Belateko tunelak bikoizteko ideia lehiaketa bat abiatu du gobernuak

Sarritan izaten dira N-121-A errepideko Belateko tunelak hizpide, istripu zein luiziak tarteko. Ireki zirenetik, eztabaida eta polemika izan dira nagusi. Bi tunelek noranzko bakoitzerako errail bakarra dute. Ondorioz, tuneletako batean istripu edo arazoren bat denean, Belateko portutik joan behar izaten dute ibilgailuek. Arazoari irtenbide bat topatu nahian, Nafarroako Gobernuak lehiaketa bat jarri du martxan, Belateko tunelak bikoizteko ideiarik "onena" aurkitzeko asmoz.

Heldu den maiatzaren 16ra bitarte aurkeztu ahal izango dituzte lehiakideek proiektuak. Behin ideia "onena" zein den erabakita, Sustapen Departamentuak bost hilabete inguru hartuko ditu hori "sakonki" aztertzeko. Duela aste gutxi, Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak onartu zuenez, "epe motzean, ertainean eta luzean Sustapen Departamentukoak lanean ari gara Belateko tunelak bikoizteko proiektuan". Oraindik ezer erabaki ez duten arren, Zarralukik aurreratu du noranzko bakoitzerako tunel bat izateko 200 milioi euroko inbertsioa egin behar dela gutxi gorabehera.

1997ko azaroan inauguratu zituzten Belateko tunelak, lanak hasi eta lau urtera. Orotara, 11.000 milioi pezeta eman zituen administrazioak Belateko tunelak eraikitzeko; hasieran aurreikusitakoa baino dezente gehiago. Ordutik, dozenaka konponketa egin behar izan ditu Sustapen Departamentuak, itogin, luizi eta istripuen eraginez. Iruñeruntz edo Behobiaruntz doazen ibilgailuak tunel beretik igarotzen direnez, arazoren bat denean ez da alternatibarik. Ondorioz, Belateko portutik igaro behar izaten dute.

Egoera hori ikusirik, etorkizunari begirako asmoa da noranzko bakoitzarentzat tunel bat eraikitzea. Egunean 10.000 ibilgailu inguruk zeharkatzen dituzte tunelak, eta horietatik %30 kamioiak dira. Hainbat eragilek azken horien zirkulazioa erregulatzeko eskatu dute.

Izan ere, N-121-A errepidea baliatzen dute kamioi gidari gehienek Europako herrialdeetara joateko. Iruñea Andoainekin lotzen duen A-15 errepidea, berez, ibilgailu kopuru handiagoa hartzeko diseinatua dago, noranzko bakoitzean bi errail dituelako. Hala ere, autobide maldatsua denez, kamioi gidariek nahiago izaten dute N-121-A errepidetik joan. Sarritan, A-15ean, kamioiak balaztarik gabe gelditzen dira, eta istripua izateko arriskua handia da.

Baina, N-121-A errepidea kamioi gidariek nahiago duten arren, urtean dozenaka istripu izaten dira. Iragan astean, esaterako, Urdiaingo neska gazte bat larri zauritu zen oraindik zehaztu gabe dauden arrazoiengatik, kamioi batekin talka egin ostean. Beste behin, agerian gelditu da N-121-A errepidearen arriskua.

Hain justu, errepidearen arriskuez mintzatzeko bilera bat egin zuen Zarralukik, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako alkateekin. Zarralukiren arabera, arazoari "irtenbide integrala" eman behar zaio. Hala, datozen asteetan, errepideko 66. eta 64. kilometroetan aldaketak egingo dituzte. Iragarri duenez, errepideko zorua berrituko dute datozen asteetan.

Bestalde, apirilaren 10ean Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran, N-121-A errepidea eta Belateko tunelak izan zituzten eztabaidagai. Bilkura horretan, Nafarroako Gobernuari N-121-A errepidean hartu beharreko neurriak zehazteko eskatzeko mozioa onartu zuten. Dena den, hainbat alderdik neurri zehatzagoak ere eskatu zituzten, PPNk kasurako.

Izan ere, Eloy Villanueva PPNko parlamentariak ohartarazi zuen N-121-A errepidea abiadura handiko errepideen artean bikoiztu gabe dagoen bakarra dela. Pirinioetako edota Bideko autobideek baino zirkulazio handiagoa duela gogorarazi zuen. Aralarrek, bestalde, Iruñea eta Behobia lotzen dituen errepidearen leku arriskutsuen inguruko azterketa "zehatza" egiteko eskatu dio gobernuari.

“Paris 365ekin lagunen arteko sarea eratzen da”

Gizakia Herritar fundazioak, batez ere, administrazio publikoak kudeatzen dituen zerbitzu publikoak iristen ez diren norbanakoak laguntzen ditu. Besteak beste, Paris 365 jangela kudeatzen du fundazio horrek. Egoera larria pasatzen ari diren lagunei urte osoan bazkaltzen zein afaltzen ematen diete. Fundazioko proiektuen koordinatzailea da Eliana Aleman (Barranquilla, Kolonbia, 1973). Paula Azanzak (Iruñea, 1987), berriz, gizarte langile gisa lan egiten du. Aitortu duenez, lehen lana eta bizitza pertsonala banatzea orain baino errazagoa egiten zitzaion, eta ohartarazi du lagun asko dagoela egoera ekonomiko eta sozial "larrian".

Ziurrenik Paris 365 jangela da eskaintzen duten zerbitzurik ezagunena. Iruñeko Kale Nagusian dute jangela. Hilero-hilero 1.160 lagunek jaten dute bertan. "Krisia hasi zenean, 2009an, etorkinak ziren jangelan jaten zuten gehienak; orain, berriz, nafarrak dira gehienak", adierazi du Alemanek. Zerbitzu horrek duen sozializazio izaera nabarmendu dute Alemanek eta Azanzak: "Paris 365ekin lagunen arteko sarea eratzen da".

Gizakia Herritar fundazioak eskaintzen dituen programetan parte hartzen duten askok eta askok bazterkeria sufritzen dute. Izan ere, legez kanpoko etorkinek ez dute zerbitzu publikoen laguntzarik jasotzeko eskubiderik. Beraz, aurrera egiteko aukera bakarrenetakoa da fundazioak eskaintzen duena. "Gurera etortzen diren lagun asko bakarrik sentitzen dira, eta jangelan sortzen diren harremanek izugarri laguntzen dute sozializazioan", jakinarazi du Azanzak.

Nafarroako Gobernuak azken urteetan finantzatu ditu fundazioko proiektu nagusienak—jangela, harrera zerbitzua, laguntza psikologikoaren zerbitzua, ludoteka eta Paris etxea, besteak beste—, baina aurten ez dute laguntzarik jasoko. Administrazioak diruz lagunduko dituenak enpleguarekin lotutako bi ekinbide izango dira. Beraz, norbanakoen ekarpenen bidez mantendu beharko dituzte gainontzeko programa guztiak.

GUZTIEN ZENTZUMENAK DANTZAN

Bisita berezia egin zuten pasa den ostiralean, Nafarroako Autismoaren Elkarteko kideek. Piktogramen bitartez, Noaingo Zentzumenen Parkea ezagutu zuten. Izan ere, elkartearen eta parkeko arduradunen arteko elkarlanari esker, autismoa duten haurrentzako...

“Hemen ez dago Frank Gehryrik, baina beharrezkoa al da?”

"Arkitekturaren eta gizartearen artean deskonexio ikaragarria dago"; hala dio Xabier Lopez de Uralde arkitektoak (Gasteiz, 1952). Haren aburuz, hedabideetan oso gutxi hitz egiten da arkitekturari buruz, eta, gainera, ateratzen denean, modu ezegokian egiten da. "Sukaldaritzari buruz programa asko daude, baina arkitekturaz ez da inoiz hitz egiten. ETBn ematen dute Ongi Etorri saioa, adibidez. Baina hori ez da arkitektura. Hori aberastasunaren apologia da". Hala ere, Euskal Herrian oso arkitekto onak daudela uste du. "Nire ustez, hemen oso arkitekto onak daude; beste gauza bat da politikariek zer nahi duten. Politikariek arkitektoen izenak erabiltzen dituzte euren interesen arabera. Hemen ez dago Frank Gehryrik, baina beharrezkoa al da? Hor dago koska".

Lopez de Uraldek berrogei urte baino gehiago daramatza Mikel Aleman lagunarekin lanean. Denetariko lanak egiten badituzte ere, hirigintzan espezializatu dira, eurak hasi zirenean hori ohikoa ez bazen ere. "Niri beti gustatu zait soziologia. Esan daiteke herri mugimenduetan hirigintzaren arloko militantea izan naizela. Pentsa, 1970eko hamarkadan manifestazioak egiten ziren ekipamenduak eskatzeko. Oso hirigintza espekulatiboa egiten zen". Hala ere, nahiko lan dibertsifikatua da Lopez de Uraldek egiten duena, besteak beste, etxebizitzak eraiki eta zaharberritu, ekipamenduak egin, hirigintza eta aholkularitza lanak eskaini. "Egun, ohiko lana udalentzako aholkularitza zerbitzuak eskaintzea da. Etxebizitzak ez baitira egiten. Iaz, etxe bat egin genuen, eta aurten beste bat egiten ari gara. Badira duela bost urte egin genituen proiektuak oraindik eraikitzen bukatu gabe daudenak". Lopez de Uralderi eraikuntza proiektuak egitea da gehien gustatzen zaiona. "Arkitektura da politena, eraikuntzen proiektuak. Hala ere, etxebizitzak baino gehiago ekipamenduak egitea gustatzen zait". Alde horretatik, Nafarroako hainbat herritako ekipamenduak egin dituzte; adibidez, Lakuntzako udaletxea zaharberritu zuten.

Arkitekturan estilo asko daude. Baita ofizioa bera ulertzeko modu ugari ere. Lopez de Uralderi arkitektura minimalista gustatzen zaio. "Minimalistak esan nahi du elementu gutxirekin adierazkortasuna lortzea". Arkitekoak uste du askotan tradizionala eta modernoa kontzeptuak antagonikotzat jotzen direla. Lopez de Uralderentzat hori akats larria da. "Tradizionala eta modernoa bata bestearen aurka jartzea ez da batere interesgarria; horrek prentsamendua blokeatzen du. Baita ere landa eremua tradizioarekin lotzea eta modernoa, berriz, hiriarekin. Arkitektura modernoa landa eremuan egin daiteke arazorik gabe".

Arkitekturaren ezaugarriak

"Materialak eta diseinua dira arkitektura". Historian garaian garaiko materialak erabili dituztela dio Lopez de Uraldek. "Garai batean, material bakarra egurra zen. Gero, harriekin hasi ziren etxeak egiten. Horren ostean, adreiluak eta betoia erabiltzen hasi ziren. Materialak aldatuz joan diren heinean, arkitektura tradizionala garatu da". Hortik aurrera, tokian tokiko estiloak dauden zalantzak ditu Lopez de Uraldek. "Ez dut uste arkitekturan euskal markarik dagoenik. Baina ezta alemaniarra, frantsesa eta katalana ere. Lehen, tokian tokiko estiloak zeuden. Baina hori da muga politikoak eta teknikoak zeudelako. Gaur egun, hori ez dago".

Higiezinen burbuilak eztanda egin baino lehen erakin eta auzo mordoa egin ziren. Arkitektoek lan mordoa izan dute garai horietan. Baina eskaintza handi horrek ez zuen kontuan hartzen eskaria. Horrek kalitatezko arkitekturaren aurka egiten duela dio arkitektoak. "Eskaintzak eskaria menderatzen du. Orduan, eskariak sufritzen du; norberaren gustuek eta beharrek sufritzen dute. Kanpotik dator dena egina. Hori ez dago ongi ez arkitekturan, ez inon".

Eraikinez eta hiriez hitz egin du Lopez de Uraldek. Haren ustez, Donostiako Kursaala eta Bilboko Guggenheim dira Euskal Herrian dauden bi eraikin interesgarrienetakoak. "Euren eragina ez da euren bolumenera mugatzen. Eragin handia dute euren inguruan. Guggenheimen fenomenoa ez da bakarrik eskultura polita delako. Hor zegoen fabrika kendu zutenean hutsune handia sortu zen. Museoarekin lortu dute hutsunea betetzea".

Hiriei dagokienez, Lopez de Uralderi Gipuzkoako hiriburua gustatzen zaio. "Hiri moduan oso polita da Donostia. Oso ondo planifikatua dago". Maite duen beste hiri bat bere jaioterria da, Gasteiz. "Gasteizek bazuen nortasun berezia. Ez zen ia hiria; ez zuen beste hiri batzuen handinahia. Iruñean, adibidez, Carlos III.aren etorbidea egin zuten. Gasteizen, ordea, Dato kalea dago. Beste eskala batekoa da hori, askoz txikiagoa. Herbehereetan egon naizenean horrelako eskalak ikusi ditut, Hagan esaterako. Oso eskala polita da. Ez da herri batekoa, baina ezta hiri handi batena ere. Azken urteetan, nortasun hori galdu da".

Pistola buru gainean

Akaso, irakurle, zuri ere gertatu izan zaizu inoiz. Ez dakit zer dioten estatistikek, ez dakit ohiko gauza den ala ez, baina beharbada zu bazara pistola baten kanoia burutik zentimetro gutxira izan dutenetako bat. Ni banaiz.

Nire bizitzaren erdian-edo gertatu zitzaidan. Nire semeen ama denarekin nengoen, Takoneran, ahateen zuloaren ondoko baranda ezkutu batean, gauaren babesarekin jolasean. Badakizu.

Halako batean, auto bat pasatu zen, mantso-mantso, ondoko bide batetik. Autoko kopilotuak potentzia handiko argi zuri bat zerabilen eta guregana zuzendu zuen printza. Segundo eskaseko kontua izan zen. Ez omen ginen haien interesekoak. Hortaz, guk geureari ekin genion berriz.

Geurearekin bukatu genuelarik, etxerantz abiatu ginen, Larraina eta irristaketa pistaren artean dagoen bidetik. Bide erdian, kontrako noranzkoan ziztu bizian zetorren auto batek sekulako balaztada eman zuen, zarata handia egiten duten horietakoa. Autotik bi gizon atera ziren arrapaladan, guregana.

Gertaeraren bortitzak pentsatzeko aukerarik eman ez eta, beldurraren beldurrez, lasterka atera ginen. Tira, ni atera nintzen lasterka. Izan ere, neska-laguna aurrerantz bulkatu nahi izan nuen, abiada handia har zezan… Baina, benetan, lurrera bota nuen zuzen-zuzenean; geroago hainbatetan leporatu izan didanez. Beraz, horretaz ohartuta, atzera itzuli nintzen.

Poliziak zirela erran gabe, lurrean belauniko jartzeko erran ziguten bi gizonek, eta poltsikoetan geneukana ateratzeko. Hori egin bitartean, gizon haietako batek pistola buru gainean jarri zidan. Pistolatzarra. Hain gertu izanik pistola horren tamaina erabat desproportzionatua iruditu baitzitzaidan.

Poltsikoetatik atera genuena haien intereseko izan ez eta deus erran gabe alde egin zuten. Ikaratuta gelditu ginen, eta ergel aurpegiarekin, baina, nik dakidala, ez genion aparteko garrantzirik eman.

Pistolarenaz landara, eta ezein borrokaren abangoardian ibili gabe, izan ditut bizitzan Poliziarekin bertze hainbat topaketa (pilotakada bat; hainbat ostia, irain, mespretxu eta ziri; kontrolak…). Eta iruditzen zait guztiak normaltasun baten barnean sartu izan ditudala, garrantzi handirik eman gabe.

Intsumisio garaian, bertze inon baino gazte gehiago kartzelatu zituzten Nafarroan; eta ez ezazu erran horretaz inoiz harrotu ez zarenik. Oraindik ere, greba edo mobilizazio orokor bat dagoen bakoitzean, bertze inon baino gazte gehiago atxilotzen dituzte Nafarroan; eta ez ezazu erran halako datuez inoiz harrotu ez zarenik.

2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko irailaren 30era, Espainia deitzen duten horretan (Madril, Gaztela eta Leon eta Extremadura kenduta) 184.000 euro kobratu zituen Espainiako Gobernuak manifestazioak direla-eta jarritako isunengatik. Nafarroan 49.508 euro kobratu zituzten; hau da, guztiaren %26,9, nahiz eta Nafarroako populazioa lur zati horren %1,7 baino ez den.

Nafarroan ez gara bertze inon baino bortitzagoak edo basatiagoak. Kendu hori burutik. Nafarroan bertze inon baino errepresio handiagoa jasan izan dugu. Neurriz kanpokoa, desproportzionatua, niri (eta akaso zuri) buru gainean jarri zidaten pistolaren modukoa.

105

Lehen hiletan aurkeztu diren lan erregulazio espedienteak. Urtarrila eta martxoa bitartea 105 lan erregulazio espediente aurkeztu dituzte Nafarroan. Iazko epe berarekin alderatuta, aurkeztu diren lan erregulazio espedienteak %58 murriztu dituzte. Orotara, 1.352 langileri eragin die.

Pobreziaren mendekotasuna

Lana. Hori da egoera ekonomiko eta sozial larria dutenek egoera iraultzeko behar dutena. Lana izateak pobreziari izkin egiteko aukera ematen du. Lanik ezean, pobreziak mendean hartzen du norbanakoa. Iaz, ia 9.500 familiak jaso zuten gizarteratze errenta. Helburua bazterkeria eta txirotasuna sufritzeko arrisku "larrian" dauden lagun zein familiei laguntzea da. Dena den, gizarteratze errentak iraungitze data du. Izan ere, gehienez, 30 hilabetez jaso daiteke laguntza hori. Horren ostean, gutxienez urtebetean ez dago laguntza hori jasotzeko inolako aukerarik.

Joan den astean, agerraldia egin zuen Nafarroako Parlamentuan Gizarte Zerbitzuetako langileen ordezkaritza batek. Marisol De la Nava Iruñeko gizarte langileak argi esan zuen agerraldian: "Familia ugari erabateko miseria gorrian bizi dira". 2008an hasitako krisi ekonomikoaren eraginak egun gero eta nabariagoak direla ohartarazi du.

Nafarroako Estatistika Institutuak egiten duen bizi-baldintzen inguruko inkestaren bitartez zehazten da txirotasun maila. Etxe batean urtean dauden batez besteko diru sarrerak hartzen dira kontuan. Hala, txirotzat jotzen dira urtean 7.040 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten norbanakoak eta 14.784 eurokoak dituzten familiak —gutxienez bi heldu eta bi adingabe—.

Castejonen, gizarte langile gisa lanean aritzen da Patricia Lorente; hark jakinarazi duenez, gizarte zerbitzuetara laguntza eske joaten diren lagunen errealitatea "gordina bezain gogorra da". Gogoratu du lan eskasiak askori etsipena eta tristura eragiten diela. Gainera, argi du lana dela gizarte arloan dauden arazo gehienen irtenbidea.

2012ko urtarrilean, UPNk eta PSNk oraindik koalizio gobernua osatzen zutenean onartu zuten Gizarteratze Errentaren Legea. Ondorioz, oinarrizko errenta deiturikoa bertan behera gelditu zen. Hainbat eragile politikok gogor kritikatu zuten lege aldaketa hori. Bikendi Barea Bilduko parlamentariak argi utzi zuen: "Proiektu murriztailea da zuena, herritar guztien eskubideak ez dituelako errespetatzen".

Izan ere, legedi berriaren bidez gizarteratze errenta kobratu ahal izateko araudia zorroztu egin zen. Esaterako, lehen, oinarrizko errenta jasotzeko nahikoa zen eskaera egiten zen unean gutxienez hamabi hilabetez Nafarroako herriren batean erroldatua egotea. Gizarteratze errenta kobratzeko, berriz, 24 hilabetez erroldatua egotea ezinbestekoa da. Horrez gain, adinari dagokionez, errenta berria jasotzeko mugak ezarri zituzten; errenta jasotzeko eskubidea soilik 25 eta 65 urte artean dituzten norbanako edo familiek jaso dezakete.

Legedi berriak kritika ugari jaso zituen. Oinarrizko Errenta Denontzat plataformak, esaterako, salatu zuen legedi berriaren eraginez Nafarroako mila familia baino gehiago laguntzarik jasotzeko eskubiderik gabe gelditu zirela.

Ia bi urteko borrokaren ostean, joan den azaroan, Gizarteratze Errentaren Legea apur bat eraldatu zuten. Hasiera batean errenta berria 24 hilabetez kobra zitekeela ebatzi zuten arren, epe hori 30 hilabetera luzatzea adostu zuten PSNk eta UPNk —ordurako koalizio gobernua apurtuta zegoen—. Baina horrek aldaketarik apenas eragin duela ohartarazi du Lorentek. "30 hilabeteren ondoren bere egoera bideratzea lortu ez duen pertsona batek errenta jasotzeari uzten dionean, zer egin behar du?", galdetu du. Halaber, gaineratu du 12 urte baino txikiagoak diren haurrak dituzten familiek ere behin epea beteta ezin dutela gizarteratze errentarik kobratu.

Horrez gain, legez kanpoko etorkinek ez dute inolako aukerarik bazterkeria eragoztea xede duen laguntza jasotzeko. Are gehiago, administrazio publikoan jatorria duen laguntzarik jasotzeko inolako aukerarik gabe daudela ohartarazi du Lorentek. Izan ere, Nafarroan "legezko" etorkina izatea da gizarteratze errenta jasotzeko aukera bakarra.

Ia 25 urte dira Lorente gizarte langile gisa lanean ari dela. Dioenez, denbora horretan guztian gizarte zerbitzuetara joaten diren lagunen profila "izugarri" aldatu da. "2002. urte inguruan immigrazioak eztanda egin zuen. Orduan gurera laguntza eske etortzen ziren gehienak etorkinak ziren". Garai hartan, etorkinentzat espreski pentsatutako harrera programak jarri zituen abian Nafarroako Gobernuak. Baina, Lorenteren aburuz, krisi ekonomikoaren eraginez gizarte zerbitzuetara laguntza bila joaten direnen profila asko aldatu da. "2002. urte inguruan hona lanera etorritako etorkinez gain, gizarte zerbitzuetara etortzen diren lagun asko bertakoak dira, Nafarroakoak".

Lorente joan den astean parlamentuko agerraldian izan zen De la Nava eta beste gizarte langile batzuekin batera. "Legea oso murriztailea dela salatu nahi izan genuen; pertsona asko laguntzarik jasotzeko inolako aukerarik ez dutelako", salatu du. Sarritan gizarteak halako errealitate "gordinei" bizkarra ematen diela gaineratu du. Dena den, azken urteetan, krisi ekonomikoaren harira, elkarte eta gizarte eragile andana sortu edo indartu direla ohartarazi du. Lorentek irizten dio administrazio publikoa iristen ez den tokietara iristen direla taldeok. Hala, Gurutze Gorriaren, Caritasen eta Elikagaien Bankuen lana goraipatu du.

Gizarte langile baten egunerokoa ez dela batere erraza aitortu du Lorentek, eta ohartarazi ia mende laurdeneko esperientzia duen arren muturreko egoeran daudenen errealitatea gertutik bizitzen ez dela "inoiz ohitzen". Izan ere, argi utzi du gizarte zerbitzuetara jotzen dutenek beste aukera guztiak agortu ostean jotzen dutela laguntza eske.

"Pertsona bat lanik gabe gelditzen denean, arazoak sortzen dira, baina ingurukoei laguntza eskatuta moldatzen saiatzen dira. Lagun zein senideen laguntza nahikoa ez denean etortzen dira gurera", azaldu du. Sarritan laneko arazoak etxera eramaten dituela aitortu du Lorentek. Esaterako, parlamentuko agerraldian askotan artatzen duen emakume bat burutik kendu ezinik zegoen. Hurrengo egunean beteko zen gizarteratze errenta 30 hilabetez jasotzeko epea. "Banekien bulegora etorriko zela eta ezingo niola inola ere lagundu", adierazi du Lorentek.

Alliren adierazpenak

Gizarte langileen agerraldiaren biharamunean, Iñigo Allik, Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiken kontseilariak, honako adierazpen polemiko hauek egin zituen: "Gizarteratze errentan egiten diren iruzurren kontra neurri zehatzak hartuko ditugu". Hala, adierazpen horiek gogor kritikatu ditu Ana Fernandez Oinarrizko Errenta Denontzat plataformako kideak: "Txiroak, bazterkeria sufritzen dutenak kriminalizatzeko saio garbia izan da".

Gainera, datuak jarri ditu mahai gainean Oinarrizko Errenta Denontzat plataformako kideak. Gogorarazi du Allik mintzagai izan zuen iruzurra %0,71koa izan zela 2013. urtean. Izan ere, iaz 9.472 familiak —guztira, 22.278 pertsonak— jaso zuten errenta, eta 37,5 milioi euro baliatu zituen gobernuak. Beste 1,7 milioi erabili ziren 1.600 familiarentzako ezohiko laguntzetan. Baina kasu horietatik guztietatik 68 pertsonari kendu zieten errenta. Ana Fernandezek argi du: "Benetako iruzurrak dira ikertu behar direnak". Gainera, zalantzan jarri du Allik aipatutako iruzurrak zein neurritan diren iruzur.

Segurtasunaren paradoxa

Orain hemeretzi urte hartu zuen lehen aldiz Iruñeko Udaleko zinegotzi kargua Ignacio Polok. Urte horietan, bi agintalditan izan da Hiri Segurtasunerako zinegotzia. Udalean urte gehien daramatzan zinegotzia da. Simon Santamaria udaltzainburu izendatu zutenean bera zen Herritarren Segurtasunerako zinegotzia. Hamabost urte egin dituzte elkarrekin lanean, eta harreman handia dute. UPNren profila erabat betetzen duen politikaria da, eta alderdiaren erabateko babesa du. Urte hauetan, zinegotzi karguak ematen dizkion hainbat pribilegio modu desegokian erabiltzea leporatu diote zenbaitek. Aurreko igandeko auto istripua ez da kasu bakana, akabuaren akabua izan da. Segurtasunaren zaindariaren eredugarritasun ezak salatu du.

Polo zinegotziak erabiltzen zuen udaleko autoa ezaguna zen Iruñean. Volkswagen etxearen Polo auto zuria. Horrek hitz-joko erraza egiteko aukera ematen duen arren, anekdota hutsa baino ez da. Arazoa da Iruñea osoak ezagutzen duela, bere laneko autoa zinegotziak modu heterodoxoan erabiltzen zuelako. Jarrera hori ezagutu da, bereziki, Imanol Reta iruindarraren gafasblancaspamplona.blogspot.com.es blogaren eraginez. Reta ez dago ados Santamaria udaltzainburuak eta Polo zinegotziak aurrera daramaten politikarekin. Beraz, haren aburuz, salagarriak diren kontuak argitaratzen ditu blogean. "Santamariaren jauntxokeriak salatzeko hasi nintzen blogarekin". Blogean Retak hainbatetan salatu du Polok laneko autoa eta aparkatzeko baimen berezia egunero eta edozein egoeratan erabili dituela. "Nik ikusi dudanagatik, Polok nahieran erabiltzen zuen laneko autoa. Herritar guztien autoa. Nahi duena egiten duen pertsona da Polo, bere etxaldean dagoela uste du". Blogean idatzitakoengatik, bi aldiz salatu dute Santamariak eta Polok Reta. Baina, bi kasuetan, epaileak salaketak artxibatu ditu.

Polo Hiri Segurtasunerako zinegotzia zen astelehenera arte. Beraz, udaltzaingoaren ardura politikoa zuen. Iruñeko Udaltzainen Elkarte Profesionala sindikatuak hainbat gatazka izan ditu Polorekin. Euren aburuz, zinegotzi ohiak interes pertsonalengatik utzi zuen bertan behera zirkulazioa kontrolatzen zuen udaltzain motorzaleen unitatea. Poloren semea taxilaria da. Halabeharrez, unitateak Poloren semea salatu zuen hainbat aldiz, besteak beste, ustez drogak hartuta gidatzeagatik. Zenbait irregulartasun izan ziren, unitateak egin zituen salaketekin. Orduan, poliziakideek egoera hori salatu zuten. Eta, egun batetik bestera, unitatea desagertu zen. "Motorzale unitatea bertan behera uztea Polo zinegotziaren egoskorkeria izan zen. Unitate horrek egiten zituelako proba eta dokumentazio kontrolak", esan du Maite Santos udaltzainak eta Iruñeko Udaltzainen Elkarte Profesionala sindikatuko kideak.

UPNren politikaren zaintzaile

Mikel Gastesi Eusko Abertzale Ekintza alderdiko zinegotzia izan zen 2007 eta 2011 urteen artean. Zinegotzi izan zen urteetan, Polo Hiri Kontserbaziorako zinegotzia zen. Gastesik dio Polok UPNren profila erabat betetzen duela. Baina, oro har, hark ezagutu dituen UPNko zinegotzi guztiak nahiko antzekoak ziren. "Nire garaian Ana Elizalde zen Segurtasun zinegotzia, eta politika bera egiten zuen. Egia da, Polo ultraeskuindar eta kontserbadore hutsa da. Baina profil hori nik ezagutu dut UPNko zinegotzi gehienetan. Hau da, kontserbadore hutsak eta zuzentasunaren eta zorroztasunaren defendatzaileak. Hori bai, besteekin. Eurek nahi dutena egiten dutelako".

Gastesik Poloren izaera autoritarioa gogora ekarri du. "Batzordeetan ez zuen onartzen oposizioaren galderarik. Haserretu egiten zen. Haren ardurapeko gairen bat kritikatuz gero, batzordearen ostean aurpegiratu egiten zuen. Ez zuen ulertzen oposizioaren lana hori dela. Gehiengo absolutuan agintzera ohituta dago".

Aitor Sola Iruñea Askatasunez plataformako kidea da. Haren aburuz, Polok "UPNk Iruñean duen erregimena" zaintzen zuen, eta "UPNren hiri eredua bermatzen duen arduradun politikoa da". Eredu hori gogor salatu du Iruñea Askatasunez-ek. Solaren aburuz, "lehen eta bigarren mailako gizartea egin nahi dute. Lehen mailako biztanleek eskubideak izango dituzte, eta bigarren mailakoek, ez". Gastesik bat egiten du Solaren analisiarekin. "UPNren hiri eredua kontserbadorea eta elitista da. Eredu horretan dena izan nahi dute kontrolpean, eta ez dute nahi herritarrek parte hartzeko gunerik. Are gutxiago, ekinbide parte hartzaileek udala kritikatzen badute", dio Gastesik. Politika hori aurrera eramateko, udalak udaltzainak erabili dituela uste du. "Dena kontrolpean izan nahi dute. Horretarako egin zuten hiritar ordenantza. Polo da horren arduradun politikoa, eta ondoan behar du ordenantza betearaziko duen norbait. Horretarako hautatu zuten Santamaria udaltzainburu".

Ia hogei urte eman ditu Polok udal gobernuetan. Zuzentasun eta zorroztasunaren aldarria egin du beti, baina irregulartasun nabariek agerian utzi dute herritar ustez zintzoa.