“Hemen ez dago Frank Gehryrik, baina beharrezkoa al da?”

“Arkitekturaren eta gizartearen artean deskonexio ikaragarria dago”; hala dio Xabier Lopez de Uralde arkitektoak (Gasteiz, 1952). Haren aburuz, hedabideetan oso gutxi hitz egiten da arkitekturari buruz, eta, gainera, ateratzen denean, modu ezegokian egiten da. “Sukaldaritzari buruz programa asko daude, baina arkitekturaz ez da inoiz hitz egiten. ETBn ematen dute Ongi Etorri saioa, adibidez. Baina hori ez da arkitektura. Hori aberastasunaren apologia da”. Hala ere, Euskal Herrian oso arkitekto onak daudela uste du. “Nire ustez, hemen oso arkitekto onak daude; beste gauza bat da politikariek zer nahi duten. Politikariek arkitektoen izenak erabiltzen dituzte euren interesen arabera. Hemen ez dago Frank Gehryrik, baina beharrezkoa al da? Hor dago koska”.

Lopez de Uraldek berrogei urte baino gehiago daramatza Mikel Aleman lagunarekin lanean. Denetariko lanak egiten badituzte ere, hirigintzan espezializatu dira, eurak hasi zirenean hori ohikoa ez bazen ere. “Niri beti gustatu zait soziologia. Esan daiteke herri mugimenduetan hirigintzaren arloko militantea izan naizela. Pentsa, 1970eko hamarkadan manifestazioak egiten ziren ekipamenduak eskatzeko. Oso hirigintza espekulatiboa egiten zen”. Hala ere, nahiko lan dibertsifikatua da Lopez de Uraldek egiten duena, besteak beste, etxebizitzak eraiki eta zaharberritu, ekipamenduak egin, hirigintza eta aholkularitza lanak eskaini. “Egun, ohiko lana udalentzako aholkularitza zerbitzuak eskaintzea da. Etxebizitzak ez baitira egiten. Iaz, etxe bat egin genuen, eta aurten beste bat egiten ari gara. Badira duela bost urte egin genituen proiektuak oraindik eraikitzen bukatu gabe daudenak”. Lopez de Uralderi eraikuntza proiektuak egitea da gehien gustatzen zaiona. “Arkitektura da politena, eraikuntzen proiektuak. Hala ere, etxebizitzak baino gehiago ekipamenduak egitea gustatzen zait”. Alde horretatik, Nafarroako hainbat herritako ekipamenduak egin dituzte; adibidez, Lakuntzako udaletxea zaharberritu zuten.

Arkitekturan estilo asko daude. Baita ofizioa bera ulertzeko modu ugari ere. Lopez de Uralderi arkitektura minimalista gustatzen zaio. “Minimalistak esan nahi du elementu gutxirekin adierazkortasuna lortzea”. Arkitekoak uste du askotan tradizionala eta modernoa kontzeptuak antagonikotzat jotzen direla. Lopez de Uralderentzat hori akats larria da. “Tradizionala eta modernoa bata bestearen aurka jartzea ez da batere interesgarria; horrek prentsamendua blokeatzen du. Baita ere landa eremua tradizioarekin lotzea eta modernoa, berriz, hiriarekin. Arkitektura modernoa landa eremuan egin daiteke arazorik gabe”.

Arkitekturaren ezaugarriak

“Materialak eta diseinua dira arkitektura”. Historian garaian garaiko materialak erabili dituztela dio Lopez de Uraldek. “Garai batean, material bakarra egurra zen. Gero, harriekin hasi ziren etxeak egiten. Horren ostean, adreiluak eta betoia erabiltzen hasi ziren. Materialak aldatuz joan diren heinean, arkitektura tradizionala garatu da”. Hortik aurrera, tokian tokiko estiloak dauden zalantzak ditu Lopez de Uraldek. “Ez dut uste arkitekturan euskal markarik dagoenik. Baina ezta alemaniarra, frantsesa eta katalana ere. Lehen, tokian tokiko estiloak zeuden. Baina hori da muga politikoak eta teknikoak zeudelako. Gaur egun, hori ez dago”.

Higiezinen burbuilak eztanda egin baino lehen erakin eta auzo mordoa egin ziren. Arkitektoek lan mordoa izan dute garai horietan. Baina eskaintza handi horrek ez zuen kontuan hartzen eskaria. Horrek kalitatezko arkitekturaren aurka egiten duela dio arkitektoak. “Eskaintzak eskaria menderatzen du. Orduan, eskariak sufritzen du; norberaren gustuek eta beharrek sufritzen dute. Kanpotik dator dena egina. Hori ez dago ongi ez arkitekturan, ez inon”.

Eraikinez eta hiriez hitz egin du Lopez de Uraldek. Haren ustez, Donostiako Kursaala eta Bilboko Guggenheim dira Euskal Herrian dauden bi eraikin interesgarrienetakoak. “Euren eragina ez da euren bolumenera mugatzen. Eragin handia dute euren inguruan. Guggenheimen fenomenoa ez da bakarrik eskultura polita delako. Hor zegoen fabrika kendu zutenean hutsune handia sortu zen. Museoarekin lortu dute hutsunea betetzea”.

Hiriei dagokienez, Lopez de Uralderi Gipuzkoako hiriburua gustatzen zaio. “Hiri moduan oso polita da Donostia. Oso ondo planifikatua dago”. Maite duen beste hiri bat bere jaioterria da, Gasteiz. “Gasteizek bazuen nortasun berezia. Ez zen ia hiria; ez zuen beste hiri batzuen handinahia. Iruñean, adibidez, Carlos III.aren etorbidea egin zuten. Gasteizen, ordea, Dato kalea dago. Beste eskala batekoa da hori, askoz txikiagoa. Herbehereetan egon naizenean horrelako eskalak ikusi ditut, Hagan esaterako. Oso eskala polita da. Ez da herri batekoa, baina ezta hiri handi batena ere. Azken urteetan, nortasun hori galdu da”.