%10

langabezia tasa, esparzaren araberaJoan den asteleheneko eztabaidan, Javier Esparza UPNren hautagaiak datu ikusgarriz apaindu zuen bere diskurtsoa, baina harridura handiena eragin zuena langabeziarena izan zen. Esparzaren arabera, UPNk hauteskundeak i...

“Hezkuntza kontrolatu nahi du gobernuak, LOMCEren bidez”

“Hezkuntza kontrolatu nahi du gobernuak, LOMCEren bidez”

Espainiako Gobernuaren LOMCE legea indarrean sartu da Nafarroan ere, eta lehen ondorioa antzeman daiteke jada. Aste honetan, azterketak egin dizkiete 8 urteko ikasleei, eta guraso elkarteek hamaika protesta antolatu dituzte Nafarroako beste horrenbeste herritan, araua bertan behera uzteko eta seme-alabei ebaluazio hori ez egiteko eskatuz. Proba horrek ikasleengan izan ditzakeen ondorioak salatu ditu Sortzen elkarteko bozeramaile Gari Torregrosak (Iruñea, 1987).

Itxialdiak, elkarretaratzeak, protestak... Erantzun gogorra eman diozue LOMCEri.

Bai, gure ustez, halako probek ez dute balio hezkuntza kalitatea hobetzeko, ezta haurren heziketa maila neurtzeko ere. LOMCE legearen eskutik ezarri nahi den hezkuntza sistema zaharkitua dago erabat. Aldaketak behar ziren, bai, baina, hain zuzen, kontrako noranzkoan. Guk defenditzen duguna da bestelako eskola eredu bat.

Auzi honetan, begien bistakoa da Espainiako Gobernuak duen ardura, baina zuek Nafarroako Gobernuari ere egiten diozue kritika. Zergatik?

Bada, azterketa berri hauen inguruan eta, oro har, LOMCEren auzi guztian, Hezkuntza Departamentuak izan duen jarrera lotsagarria iruditzen zaigulako. Probak bertan behera utz ditzatela edo, gutxienez, anonimoak izan daitezela eskatu dute guraso askok, eta, horren aurrean, gobernuaren erantzuna inposizioan oinarritua egon da.

Lehen Hezkuntzako 3. mailan ezarri dute azterketa, oraingoz, eta eragin akademikorik ez duela argudiatu du gobernuak...

Bai, baina probak eragin akademikorik ez duen arren, ezin dugu halako neurri bat normal-normal onartu. Eta aurten ez, baina datozen urteetan DBHn eta Batxilergoan ere ezarriko dituzte azterketa berriak, eta orduan bai, orduan eragin handia izanen dute ikasle bakoitzaren garapenean eta heziketan. Hori saihesteko, argi dugu errotik moztu behar dela gaitza, kalteak handiagoak izan baino lehen.

Zeintzuk izan daitezke kalte horiek?

8 urteko haur batentzat, erreakzioak askotarikoak izan litezke. Guk sumatu duguna eta gurasoek helarazi digutena da haur askori antsietate handia eragin diela azterketen aferak. Izugarrizko presioa sartu diete azken hiruhilekoan, curriculumaren edukiak azterketa hauetara bideratu dituztelako. Beraz, gaur-gaurkoz, badakigu proba hauek baldintzatu egin dutela haurren egunerokoa. Eta gure galdera da: eragin akademikorik gabeko proba batean horrelako presioa sortzen bada, zer gertatuko da DBHn eta Batxilergoan? Hori da gure kezka nagusia: eskola publikoak azterketa hauek prestatzea beste helbururik ez duten akademia bihurtzea.

Zein izan da, zure ustez, administrazioaren helburu nagusia, araua aplikatzeko garaian?

Galdera horri eman dakiokeen erantzunik onena Nafarroako Gobernuak berak eman zuen aurrekoan: hezkuntza sistema homogeneizatzeko balio dute azterketok. Izan ere, uniformizazio hori da LOMCEren helburu nagusia. Irakasgaiak kontrolatzea. Ikasle guztiak hezkuntza berbera momentu berean jasotzera behartzea. Eta nola lortzen da hori? Bada, azterketen bidez. Modu horretan, eskola bakoitzak izan dezakeen hezkuntza proiektuak garrantzi eta pisu osoa galtzen du, azterketa gaindituko bada, Hezkuntza Ministerioak ezarritako edukiak landu behar direlako nahitaez. Kontrola, hori da gakoa.

Jose Iribasek behin baino gehiagotan esan du berak legea aplikatu besterik ez duela egin. Badu alternatibarik?

Bai, jakina. Beste zenbait erkidegotan ez dituzte azterketak eginen. EAEn, adibidez, probak eginen dituzte 30 eskolatan, baina, berez, hurrengo ikasturtera arte ez dute legea aplikatuko; Katalunian ere kontra agertu dira... Dena den, argi dago ezin garela gobernu batek ala besteak esanen duenaren zain egon. Hezkuntza komunitatea kontra dago, eta mugimendu interesgarriak ari dira azaleratzen, bestelako eredu bat eraikitze aldera.

Desobedientziara jotzea pentsatu duzue?

Bai, ez dugu ezer baztertzen. Datorren ikasturtean azterketak zabaldu eginen dituzte beste maila batzuetara, eta hezkuntza komunitateak erabaki beharko du zer egin, proba horiek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten.

Ekitaldi alaiagoa duzue lehenago, hilaren 17an Sortzen Jaia eginen baituzue Sarrigurenen. Nola doaz prestaketa lanak?

Azkeneko xehetasunak lantzen ari gara, Iruñerriko eskoletako guraso elkarteekin, irakasleekin eta, jakina, Sarrigurengo hezkuntza komunitatearekin elkarlanean, festa ederra izan dadin. Egun horretan, gainera, eguzkia lagun izanen dugula uste dut.

4

'nafarroako hitza'-k bilduko dituen alderdiakNafarroa ofizialetik Nafarroa errealera zikloaren barruan, hauteskunde eztabaida antolatu dute Nafarroako Hitza-k, Euskalerria irratiak, BERRIAk eta Hamaika telebistak heldu den asteazkenerako. EH Bildu, Ge...

Iritzia: “Errespetua”

Ozen eta irmoki eskatzen dugu errespetua euskararentzat, behin eta berriz, toki guztietan, urte guztian zehar, milaka ahots batuz edo norbanakoaren egunerokotasunean. Badakigu gure hizkuntza bertzeak bezain baliagarria dela, eta bertzeek ere jakin dezaten egun guztia pasatzen dugu horren aldarria egiten. Euskararen normalizazioa meta izanik, egun euskaldun izatea militantzia hutsa da. Edo behar luke... ezta hala?

Aunitzetan aditzen dut "ez gara espaloitik jautsiko", dos cañas por favor-en ondotik errana... edo Nafarroaren zonifikazioak eragiten dituen kalteak behin eta berriz entzun gutxi batzuk bertzerik ez dutenean kexa orri bat sekula bete edo Behatokia zer den jakin edo euskararen telefonoa existitzen denik ezagutu. Gure hizkuntza eskubideak zapaltzen direnean aunitzetan ez dakigu egoera horri nola aurre egin behar diogun, ez dakigu "Ogi barra bat, faborez", "¿una barra de pan?" galderari "bai" erantzuten ahal diogula, euskaraz, irribarre batekin nahi izanez gero, errespetuz.

Eta iduritzen zait ez goazela ikastearen bidetik... Duela gutxi Anaitasuna bete genuen (erdizka), euskaraz bizi nahi dugulako. Jende aunitzek lan egin zuen egun hori aurrera ateratzeko, egunerokoan euskararen alde lan egiten dutenek gainera, eta aldez aurretik erran nahi dut arras eskertzekoa dela egin zuten guztia, baina diskurtsoari betiko kutsu bera hartu nion nik: kexak. Harresiak ditugula, oztopoak han eta hemen, eremu ez-euskaldun deituriko horretan euskara ikastearen traba handiak, euskaldun berriek euskara ikasteko egin beharreko esfortzuak eta haietan dagoela esperantza.

Ados, hori guztia existitzen da, gauzak ez daude erraz, baina, aldi berean, hori guztia badakigu, ezta? Ba, goazen aurrerapauso bat ematera: horrekin guztiarekin, zer egin dezakegu? "Bi kaña, faborez" erraten ahal dugu? Bi behatz altxatu behar baditugu ere, euskaraz eskatzen ahal dugu? "Ogi barra bat" egunero eskatzen badugu, egunero galdetuko digute horrek una barra de pan erran nahi duen? Euskaldun berrietan dago esperantza edo euskaldun zaharrek ere badugu zer egin?

Erantzukizuna guztiona da, baina Anaitasuna betetzen dugun egunean mezu hori argi ulertzeko moduan ere erran behar da. Zer dagoen badakigu, zer egin dezakegun teorian ere bai, baina horrelako egunetan teoria hori praktikara nola eraman ikasiko bagenu, indar hori egondako pertsona bakoitzarekin biderkatuko bagenu, gauzak aldatzen hasiko liratekeela pentsatzen dut. Egin dezakegunaren kontzientzia izan, gauza txikietan, egunerokoan, esfortzu handirik gabe egiten ahal ditugun gauzak, ez militantziaz, normaltasunez. Errespetuz.

Eta errespetuz jokatu baita ere, Anaitasunakoa bezalako ekitaldi batean agertokian gauzak gertatzen diren bitartean futbolean, eskubaloian edo sokasaltoan ibili gabe, hori ere gertatu zen eta. Zaila izanen baita euskararekiko errespetua eskatzea euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko ekitaldiaren antolatzaileak ere errespetatzen ez baditugu.

Bost talderen musika, hogei urte ospatzeko

Hogei urte bete ditu aurten Olatzagutiako Maisuenea gaztetxeak, eta gazteek bost musika talde gonbidatu dituzte urtemuga ospatzeko. Ez da aspertzeko aukerarik izango. Bihar 18:30ean hasiko da ospakizuna, gaztetxeko aurrealdean. Arkada Social, Behin Be...

Marrazkilarien bidaia kaiera

Marrazkilarien bidaia kaiera

Eguneroko grafikoa, marrazki maratoia, ilustrazioz osaturiko bidaia kaiera... Askotariko definizioak eman zaizkio sketchcrawl izeneko egitasmoari. Baina zer da zehazki? Proiektuaren sortzaile Enrico Casarosa margolari eta ilustratzaile italiarraren arabera, marrazkien bidez egindako koadernoa da. Egun oso batean artistak ikusitako guztia jasotzen duen testigantza grafikoa.

2003. urtean hasi zen lehen sketchcrawl taldea San Frantzisko hirian (AEBak) biltzen, eta marrazkilarien topaketa horien emaitzak Interneten argitaratzen. Horrexek eman zion nazioarteko izaera, eta, gaur egun, dozenaka sketchcrawl talde daude mundu osoan zehar. Baita Euskal Herrian ere. Euskal Herria's SketchCrawl taldea 2011n sortu zuten Nafarroako eta Gipuzkoako zenbait artistak, eta, ordutik, egun osoko elkarretaratzeak antolatzen dituzte hiru hilabetean behin, ikusten duten guztia arkatz, errotuladore eta akuarela margoen bidez jasotzeko.

"Iruñeko eta Bergarako [Gipuzkoa] marrazkilari batzuen ideia izan zen taldea sortzea", azaldu du taldeko kide Gorka Belaskok (Artzentales, 1977). "Hainbat ekitaldi eta topagunetan parte hartutakoak ziren guztiak, baina Euskal Herrian ez zegoen talde finkorik, eta biltzen hasi ziren. Elkarrekin egon, hitz egin, marraztu, eta egindakoa webgunearen bitartez partekatu. Horixe zen bilkuren funtsa".

Taldearen barruan askotariko marrazkilariak daudela esan du Belaskok: artista profesionalak, ikasleak, afizionatuak, irakasleak... "Ni neu ez nintzen taldean sartu artista gisa, irakasle gisa baizik", gogoratu du. Marrazketa teknikoko eskolak ematen ditu Arabako institutu batean, eta ikasleak motibatzeko modu berrien bila zebilen taldearen berri izan zuenean. "Esperientzia aberasgarria da, sektore ezberdinetako marrazkilariak ezagut ditzakezulako: diseinuaren esparruan lan egiten dutenak, ikasleak, arte plastikoetan aritzen direnak... edo, besterik gabe, beste edozertan lan egin arren marrazkia gustuko dutenak".

Belaskorentzat, gainera, oso garrantzitsua da taldekideen artean sortzen den giroa: "Taldekideek egiten dutena ikus dezakezu, teknika berriak ikasi... Gainera, gure topaketek ez dute lehiaketa izaerarik, eta hori, niretzat, oso garrantzitsua da, talde berean egon baitaitezke oinarri-oinarrizko maila duten afizionatuak eta sekulako eskarmentua duten profesionalak. Jai giroa nagusi da gure artean".

Arrasatetik Garazira

Euskal Herria's Sketchcrawl taldeak ez du egitura finkorik. Kide gehiago ala gutxiago bil daitezke topaketa batean, egunaren edo lekuaren arabera. "Oso talde anarkikoa da, onerako eta txarrerako", dio Belaskok, barrez. "Bilkura batean hogei bat lagun egon gaitezke, eta hurrengoan, berriz, 70. Batetik bestera asko alda daiteke gauza. Arrasate eta Bergara inguruan, adibidez, jende asko mugitzen du sketchcrawl taldeak, eta Nafarroan ere badira zenbait".

Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) egin zuten azken topaketa, apirilaren 25ean, eta bertan, Euskal Herritik nahiz atzerritik joandako 60 bat marrazkilarik parte hartu zuten. Hain zuzen, taldekide nafarrek antolatu zuten: Alicia Aintziburu eta Ana Garcia iruindarrek. "Ibilalditxoa egin genuen herriko karriketan barna, baxoerdi bat edan, bazkaldu... eta hori guztia, marrazten genuen bitartean. Leku ederra da Donibane Garazi, eta marrazteko aukera paregabeak eskaintzen ditu, zirriborroetan ikus daitekeen bezala".

CISen arabera, UPNk 11-12 eserleku lor ditzake, eta Podemosek, 11

CISen arabera, UPNk 11-12 eserleku lor ditzake, eta Podemosek, 11

nkesta bat baino ez da, baina, hauteskunde kanpaina hastear den honetan, urduritasuna eraging du alderdi batean baino gehiagotan. Barometro horren arabera, UPN edo Podemos Ahal Dugu nagusituko da. UPNri 11 eta 12 eserleku ematen dizkio, eta Podemosi, 11. Boto kalkuluaren arabera, EH Bildu hirugarren indarra litzateke, zazpi parlamentarirekin. PSNk hiru parlamentari galduko lituzke, eta seirekin geratu. Geroa Bairi bost ematen...

Analisia: eztabaidaren atzeko aldea

Analisia: eztabaidaren atzeko aldea

Joxerra Senar / BERRIA Nork irabazi du? Nork galdu du? Telebistako eztabaidok eraginkorrak al dira? Eztabaida dei al dakioke herenegun Navarra TV-n Jose Javier Esparzak eta Adolfo Araizek izandako elkarjotze dialektikoari? Galderak bata bestearen atzetik ateratzen dira eta, zintzotasunez jokatzeko, ziurtasunik ez da erantzunetan. BERRIArako eguneko kronika amaitu eta sare sozialeko lehen erreakzioak irakurtzean, espero zitekeen erreakzio oldea irakurri ahal...

“Kultura herritarra bada, anitza eta aberatsa izanen da”

“Kultura herritarra bada, anitza eta aberatsa izanen da”

Nafarroako Gobernuak bultzatu duen kultur elitista, kontsumitzaile eta pasiboari aurre egingo dion aldaketa sumatzen da. Horixe uste dute Estanga, Soto eta Urbeltzek, eta aldaketa horrek nolakoa behar lukeen gogoetan aritu dira Katakakren. Gobernuarekin gertatzen dena gertatzen dela, egile eta eragile aktiboak behar ditu kulturak, herri kulturan oinarritutakoa, denok aberastua. Horiek izan dira Nafarroan aldaketa eraikitzeko parte hartzaileek eman dituzten ideietako...

Kultur ereduak mintzagai, Katakraken

Kultur ereduak mintzagai, Katakraken

Euskarari buruzko joan den asteko mahai inguruaren ondotik, gaur kultura izanen dute mintzagai Nafarroa ofizialetik Nafarroa errealera jardunaldien bigarren mahai inguruan: administrazioek orain arte aplikaturiko kultur politika, edukirik gabeko azpiegitura erraldoiak lehenesten dituen eredua, artista eta sortzaileen beharrak eta beste izanen dituzte hizpide. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak zuzenduko du Kultura edukiak eta edukiontziak mahai ingurua. Oskar Estanga bertsolari eta musikariak,...