Kaleratzerik gabeko “plan bideragarri bat” proposatu dute Faureciako langileek

Kaleratzerik gabeko “plan bideragarri bat” proposatu dute Faureciako langileek

Ez dago akordiorik ICF-Faureciako langileen eta enpresako zuzendaritzaren artean. Multinazionalak Burlatako lantegia ixteko hartutako erabakiaren ondotik, enpresaren bideragarritasuna defendatu dute behin eta berriro langileek, fabrikaren itxierari aurre egiteko. Orain, bideragarritasun hori erakutsiko lukeen plan bat aurkeztu dute. Astelehenean aurkeztu zion enpresa batzordeak zuzendaritzari, ahoz, eta asteazkeneko bileran erantsi zuten proposamenaren "bideragarritasuna" eta "legezkotasuna" erakusten duen dokumentazioa. Langileek aho batez onartu zuten plana.

Kaleratzerik gabeko eskaintza da sindikatuek egindakoa. Enpresako langile kopurua 70 ingurura jaistea nahi dute —190 dira gaur—. Horretarako, batetik, borondatezko bajak sustatzea proposatu dute, nahi duen langile orok lana utzi ahal izateko. Bestetik, Faureciak Burlatan zein Orkoienen dituen fabriketako langileei eragingo liekeen erretiro aurreratua hartzeko plana eskaini dute; horren arabera, 51 langilek hartu ahalko lukete erretiroa. Hirugarrenik, Burlatako langileak Orkoiengo lantegira eta Tecnoconfort enpresara eramatea eskatu dute. Azkenik, geratuko liratekeen ekoizpenak egin ahal izateko Orkoiengo lantegian eremu bat atontzea eta hara beharrezkoak diren langileak eta materiala eramatea eskatu dute. Ekoizpen hori Burlatako lantegian mantentzea ere onartuko lukete.

Ezberdintasun handiak

Langileen planak alde handiak ditu enpresak proposatutakoarekin. Asteleheneko bileran, oinarrizko eskaintza egin zuen zuzendaritzak, langileek "patetikotzat" hartu zutena. Alfredo Sanz langileen batzordeko presidenteak azaldu zuen proposamenaren funtsa: "100 kaleratze aurreikusten ditu, eta 70 langile lekuz aldatzea, baina horietatik 11 bakarrik Iruñerriko beste lantegietara". Sanzek gaineratu zuenez, Valladolidera (Espainia) eta Bartzelonara nahiz Valentziara (Herrialde Katalanak) eraman nahi ditu enpresak langileak. "Halakorik ezin dugu onartu". Enpresaren eskaintzak "140 eta 150 langile artean kalean uztea" dakarrela uste dute beharginek. 59 urtetik aurrerako langileen erretiro aurreratua ere proposatu du enpresak, baina hemeretzi langilek baizik ez lukete baldintza hori beteko.

Batzordearen plana defendatzeko eskatu diote langileek gobernuari. Asteartean aurkeztu zioten eskaintza Lourdes Goikoetxea Industria kontseilariari, eta, Ahotsa.info atariak dioenez, bideragarritasun plana langileek berek egin behar izatea salatu zuten, "are gehiago plan horrek ekoizpena Nafarroan geratzea, pertsona bakar bat ere kaleratua ez izatea eta multinazionalak dirua irabazten jarraitzea bilatzen duelarik". Plana onartzeko eskatu diote enpresari, eta hala egiten ez badu "negoziazio estrategia errotik aldatuko" dutela aurreratu dute. Gaur, manifestazioa egingo dute Burlatan, 19:30ean hasita.

“Komunitateak badu elkarren berri edukitzeko beharra “

Sarera eraman nahi du Euskalerria irratiak urteetan uhinetan landutako "topagunea". Horretarako, Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria (www.euskalerriairratia.eus ) jarri du gaur martxan. Juan Kruz Lakasta (Jaka, Espainia, 1970) esatariak hartu du, oraingoz, ardura nagusia.

Zer da Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria?

Euskalerria irratiak Tokikom-ekin (tokiko euskarazko hedabideen elkartea) elkarlanean garatu duen proiektua da. Informazio lokala jorratuko duen webgune bat izango da, independentea, irekia, parte hartzailea eta komunitateari protagonismo handia emango diona.

Zer beharretatik sortua da?

Tokikomek oso metafora polita erabiltzen du: agerkaria ez da izanen hedabidea, baizik eta komunikabidea. Zein da ezberdintasuna? Bada, hedabideak informazioa banatzen duela norabide bakarrean, eta aldiz komunikabidea hari bat dela, bi norabideetan funtzionatzen duena. Aspalditik genekusan beharra Iruñerrian halako bat sortzeko. Zergatik? Iruditzen zaigulako komunitateak geroz eta gehiago duela elkarren berri edukitzeko beharra. Eta Iruñerria bezalako leku batean, non euskaldunok oso sakabanaturik bizi garen fisikoki, halakoak oso garrantzitsuak dira. Urteetan Euskalerria irratiak bete izan du lan hori, topagunearena. Orain bistan da teknologia berriek biderkatzen dituztela aukerak, jendeak elkarren berri izan dezan eta komunikazioa bi norabideetan heda dadin. Iruditzen zitzaigun halako plaza bat irekitzea garrantzitsua zela, eta, gainera, horretarako masa kritikoa bazela. Bitarteko gutxirekin gauza handiak egin daitezke.

Zergatik hartu du Euskalerria irratiak egitasmo honen ardura?

Besteak beste, Iruñeko euskarazko komunikabide bakarra delako. Tokikom halakoak bultzatzen ari zen Euskal Herria osoan, eta bat zetorren guk identifikatzen genuen beharrarekin. Egitasmoa Iruñerrira egokitu beharra zegoen. Beraz, hona ekarri dugu, eta uste dut nahiko egitasmo interesgarria izanen dela.

Eta badu plaza izaera, jende ezberdina bertan topatu dadin.

Bai, noski. Euskalerria irratiak bere mugak ditu, eta argi dago oraingoz Internetik ez duela dirurik ematen. Orain arte irratia egiteko baliatu ditugun bitartekoekin ere egin beharko diogu aurre honi, eta ez da erraza izanen. Baina txunditurik gaude erantzunarekin, ikusi da beharra agerkari horretan komunitate gisa agertzeko. BERRIArekin eta Nafarroako Hitza-rekin hitz egin dugu eta akordioa lortu dugu Nafarroako edukiak ekartzeko; baita Argia-rekin ere. Xaloa telebistak ere ateak zabalik dauzka, aukera duenean sar dadin; baina bistan da orain proiektua abiarazten ari direla, eta ez dela haientzako erraza. Izan ere, Iruñerriko euskaldunok sakabanatuta gaude fisikoki, baina digitalki ere bai, eta badaude barreiatuta dauden gauza oso interesgarriak. Adibidez, Karrikirik agenda itzela du, eta Karrikaluzekoek badute 2.0 izeneko aldizkari zoragarria, baina paperean banatzen da haien eskualdean eta ez du oihartzunik Interneten. Iruñerriko euskara elkarteekin, eragile politikoekin, sindikalekin... jende askorekin hitz egin dugu, eta erantzun zoragarria izan dugu. Oso ongi dago hasi aurretik halako erantzuna izatea. Komunitatearen aldetik ekarpen majoa ia ziurtatua dago.

Komunitateaz galdetu nahi nizun, hain zuzen ere. Zer erantzun espero daiteke Iruñerriko euskaldunen komunitatetik?

Ikusteko dago. Erabiltzaileen aldetik bi baldintza behar dira profila zabaltzeko, euskaraz aritzea eta identifikatzea. Taldeen aldetik erantzuna oso ona izan da, eta batzuk jada martxan daude. Beste indargune bat da Euskalerria irratian iritziaren leihoa landu izan dugula iritzi-emaile talde zabala izateko, eta horiek ere haien profil pertsonalekin sartuko dira agerkarian. Beraz, ikusteko dago jendeak, pertsonalki, zer-nolako ekarpena eginen duen. Ez da erraza, guk uste dugu asko ematen ahal digula, baina ez da erraza. Eta badira ahalegin honetan porrot egin duten egitasmoak.

Hori guztia Interneten eginen duzue. Zertan datza sarearekiko apustua?

Internetek diru gutxi ematen du, baina zerbitzu handia ematen ahal diozu euskaldunon komunitateari. Ez bakarrik ikuspegi soziolinguistikotik, bazik eta komunikazioaren ikuspegitik ere; badu bere zentzua. Garai berezian bizi gara Nafarroan; berria ez dakigu sortuko den, baina argi dago erregimen zaharraren gainbeheraren aitzinean gaudela. Jendeak gauza asko esateko gogoa du, taldeka eta bakarka, eta aintzat hartuta Nafarroako panorama mediatikoa zein den, plus bat eskaintzen ahal diogu euskaldunei. Ez bakarrik euskaraz ariko garelako, baizik eta plaza bat izanen dugulako iritziak trukatzeko, erdaldunek akaso ez dutena.

Zer aurkituko du agerkarira sartzen denak?

Tokiko informazioa landuko dugu, baina ezin ahantz daiteke hiriburuan gaudela, eta, alde horretatik, Nafarroa osoari dagozkion gaiak ere landuko ditugu. Nafarroa ofizialaren berri emango dugu, baina Nafarroa errealaren berri ere bai. Eta tokikoagoa edo zerbitzuzkoa izan daitekeen informazioari ere lekua egin nahi diogu. Oso bateratzailea eta oso soziala izatea nahi dugu. Agendari ere garrantzi handia emango diogu. Eta umoreari ere tartea egin nahi diogu Nafarroa WOW (Nafarroa, the wonder of the world) izeneko atalarekin. Satira, umorea eta ironiaren bidez errealitatearekin lehian aritu nahi dugu. Nafarroan hori gaur egun ez da erraza, azkenaldian errealitateak fikzioa gainditzen duelako.

32.000.000

32.000.000

OSASUNAREN ZORRAREN HANDITZEA LAU HILABETEANArgitzen doaz, gutxika, Osasuna eta Nafarroako Kutxaren arteko harreman ekonomikoen gaineko xehetasunak. Taldeak 22,7 milioi euroko zorra zuen finantza erakundearekin 2009ko irailean, azken horrek emandako k...

Ebroko nekazariak, itolarrian

Soroak eta baratzeak, urez itota; uztak, hondatuta; etxalde anitz, suntsituta. Azken egun eta asteetako uholdeek triskantza handia eragin dute Nafarroa osoan; Erriberan eta Estellerrian, batez ere. Ibaiek urtarrilaren 31 eta otsailaren 3a artean eman zioten hozkadarik handiena lurrari. Horixe izan zen aurtengo lehen uholdea. Azkena, egunotakoa, eurite gogorren eta mendiko elurra urtzearen ondorioz. Bitarte horretan, Ega, Arga, Zaraitzu eta Ebro ibaietatik gertu bizi direnek zeharka begiratu diote uraren mailari. Hilabete osoa, ikara batean. Kolpe latzena jaso dutenak, ordea, nekazariak izan dira.

Castejon, Mendabia, Milagro, Viana, Andosilla, Lodosa, Sartaguda, Lerin... Nafarroako hego- mendebaldeko herrietan, ibaiaren ondoan eraikitako lubetak eraitsi ditu ur korronte bortitzak, eta, horren ondorioz, baratze nahiz soro ugari urpean gelditu dira. Guztira, 3.000 eta 4.000 hektarea artean, nekazarien elkargo eta sindikatuen esanetan.

Horrek galera ekonomiko itzelak eragin ditu, gainera. Ebro ibaiaren inguruan dauden hamar herritako udalek egindako kalkuluen arabera, 4,8 milioi euro beharko dituzte txikizioa konpontzeko. Kalkulua, baina, azpiegitura publikoen gainean egindakoa da bakarrik; beraz, urek etxebizitzetan, etxabeetan eta lur pribatuetan eragindako kalteak gehitu behar zaizkio kopuru horri, hondamendiaren benetako tamaina neurtzen hasteko.

"Milaka hektarea hartu ditu Ebro ibaiaren hazkundeak. Soro horietan landatuta zegoen uzta galdu dugu jada, baina kolpea askoz gogorragoa da, lortu gabeko irabaziak gehituta; hau da, datozen hilabeteetan ezingo dugu ezer landatu, eta horrek zeharkako galera handiak eraginen dizkigu", azaldu zuen UAGN Nafarroako Abeltzain eta Nekazarien Batasuneko presidente Felix Bariainek, iragan asteartean egindako agerraldian.

Horren guztiaren ondorioz, ika-mika latza piztu da Ebroko Ur Konfederazioaren, udalerrien eta kaltetutako laborarien artean: Nafarroa hegoaldeko herrietan triskantza saihesteko "ezer gutxi" egin izana leporatzen diote konfederazioari, eta erakunde horretako presidente Xavier de Pedroren "berehalako dimisioa" eskatu du UAGN sindikatuak. "Hilabeteak daramatzagu uholdeen arriskuez ohartarazten, eta konfederazioak ez du inolako konponbiderik planteatu", azpimarratu du Bariainek.

Borondaterik ez

Otsail hasieran, urak estreinakoz hazi zirenean, Ebroko Ur Konfederaziora eta Nafarroako Gobernura zuzendu ziren begirada guztiak. Andosilla, Milagro, Azagra, Carcar, Lerin, San Adrian, Lodosa, Sartaguda, Mendabia, Viana eta Ribaforadako udalek plataforma osatu zuten, euren kexak eta eskakizunak bideratzeko, eta bilera egin zuten politika hidrologikoetan erantzukizun nagusia duten erakunde eta eragileekin. Udal ordezkariez gainera, negoziazio mahaian eseri ziren Ur Konfederazioko presidentea, Landa Garapen eta Ingurune Departamentuko buru Javier Esparza eta Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren idazkari nagusi Valentin Velasco.

Otsailaren 9an eginiko bilera hartatik "erabat etsituta" atera ziren udalerrietako ordezkariak, "arazoa konpontzeko borondaterik eza" sumatu zutelako. Ur Konfederazioaren izenean, Xavier de Pedrok konpromisoa hartu zuen "bi hilabeteren buruan" zenbait konponketa egiteko, "baina urak suntsitutako lubetei eta defentsarako azpiegiturei dagozkienak soilik". Gainontzeko kalte-ordainak Nafarroako Gobernuarekin hitzartu behar zituztela esan zien herrietako zinegotziei. Eta Yolanda Barcinaren gobernuak "egoera konpontzeko borondatea" agertu bai, baina neurri zehatzik ez du aplikatu, oraingoz —eremu osoa katastrofe eremu izendatzeko eskatu diote nekazarien elkarteek—.

Udalerri eta nekazarien ustez, Ebroko Ur Konfederazioak "lehenbailehen" ekin behar zion defentsarako azpiegiturak konpontzeari, espero izatekoa baitzen uholde gehiago helduko zirela. Azken aste hauetan, ordea, konfederazioak ez ditu lubetak eta ezpondak konpondu, lan horiek erakundeak egin beharreko "larrialdiko neurrien zerrendan" zehazten diren arren. Aitzitik, udalei ere ez die baimenik eman azpiegitura horiek beren kabuz konpon ditzaten. "Gaur egun, babesgabe gaude erabat, etor litezkeen uholdeen eta erauntsien inguruan", laburbildu du kaltetutako udalerrien plataformak.

UAGN sindikatuko presidentearen aburuz, baina, lubetak ez konpondu izanak balio izan dio konfederazioari, egoera kontrolpean duela esan ahal izateko: "Lubetak apurtu ostean, nekazarien lurrak urez bete ziren, eta uraren korronteak indarra galdu zuen. Horrela kontrolatu dute krisia, laborarien kaltetan".

Kalte-ordainak emateko garaian, gainera, azken asteotako uholdeak bakarrik ez, "azken hiru edo lau urtekoak ere" kontuan izateko galdegin du Bariainek, "arazoa aspaldikoa baita".

Batzar eratzailea egingo du Aranzadi hautagai zerrendak Iruñean, bihar

IRUÑEA. Aranzadi hautagai zerrenda hiritarrak batzar eratzailea egingo du bihar, 11:00etan, Iruñeko Mendillorri auzoko Elorri ikastetxean. Plataformako kideek "hiria eraldatu nahi duen" pertsona talde baten gisara aurkeztu zuten euren burua, orain dela bi aste. Joan den asteburuan jardunaldiak egin zituzten Iruñean, arloz arlo udal hauteskundeetara eramango dituzten proposamenak zehazteko.

5

KALTEAK, MILIOI EUROTANEbro ibaiaren inguruko hamar herri izan dira gehien kaltetuak. Horien arabera, ia 5 milioi euroren galerak eragin dituzte uholdeek, azpiegitura publikoei dagokienez soilik.

Lehengo hariari jarraika

A rgitaratu zen lehen egunetik, 2010ko azaroaren 5 hartatik, asteroko hitzorduari hutsik egin gabe kaleratu da Nafarroako Hitza. Ostiralero, gertuko informazioari lekua ematea izan du helburu, Nafarroa mailako euskara hutsezko astekari bakarra izateraino. Aste honetakoa du 200. zenbakia.

Hutsune bat betetzeko jaio zen agerkaria. BERRIA egunkarian tokirik izan ez, eta, hala ere, garrantzitsuak ziren gaiei eusteko. Astean behin, eta sakontasun handiagorekin. Eta hari horretatik tiraka, egunerokotasunaren zurrunbilotik ihes egin eta garrantzitsuak ziren bestelako gaiak lantzeko aukera eman du Hitza-k. Horrela izan da astez aste. Gai lokalak landu dira 200 zenbaki hauetan, baina gaiek eskatzen duten sakontasunarekin.

Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean egin zen astekariaren aurkezpena, eta herrialdeko euskalgintzak harrera beroa egin zion egitasmoari. Nafarroak "horrelako proiektu euskaldun eta euskaltzale bat" behar zuela esan zuten aurkezpen ekitaldian parte hartu zutenetako askok.

Lehen zenbaki hartan, etxeko langile etorkinei buruzko erreportaje mamitsua argitaratu zuen Hitza-k. "Lan baimenik izan ez eta inoren etxean lan egiten aritzen diren" emakume immigranteei buruzkoa. Izan ere, sortu zenetik gaur arte, gizarte gaiak izan dira astekariaren ardatz nagusietako bat. Bestea, iritzi saila izan da, Nafarroako kulturaren, euskalgintzaren eta kazetaritzaren sinadura garrantzitsuenetako batzuk azaldu baitira Hitza-ren iritzi orrialdeetan.

Sustrai sakonak

Gauza gehienak bezala, ordea, Nafarroako Hitza ez zen ezerezetik sortu. Esperientzia bakoitza bakarra eta konparaezina dela jakinda ere, zentzuzkoa dirudi ospakizun testuinguru honetan, Nafarroako Hitza-ren aurreko izandakoak oroitzea. Eta horien artean, bat gailentzen da besteen artean: Nafarkaria, Euskaldunon Egunkaria-ren gehigarria, urte luzez Nafarroako euskaldunon erreferentziako astekaria izandakoa.

Diru laguntzei lotuta jaio eta hil zen Nafarkaria. Nafarroako Gobernuak laguntza emanda sortu zen, 1991ko abenduan, eta hamaika urteren buruan desagertu zen, laguntza hori kendu ziolako aurretik eman zion instituzio berak.

Sorreraren garaian, lau kazetari ziren lanean Egunkaria-k Iruñean zuen ordezkaritzan. Horietako bat zen Alberto Barandiaran, eta hari egokitu zitzaion gehigarriaren lehen arduradun izatea. Lehen zenbakian, azaleko ilustrazioaren alboan, argi agertu zituen asmoak Nafarkaria-k: "Nafarroan sortua, nafarrendako egina, hemengo gaiak ditu ikusmiran eta buruan. Astero-astero, hori bai, lurralde honetako bazterrak ukitzen saiatuko da, bertako biztanleen berri ematen. Harrokeriarik gabe, zintzo, baina zuzen. Eta horretarako lan eta ahaleginak ez dira faltako, indarrak ez bait dira gutxi. Geroak erranen". Geroa da gaurkoa, eta atzera begira, bada nahikoa perspektiba orduko ibilbidea baloratzeko. Barandiaranentzat, "harro egoteko modukoa" izan zen Nafarkaria, "egin zuen ekarpenagatik".

Hastapenetatik, kolaborazioen aldeko apustua egin zuten. Amaigabea dirudi gehigarrian parte hartu zuten izenen zerrenda: Aingeru Epalza,Mikel Taberna, Pili Yoldi, Pello Lizarralde, Maite Urkia, Asisko Urmeneta, Zaldi Eroa... Barandiaranek dioenez, "hemengo begirada bat, Nafarroako jendearen begirada propioa" ekarri zuen paperera.

Iraun zuen urte horietan guztietan, Nafarroan euskaraz "zerbait idatzi zuen orok" Nafarkaria-n parte hartu zuela gogorarazten du lehen lau urteetan gehigarriaren arduradun izan zenak. Hark dioenez, "oso gehigarri parte hartzailea" izan zen, "plaza zabala" izan behar zuela erabaki zutelako.

Barandiaranek memorian iltzatuak ditu "elkarrizketa eta erreportaje gogoangarri asko". Gogoan ditu, bereziki, Dora Salazar artistari eta Patziku Perurena idazleari egindako elkarrizketak. Baita azken euskaldun elebakarren inguruan edo Euskal Herriko erdigune geografikoaren inguruan egindako erreportajeak ere.

Nafarkaria-k, azken batean, "Nafarroa ezagutzeko aukera ikaragarria" eman zuela uste du Barandiaranek, "ia-ia herri guztiak" ibili zituztelako, goitik behera, gai eta albiste bila. Edukiak, hain zuzen ere, denetarikoak zirela du gogoan orduko arduradunak, Nafarkaria-n zebilen kazetari bakoitzak "askatasun handia" zuelako, gustuko zituen gaiak lantzeko.

Diru laguntzarik ez

Diru laguntzen galera izan zen astekariaren desagerpena ekarri zuen funtsezko arrazoia. 2001ean, zazpi milioi pezetako babesa (42.000 euro) kendu zion Nafarroako Gobernuak. Laguntzarik gabe, urte eta erdiz eutsi zion apustuari, baina 2002ko uztailaren 26an, egoera horretan irautea"zama handiegia" zela iritzita, betiko agur esatea erabaki zuten gehigarriaren arduradunek. Barandiaranek argi du eredua bera aldatzea ezinbestekoa zela. "Baina seguru nago laguntza pixka bat izan bagenu zerbait interesgarria egiten asmatuko genukeela".

Nafarkaria desagertu eta zortzi urtera jaso zuen lekukoa Nafarroako Hitza-k. Herrialdeko aktualitateko gaiak ardatz hartuta, gertuko informazioaren esparruan ere kalitateko kazetaritza landu daitekeela frogatzen duen astekari euskalduna.

Euskara hutsetik ikasten hasteko ikastaro trinkoak, IKAren eskutik

IRUÑEA. Euskararen ikasketan lehen urratsak egiteko ikastaroa eskainiko du IKAren Arturo Campion euskaltegiak martxoaren 2tik aurrera. 80 orduko ikastaroa izanen da. 200 euroko prezioa izanen du, baina, eskolen %85era edo gehiagora joanez gero, 125 euro itzuliko dizkiete ikasleei. Era berean, Euskara jendea dokumental sortan oinarritutako ikastaroa ere antolatu du euskaltegiak, sei saiotan banatua.

Unibertsitateko biztanle hegodunak

Mikak, txantxangorriak, txepetxak, lertxunak eta gerri-txori arruntak; buztanluzeak, amilotx urdinak, kaskabeltz handiak eta erregetxo bekainzuriak; mokolodiak, tarinak, urretxindorrak eta txinbo kaskabeltzak. Horiek ere badira NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak Iruñean duen campuseko biztanle. Ikasleen auzolagun hegodunak. Unibertsitatea etxe edo tartekako aterpe duten hegaztiak. Haietako zenbait, zerrenda zabalagoa baita. 58 espezie jaso ditu Gorosti Natur Zientzia Elkarteko kide Gonzalo Deanek, unibertsitateak berak argitaratu berri duen gidan.

Urrutitik ikusi, eta zalantzarik gabe erran du ornitologoak: "Gerri-txori arrunta dago enbor horretan". Biologia ikasi du Deanek. Ikasketen amaierako proiektua bukatzen ari da. Txikitatik datorkio naturarekiko zaletasuna, hala ere, Gorostiko kide eta ornitologo baita haren aita Juan Ignacio Dean ere.

Sadar errekak inguratzen du NUPeko Iruñeko campusaren zati handi bat, eta han ibiltzen dira espezie gehienak. Lepotik zintzilik dituen prismatikoen beharrik ez du izan Deanek, errekaren ondoko zuhaitzetako batean gora ari den txoria identifikatzeko. Ederki ezagutzen ditu campuseko bazterrak, bai eta hango zuhaitzetan bizi diren hegaztiak ere. Urtebez egon zen haiei so, 2012ko udazkenetik 2013ko udazkenera, gida osatzeko. "Hilabetean bitan etortzen nintzen, eta ordubetez campusa zeharkatzen nuen, ikusten eta entzuten nituen espezien berri jasotzeko".

Horrela osatu du 58 espezie dituen zerrenda. Gerri-txori arruntaren ondoan amilotx urdina agertu da, eta campuseko kafetegiaren ondoan zozo arruntak eta mikak ari dira lurrean, harat eta honat. Ikasleak haiengandik hurbil pasatzen dira, baina ez diete erreparatzen. Deanen helburuetako bat da, hain zuzen, zuhaitzetan bizi diren unibertsitateko bertze kide horien berri ematea. Ikasleen jakin-mina piztea, ondoan dituztenak ezagut ditzaten. "Ezagutu behar dugulako, zaindu ahal izateko".

Unibertsitateko zerua haien hegaldiak erakusteko aukeratzen duten hegaztiak ere zenbatu ditu Deanek, Sadar errekaren ondoan eta campuseko eraikinak inguratzen dituzten zelaietan bizi diren hegaztiekin batera. Miru gorrien edo bertzelako hegazti harraparien artean, antxeta mokogorriak ikusi ditu, adibidez, NUPeko gida osatu bitartean. "Harrigarria gerta daiteke antxeta mokogorriak ikustea Iruñeko campusean, baina kontuan izan behar dugu Zolinako urmaela hurbil dugula. Hegazti horiek erakusten digute, zer jan baldin badute, barnean bizitzera ere egokitzen ahal direla", erran du.

117 espezie Iruñean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko eraikinen artean bizi dira Iruñeko bertze hainbat parketan ere egon daitezkeen hegaztiak. "Daniel Garcia Minak ikerketa egin, eta 117 espezie zenbatu zituen Iruñean. Zuhaitz eta zelai anitz dago hirian, eta hegaztiek badute zer jan eta aterpea".

Zarata eta kutsadura hegaztien arerio izan daitezke, baina hiriak eskaintzen dituen abantailak baliatzen ere ikasi dute txoriek, Gonzalo Deanek nabarmendu duenez. NUPeko campusean bertan aurkitu du horren adibide bat, zuhaitzetako baten adarren artean mikak egiten ari diren habiei so: "Hirian tenperaturak gora egiten du, kutsaduraren eraginez, hain zuzen ere; horrek ekartzen du habia egiteko garaia aurreratzea". Campuseko mikek gainera, adarren artean jartzen dituzten makilatxoekin batera, ikasleek botatako patata zorroak eta botilen txapak ere erabiltzen dituzte. "Gure zaborra aprobetxatzen ikasi dute".

Mikekin alderatuta, txiki ageri da liburutegiaren atzeko aldeko zuhaixken artean zer jan bilatzen ari den txantxangorria. Deanen ohiko lagun bilakatu ziren gida osatzeko unibertsitatera egindako bisitetan. Txonta arruntak ere erraz ikus daitezke campuseko txokoetan. "Hegazti ugarienetakoa eta hobekien banatuta dagoena da, munduan". Gorostiko kidearentzat, hala ere, txori txikirik ez da, eta denei so ikas dezake ornitologo adituak edo hasi berriak anitz. "Bizi diren eremuaz informazio anitz ematen ahal digute, eta espazio horien ingurumen kalitatearen adierazle dira".

Negua hegaztientzat gizakiontzat baino gorriagoa izan daitekeela nabarmendu du Gonzalo Deanek. "Zer jan jartzen ahal diegu gure etxeko balkoietan". Hiriko zuhaitzak gazteak direla azaldu du Gorostiko kideak, bertzalde, eta, ondorioz, hegaztien lana errazteko, habiak egiteko kutxak jartzea ere ontzat jo du. Hiria gizakiona eta bertan bizi diren bertze animaliena ere badelako.