Txanpon beraren bi aldeak

Sufrikarioz betetako hogei urte luze behar izan ziren 1936 aurreko elikadura maila berreskuratzeko", esan du Emilio Majuelo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Garaikideko irakasleak. Espainiako Gobernuak errazionamendu politika martxan jarri ...

Wilsonen irakaspenak

Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak jakinarazi du gobernuak Euskalerria Irratiari lizentzia emateko prozedura martxan jarri duela, azken urteetako jarrera diskriminatzailea izan dela aitortu ostean. Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak AHTko lanak bertan behera uzteko agindua eman berri du, Iruñean hasi eta Kastejonen amaitzen den 80 kilometro eskaseko korridoreak zentzurik ez dutela diotenen argudioak errepikatuz. Enrique Maiak kargutik kendu du Simon Santamaria udaltzainburua, eta informazio brigadaren paperak desklasifikatzeko agindua eman du, hiritarrek azken hamasei urteetan euren azaletan bizitako jazarpen eta espioitzak kontsultatu ahal izan ditzaten. Roberto Jimenezek Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu berri du, bizkarrez eta oharkabean, Nafarroako jendartearen gehiengoaren borondatea hori dela "konstatatu ostean" eta martxoan hartutako erabakiarekin okertu egin zela ametituz. Gallardonek izozkailuan gorde du abortuaren legea berritzeko (zaharkitzeko) proposamena, hemezortzi urteko alabak pasa den larunbat gauean antisorgailu pitzatuekin bizitakoak gorabehera. Gary Wilsonek, Eskoziako Elkarrekin hobeki unionisten kanpainako koordinatzailea kargua utzi eta independentziaren alde lerrokatu da, "argudio guztiak entzun ostean".

Aurreko baieztapenetatik bakarra da egiazkoa; azkena. Eta ez da kasualitatea gure mugetatik urrun gertatu den bakarra izatea. Zailagoa da hemen halakoak jazotzea. Autokritikarik ezaren erresuman bizi gara, atzera begira, eta gaizki egindakoa konpontzea zer den ez dakiten agintarien lurraldean. Dimisioak, ematekotan, Twitterreko despisteren batean esandakoagatik ematen dira. Esandako hori bera esan ez baina praktikan egiteagatik, ordea, inork ez du dimisiorik ematen. Irudiak inporta du. Agintariak egiten duenaren gainean ematen duen irudia, alegia, eta ez egiten duena bera.

Wilsonenak, jarrerak egokitzeko eta aldatzeko gaitasunetik harago, beste irakaspenik ere badakarkigu bestelako Nafarroa bat nahi dugunontzat. Bai, behintzat, Sanzen gaztatxoaren heren horretatik harago hazi nahi dugunontzat. Abertzaletasuna ez da unionismoari aurre egiten dion bloke zurrun eta identitario hutsa, beti homogeneoa. Abertzalea jaio daiteke, baina egin egiten da batez ere. Eta argudioak behar dira horretarako. Ez da erraza, baina ez zen askoz errazago izanen eskoziarrak Londresera batuta segi zitezen konbentzitzeko ardura zuena Eskoziaren independentziarako konbentitzea. Wilson ohartu da, nonbait, unionistekin, hots, ordezkatzen zituenekin ez duela "ezer komunik". Nafar langileak, langabeak, ikasleak, emakumeak eta gazte prekarizatuak UPNk babesten duen erregimen eta pribilegioekin "ezer komunik" ez dutela ohartaraztea falta zaigu orain.

“Gosaltzeko txokolate tableta jatea osasungarria da”

Birraitona, aitona eta aita txokolategileak zirelako egin zen Jesus Subiza ere txokolategile (Erro, 1920). Familiako tradizioari halabeharrez eutsi zion, nahiz eta hartutako erabakiarekin ez den batere damutzen; are gehiago, erretiroa hartuta ere txokolategiletzat jotzen du bere burua. Sasoi betean dago; harro kontatzen du inoiz ez dela gaixorik jarri, eta osasun ona txokolateari esker duela. Goizero, gutxienez 125 gramo txokolate jaten ditu. "Gosaltzeko txokolate tableta jatea osasungarria da, oso, gainera", dio pozik.

Osasuntsu dagoen arren, zaildutako eskuak ditu Subizak. Hamarkada luzeetan egindako lan gogorra seinale dute esku horiek. Dena den, badira urte batzuk txokolatea egiteari utzi ziola. Lekukoa alabek hartu zuten. Baina, goizero-goizero, Iruñeko Amaia kalean duten txokolate denda irekitzera joaten da. "Dendara etorri eta lana nola egiten duten ikustea gustatzen zait". Izan ere, txokolatea baita bere bizitzaren funtsa. "Beste gauzarik egiten ez dakit; txokolatea da egiten dakidan gauza bakarra", dio irri artean.

Emaztea alzheimerrak jota dauka, eta, horregatik, etxetik ateratzeko beharra sentitzen du. Emazteaz hitz egitean begiak bustitzen zaizkio, izan zirena gogoan hartuta. Hala ere, baikorra izaten saiatzen da. "Txokolategiak ematen dit niri indarra. Bezeroak etorri, eta 'bai txokolate ederra' esaten dutenean", azaldu du. Subiza txokolatearen sekretua zein den galdetuta, "sekretua sekretu" dela azaldu du. Izan ere, ohartarazi duenez, txokolatea egiten dutenek bakarrik ezagutzen dute Jesus Manuel Subiza birraitonaren errezeta.

Iruñean gelditzen den txokolategile bakarra da Subiza. Nostalgiaz mintzatzen da Iruñea izan zenaz. Dioenez, garai batean hamabost txokolategile izatera iritsi ziren. "Hemen, lehen nonahi zegoen txokolategi bat; orain, ordea, ez da horrelakorik". Azaldu duenez, enpresa multinazionalek ekoizten dituzten txokolateak ez dira "ez txokolate, ez ezer!". Hark enpresan ekoitzitakoak soilik jaten ditu.

Hala ere, ez zaio gustatzen besteek egindako txokolateak kritikatzea. "Batzuek diote belgikarra dela onena; beste batzuek, berriz, suitzarra. Niri berdin zait, nik besteena ez baitut probatzen", azaldu du tinko. Gainera, nabarmendu du hemengo produktuak kontsumitzea "izugarri" garrantzitsua dela. "Azkenaldian, izugarri galdu da elikadura zaintzeko ohitura, eta horregatik sortzen dira dozenaka eta dozenaka gaixotasun".

Egungo elikagai gehienenen kalitatea "eskasa" dela adierazi du: "Frutek eta barazkiek ez dute lehen zuten zaporerik. Orain dena da artifiziala". Ildo beretik, azken hamarkadetan Iruñean merkataritzak izan duen beherakadaz ere mintzatu da Subiza: "Lehen hemen, Amaia kalean, dozenaka denda txiki zeuden, eta orain asko eta asko itxita daude". Iruñerrian ireki dituzten merkataritza gune handiek sektorearen pattalaldian "zerikusi zuzena" dutela irizten dio.

Arazoak arazo, onartu du oraindik badela artisauen lana estimatzen duenik: "Gipuzkoa eta Bizkaitik jende andana etortzen da gurera txokolatea erostera, eta horrek izugarri pozten nau". Izan ere, Subizak egindako txokolatea, Amaia kaleko dendan ez ezik, Euskal Herriko dozenaka txokotan eros daiteke. Bezeroen artean txokolate purua dela estimatuena irizten dio Subizak,%80 kakaoa duena. Horrekin batera, laranja zatiekin egindakoa ere asko saltzen dutela nabarmendu du.

Orotara, hamabost txokolate mota baino gehiago egiten dituzte, tartean turroiak ere bai. Kakaoa gehienbat Boli Kostatik ekartzen dutela azaldu du Subizak: "Oso kalitate oneko kakaoa ekoizten duten Boli Kostan". Hala ere, noizean behin, gutxitan bada ere, Venezuelako kakaoa ere baliatzen dutela adierazi du. Egunean 5.000 tableta inguru ekoizten dituzte, eta gosaltzeko 100.000 kilo txokolate hauts urtean. Ekoizpen hori aurrera ateratzeko lan handia egin behar dela ohartarazi du Subizak.

Lana guztiaren gako

XIX. mendean hasi zen Subiza txokolatearen ibilbidea. Ordutik, garai onak zein zailak izan dituzte, baina guztiak gainditu dituzte. Jesus Subizaren birraitona izan zen familiako lehen txokolategilea. Antza, 1820an, birraitona astero Arnegiko Polit etxera (Nafarroa Beherea) joaten zen txokolatea nola egiten zen ikastera. "Polit etxea eskualdeko txokolate lantegirik onena zen", azaldu du Subizak. Birraitonari, soldata eman beharrean, gauzaz ordaintzen zioten Arnegin. Hala, ekartzen zuen kakao eta azukrearekin Erroibarko txokolatea egiten zuten, ondoren emazteak sal zezan. Enpresa, ofizialki, 1841ean sortu zuten. Birraitonaren tokia lehenik aitonak eta ondoren aitak hartu zuten. 1950eko hamarkadan hartu zuen lekukoa Jesus Subizak. Halako enpresa batek horrenbeste denboran irauteko sekretua zein den galdetuta, argi erantzun du: "Garaian garaiko egoerara moldatzen jakin behar da". Onartu du horri esker ekoizten dutela oraindik txokolatea.

3.496

Langabezian eta DBH bukatu gabe dauden gazteen kopurua. Nafarroan 25 urte baino gutxiago dituzten 3.496 gazte langabezian daude, eta ez dute bukatua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

Trukerik ez D ereduko ikasleekin

Okzitaniara frantsesa ikastera joateko aukerarik gabe gelditu dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila D ereduan ikasten duten hamar ikasle. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ezarritako baldintza guztiak bete arren, truke programatik at utzi dituzte ikasleok, argudiatuta trukea egiteko Okzitanian ezin izan dutela bikoterik aurkitu. Joan den astean izan zuten albistearen berri programan onartu ez dituzten ikasleek eta haien guraso eta irakasleek. Jakinarazpenak haserrea eta etsipena eragin du, batez ere, hamar ikasle horiek D ereduan ikasten dutelako "diskriminatu" dituztela irizten diotelako.

Oraindik Hezkuntza Departamentuaren erabakia ezin duela ulertu esan du Ana Botellok, Iruñeko Txantrea auzoan dagoen Eunate institutuko zuzendariak. Hasiera batean, truke programan hogei lagunentzako eskaintza egin zuen Hezkuntza Departamentuak. "Aste Santurako behin-behineko sailkapenaren berri izan genuen, eta gure ikasleak lehen hamasei ikasleen artean zeuden", azaldu du Botellok.

Truke programatik at utzi dituzten D ereduko hamar ikasleetatik hiruk Eunaten ikasten dute, beste hiruk Iturraman, bik Biurdanan, batek Larraintzarren eta besteak Alaizen. Erabakiak ikasleen artean haserrea eragin duela ohartarazi du Botellok, Aste Santuan jasotako behin-behineko sailkapenaren ondoren, ia ziurtzat jotzen zutelako Okzitaniara denbora batez frantsesa ikastera joateko moduan izango zirela.

Baina usteak erdia ustel. Jose Iribas buru den departamentuak hartutako erabakiaren zioa ulertezina egiten zaio Botellori. "Truke programan parte hartzeko baldintzak ezarri zituztenean, guk baldintza horiek betetzen zituzten ikasleak proposatu genituen". Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailan egotea, ikasten dituzten gaien artean frantsesa egotea eta zazpiko gutxieneko notarekin gainditzea ziren hasiera batean departamentuak ezarritako betebeharrak. Inondik inora ez zen aipatzen D ereduan ikasten zutenek ezin zutenik parte hartu.

Gainera, Okzitaniara joan ezin izan diren Eunateko ikasleek frantsesean nota onak dituztela jakinarazi du Botellok. Izan ere, bi ikaslek 10 nota dute frantsesean, eta hirugarrenak, 9. Nafarroa osoko zazpi ikasle onenen artean dauden arren, truke programan parte hartzeko aukerarik gabe gelditu dira. Eunateko institutuko kideek zerrenda bertan behera utz dezala eskatu diote Hezkuntza Departamentuari, "diskriminatzailea" dela argudiatuta. Gainera, zerrenda berri bat egin behar dela aldarrikatu du Botellok.

Irailean dira Okzitaniara joatekoak sailkapenean lehen 46 postuetan gelditu diren neska-mutilak. Zortzi asteko egonaldia egingo dute han, eta, itzultzean, Okzitaniako beste gazte bat izango da euren institutu edo ikastetxean beste zortzi astez. Alor horretan dago auziaren gakoa. Izan ere, Nafarroako Gobernuak Bordeleko Akademiarekin sinatutako akordioan adostu zuen truke programaren bitartez atzerrira joaten zen ikasleak eta bertakoak ikastetxe berean ikasi behar dutela.

Hala, Okzitaniako ikasleek D ereduko institutu edo ikastetxeetan zortzi asteko egonaldia egiteak "zentzurik" ez duela iritzita utzi zituzten euskaraz ikasten duten hamar ikasleak truke programatik kanpo. Puntu hori gatazkatsua izan zitekeen ustea hasieratik zuen Txaro Iriartek. Eunaten ikasten duen Ander Aranguren ikaslearen ama da. "Hezkuntza Departamentuko teknikoari galdetu nion semeak izena eman zuenean ea D ereduan ikasteagatik arazorik sor zitekeen, eta erantzun zidan ziurrenik truke programatik kanpo geldituko zirela".

Erabakia ez dela "ulergarria" salatu du, D ereduko ikasleak baztertzen dituelako. Arrazoi horregatik, maiatzaren 12an kexa formala aurkeztu zuen truke programatik kanpo gelditu diren sei ikasleren gurasoekin batera. Argi du ez dagoela geldirik egoteko prest. Semearen ilusioa zapuztu dutela dio. Justizia egin dadin borrokatuko direla argitu du.

Helburu hori erdiesteko ahaleginetan, asteartean, Javier Eneriz arartekoarekin bildu ziren hiru guraso, Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendariarekin batera. "Gure egoera azaldu diogu arartekoari, eta ahal duena egiten saiatuko dela esan digu", jakinarazi du Iriartek. Hala ere, aitortu du egoera bideratuko den esperantza gutxi duela, batez ere ikasturtea amaitzear dagoelako.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak D eredua gutxiesten duen zalantzarik ez du, bestalde, Lucia Iriartek. Iruñeko Iturrama institutuan ikasten duen Marcela Rodriguezen ama da. Joan den maiatzaren 12an bertan truke programan onartutakoen zerrenda inpugnatzeko eskaera egin zuen, "D eredukoak alboratzeagatik". Argi eta garbi adierazi du ez duela amore emateko inolako asmorik.

Hezkuntza Departamentuaren ebazpenak harrituta utzi ditu irakasleak ere, Barañaingo Alaiz institutuan frantsesa irakasten duen Puri Baños kasurako. Dioenez, sortu den arazoari irtenbide bat topatzea ez da horren zaila: "Guk ondoan daukagu A eredua eskaintzen duen institutu bat; Bordeletik etortzekoa zen ikaslea lasai asko joan zitekeen hara", adierazi du.

Oraingoz, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez du erakutsi truke programan parte hartzeko inolako aukerarik gabe gelditu diren D ereduko hamar ikasleen egoera konpontzeko asmorik. Ondorioz, oraingoz ez dute heldu den irailaren 1etik aurrera Bordelen zortzi asteko egonaldia egiteko aukerarik.

50.394

Gobernuak irrati lehiaketan helegiteetan gastatutakoa. Kontuen Ganberak esan du datu zehatzik ezin dela ezagutu. Baina Nafarroako Gobernuak onartu du, gutxienez, 50.394 euro gastatu dituela irrati lizentzien lehiaketaren harira jarritako helegiteetan.

Ekainerako espero da Nafarroako Ospitale Guneko eremu urdina

Iruñean dagoen Nafarroako Ospitale Gunean dagoen aparkaleku arazoari aurre egiteko asmoz, ordainpeko aparkalekua ezartzea adostu zuten duela zenbait hilabete Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak. Hainbat astez proiektua atzeratu den arren, ekain amaierako ezarriko dute erietxeen ingurunean eremu urdina, sanferminak baino lehen alegia. Bi administrazioek hartutako ebazpena kritikatu du LAB sindikatuak. "UPNko kudeatzaileen konponbideak izutzeko modukoak dira", salatu du.

Nafarroa Ospitale gunean zeuden aparkaleku arazoen irtenbidea eremu urdina ezartzea dela zalantzan jarri du LABek: "Inor ez doa ospitalera denbora-pasan edo plazer hutsagatik. Mundu guztia halabeharrez joaten da. Batzuk, artatuak izateko; beste batzuk, gaixoak laguntzeko; eta gainerakoak, lanera", adierazi du sindikatuak. Gainera, neurriak zirkulazioa arindu beharrean Osasunbideko langile eta erabiltzaileak zigortzen dituela.

Beste langileekin bidegabea

Nafarroako Ospitale Gunean lan egiten duten langileek eremu urdina ez ordaintzeko aukera erabat baztertu du Iruñeko Udalak. Jakinarazi duenez, osasun etxeetan lan egiten dutenek eremu urdinean aparkatzeagatik ordaindu egin behar izaten dute. Hala, langile guztien arteko "berdintasuna bermatzeko", Nafarroako Ospitale Gunera lanera autoz joaten direnek ere ordaindu egin beharko dute han aparkatzeko.

LABen iritziz, UPN izan da arazoak sortu dituena, eta gero euren burua zuritu nahi dute langileen arteko bidegabekeriak argudiatuz. "Eurek sortu dute arazoa, hiriko lurzoru publikoa pribatizatuz, eta beren burua zuritzeko langileen bidegabekeriez hitz egiten dute".

Sindikatuak salatu du irtenbideren bat aurkitzeko instituzioak ez direla bildu kaltetutako kolektiboekin. Gainera, gogoratu dute 2012tik martxan behar zuten hainbat azpiegiturek itxita jarraitzen dutela, hala nola larrialdiak, C pabiloiak eta bloke kirurgikoak.

Merkataritzan euskara sustatzeko lehiaketa

Berriobeitiko, Berriozarko, Oltzako, Antsoaingo, Zizur Nagusiko, Burlatako, Atarrabiako, Uharteko, Arangurengo eta Garesko euskara zerbitzuek lehiaketa bat jarri dute martxan, merkataritzaren sektorean euskararen erabilera sustatzeko xedez. 1990eko hamarkada erdialdetik aurrera hasi ziren herri horietako merkatariak euskara erabiltzeko akordioak sinatzen. Lehiaketan parte hartzen dutenek Iruñerriko eta Garesko saltokietan euskaraz dauden kartel, errotulu eta bestelakoei argazkiak atera eta WhatsApp edo Telegram komunikazio aplikazioen bidez bidali beharko dituzte 692 73 02 46 zenbakira. Irabazleak 500 euro eskuratuko ditu Iruñerriko zein Garesko dendetan gastatzeko.