Festaraaa, festaraaa!

Gorputzaren jarrera pixka bat beharturik, besoak luze-luze argazki-kamera bati heltzen diola, enkoadraketa perfektua bilatzen ari den gizonezko heldu bat ikusten da lehenengo planoan. Irribarreak gehiago itxiarazten dizkio begi txikiak. Bigarren planoan lagun gehiago ikus daiteke, denak argazki-kamera eskutan dutela. Turista-taldea dirudite, hain zuzen ere, asiarrak. Hartara, eszenak munduko edozein tokitan oporretan dauden japoniarrei ateratako irudia dirudi. Ez da horrela, ordea. Izan ere, Beijingeko parke batean dauden txinatarrak dira, eta objektiboen modeloak, nor eta, Donostiako Gaztelupe abesbatzako kideak, "festaraaa, festaraaa…" kantatzen ari direlarik. Entzuleek euskal doinu zaharrak eta ahots indartsuak gustuko dituztela ematen du; alabaina, festa-usaina, hemen eta han, norberaren gozagarria baita, ETBko esatariak dioen moduan.

Festa. Han eta hemen. Lehen eta orain. Etnografiaren oinarria errealitate bizia da; are gehiago, etengabe aldatzen ari den errealitatea da. Hartaz, historian zehar ere bizi izan den errealitatean festak garrantzi handia izan du beti. Orduko jaiak, gaurkoak bezala, egunerokotasuna eta ohiz kanpokoa bereizten zituen, nabarmena zen aldi bat zehazten zuelako, alegia, jaia ospatzea merezi zuen unea zen. Bi sasoi soilik zituen euskal urtean, ospakizunik handiena udari zegokion, udako solstizioari; hots, eguzkiari, biziari.

Eta udako solstizioa hurbiltzen ari zaigun honetan, gure geografia txiki-handi honetan, han-hemen, festak ugaritzen ari zaizkigu: herrietakoak, erromeriak, ikastetxeetakoak, ikasturte bukaerakoak, euskararen ingurukoak… ospatzea merezi baitute! Besteak beste, euskaltzaleek Larrun mendian ospatu berria duten Mugarik ez euskarari lelopeko ekitaldia. EHEkoek euskaraz bizitzeko mezua zabaldu zuten euskararen mugen kontrako sinbolotzat hartzen den Nafarroako eta Lapurdiko lurren artean dagoen gailur horretan. Eta merezi zuen! Tamalez, aldarrikapen-festak antolatzen jarraitu beharko dugu euskarak behar gaituelako eta guk euskara behar dugulako, egunerokotasunean nahiz ohiz kanpokoan, lanean nahiz festa-giroan. Eta horregatik, euskaltzaleok, batera, batean, bateratuak, batuta, euskara helmuga beharko genuke lehentasunak ardatz hartuz eta desberdintasunak gaindituz.

Esanak esan, ekainaren 8an beste festa bat ospatuko dugu, euskarak bere herria behar duelako eta herria izango bada hizkuntzaren beharra duelako. Beraz, festaraaa, festaraaa!

Iribasek ez du argitu haur eskoletako diru laguntza osoa emango duen

Iruñea Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak agindu du gobernuak berrikusiko duela haur eskolak arautzen dituen dekretu forala. Asteazkenean bildu ziren Iribas eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, eta kontseilariak ez zuen argitu haur eskoletako diru laguntza osoa emango duten aurten. Hezkuntza Departamentuak agindutako diru laguntzaren %70 baino ez die eman haur eskolei oraingoz.

6.674

CARITASEK LEHEN LAU HILETAN ARTATUTAKO LAGUNAKNafarroako Caritas elkartean urtarriletik apirilera 6.674 lagun artatu dituzte, iaz epe berean baino %7 gehiago. Angel Iriarte elkarteko zuzendariak jakinarazi du horietatik 1.339k ez dutela inolako diru s...

14.929

NAFARROAN IZAN DIREN GRIPE KASUAK Iragan urteko gripe denboraldiarekin alderatuta, %13,7 hazi dira gripe kasuak Nafarroan. Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, azaro eta apiril artean 14.929 kasu izan dira, iaz baino ia 1.000 gehiago. Aurretik bes...

Gizarte alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzeko eskatu dute

Iruñea "Lotsagarria da salatu ditugun gizarte dramak existitzea Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren artean, 200 etxebizitza hutsik dituztelarik", salatu du Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako kideek. Horrela, gogoratu dute gobernuak konpromisoa hartu zuela gizarte alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzeko. Mozioak bidali dituzte parlamentura eta hainbat udaletara.