Eutsi!

Iazko sanferminetan, aspaldiko partez, herri-bestendako gune propio bat lortu zen Iruñean, eta aurten, besta horiek hurbil ditugun honetan, orduan lortutakoari eusteko beharra datorkigu gogora. Nabarmentzekoa da, gure ustez, nola Iruñeko Udalak espazio hura lehiaketan eskaini eta enpresa bakar batek ere ez zuen hartu; horren aldean, ehunka herritarren auzolanari eta oro har iruindarren gogo, borondate eta determinazioari esker osatu zen Jaigunea. Hau da, merkatu-ikuspegitik eraginkorra ez izanik ez zen deus ere sortu, eta, aldiz, bai herritarren gogotik, auzolanean, txandak eginez. Merkatu-irizpideak agintzen duen ikuskizuna pasiboki kontsumitzeko ereduari irabazten baitio Gora Iruñea!-k bultzatzen duenak. Diru-irabazi asmoaren aldean, txosnetan, eta bertze, guztion artean txandak egitearen eredua ageri zaigu eraginkor.

Jai gunearen gisako ekimen bat aitzinera ateratzeko behar-beharrezkoa ikusten dugu bai ekintzaileek eta bai herritarrek ere horretarako zilegitasuna onartzea, are gehiago, autoritatea aurka dagoenean. Zilegitasuna izanda ere, gogo eta borondaterik gabe nekez lortuko litzateke indar aski. Eta behar adina indar metatutakoan, berriz, ezinbertzekoa iruditzen zaigu determinazioa, asmoari irmoki eustekoa, bidean ager daitezkeen traba anitz gaindituz aitzinera egiteko. Bertze modu batean ezin uler ditzakegu iruindarrek hamaika aldiz izan dituzten lorpenak hiriaren herri-izaerari bizirik eusterakoan.

Lorpenak aipatzen ditugu, jakinik porrotak ere izan direla. Batzuetan indar aski ez, bertze batzuetan autoritateen ankerkeriaren tamainak prestaketa oro gainditu duelako. Baina badago ezaugarri bat azpimarratu nahi genukeena: autoritateari bere boterea aitortzea ala ez, horra hor herri-indarraren tamainan erabakigarri izan daitekeena. Herri-ekimenak autoritateekin darabilen pultsoan, etengabe neurtu behar du bere ekinaren eta errepresio-ondorioen arteko oreka, eta, noski, jarduera horren nekeak maiz ahitzen du edozein indar eta ahalegin.

Porrotei buelta ematea edo galdutako eremuak berreskuratzea zinez zaila suertatzen da, eta, beraz, ahalegin berezia eskatzen du horiei eusteak. Lortzea bera bezain garrantzitsua, edo are gehiago, baita eustea ere. Zainduz eta babestuz. Lortze-prozesuan bildutako gogo, indar eta determinazio berberaz. Eta determinazioa hor izanen da zilegitasuna aitortzen baldin bada; hau da, autoritateen legitimitatea kuestionatuz, herriaren zilegitasuna gailentzen den heinean.

Iruñeko sanferminek ez lukete gure arreta hainbertze bereganatuko, herri-ekimenak darabilen borrokarengatik ez balitz. Izan ere, aunitz dago jokoan bertan, eta kasu honetan kultura arloan gertatzen ari dena gainerako eremuetara ere eraman genezake. Diru-irabazi eredua elikatzen dugu, ala txandagilearena?

Ventura Tome presoa askatzeko manifestazioa egingo dute bihar

IRUÑEA. Ventura Tome Tafallako preso politikoak 60 urte ditu, eta bi urtean bi minbizi antzeman dizkiote. Hala ere, Murtziako espetxean lehen graduan jarraitzen du preso. Haren egoera salatu eta aska dezatela eskatzeko, manifestazioa iragarri dute biharko, Iruñean, hainbat eragile politiko eta sindikalek. Osasunbideko zenbait langilek bat egin dute mobilizazioarekin.

Kalamu elkarteak arautzeko herri ekinaldi legegilea abiatu dute

Sinadura biltzen hasi dira Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoa zein kalamu elkarteetako kideak. Helburua herri ekinaldi legegile baten bidez Nafarroan dauden kalamu elkarteak arautzea da. Joan den maiatzaren 12an, Nafarroako Parlamentuak tramitera onartu zuen ekinaldi legegile hori. Beraz, sei hilabete besterik ez dute 5.000 sinadura bildu eta parlamentuan ekinaldia defendatu ahal izateko.

Sinadura biltzen hasi direnetik hilabete eskas igaro den arren, dagoeneko 1.500 lagun ingururen babesa jaso dutela jakinarazi du Ramon Morcillo Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoko idazkariak. Dioenez, ekinaldiak oso harrera ona izan du, eta datozen asteetan "indartzea" espero du. Dena den, alderdi politikoen jarrerarekin ez da batere fio. Izan ere, salatu du askori ez zaiela "interesatzen" halako elkarteak arautzea.

Hala ere, kalamu elkarteak arautzeko lanean jarraitu nahi dute Morcillok eta Ordezkaritza Kanabikoko gainontzeko kideek. Datuak ofizialak ez diren arren, Iruñerrian zazpi bat kalamu elkarte daude. Bakoitzak bere bidea egiten du; guztiak dira legezkoak, eta guztiak daude elkarte moduan erregistratuta. Hala ere, Morcillok ohartarazi du funtsean kalamu elkarteak ez direla ohiko elkarteak, eta salatu du ez dutela segurtasun juridikorik. Izan ere, une oro poliziak atxilotuko dituzten beldur direla aitortu du.

Morcillo, Ordezkaritza Kanabikoko idazkari izateaz gain, Antsoaingo kalamu elkarteko bazkidea ere bada. Urtarrilean sortu zuten elkartea, eta jadanik ia 200 bazkide dituzte. Pozik daude izan duten harrerarekin. Dena den, halako elkarteak iragartzea "delitua" dela ohartarazi du. Horregatik ez du elkartearen egoitza zehazki non dagoen esan nahi; arazoak saihestu nahi dituzte.

Kalamua kontsumitzen dutenek neurri batean "babes juridikorik" ez dutela uste du Morcillok. Iritzi berekoa da Laura Salamanca Antsoaingo kalamu elkarteko diruzaina ere: kalamuaren kontsumoari buruzko legedia "oso murriztailea" dela irizten dio hark. Ez dute ez ekoizterik, ez garraiatzerik, ezta saltzerik ere. Baina norbanakoak kontsumi dezake, baldin eta besteei eragiten ez dien eremu pribatu batean egiten badu.

Morcillok galdetu du agintariek zergatik ez duten legeztatzen kalamuarekin lotutako guztia. Dioenez, badira legeztatuta dauden beste substantzia batzuk kalamua baino "kaltegarriagoak" direnak. Egoera horren atzean interes ilun asko daudela uste du Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoko kideak: "Kalamua legeztatuko balute, guk ordaindutako zergen bitartez administrazio publikoak dirua erdietsiko luke".

Alde horretatik, uste du administrazioak "bizkar" ematen diola kalamuaren kontsumoarekin lotutako guztiari. "Sarritan, badirudi errealitatea ere ukatu egin nahi duela", dio Salamancak. Datu ofizialik ez dagoen arren, Nafarroan gehien kontsumitzen den substantzietako bat da kalamua, bai helburu ludikoetarako baita helburu terapeutikoetarako ere.

Hain justu, Antsoaingo elkarteko bazkideen artean denetik dago. "Egia da gehienek helburu ludikoetarako kontsumitzen dutela kalamua, baina elkartean denetarik dago", azaldu du Salamancak. Gaineratu duenez, bazkideekin oso zorrotzak dira. Hiru gune garrantzitsu dituzte egoitzan, baina ziurrenik garrantzitsuena bulegoa da. Bertan erretzea debekatua dago, elkarteko langileek ke guneetatik at egon behar dutelako lan segurtasuna bermatu ahal izateko. Bertan gordetzen dute bazkideek kontsumitzeko prestatuta dagoen kalamua.

Morcillok azaldu duenez, aurreikusia dago gehienez zenbatekoa izango den bazkideen urteko kontsumoa. Hark, esaterako, gehienez 1.020 kalamu gramo kontsumi ditzake. "Batzuek gehienez zenbateko hori kontsumitzen dute; beste batzuk, berriz, ez dira horretara iristen", azaldu du Morcillok. Gainera, bazkide bakoitzak bere fitxa du. Bertan jartzen dute noiz eta zenbat erosi duten.

Kalamu elkarteek ez dute inolaz ere irabazirik izan behar. Irabazirik izango balute, legea urratuko lukete. Horregatik, oso tentuz ibiltzen dira halako gauzekin Antsoaingo elkartean. "Irabaziak izango bagenitu, inbertsioren bat egin beharko genuke; ez dakit, beste lokal batera joan edo horrelako zerbait", dio Salamancak. Oraingoz ez da horrelako egoerarik gertatu Antsoainen. Nahikoa lan badute elkartea bera mantendu ahal izateko.

Baina argi dute ez dutela eurena elkarte handi bat izaterik nahi. Gainera, bazkide egin ahal izateko prozesua erabat zehaztua dute. Bazkidea den pertsona baten bitartez egin daiteke soilik Antsoaingo elkarteko kide. "Kalamu kontsumitzailea izan behar du, eta hemen ditugun arauak errespetatzea ezinbestekoa da", azaldu du Salamancak. Arau horiek errespetatzen ez dituena kaleratu egiten dute.

Elkarteak arautzeko legedia parlamentuan eztabaidatu ahal izateko behar adina sinadura biltzeko, beste bost hilabete besterik ez dute. UPN eta PPN ez beste alderdiekin bildu dira. Bilera egiteko gonbidapena egina diete, baina ez dute onartu. Hala eta guztiz ere, legedia gauzatuko den esperantza badutela esan dute Morcillok eta Salamancak. Izan ere, ziur dira kalamu elkarteak arautzea bi aldeentzat dela onuragarria.

4.250

IRUÑEKO HIZKUNTZA ESKOLAK ESKAINIKO DITUEN PLAZAK

Dagoeneko Iruñeko Hizkuntza Eskola hasia da heldu den ikasturtea prestatzen. Orotara, 4.250 lagunek ikasi ahal izango dute ingelesa, frantsesa, euskara eta italiera. Aurrematrikulazioa ekainaren 26an eta irailaren 16 edo 24an soilik egin ahal izango da.

Kalamu elkarteak arautzen lehena izan da Donostia

Joan den hilabetean egindako udalbatzan, aho batez onartu zuten alderdi politiko guztietako zinegotziek Donostiako kalamu elkarteak arautzeko udal ordenantza. Halako neurriak abian jartzen Euskal Herriko lehenengo hiria izan da Donostia. Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoak eredu antzekoa aldarrikatzen du Nafarroarako ere. Hala ere, Iruñean ez ezik kalamu klubak Nafarroa osoan ere erregulatzea ezinbestekoa dela irizten diote. Arrazoi horregatik aurkeztu dute herri ekinaldi legegilea Nafarroako Parlamentuan, araudia bat eta bakarra izan dadin. Donostiaren kasuan, aste gutxiren buruan espero da ordenantza jakinaraztea.

Tuterako Dialisi Unitateak ezin diola eskariari aurre egin salatu dute

TUTERA. Egun, Erriberako 48 gaixok dute dialisia egin beharra giltzurrunetan dituzten arazoak direla eta. Tuterako Sofia Erregina da gaixo horiei egokitzen zaien erietxea, baina ospitale hori soilik 44 gaixo artatzeko dago prestatuta, eta, horren ondorioz, lau gaixok Iruñera joan behar izaten dute astean hirutan. Halaxe salatu du Acer-ek, Giltzurrunetako Gaixotasunen Aurkako Elkarteak.

@

Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoak webgune bat jarri du martxan herri ekinaldi legegilearen inguruko informazioa helarazteko.www.tupapelimporta.org. Webgunearen helburua ez da soilik sinadurak biltzea. Izan ere, kalamu kontsumitzaileei buruzko aurreir...

Haur eskoletako diru laguntzen %100 ordaintzeko eskatu dute hogei udalek

IRUÑEA. Hogei udaletako ordezkariek idatzi bat erregistratu dute Nafarroako Gobernuak 2014ko aurrekontuetan haur eskolentzat aurreikusitako diruaren %100 ordain dezala eskatzeko. Oraingoz, Hezkuntza Departamenduak %70 besterik ez du ordaindu. Udalek ohartarazi dutenez, departamenduak zor duena haiek jartzeko modurik ez dute. Beraz, haur eskola asko "kolokan" daudela azaldu dute.

“Arduragabekeria” da, Barkosen irudiko, Esa handitzeko lanetan segitzea

IRUÑEA. Uxue Barkosek, Geroa Bai alderdiak Espainiako Kongresuan duen ordezkariak, gogor kritikatu ditu Esako urtegia handitzeko lanak. Isabel Garcia Tejerina Espainiako Ingurumen ministroari ohartarazi dio "arduragabekeria" dela lanekin aurrera segitzea. Barkosek azaldu du lur mugimenduak ezin izan direla gelditu. Carlos Salvador UPNko parlamentariak, berriz, "segurtasun" handiagoa eskatu du.

Hondartzarik ez Iruñean

Maia, hondartza nahi dugu eskatzen zuten Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen okupazioaren XX. urtemugako jaiaren kartelek. Hondartzarik ez, eta Aquavoxeko igerilekuarekin konformatu behar izan zuten gaztetxearen aldeko lagunek. Lekua, hala ere, ezin hobea zen. Euskal Jai zegoen tokian eraiki baitzuten Aquavox. Ehun pertsona inguru sartu ziren erakinean, eta 50 batek bainu azkar bat hartu zuten. Poliziak ez zuen inor identifikatu orduan. Baina ekainaren 3an hiru pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, horietako bi herri hedabideetako kazetariak. Bi delitu egozten dizkiete: pertsona juridikoaren jabetza bortxatzea eta kalteak eragitea.

"Aquavoxekoa desobedientzia zibileko ekintza sinbolikoa izan zen", esan du Borok. Lahaine.org webguneko erredakzio taldeko kidea da, eta ez du bere benetako izena eman nahi. "Ni egunaren berri ematen ari nintzen. Sakelakoarekin grabatu nuen Aquavoxeko ekintza. Hamar bat minutu izan ziren, eta ez zen inolako istilurik egon". Ez da Boro atxilotzen duten lehen aldia. Martxoaren 29an, Jaque al rey (Xake erregeari) mobilizazioa egin zuten Madrilen. Bertan, poliziak kazetariei oldartu zitzaizkien, eta Boro atxilotu zuten. Haren aburuz, "beste diskurtso bat" lantzen duten hedabideen aurkako errepresioak gora egin du azken urteetan. "Gero eta eraso gehiago jasan dituzte herri hedabideetako kazetariek. Aste Santuko prozesio ateoa Ahotsa.info-rako grabatu zuen pertsona inputatu dute, esaterako".

Bororekin batera, Alde Zaharreko aldizkari baterako eta Ekinklik-erako lan egiten duen kazetaria ere atxilotu zuten ekainaren 3an. Hark ere ez du izena eman nahi. "Jendea igerilekuko uretan murgiltzera sartu zen, bertan Euskal Jai zegoelako", esan du kazetariak. Uste du ez zela inolako arazorik izan. "Igerilekura igo nintzenean, hainbat pertsona ikusi nituen bainatzeko txanoarekin eta harridura aurpegiarekin. Zur eta lur zeuden, baina besterik ez". Langileekin ere ez zen istilurik izan. "Harrerako langilea hasieran larritu zen, baina zer gertatzen ari zen azaldu eta lasaitzeko eskatu zioten. Igerilekuko soroslea, ordea, bere onetik aterata zebilen". Duela bi urte atxilotu zuten Ekinklik-eko kolaboratzailea, greba baten harira, baina epaileak kasua artxibatu zuen, froga faltagatik. "Gobernu ordezkaritzak esan du atxilotuetako batek aurrekariak dituela, baina ez dute esan nire kasua artxibatu zela. Ezta kazetari lanetan nenbilera ere. Dena oso mediatikoa eta faxista da".

Egunean bertan Poliziak ez zuen inor identifikatu. "Traba egiten dietelako atxilotu dituzte kazetariak", esan du June Donemiliaga bi atxilotuen abokatuak. Haren ustez, ez da beharrezkoa pertsona horiek atxilotzea. "Badirudi auziren batean sartzen badute norbait, atxilotu, komisarian ordu batzuetan eduki eta gero epailearen aurrean deklaratu gabe askatu behar dutela. Hori auzitara joateko dei batekin egin daiteke". Donemiliagaren ustez, bi pertsona horiek ez dituzte atxilotu eguneko informazioa biltzeagatik."Herri mugimenduetako hedabideetan lanean ari zirelako atxilotu dituzte". Atxilotu eta bi egunera, epaitegira joan zen Donemiliaga. Iruñeko 5. instrukzio epaitegiak darama kasua. "Informazio bila joan nintzen, eta bertako langile batek esan zidan ez zegoela txostenik".

Maiatzaren 10ean, desobedientziaren bitartez Euskal Jai gogoratu zuten, ez baitzuten baimenik eskatu eguneko ekitaldietarako. Hala eta guztiz ere, herri mugimenduetako kazetarien aurka jo dute, eta haien lana kriminalizatu. Oraingoz, ez da hondartzarik izango Iruñean.