Tutera Veronica Gormendio Tuterako PPNko zinegotziak dimisioa eman du, alkohol proba batean positibo eman eta gero. Hezkuntza, Gazteria eta Gizarte Etxeetako ziengotzia da, eta ohar baten bidez "barkamena" eskatu die herritarrei, "arduragabe" jokatu i...
“Jendearen aurrean atsegina izatea ezinbestekoa da”
"Beti egiten ditut modelo ezberdinak. Hori da nolabait nire sinadura pertsonala", azaldu du Zelai Ordoñez Egañak (Iruñea, 1983). Duela bi urte langabezian geratu zen, eta, bizimodua aurrera ateratzeko, eskulanak egitea pentsatu zuen, txikitatik trebea izan baita horrelako lanetan. Ordoñezek ez du ordutegi finkorik, baina horrek ez du esan nahi lan lasaia duenik. "Astelehenetik ostiralera lanean aritzen naiz, piezak egiten. Asteburuetan, ordea, azoketara joaten naiz". Egun ez du nahikoa diru ateratzen eskulanekin; horretarako, "azokalari" bilakatu beharko lukeela uste du. Baina, gutxi bada ere, hilero diru sarrerak lortzen ditu, eta egunez egun ikasten eta enpresatxoa garatzen doa, Frikadela izeneko enpresa garatzen.
"Betidanik birziklatu ditut esku artean izan ditudan gauzak", dio Ordoñezek. VHS kasetekin altzairuak eta zapata kutxekin apalategiak egin ditu. Baina horrelakoak saltzea zaila dela uste du. "Horrek ez du merkatu askorik, lan horiengatik asko kobratu behar delako". Koadroak eta argazkiak ere egiten ditu, baina horiek ere garestiak dira. Baina Ordoñezen produktu izarrak kameuak eta zintzilikariak dira.
"Kameuak XVII. mendean familia dirudunek eramaten zituzten bitxiak ziren. Ireki egiten dira, eta normalean pertsona maitatuaren edo seme-alaben argazkiak jartzen zituzten". Ordoñezek marrazkiekin apaintzen ditu. "Nik oinarriari marrazkia gehitzen diot. Denak ezberdinak egiten ditut. Nahiz eta lelo bera idatzi edo gai antzekoa erabili, beti aldatzen dut zerbait". Horiek dira egiten dituen bitxi pertsonalenak. "Ez dute zerikusirik egiten ditudan beste gauzekin".
Beste hainbat eskulan ere egiten ditu, zintzilikariak adibidez. "Mineralekin zintzilikariak egiten ditut. Baina horiek produktu arruntak dira; ondoko postukoak ere eduki ditzake". Mineralekin ez ezik, beste gauza batzuekin ere zintzilikariak egiten ditu. Burezur, dortoka eta zaldi itxurakoak. Baita birziklatutako beste bitxi batzuk ere. "Erabiltzen ez ditudan lagunik gabeko bitxiekin eta belarrietakoekin lepokoak egiten ditut".
Materialak bilatzeko lan asko egin behar da. "Iruñean materiala bilatzea oso zaila da, nahiko hiri txikia baita. Mineralak eta bolak Bartzelonan erosten ditut, askoz ere merkeagoa ateratzen zait haraino joatea". Kameuak Iruñean lortzen ditu, baina hainbat eta hainbat gauza Internet bidez eskuratzen ditu. Horiek guztiak bilduta, etxean lan egiten du. "Ordenagailu ondoan lanerako txokoa dut, hor jarriak ditut nire lanpara eta lupa". Ordutegi finkorik ez du Ordoñezek, baina, gustuko lana egiten duenez, nahi gabe ordu piloa sartzen dituela dio. "Etxeko txoko horretan lasai-lasai musika jarri eta lanean hasten naiz. Handik hiru ordura ateratzen naiz ez dakit zenbat gauza eginda".
Astelehenetik ostiralera materiala prestatzen du Ordoñezek. Baina hori gero saldu beharra dago. Horretarako, azoketara joaten da. "Garrantzitsuena da azoketan egiten diren kontaktuak, normalean gauza asko ahoz aho zabaltzen baitira". Horrez gain, lan burokratiko ugari egin behar dela dio. "Herri eta hirietako udaletxeetara deitu behar da. Han, beste telefonoren bat ematen dute. Posta elektroniko piloa bidali behar dira. Ez da besterik gabe mahaitxoarekin agertzea".
Azoketan gero eta jende gehiagok parte hartzen duela dio. Hori ez dute begi onez ikusten eskulangile batzuek. "Batzuei beldurra sartu zaie konpetentziaren asuntoarekin". Ordoñez ez da iritzi berekoa. "Artisau bakoitzak produktu ezberdinak ditu. Nik eskuz egindako gona bat erosi nahi baldin badut, kameu bat erosteagatik ez diot gona erosteari utziko". Hala ere, artisau berriak gaizki ikusten dituztenak gutxiengoa direla nabarmendu du. "Oro har, oso jatorrak dira, elkarri asko laguntzen diogu. Hori da onena. Nahiz eta egunen batean ez saldu, normalean oso ondo pasatzen dut". Ordoñez parte hartzeagatik ordaindu behar ez den azoketara joaten da. Baina, bidaia eta kanpoan jatea ordaindu behar du, eta horrek irabaziak jaisten ditu. Horregatik, gertu ibiltzen da. "Iruñerriko azoketara baino ez naiz joaten. Elizondora ere joaten naiz, baina amamari bisita egiteko aprobetxatzen dut".
Azoketan aritzeko saltzen jakin behar da. Ordoñezek urteetan lan egin du dendetan, eta onartzen du ez duela arazo handirik jendearen aurrean aritzeko. Baina bere amak askoz hobeto egiten duela dio. "Berak ni baino bi aldiz gehiago saltzen du. Esaten du: 'Ikusi alabak egiten dituen gauzak!'". Amak saltzeko erraztasun handiagoa badu ere, Ordoñezek argi du garrantzitsuena atsegina izatea dela. "Jendearen aurrean atsegina izatea ezinbestekoa da. Zerbitzuaren parte da. Hori eta jendea informatzea. Ez baduzu saltzen, berdin dio, beti mantendu behar da itxura ona".
Horrekin batera marketina ere landu behar da. Baina gai horretan huts egiten duela aitortu du. "Facebook badut, eta bloga ere martxan jarri nahi dut. Baina horretarako laguntza eskatu behar dut". Izenarekin ere arazoak izan ditu. "Bi urtean lau izen izan ditut. Sortzailea naiz, baina ez horretarako".
Festaraaa, festaraaa!
Gorputzaren jarrera pixka bat beharturik, besoak luze-luze argazki-kamera bati heltzen diola, enkoadraketa perfektua bilatzen ari den gizonezko heldu bat ikusten da lehenengo planoan. Irribarreak gehiago itxiarazten dizkio begi txikiak. Bigarren planoan lagun gehiago ikus daiteke, denak argazki-kamera eskutan dutela. Turista-taldea dirudite, hain zuzen ere, asiarrak. Hartara, eszenak munduko edozein tokitan oporretan dauden japoniarrei ateratako irudia dirudi. Ez da horrela, ordea. Izan ere, Beijingeko parke batean dauden txinatarrak dira, eta objektiboen modeloak, nor eta, Donostiako Gaztelupe abesbatzako kideak, "festaraaa, festaraaa…" kantatzen ari direlarik. Entzuleek euskal doinu zaharrak eta ahots indartsuak gustuko dituztela ematen du; alabaina, festa-usaina, hemen eta han, norberaren gozagarria baita, ETBko esatariak dioen moduan.
Festa. Han eta hemen. Lehen eta orain. Etnografiaren oinarria errealitate bizia da; are gehiago, etengabe aldatzen ari den errealitatea da. Hartaz, historian zehar ere bizi izan den errealitatean festak garrantzi handia izan du beti. Orduko jaiak, gaurkoak bezala, egunerokotasuna eta ohiz kanpokoa bereizten zituen, nabarmena zen aldi bat zehazten zuelako, alegia, jaia ospatzea merezi zuen unea zen. Bi sasoi soilik zituen euskal urtean, ospakizunik handiena udari zegokion, udako solstizioari; hots, eguzkiari, biziari.
Eta udako solstizioa hurbiltzen ari zaigun honetan, gure geografia txiki-handi honetan, han-hemen, festak ugaritzen ari zaizkigu: herrietakoak, erromeriak, ikastetxeetakoak, ikasturte bukaerakoak, euskararen ingurukoak… ospatzea merezi baitute! Besteak beste, euskaltzaleek Larrun mendian ospatu berria duten Mugarik ez euskarari lelopeko ekitaldia. EHEkoek euskaraz bizitzeko mezua zabaldu zuten euskararen mugen kontrako sinbolotzat hartzen den Nafarroako eta Lapurdiko lurren artean dagoen gailur horretan. Eta merezi zuen! Tamalez, aldarrikapen-festak antolatzen jarraitu beharko dugu euskarak behar gaituelako eta guk euskara behar dugulako, egunerokotasunean nahiz ohiz kanpokoan, lanean nahiz festa-giroan. Eta horregatik, euskaltzaleok, batera, batean, bateratuak, batuta, euskara helmuga beharko genuke lehentasunak ardatz hartuz eta desberdintasunak gaindituz.
Esanak esan, ekainaren 8an beste festa bat ospatuko dugu, euskarak bere herria behar duelako eta herria izango bada hizkuntzaren beharra duelako. Beraz, festaraaa, festaraaa!
Iribasek ez du argitu haur eskoletako diru laguntza osoa emango duen
Iruñea Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak agindu du gobernuak berrikusiko duela haur eskolak arautzen dituen dekretu forala. Asteazkenean bildu ziren Iribas eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, eta kontseilariak ez zuen argitu haur eskoletako diru laguntza osoa emango duten aurten. Hezkuntza Departamentuak agindutako diru laguntzaren %70 baino ez die eman haur eskolei oraingoz.
“Giza katearen mugimendua ur tanta anitzez osatutako olatu bat da”
Gure Esku Dago ekinbideak Baztan-Bidasoan "esperantza" sortu duela jakinarazi du Fernando Anbustegik (Elizondo, 1977). Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea xede duen proiektuan koordinatzaile moduan ari da lanean beste hainbat lagunekin batera. Dioene...
Gizarte alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzeko eskatu dute
Iruñea "Lotsagarria da salatu ditugun gizarte dramak existitzea Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren artean, 200 etxebizitza hutsik dituztelarik", salatu du Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako kideek. Horrela, gogoratu dute gobernuak konpromisoa hartu zuela gizarte alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzeko. Mozioak bidali dituzte parlamentura eta hainbat udaletara.
Bertsolaritza programa babestu du parlamentuak
Nafarroako Parlamentuak gobernuari eskatu dio Bertsolaritza irakaskuntzan programa babes dezala. Hogei urte daramatza Nafarroako Bertsozale Elkarteak programa hori eskaintzen. Azken urteetan diru laguntzak nabarmen jaitsi ditu gobernuak, baina ikastur...
“Gobernuak abian jarri dituen lanaldi erdiei ezin zaie minilan deitu”
Gizarte politiketan eta ongizate estatuan aditua da Antonio Brettschneider (Konstanz, Alemania, 1975), Alemaniako Duiburg-Essen unibertsitateko soziologoa. Minilanak lagun askorentzat oso positiboak direla irizten dio. Dena den, badela lanaldi berezi ...