat, nire ustez, eta hori da ikerketa sozialarena. Gaixotasunak lotuta dauzkan alderdi guztiak eta izan ditzakeen ondorio guztiak ikertu beharko lituzkete.

Zenbat pertsonari eragiten die eritasunak Nafarroan?

10.000 ingururi. Datu zehatzik ez dago, hala ere. Eta horixe eskatu nahi diogu gobernuari, egin dezala alzheimerra dutenen errolda.

Ez da zuen eskaera bakarra.

Ez. Hamaika ditugu, bertzeak bertze, neurologoak diagnostikoa egiten duenean psikologoak edo erizain espezializatuak laguntzea familia; dementzien unitatea sortzea; eta onartzea osasunaren aldetik arriskuko lana dela zaintzailearena.

Pio Caro Baroja: “Mexiko mugarri izan zen niretzat”

Pio Caro Baroja: “Mexiko mugarri izan zen niretzat”

Berria-ko Igandea gehigarrian 2010eko irailaren 5ean argitaratutako elkarrizketa da ondokoa.   Edurne Elizondo Barojatarren ondarea hartzen dute Berako Itzea etxeko paretek; 1912an erosi zuen Pio Barojak, eta, orain, haren iloba Pio Caro Barojaren aterpe da urtean hainbat hilabetez (Madril, 1928). Etxe horretan bertan, bere familiaz, bere haurtzaroko Beraz eta bere lanaz mintzatu da. Egongelan, tximiniari so hitz egin du. Bere...

Pio Caro Baroja idazle eta dokumentalgilea hil da

Pio Caro Baroja idazle eta dokumentalgilea gaur hil da, 87 urte zituela. Folklorearen inguruko dokumentalak zuzentzeaz eta gai askoren inguruko liburuak idazteaz gain, lan asko egin zuen Pio Baroja idazlearen eta Julio Caro Baroja historialari eta antropologoaren obren zabalkunderako; osaba zuen bata, anaia bestea. Albiste osoa Berria egunkarian

“Bi arazo ditugu guk, Esa eta Itoitz”

“Bi arazo ditugu guk, Esa eta Itoitz”

"Segurtasunik ez da". Horixe nabarmendu du Galipentzuko alkate Karmele Irigibelek (Galipentzu, 1951). Esako paretatik behera da herri hori, urtegiko magaletako lur mugimenduen mehatxupean. Sorterrian lasai bizitzeko eskubidea aldarrikatu du.

Duela bi aste, Esako urtegia handitzeko lanen batzordeak bilera egin zuen, baina ez zizuten parte hartzen utzi. Zergatik?

Urtegia handitzeko obren aurka agertu delako gure herria. Batzorde hori ez dakigu nondik atera den, baina argi gelditu da bilera egin zuela Ebroko Ur Konfederazioaren mezua zabaltzeko: obrak aurrera jarraitzen duela, eta urtegia segurua dela errateko, alegia. Proiektuaren aldekoen babesa berresteko ekitaldia izan zen konfederazioarentzat.

Segurtasunaren mezu hori sinisten duzu zuk?

Ez. Hainbat adituk erran dutelako ez dela segurua, eta herritarrok ere zuzenean ikusi ahal izan ditugulako Esako magaletan agertu diren pitzadurak eta arrakalak. Zer gertatu zen Esan? Urbanizazioa hustu behar izan zuten lur mugimendu baten ondorioz. Segurua zela erraten jarraitu zuten, baina azkenean etxe horiek desjabetu egin dituzte. Arazoak begi bistakoak dira.

Sortu berri duten batzorde hori Ebroko Ur Konfederazioaren oraingo presidente Raimundo Lafuenteren ekimenez egin dutela uste duzu?

Ezin dugu ahaztu Lafuente zela Esa handitzeko lanen zuzendari. Aurreko presidentearekin ez zen inoiz halako bilerarik egin. Uste dut batzordea osatu dutela proiektu horrekin kontent direnen babesari eusteko. Engainatu dituzte, nire ustez; ureztatzaileek uste dute, adibidez, Esa handituta behar duten ura izanen dutela. Baina ez dituzte hainbat adituk mahai gainean jarri dituzten alternatibak aztertu ere egin nahi. Merkeagoak dira, eraginkorragoak, eta kalte gutxiago eraginen liokete ingurumenari. Baina ez dute horretaz ohartu nahi.

Segurtasun arazoez ere ez?

Ez diete alternatibei so egin nahi. Eta gu gaude erdian. Presatik behera bizi garen herriok bizi gara urtegia handitzeko lanek eragiten duten arriskuarekin. Presatik gora, berriz, sekulakoa da proiektuak ingurumenean eragin duen kaltea. Artiedan izan nintzen lehengoan, eta etsita itzuli nintzen handik. Artadiak txikitu dituzte.

Itoizko urtegia egiten ari zirenean sortu zuten proiektu haren aldeko Uraren Plataforma. Haren antza du Esako batzordeak?

Ekartzen dit gogora, bai, Itoitzen gertatu zena. Plataforma hori, bai eta sortu zuten Itoizko Urtegia-Nafarroako Ubidea Fundazioa ere. Udalei sariak ematen zizkien fundazioak, haien babesaren truke. Orain sortu duten batzorde hau antzekoa dela iruditzen zait. Batere argia ez den modu batez betikoei egin nahi die mesede.

Haiei mesede; kontra zaretenoi?

Atzera egin dezagun lortu nahi dute. Etxean nahi gaituzte herritarrak. Ez dute udalon eta herritarron oposiziorik nahi. Kontuan hartu beharko lukete Nafarroako Gobernua babesten duten taldeak ere urtegiaren aurka agertu zirela, hauteskundeen aurretik. Eta batzordearen bileran ere, entzun behar izan zituen Ebroko Ur Konfederazioak kontrako ahotsak. Ez zuten dena alde izan. Zaragozako Udaleko zinegotzi Teresa Artigas, adibidez, kontra agertu zen. Zalantzak agerikoak dira.

Nola bizi duzue, paretatik behera, egoera hori?

Ez gaude lasai. Eta zaharrak, batez ere, beldur dira. Gerta daitekeenaren beldur. Inor ez dago lasai. Denok bizi gara kezka horrekin. Larrialdi plana badugu, baina hori ez da konponbidea. Herria hustu beharko genuke, zerbait gertatuz gero, eta herritarrak Galipentzuko goiko aldera eraman.

Herria bitan zatituta dago, ezta?

Galipentzuk bi herrigune ditu, bai, bata bertzetik sei kilometro ingurura. Herri zaharra goian dago; eta berria, nolabait erranda, ibarbidean, ibaitik hurbil. Alde horri eraginen lioke Esan gerta daitekeenak.

Larrialdi plana udalak prestatu du?

Bai, udalon ardura da. Kontua litzateke herritarrak goiko aldera eramatea. Talde bat osatu dugu, zeregin horretarako. Herrian 115 pertsona inguru daude erroldatuta. Zenbaitek Iruñean egiten dute lan. Egoera, beraz, ezberdina litzateke egun batean edo bertzean, baina uste dugu 60 pertsona inguru mugitu beharko genituzkeela.

Eta zer epe izanen zenukete hori egiteko?

Ordubete inguru, konfederazioak berak, eta Esa + Ez Lanak Gelditu taldearekin ari diren geologoek egindako txostenen arabera. Tristea da. Ni solidarioa naiz. Baina ez zait ongi iruditzen ustezko elkartasun hori eskatzea, betikoei mesede egiteko. Are gutxiago gure segurtasuna badago jokoan. Eta kasu honetan hori gertatzen ari da.

Zein neurritan baldintzatzen dute Esa handitzeko lanek zuen egunerokoa?

Guri lanek ez digute eragiten. Guri eragiten digu segurtasun ezak. Galipentzuk bi arazo nagusi ditu; bat da Esa, eta bertzea Itoitz. Itoitzen zerbait gertatuko balitz, guri eraginen liguke.

Itoizko segurtasun arazoez gutxi hitz egiten da jada, ordea.

Bai, baina mehatxuak hor jarraitzen du. Ezin dute ziurtatu deus gertatuko ez denik. Baina hori da zabaltzen duten mezua. Eta gertatzen bada? Badira hainbat kasu: Biescas; Tousko presa, Vajontekoa, Italian...

Joan al da jendea herritik, beldurrez?

Gertatzen da aurrera egin bertze erremediorik ez dugula. Borrokan jarraituko dugula argi dugu, eta gure herrian bizi nahi dugula ere bai. Orain, bikote gazte batek landa hotela zabalduko du herrian. Arrisku bat da? bai. Baina aurrera egiten ez badugu, desagertuko gara.

Nafarroako Gobernuak proiektua gelditzeko zerbait egin dezakeela uste duzu?

Presioa egin beharko luke, handitzea bertan behera uzteko. Segurtasunik ez dagoelako.