Iritzia: «Aske izan arte»

Irailaren 10ean hil zen. Hil zuten, erail. Bizitza lapurtu zioten, haurdun zegoela. El Salvadorren zebilen lanean, borrokan, FMLNko kideekin batera. Medikuntza ikasketak amaitu berri zituen, eta Gares txikitik itsasoa zeharkatzea erabaki zuen, utopiaren bidean zeuden beste batzuekin ere lan egiteko. Internazionalismoak eraman zuen haraino. Ezagutu zutenengan mirespena ikusten da hari buruz galderak egiten dizkiegunean.

1990ean hil zuten Begoña Garcia Arandigoien, Alba. Herri mugimenduak bizirik gorde du haren memoria herrian, Garesen. Udalak ere alaba kutun izendatu zuen, eta zubi berriaren azpian ditu berari eskainitako plaza, plaka eta murala. Haren omenez egin izan dira, halaber, Cómo no quererte, Alba! liburua eta La lluita a la motxilla dokumentala.

Bortizki bortxatu, torturatu eta hil zutenean batzuk jaio gabe geunden oraindik. Harritzen nau nolako lotura sortu dugun berarekiko, Alba zenarekiko. Pentsatzen dut geure ideia propioa garatzen joan garela, eta norberak Begoñaren irudi desberdina dugula. Ezin da ukatu herriaren oroimenean segituko duela urte luzez.

Hogeita bost urte bete ziren duela bi aste, eta omenaldia egin genion bere plazan. Emozioz betetako uneak izan ziren, eta bertan, Emakumeen Mundu Martxako ereitea egin genuen. Haren ondoan. Landatu genuen zuhaitza Begoñarekin haziko da. Izan ere, lurraren zati bat hura erail zuten tokitik bertatik ekarri zen.

Oroimenak egiten gaitu, memoria kolektiboak. Ezinbestekoa da geure genealogiak ezagutzea, nondik gatozen, zertarako egiten dugun egiten duguna, nora joan nahi dugun. Begoñak lagundu digu, pixka bat bada ere, bidea argitzen. Lagundu digu, eredu delako orain ere. Beste asko diren moduan. Begoñak beste mundu batekin egiten zuen amets, beste askok egiten dugun moduan.

Emakumea zen. Iruditzen zait bizirik egonen balitz geure arteko sareak fintzen, lotzen ibiliko zela. Uste dut hura ere feminismoaren harietan kiribildurik ibiliko zela. Astelehenean, irailaren 28an, Euskal Herrira etorriko den Emakumeen Mundu Martxaren antolaketan parte hartzen ibiliko litzateke, seguru nago. Bere herrian ibiliko zen egun hartan, batetik bestera.

Tafallatik joanen da martxaren karabana Garesera, astelehen eguerdian, 13:30ean. Eta ongietorria, nola ez, Begoñaren plazan eginen diogu, non bestela? Ezin da toki hoberik izan geure aldarrikapenak ozen entzun daitezen. Burujabetzaren bila goaz, eta askatasuna dugu helburu, guztiak libre izan arte. Elkartasuna eta internazionalismoa ardatz hartuta, martxan jarraituko dugu. Guregatik, eta baita zuregatik ere, Alba. Baita zuengatik guztiengatik ere.

«Rodezno plazari izena aldatzea lehen pausoa besterik ez da»

«Rodezno plazari izena aldatzea lehen pausoa besterik ez da»

Rodezno kondearen plaza, Imaz anaien kalea, Irurita gotzainaren plaza, Victor Pradera eskola... Legeak kontrakoa adierazi arren, izen frankista asko gelditzen dira oraindik kale-izendegietan. Horiez gainera, laureadak, arrano inperialak eta falangisten geziak ere ikus daitezke hainbat eraikin publiko zein pribatutan. Iruñeko Udalak urrats garrantzitsua egin du horiek desagerrarazteko bidean, eta, besteak beste, Serapio Esparza izena jarri dio orain arte Rodezno kondearen plaza zenari. Oroimenaren Autobusa elkarteko kide Carlos Otxoak (Iruñea, 1952) begi onez hartu du erabakia, baina ohartarazi du frankismoaren ikurrak ezabatzeko bidea ez dela amaitu.

Zer iruditu zaizu Iruñeko hainbat kale izen aldatzeko erabakia?

Lehenik eta behin, argitu nahi dut orain esanen dudana nire iritzi pertsonala dela, eta ez Oroimenaren Autobusa elkartearen jarrera ofiziala. Oro har, uste dut elkarteko kide gehienon iritzia antzekoa izanen dela, baina asko gara, sentsibilitate eta ideologia desberdinak ditugu, eta ez dugu balorazio bat adosteko astirik izan. Hori esanda, aitortu behar dut Rodezno kondearen plazari izena aldatuko diotela jakiteak sekulako poza eman didala. Bazen garaia. Udal gobernu taldea osatzen duten alderdiek urrats garrantzitsua egin dute kolpisten ikurrak behin betiko desagerrarazteko bidean.

Memoria historikoaren aldeko elkarte batzuek kritikatu egin dute erabakiaren kontsentsu falta. Zer uste duzu zuk?

Tira, egia da halako neurriak kolektibo eta eragile guztiekin hitzartu beharko liratekeela, eta espero dezagun aurrerantzean hala izatea. Ni baiezkoan nago. Bakearen eta Elkarbizitzaren Batzordea eratu nahian dabil udala, eta badirudi hor aukera izanen dugula parte hartzeko. Gure elkarteak aspaldi adierazi zuen memoriaren aldeko batzorde baten beharra dagoela. Ea behin betiko atzean uzten dugun dekretu bidez gobernatzeko ohitura.

Amaitutzat eman al daiteke ikur frankisten kontrako borroka?

Ez, ezta hurrik eman ere. Asko dago oraindik egiteko. Kale izen batzuk aldatu dira, baina ikur frankista ugari gelditzen dira oraindik, bai Iruñean baita beste herri askotan ere. Rodezno kondearen plazari izena aldatzea lehentasunetako bat zen, jakina. Pertsona krudela zen, frankismoaren ikur nagusienetako bat, eta milaka heriotza zigor sinatu zituen militarra. Hiltzaile bat, finean. Hala ere, hortxe ditugu oraindik Victor Eusa kalea eta Victor Pradera ikastetxea; Iruñeko hilerriko txoko batean, gainera, gorazarre egiten zaie 1936ko kolpistei, eta hori ere irain bat da frankismoaren biktimentzat eta urte hauetan guztietan justiziaren alde borrokatu garenontzat.

Zer iruditzen zaizu Rodeznoko Kondea ordezkatzeko hautatu duten izena?

Serapio Esparza ez da oso ezaguna Iruñean, baina ez zait aukera txarra iruditzen. Seguru asko, nik beste bat hautatuko nukeen; memoria historikoarekin lotura handiagoa duen bat. Baina uler dezaket zergatik aukeratu duten.

Zergatik?

Bada, nire ustez, eskuinari aitzakiarik ez emateko. Aldarrikapen kutsua duen izena jarri izan balute, errebantxismoz jokatzea leporatuko liekete. Baina Serapio Esparza arkitektoa zen, EAJkoa, Iruñeko II. Zabalgunea diseinatu zuen... Eskuindarrek helduleku gutxi dute horri kontra egiteko.

Beste kale izen batzuk ere aldatu dituzte. Besteak beste, Maravillas Lamberto izena jarriko diote Lezkairuko plaza bati.

Hori bai, hori da gehien gustatu zaidan neurria. Oroimen historikoaren ikur bilakatu da Maravillas. Premiazkoa zen haren omenez zerbait egitea.

Serapio Esparza plaza berrian Erorien Monumentu frankista dago oraindik.

Hori da hurrengo erronka, bai. Eraikinaren izen ofiziala, gaur egun, Rodeznoko Kondea erakusketa aretoa da, eta hori ere aldatu beharko dute.

Izena bakarrik? Ez al dute monumentua eraitsiko?

Egia esan, ez dakit zer asmo duen udal gobernu taldeak, eraikina bota ala espazioa birmoldatu, baina egiten dutena egiten dutela, memoria historikoa aintzat hartuko duen espazio bat sortu beharko litzateke hor. Askatasunaren aldeko borrokalariak eta historiografia ofizialak baztertutako pertsona guztiak omentzeko gune bat.

Zuk zer eginen zenuke, monumentua bota ala erabilera berri bat eman?

Auzi horrek eztabaida piztu du memoria historikoaren aldeko ekintzaileen artean. Nik neuk ere ez dut batere argi. Duela pare bat urte galdetu izan bazenit, seguru asko eraistearen alde eginen nukeen. "Emadazu pikotx bat, eta nik neuk botako dut!", erantzunen nukeen. Baina gaur egun zalantza daukat, oroimen historikoaren interpretaziorako zentro bat eraiki daitekeelako bertan.

Diotenez, balio arkitektoniko eskasa dauka monumentuak...

Ez nator bat baieztapen horrekin. Arkitektura totalitarioaren adibide garbi bat da, eta hori ere interesgarria izan daiteke, hurrengo belaunaldiei diktaduraren horroreak erakuste aldera. Kupula, zutarri erraldoiak... Halako eraikin beldurgarri gutxi ditugu Nafarroan. Egia da, bestalde, Erorien Monumentuaren gisako espazio bat zaharberritzea eta erabilera berriak ematea oso zaila dela... Ez da lan samurra izanen, baina nik bi gauza ditut garbi: alde batetik, memoria historikoarekin lotura izan beharko duela aurrerantzean; eta, bestetik, beste ezer baino lehen eraikina garbitu egin beharko dutela.

Garbitu?

Bai, hitzaren zentzu zabalenean. Monumentuaren barruan dauden ikur frankistak, gurutzadaren goraipatzea... Zikinkeria hori guztia kendu egin behar da. Eta, bestetik, elizaren azpiko kriptan lurperatuta daude Emilio Mola eta Jose Sanjurjo militar kolpistak. Gorpu horiek hortik atera behar dira lehenbailehen.

Urte asko eman dituzue frankismoaren biktimentzako egia, justizia eta ordaina eskatzen. Haize kontra ari zinetela sentitu al duzue?

Bai, elementuen kontrako borroka etengabea izan da. Lan gogorra egin behar izan dugu, ahaztutako pertsona horien guztien duintasuna eta oroimena berreskuratzeko, eta instituzio gehienak aurka izan ditugu. Askok galdetu izan didate: "Zergatik segitzen duzue hautsak harrotzen? Zergatik ez duzue iragana bakean uzten?". Nik zera erantzuten diet: iraganari buruz hitz egiteari utziko nioke, hain gaurkoa izanen ez balitz. Gaurkotasun itzela du iraganak, eta ezinbestekoa da egungo egoera ulertzeko. Eta plaza bati Maravillas Lamberto izena jartzen diotela ikusten duzunean, ulertzen duzu zerbaitetarako balio izan duela honek guztiak.

Aterpea atontzeko lanean

Aterpea atontzeko lanean

Hutsik dagoen gela bat daukat etxean, bertan aterpea ematen ahal diet behar dutenei"; "etxean tokirik ez, baina ekarpen ekonomiko txiki bat egin dezaket nik"; "badakit arabiera pixka bat; ez dakit baliagarria suertatuko zaizuen". Siriako gerraren ondorioz errefuxiatuen krisiak eztanda egin zuenetik, etengabeak dira gobernuz kanpoko erakundeek jasotzen dituzten elkartasun mezuak eta telefono deiak. Emateko asko ez, baina bihotza bete ilusio duen jendea da, hein handi batean, bere burua eskaini duena. Gainera, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala errefuxiatuak hartzeko prest agertu zirenetik, gora egin du eskaintzen kopuruak, GKEen aurreikuspenak gainditzeraino. "Nafar gizartearen erantzuna hunkigarria izan da", laburbildu du Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareko presidenteorde Eduardo Jimenez iruindarrak.

Gobernuak eta udalak hartutako erabakia positiboa izan dela adierazi dute elkarte eta eragile sozialetako arduradunek, baina ohartarazi dute lehen pausoa besterik ez dela, eta segur aski, bidea luzea eta malkartsua izanen dela. "Bai Nafarroako Gobernuak bai Iruñeko Udalak aurrera urrats bat egin dute errefuxiatuen auzian, eta hori pozgarria da guretzat. Errefuxiatuekiko diskurtsoa moldatzen lagundu dute, eta hein batean, Espainiako Gobernuaren jarrera aldatzeko lagungarri izan dira", esan du Jimenezek. "Errefuxiatuen kuotak ezartzen dituen eztabaida lotsagarri horren erdian, elementu positiboa izan da nafar instituzioen jarrera. Pertsonak salerosgaien gisara tratatuak dira Europako estatuen artean, eta hori ikusirik, Nafarroako erakunde publikoek hartutako erabakiak balio izan du 'aski da' esateko". Iritzi horrekin bat egin du Patricia Ruiz Munduko Medikuak erakundeko ordezkariak ere: "Estatuaren diskurtsoa eraisteko balio izan du, frogatu baita laguntza ematea eta hiriak babesleku bihurtzea ez dela utopikoa, erabat egingarria baizik".

Administrazioaren jarrera txalotu arren, ordea, SOS Arrazakeria taldeko ordezkari Beatriz Villahizanek gogorarazi du harrera egitasmo horietako asko "beranduegi" heldu direla, eta borondateaz gainera, neurri konkretuak beharko direla afera konpontzeko. "Erantzun espontaneoak, asmo onekoak izan arren, ez dira nahiko krisiari aurre egiteko; beharrezkoak izanen dira ongi egituratutako egitasmoak, irtenbidea iraunkorra izan dadin".

Gobernuarekin elkarlanean

Irailaren 2an, Iruñea hiri babesleku bihurtzeko asmoa agertu zuen udalak, eta hurrengo egunean, antzeko erabakia plazaratu zuen Nafarroako Gobernuak ere, herrialdeak "200 bat errefuxiatu" hartzeko gai izanen dela adierazita. Handik egun gutxira egin zituzten lehen bilerak gobernuz kanpoko erakundeekin. "Lehen kontaktuak egiteko balio izan zuten bilera horiek", dio Ruizek.

Nafarroako Gobernuak, gainera, lan saioa baliatu zuen Espainiako Atzerri Ministeriotik jasotako informazio guztia erakunde sozialei helarazteko. "Madrilek emandako informazioa oso eskasa zen, eta agerian gelditu zen Europako estatuek ez dutela neurria eman, erreakzio gaitasun urria izan dutela, eta mantsoegi ari direla erabakiak hartzen. Hala ere, lehen urratsak egin genituen bilera hartan. Besteak beste, zerbitzu guztiak Nafarroako Gobernuan zentralizatzea erabaki genuen".

Bilera horietan argi gelditu zen, gainera, Madrilen erabakiek baldintzatuko dituztela harrera planaren nondik norakoak, eta horrek, gainera, prozesu osoa luza dezakeela. "Airean dago dena oraindik: zein izanen da etorriko diren pertsonen egoera juridiko-administratiboa? Paperak emanen dizkiete? Errefuxiatu izaera aitortuko diete?", galdetu du Jimenezek. Haren irudiko, galdera horiei erantzuna eman arte, gutxieneko koordinazio lana besterik ezinen dute egin eragile sozialek: "Oso goiz da oraindik aurreikuspenak egiteko. Ez dakigu [errefuxiatuak] zenbat diren, nortzuk diren, noiz etorriko diren, luzerako etorriko diren ala ez, zeintzuk diren haien beharrizanak... Kontingentzia plana orain diseinatuko bagenu, gerta liteke gero ezertarako balio ez izatea, ez legokeelako migratzaileen beharretara egokitua".

Munduko Medikuak eta SOS Arrazakeria erakundeetako arduradunen esanetan, berriz, kontzientziazio lan handia egin daiteke, Madrilen erabakien zain egon gabe. "Gauza asko egin ditzakegu: kalera atera, egoera salatu, sentsibilizazio kanpainak egin, informazioa eman... Ezinbestekoa da jarrera hori, Europak eta Espainiak aplikatzen dituzten migrazio politikak aldatuko baditugu", adierazi du Ruizek.

Haren ildo beretik, salaketaren eta kontzientziazioaren beharra ere azpimarratu du Villahizanek: "Gizartearen erantzuna gauza ederra da, baina hori bideratu beharra dago; instituzioak behartu egin behar ditugu, dagokien lana egin dezaten". Izan ere, SOS Arrazakeria taldeko eledunaren esanetan, erakunde publiko guztiek izan beharko lukete migratzaileei babesa emateko plan bat. "Euren betebeharra da. Nazioarteko arauak eta legediak sinatu dira zentzu horretan, baina egungo errealitatea oso bestelakoa da: pertsonen eskubideak mutilatzen dituen atzerritartasun lege bortitza daukagu, muga zurrunak, Frontex... Gaur egun, herritar askorentzat Europara etortzeko legezko biderik ez da existitzen. Eta jendeak ezagutu behar du errealitate latz hori".

Beharrak eta baliabideak

Europako gobernuek etorkinen kuotaz eztabaidatzen duten bitartean, Nafarroako administrazioa hasia da lanean, eskura dituen baliabideak zerrendatzen. Hala, migratzaileei babesa eskaini nahi dieten herritarrek telefono bakar bat izanen dute aurrerantzean —012—, laguntzaileen zerrendan izena emateko. "Oinarri-oinarrizkoena bizitokiak bilatzea da, bizimodu duina bermatuko duten azpiegiturak behar direlako. Eta horrekin batera, elikadura, osasuna eta bertako hizkuntzen ezagutza ere bermatu behar dira. Adingabeen kasuan, gainera, hezkuntza eskubidea ere kontuan izan behar da, eta, beraz, hezkuntza sisteman txertatu behar dira", azaldu du Eduardo Jimenezek.

Hori guztia migratzaileen eskura jartzea, ordea, administrazioen ardura dela berretsi du Ruizek. "Pertsonei eskubideak aitortzea eta bermatzea gobernuen lana da; ez dezagun hori ahaztu. Zergak ordaintzen ditugu, hain zuzen, gobernuek euren betebeharrak egin ditzaten, eta horietako bat da, hain zuzen, errefuxiatuei laguntza ematea".

Horregatik guztiarengatik, GKEetako ordezkariek hainbat aholku eman nahi dizkiete lagundu nahi duten herritarrei. "Jendeak jakin behar du larrialdi egoera ez dagoela hemen, Hungarian, Libanon edo Turkian baizik. Herritarrek laguntza eman nahi badute, akaso eraginkorragoa izanen da lurralde horietan lanean diren erakundeak diruz laguntzea", azaldu du Jimenezek. "Horrekin ez dut esan nahi jendearen elkartasuna eskertzen ez dugunik. Aitzitik, hunkigarria iruditzen zait, gutxien duen jendea baita laguntzeko prest agertu ohi dena. Baina beharra, gaur egun, ez dago Iruñean, errefuxiatuen kanpalekuetan baizik".

Horrez gainera, pazientzia izateko eskatu diete boluntarioei. Ruizen irudiko, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala eta beste zenbait erakunde prestatzen ari diren harrera prozesua ez da batere erraza eta, seguruenik, asko luzatuko da: "Gogoan izan behar dugu hona datozen errefuxiatuak ez datozela bizpahiru asterako. Asko eta asko hemen geldituko dira hainbat urtez. Hori da, behintzat, ohikoena. Beraz, etxebizitza eskaintzen duenak jakin behar du epe luzerako izanen dela. Integrazio prozesu bat da, azken finean".

Azken eskaera bat egin die Villahizanek herritarrei, baina batez ere, erakunde publikoei: "Errefuxiatuen dramaren ondorioz, ez dezatela ahaztu beste hainbat pertsonak ere premia larriak dituztela, eta denon laguntza behar dutela. Sailkapen arriskutsua egiten hasiak dira batzuk, Siriako errefuxiatuen eta gainontzeko migratzaileen artean. Ezin ditugu lehen eta bigarren mailako pertsonak sortu, denek baitituzte eskubide berberak".

«Ez dugu atez atekoa ezartzeko asmorik; oraingoz, ez»

«Ez dugu atez atekoa ezartzeko asmorik; oraingoz, ez»

Alde handia dago herri bateko zinegotzi izatearen eta Iruñerriko Mankomunitateko buru izatearen artean, baina Aritz Aiesa (Iruñea, 1978) gogotsu dago lanean hasteko. Mankomunitatea "aldaketarako tresna" izan daitekeela uste du.

400 langiletik gora, 360.000 erabiltzaile baino gehiago, aurrekontu itzela... Ur handitan sartu izanaren sentsazioa izan al zenuen kargua onartzean?

Ilusioa sentitu nuen, batez ere. Ilusio handia, lan egiteko aukera ederra baita. Finean, aldaketarako lan tresna izan daiteke mankomunitatea. Garraio publikoan, hondakinen bilketan... Oro har, orain arte egindako lanean harago joan gaitezkeela uste dugu, irizpide ekologikoak ardatz hartuta. Aukera ederra dugu bestelako ikuspegi bat hedatzeko.

Mankomunitatearen presidentetzarako hautagai bana aurkeztu zenuten EH Bilduk eta Geroa Baik, eta horrek polemika piztu zuen. Nolakoa da bi koalizioen arteko harremana?

Ona. Guk akordio sendo eta zabal bat lortu genuen programa baten inguruan [EH Bilduko ordezkariez gainera, Podemos-Ahal Dugu, Aranzadi eta Ezkerra alderdiek nahiz hautetsi independenteek sinatu zuten], eta erabateko asmoa genuen Geroa Bairekin ere bat egiteko. Baina haiek badute lan ildo bat, eta guk, berriz, geurea. Hala ere, adostasuna bilatuko dugu aurrerantzean ere, programa ardatz hartuta.

Askok uste zutenaren kontrara, mankomunitateko presidentea hautatzeko bozketan, babes zabala jaso zuen zure hautagaitzak. Konfiantza ematen dizue horrek?

Izugarri pozik gaude izandako sostenguarekin. 26 boto jaso genituen [11 boto lortu zituen UPNk, eta PSNk, berriz, lau], eta hori sekulako marka da. Finean, programan oinarritutako hautagaitza da hau, eta gainontzeko taldeekin negoziatzen eta neurriak adosten segitu nahi dugu, baita Geroa Bairekin ere.

Zer da ugariago Geroa Bairen programaren eta zuenaren artean, adostasun ala desadostasun puntuak?

Bada, egiaren aitortzeko, hasiera batean uste genuena baino handiagoa da gure arteko adostasun maila. Besteak beste, bat egiten dugu zerbitzu publikoen aldeko apustuan.

Garraio publikoarena da jakin-min handiena piztu duen proiektuetako bat. Duela gutxi aurkeztu zen zirriborro bat hiri garraioa iraultzeko. Zein puntutan dago proiektu hori?

Gure asmoa da zirriborro horren gainean lan egitea eta Nafarroako Gobernuaren finantzaketa lortzea. Izan ere, behar-beharrezkoa da garraio publikoaren eredua goitik behera aldatzea. Buelta ematea. Garraio mota hori eraginkorrago bihurtzea da erronka: lineak aldatu, inguruko herri txikiak hiriburuarekin lotu, billabesendako bideak sortu... Berez, bi proiektu daude mahai gainean, bata garestiagoa eta anbiziosoagoa; eta bigarrena, xumeagoa. Bi horien gainean erabaki behar da orain. Edonola ere, prozesu parte hartzaile baten ondorio izanen dira bata zein bestea.

Hondakinen kudeaketak ere zeresan handia eman du, eta badirudi polemika iturri bihurtu dela, EH Bildu agintera heldu baino lehenagotik ere...

Horri dagokionez, gure planteamendua argia da: Europak ezartzen duen zero zabor helburura iritsi nahi dugu. Eta, horretarako, lau irizpide izanen ditugu: berreskuratzea, birziklatzea, berrerabiltzea eta hondakinak murriztea.

Eta irizpide horien barruan sartzen da hondakinen atez ateko bilketa ere?

Ez, oraingoz ez. Iruñerrian zabaltze bidean da bosgarren edukiontziaren egitasmoa, eta datuak ongi dauden arren, bide horretan askoz gehiago sakondu beharra dagoela iruditzen zaigu. Horregatik, une honetan, atez atekoa ezartzea ez dugu aurreikusten.

Zenbait berripaperek argitaratu dute EH Bilduk Itoizko urtegiko ur emaria "moztu" nahi duela Iruñerrian. Egia al da hori?

Eskuinak izuaren mezua zabaldu nahi du, baina errealitatea oso bestelakoa da. Urari dagokionez, afera oso sinplea da: Iruñerriak kanon izugarria ordaintzen du Itoizko ura erabiltzeko aukerarengatik, eta hori da argitu nahi duguna. Orain arte, milioi bat euro ordaintzen genuen urtean; eta hil honetan bertan, %15 garestitu digute tarifa, 1.152.000 eurora. Horren arrazoia jakin nahi dugu, aukerak berraztertu eta berriz negoziatu.

Aipatu dituzunaz gainera, zeintzuk dira programan aipatzen diren beste lan ildoak?

Alde batetik, Iruñerriko ibai parkearen bidea handitu nahi dugu, eta, bestetik, antolakuntzan, funtzionamendu berri bat ezarri nahi dugu: gehiegizko presidentzialismotik ihes egin eta ardurak zinegotzien artean banatu, gure koaliziokideak izan ala beste talde politikoetakoak izan.

Urte luzez, mankomunitateak FCCren gisako enpresa handiei adjudikatu dizkie zerbitzu asko: garraioa, hondakinen bilketa... Hori berrikusteko asmorik ba al duzue?

Bai. Ene ustez, kontrata handiak berraztertu behar dira, batez ere. Hondakin bilketa kudeatzeko kontratua iraungi zenean, beste lehiaketa bat egin zen, baina enpresa batek helegitea jarri zuen, eta prozesua stand-by moduan dago orain, auzibidean, ez aurrera ez atzera. Horrekin zer egiten dugun ikusi beharko da orain, auzia konponbidean jarri arte kontratua luzatuta baitago. Gure asmoa, behinik behin, kudeaketa publikorantz jotzea da.

Zergatik?

Kalitatea hobetzeaz gainera, merkeagoa ere izan daitekeelako. Hondakinen bilketaren kudeaketa publikoa oso eskura dugu, gainera, baliabide guztiak mankomunitatearenak direlako: azpiegiturak, kamioiak... Kudeaketa hutsa da esleitua dagoena.

Eta eperik ezarri al duzue?

Bada, hondakinen bilketarena epe laburrean konpondu beharko dugu. Garraio publikoaren kontratua, berriz, 2019. urtean amaituko da; beraz, denbora dugu publifikazio prozesua ongi antolatzeko.

Herritarrengandik “gertuegi”

Iruñeko hiltegia lekuz aldatzeak ika-mika piztu du Noain, Beriain eta Getzeko (Galar) bizilagunen artean. Orkoiengo errepidean, Iruñeko mugen barruan dago egun enpresa hori, eta urteak daramatza egoitza nagusia lekuz aldatzeko asmoarekin. Asmo hori begi onez ikusi zuen bere garaian Iruñeko Udalak, eta martxan jarri zuen prozedura. Hasiera batean, hiltegia Iruñetik ateratzeko epea 2014ko abenduaren 31n ezarri zuten. Iazko urrian, ordea, 2016ko abenduaren 31ra arte luzatu zuten epe hori. Ordurako beste leku batean beharko du enpresak, bere jarduerarekin jarraitu nahi badu.

Beste leku hori Getzeko herrigunetik eta Beriain zein Noaingo udalerrietatik gertu dago, eta horrek sortu du inguruko bizilagunen haserrea. Galarko Udalak Getzeko Meseta industrialdean —19.000 metro koadroko eremuan— instalazioak eraikitzen hasteko baimena eman zion hiltegia kudeatzen duen Protectora de Carnes SLU enpresari, joan den ekainaren 2an. Prozeduran izandako balizko hutsegiteen inguruko kritikak zirela-eta, bere burua defendatu zuen udalak: legea goitik behera bete izana defendatu zuen, eta AESA Espainiako Aire Segurtasun Agentziaren zein Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritzaren baimenak zituela argudiatu zuen.

Bizilagunak, ordea, kexu dira, hiltegia haien etxeetatik gertuegi eraikiko delako. Getzeko lehenengo etxeetatik 400 metro ingurura egongo dira instalazioak, Beriaindik 900 metrora, eta Noaindik 1.000 metrora baino gutxiagora. Hiltegiak eragingo duen kutsadurak kezkatzen ditu. Batetik, hondakinek hegazti sarraskijaleak, karraskariak eta intsektuak erakarriko dituztela uste dute. Bestetik, jarduerarako beharrezkoa den uraren kutsadura aurreikusten dute. Gainera, fabrikak airean eragin dezakeen kutsaduraz eta, bereziki, usainaz kexu dira.

Hori guztia dela eta, hiltegiko proiektuaren aurkako plataforma osatu dute kaltetuak izango diren herritarrek. Plataforma horretako bozeramaileetako bat da Rafa Ruda. Hasieratik argi utzi nahi du bere taldearen aurkakotasunaren oinarria: "Hiltegiaren kokapenaren kontra baino ez gaude. Gure plataforma ez dago hiltegiaren industriaren kontra, ez eta ganaduzaleen kontra ere. Oraingo egitasmoak duen kokapenaren kontra gaude". Dioenez, frankismo garaian bazen halako industrien kokapena arautzen zuen legedirik; horren arabera, populazio eremuetatik gutxienez bi kilometroko distantziara kokatu behar ziren hiltegien instalazioak. Gaur egun, ordea, ez dago halakorik. Hortaz, "mota horretako industriak herrietatik hain gertu eraikitzeak herritarrentzako ezinegona" dakarrela uste du plataformako kideak.

Ez da hor bukatzen herritarren beldurra. Gaur egun, Iruñeko hiltegiak Arabako erraustegi batera bidaltzen ditu haragi hondakinak, bertan erre daitezen. Baina hori alda daitekeela uste dute herritarrek: Europako Batasuna arautegi aldaketa bat aztertzen ari da, hondakinak sortzen diren leku berean erre daitezen. Horrek, hiltegiarekin batera, erraustegi baten eraikuntza ekarriko luke, eta, ondorioz, baita "pertsonen osasunean kaltea" ere, Rudak dioenez. Badute zalantzarako arrazoi bat, gainera: batetik, instalazio berrietara egungo produkzioaren %20 baino ez eramatea aurreikusten du proiektuak, Rudak dioenez. Baina, bestetik, egitasmo berriak langile gehiago eta ordutegi zabalagoa izango du. Eta kontraesana ikusten du Rudak bi gauzen artean: "Ekoizpenaren %20 baino ez badu jasoko baina, aldi berean, ordu gehiagoz eta langile gehiagorekin arituko bada, zertan ibiliko dira?".

Oraingoz, herritarren susmo hori ukatu dute agintariek, ziurtatuz erraustegirik ez dela eginen. Baina ahoz baino gehiago "idatziz eta prentsaurreko batean" nahi du baieztapena Rudak.

Erabakiaren zain

Oraingoz, proiektuaren aurkako mobilizazioak abiatu ditu hiltegiaren aurkako plataformak. Uztailaren 4an, elkarretaratzea egin zuten Nafarroako Jauregiaren aurrean, eta, joan den astean, egitasmoaren aurkako 4.000 sinadura inguru aurkeztu zituzten Nafarroako Gobernuaren Tokiko Administrazio departamentuan. Herritarren babesaz gain, Beriaingo eta Noaingo udalen eta Getzeko kontzejuaren laguntza ere jaso dute, baina aurka dute Galarko Udala. Abuztuaren 25ean, gainera, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bildu ziren. Bileratik "oso gustura" atera zen Ruda, "interes handia" erakutsi zuelako Aznarezek.

Orain, Nafarroako Gobernuak proiektuari buruz hartuko duen erabakiaren zain daude herritarrak. Rudak dioenez, gobernu berriak erabakia irail erdialderako hartzeko konpromisoa erakutsi zien. Laster jakingo dute, beraz, zein den gobernuaren jarrera. Eta horren arabera erabakiko dute mobilizazioei eutsi edo, "arazoa betiko bukatzen bada, plataforma desegitea".

Hamaika kultura, hamaika kolore

Kolorez eta danbor hotsez beteko dira bihar Iruñeko karrikak. 11 Kolore Fest jaialdia atondu du, bigarrenez, EH 11 Kolore taldeak, eta hiriburua hamaika jatorritako herritarren bilgune bihurtuko da. Ijito herriko hainbat ordezkarik jaurtiko dute suziria —18:30ean, Udaletxe plazatik—, eta Ekialde Hurbileko errefuxiatuak ere izanen dituzte gogoan. Danbor martxak, dantzaldiak eta gastronomia uztartuko dira egitarauan.

NUP ere, harrera prozesuan laguntzeko prest

Nafarroako Unibertsitate Publikoak elkarlanerako deia egin dio Nafarroako Gobernuari, herrialdera etor litezkeen errefuxiatuen beharrizanei erantzuna emateko eta "gizarteratze prozesuan laguntzeko".NUPeko Internazionalizazio Errektoretzaordeak sustatu...

Nagusitik liderrera

Uda igaro eta gero bueltan gara, baina ez gara berdinak, ez gaude berdinak. Nafarroan egindako azken hauteskundeetan izandako aldaketaren fruituak dastatzen hasiak gara jada, eta liburutegietan ere badugu zer ospatu.

Erran bezala, ez gaude berdinak, eta aldatu dena, preseski, Nafarroako Liburutegien Zerbitzuko burua izan da. Orain arte genuen nagusia kendu, eta aurrerantzean lider bat izanen dugu. Horren erranahia? Ezinbertzean, goitiko aldaketa horrek behitikoan izango duela eragin gehien, liburuzainengan, liburutegiengan eta herriarengan.

Azken boladan lanbide-kideekin ez dago bertze gairik: poztasuna, irribarreak, emozioa eta galdera andana bat: Zer aldatuko dute lehen? Nondik hasiko dira? Nola egingo dute? Galdera horietan guztietan pentsatzen aurkitu dut neure burua behin baino gehiagotan lanerako bidean. Goizean goiz, egun berriari hasiera ematen, liburutegira bidean, eta ametsetan, irribarrez…

Hau bertzerik ez, jada aldaketa nabaria da, eta eskertzekoa da arras. Liburuzain gazteenok aunitzen aditu izan dugu, eta helduenak beraien artean: "Zuek ez dituzue Nafarroako liburutegien garai onak ezagutu", "(...) egin genuelarik han izan bazinate...!", "oroitzen zara urtero jardunaldi haietan elkartzen ginenean? Formakuntza ikastaroak ematen zizkigutenean?". Esaldi horiek guztia<k hainbat jenderi entzun izan dizkiot, baina batez ere orain buru dugun Asun Maestrori. Eta hortxe dago aldaketa. Hortxe irribarrea. Hortxe esperantza.

Txikitatik egon naiz liburutegien munduari lotuta, ama liburuzaina daukat, eta txikitatik Asun ezagutu. Etxean, ahizpa guztientzat da ezaguna, Iruñera joaten ginenean beti han baitzegoen, lan eta lan. Nire oroitzapenetan atzera eginda, beti lanez lepo agertzen zait, gauza berriak aztertzen, liburutegiei bultzada berri bat nola emango pentsatzen... Eta dena beti umiltasunez eta goxotasunez, "izeba Asun" izango balitz bezala.

Hazi nintzen, Bibliotekonomia eta Dokumentazioa ikasi nuen, Asnabin (Nafarroako Liburuzainen Elkartean) sartu nintzen. Eta Asunek han jarraitzen zuen, lehendabiziko lerroan beti bezala, kalitatezko liburutegi zerbitzu baten alde, hitzaldi, jardunaldi, ikastaro, greba eta herri aldarrikapenetan. Joan den ekainean Asnabiren 20. urteurrena Iruñeko Gazteluko plazan ospatu genuenean, han izan ginen Asun eta biok berak aukeratutako ipuin bat bion artean jendeari kontatzen.

Aurrerantzean geure burua izanen dela errateko, Benedettiren hitz batzuekin hasi zuen bere eskutitza, Alizia lurralde miresgarrian-en pasarte batekin batera. Ofizioa ezagutu eta, batez ere, maite duenaren seinale bikaina. Lider izatera datorrena, nagusi izango ez dena. Liburuzainak gogotsu gaude; herriak merezi duen kalitatezko liburutegi zerbitzua eskaintzeko bidean lehen pausoak ematen hasiak gara.

Pedro Zabalza: «Askorako ematen dute sanferminek, topikoetatik at»

Pedro Zabalza: «Askorako ematen dute sanferminek, topikoetatik at»

Sanferminetako edozein egunen antzera, Iruñeko erraldoien konpartsako kideak ateratzeko zain daude ehunka lagun. Txarli, ordea, erraldoiak gordetzen dituzten gelan giltzapetu da, eta ez du inor sartzen uzten. Urduritasuna nagusi da, inork ez baitaki zergatik ez diren erraldoiak ateratzen. Hortik abiatuta osatu du Pedro Zabalzak (Iruñea, 1970) Gigante lana, eta Gaiarre antzokiak sanferminei buruzko antzezlanen inguruan antolatutako lehiaketan irabazle izan da. Atzo aurkeztu zuten Iruñeko antzokian, arrakasta handiz. Erraldoien konpartsako kideen parte hartzea izan da berezitasun nagusia.

Nola erabaki zenuen lehiaketan parte hartzea?

Antzerki kritikaria izan naiz Diario de Noticias egunkarian, urte dezentetan. Pasio handiz bizi izan dut antzerkia. Aldi berean, asko gustatzen zait idaztea, eta, denetarik idatzi izan badut ere, azkenaldian geroz eta gustukoagoa dut antzerkia idaztea. Hori dela-eta hartu izan dut parte Gaiarre antzokiaren lehiaketan. Uste dut aurtengoa hirugarren parte hartzea izan dela, eta, oraingoan, saria eman didate.

Istorio bitxia jaso du zure lanak.

Askotan pentsatu izan dut nola egin sanferminekin lotutako zerbait. Gainera, proposamen ezberdinak egitea gustatzen zait. Sanferminek gai askotarako aukera ematen dute, eta, gainera, topikoetatik at egon daitezke. Alegia, ez du zertan zezenketa arratsalde bati buruzko lan bat izan. Pentsamendu horietan ari nintzela, ez dakit nola, Dog Day Afternoon filmarekin oroitu nintzen. Zapuztutako banku lapurreta baten istorioa kontatzen du filmak, eta lapurren eta kanpoan dagoen polizia baten arteko negoziazioa da ardatza. Iruditu zitzaidan ideia ona zela hori sanferminekin nahastea, eta erraldoien mundura jotzea horretarako. Alegia, planteatzea zer gertatuko litzatekeen norbait erraldoiekin giltzapetuko balitz, inori sartzen utzi gabe, eta, argumentuaren aitzakia horretatik abiatuz, istorio bat kontatzea.

Oso sanferminzalea al zara?

Uste dut zahartzen hasia naizela, baina bai, oso sanferminzalea izan naiz. Nik uste dut denei pasatzen zaiguna pasatu zaidala niri ere. Alegia, txikitan egunez bizi ditugu sanferminak, gurasoen eskutik goazelako. Urteetan aurrera egin ahala, gaueko bizitzan murgiltzen gara. Eta, gerora, berriro hasten gara egunez bizitzen. Hiri honetako edozein pertsonaren eboluzio arrunta da nirea ere.

Jatorrizko antzezlana aldatu da entseguak egin ahala. Erraldoien konpartsaren parte hartzea gakoa izan da.

Obraren argumentua, muina, bere hartan gorde da. Gauza bakarra egin dugu: erraldoien konpartsako jendearen istorioz betetako kontakizuna gehitu. Eta hori egiteko, mekanismo xume bat erabili dugu, oso berritzailea ere ez dena: antzerkia egin dugu antzerkiaren barruan. Hau da, errepresentazio bat dago antzezlanaren barruan, eta, hor, konpartsako kideak aktoreak dira, baina aldi berean baita pertsonaiak ere. Protagonista nagusiarena da salbuespen bakarra, pertsonaia da beti. Baina errepresentazio hori egitea oso mesedegarria izan zait, istorioak baduelako errealitatearen eta fikzioaren arteko nahasketa bat. Protagonistak arazoak ditu zer den erreala eta zer fikzioa bereizteko, eta, horretarako, lagungarria izan da hasierako testua biltzen duen antzezlan bat sortzearen ideia lagungarria.

Zer eman dio obrari konpartsako kideen parte hartzeak?

Erabat ezberdina litzateke aktore profesionalekin egin izan bagenu. Ziurrenik, aurretik aipatu dudan hori guztia, errepresentazioarena alegia, ez litzateke existituko, ez lukeelako zentzurik. Jatorrizko testua bete-betean errespetatu izango genuke, eta oraingoa bezain emaitza ona izango genuke, baina ezberdinak lirateke. Horregatik uste dut taularatzea dela azkeneko produktua: testua abiapuntua da, eta, hortik aurrera, jendearen ekarpenekin aberastuz joaten da; agian, norberak ikusi edo pentsatu gabeko gauzak ikusten dituztelako besteek.

Nolakoa izan da esperientziarik gabeko aktoreekin lan egitea?

Egia esanda, liluratuta nago haiekin, ikaragarrizko inplikazioa erakutsi dutelako. Arriskuak hartzeak ez ditu beldurtzen; are gehiago, gustatzen zaie.

Zer modutan kasu egin diozu antzezlanaren prestaketari?

Antzerkiaren zale porrokatua naiz ni, prozesu osoarena. Ez naiz aktorea, eta ez dut antzezlana zuzentzeko behar besteko gaitasunik, eta egiten saiatzen naizen bakarra idaztea da, xumeki. Baina antzerkia bere osotasunean gustatzen zaidanez, ikasteko aukera gisara hartu dut hau. Alde horretatik, prozesu osoan parte hartzea gustatzen zait, ikasteaz gain, balio didalako azken emaitza nik kontatu nahi izan dudanaren isla dela ikusteko.

Zer sentitzen da norberak buruan izandako istorio bat taularatua ikustean?

Urduritasunez bizi izan dut prozesua, baina baita ilusioz ere. Halere, ez da lehen aldia izan. 2009an, modu nahiko antzekoan, eta Gaiarre antzokiaren ekoizpenarekin, nik idatzitako antzezlan bat egin genuen, Virtual izenekoa. Ez du zerikusi handirik oraingoarekin. Tira, ongi pentsatuta, badu zerikusia (barreak). Hikikomori baten istorioa zen. Japonian bizirik duten presio soziala jasan ezinik beren logelan giltzapetzen diren nerabeak izendatzeko kontzeptua da hikikomori. Beren logelan bizi dira, eta bideo jokoetan aritzen. Beraz, ez du lotura zuzenik Gigante lanarekin, baina, zentzu batean, bi lanetako pertsonaiei antzeko gauzak gertatzen zaizkie. Eta bietan dago itxialdi baten istorioa, baita errealitatea onartzeko zailtasuna ere. Paralelismoa badago, nahiz eta ez naizen haren bila ibili.

Joseba Asiron: «Ez dugu anekdotikoak izateko asmorik; aldaketa iraunkorra nahi dugu»

Joseba Asiron: «Ez dugu anekdotikoak izateko asmorik; aldaketa iraunkorra nahi dugu»

Ion Orzaiz / Nafarroako Hitza Zabalik dira, parez pare, Iruñeko udaletxeko ateak. Batasunaren Pribilegioaren karira antolatutako egitarauaren barruan, udaletxea barrutik ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte, eta bisitari asko dabiltza harat eta honat, hiriburuko agintearen barrenak hurbiletik ezagutu nahian. Ospakizunaz harago, baina, udala herritarrei zabaldu beharra dagoela uste du Joseba Asiron alkateak (Iruñea, 1962). Horregatik, ekainean karguaren zina egin ostean, jendez...