Urrundik ekarritako ura

Urpean urte luzez gordeta egondako altxor baten gisara ireki zuten Kontratazio Mahaiko kideek, iragan astean, Nafarroako ubidearen inguruko erabakia jasotzen zuen kutxa. Izan ere, bertan zegoen jasoa zein enpresa arduratuko den lehenengo fasea hedatzeko lanak egiteaz. Eraikuntza sektorearen krisia dela eta, enpresa askorentzat hil edo bizikoa zen lan horiek egiteko ardura eskuratzea; hala ere, OHL eta Agbar enpresek erdietsi dute lehen postua lehiaketan —Agbarren akzioen %25 Caixabankenak dira—. Proiektuak helburu du, besteak beste, Artaxoa eta Lerin arteko 21,3 kilometroko ubidearen adarra eraikitzea da. Orotara, Itoitzen bildutako urak ia 120 kilometro egingo ditu 2018. urtetik aurrera, behin ubidearen lehen fasearen hedapena amaituta.

Aurreikusitakoa betez gero, azaroan hasiko dira Itoizko urtegiko ura Lerineraino eramango duen ubidea eraikitzeko lanak. Oraingoz, 98 kilometro daude eraikita. Itoizko urtegia eta Pitillas lotzen dituena, alegia. Ubidearen lehenengo fasea deituriko horren bidez, ureztatze eremuan dauden 22.363 hektarea soro eta baratzetara iristen da Pirinioetako ura. Hedapena egiten denean, ubidearen bigarren fasea soilik egongo da egiteke, Pitillas Ablitasekin lotzen duena, hain justu.

Lehenengo fasearen hedapena azken urteetan Nafarroan egin den azpiegiturarik garrantzitsuena izango da. Ubidearen hedapena eraikitzeko proiektuaren aurrekontua 147,5 milioi eurokoa da, baina egiazko kostua nabarmen handiagoa izango da, 30 urteko epean finantzatuko delako. Izan ere, azpiegitura berez itzalpeko bidesari sistemaren bidez finantzatuko da. Horrek esan nahi du ubidea hedatzeko lanak egiteko dirua aurreratuko diotela enpresek Nafarroako Gobernuari. Baina, ondoren, eraikuntzagatik zein ustiapenagatik kanon bat ordaindu beharko dio administrazioak urtero enpresari.

Lehiaketa ebatzi aurretik, Nafarroako Gobernuak kalkulatu zuen 592 milioi eurokoa izango zela azpiegituraren 30 urterako finantzaketa kostu osoa. Dena den, lehiaketa irabazi duten enpresek, OHL eta Agbarrek, eskaintza hobea egin dute, eta euren eskaintzan %33 jaitsi dute kanonaren prezioa. Horregatik murriztu dira finantzaketa gastuak 592 milioi eurotik 394 milioira. Etorkizunean ikusi beharko da aurreikuspen hori betetzen den edo faktura hori handiagoa den.

Izan ere, ubidearen lehen fasean eraikitzeko lanen faktura espero baino handiagoa izan zen. 2011ko martxoan amaitu ziren, eta 467 milioi euroko kostua izan zuten —aurreikusitakoa baino 21,5 milioi euro gehiago—. Horri hurrengo 30 urteetako ustiapen kostuak eta interesak erantsita, 600 milioi eurotik gorako kostua da.

Dena den, administrazioak argi utzi duenez, finantzaketa modu hori da ubidearen lehenengo fasearen hedapena eraikitzeko modu bakarra. Izan ere, itzalpeko bidesariari esker, lanen kostua ez da zenbatzen Nafarroako Gobernuaren defizit eta zor publiko gisa. Modu horretan egin ezean, ezinezkoa litzateke hedapena eraikitzea, Nafarroak Egonkortasunaren eta Hazkundearen Europako Hitzarmena urratuko lukeelako.

Duela bi urte, Charo Brinquis Uraren Kultura Berria plataformako kideak Itoizko urtegiaren eta Nafarroako ubidearen eragin ekonomikoaren inguruko ikerketa egin zuten. Azaldu duenez, proiektuaren kostu osoaren %27 soilik berreskuratuko da azpiegiturak eragindako irabazien bidez. Beraz, datu hori aintzat hartuta, argi du proiektua ez dela inola ere "errentagarria". Zergatia galdetuta, nekazariek ubideko ura erabiltzeko dituzten zalantzak eta arazo ekonomikoak aipatu ditu Brinquisek, hainbat zioren artean. "Ubidearekin lotutako ekonomia jarduera nagusia lurren ureztatzea da. Lehen fasea amaituta dagoen arren, nekazarien hamarretik hiruk bakarrik erabiltzen dute ubideko ura".

Tradizioaren defentsa

Nekazariek ubideko ura euren lurretara eraman ahal izateko egin behar duten ahalegin ekonomiko handiaz ohartarazi du Consuelo Otxoa Ureztatze Tradizionalaren Aldeko Plataformako kideak. Ubidearen lehenengo fasearen hedapena amaitutakoan, Itoizko ura Lerineraino iritsiko da. Bertakoa da Otxoa. "Ubidearen proiektua inposatu nahi digute, eta nekazaritzaren errentagarritasuna ez du urak ematen, hori argi dago", salatu du.

Herriko nekazariek lurrak ureztatzeko sistema propioa dute. Dena den, urteak pasatu ahala sistema hori matxuratzen joan da. Jakinarazi duenez, administrazioak ez du ureztatze tradizionala konpontzeko diru laguntzarik eman, eta horregatik dago sistema horren egoera "txarrean". Gainera, ubideak lursailen antolamendua eraldaraziko duela irizten dio Otxoak: "Inguruko lurrak minifundioak dira, eta ez dugu latifundiorik nahi, nekazari gehienek ekoizpen txikia dutelako".

Antzinakoa da Miranda Argako ureztatze sistema ere. Lehen erreferentzia 1300. urtekoa da. Ordutik apenas aldatu den Arga ibaiaren ibarretan dauden soro eta baratzeak ureztatzeko modua. Azucena Garmendia Miranda Argako nekazaria da. Arga ibaiaren ertzean 1.5 hektarea inguruko lursaila dauka. Baratze txiki bat eta ehun fruta arbola inguru ditu. "Hamabost urte dira hona iritsi ginela, eta argi dut ureztatze sistema berriak nekazari txikiei kalte egingo diela". Gainera, aitortu du ubidea egiteko proiektuari ez diola zentzurik topatzen.

Horrez gain, Itoizko ura garestia izango dela uste du. Gaur egun, Miranda Argako nekazari bakoitzak hamabi euro ordaintzen ditu lurrak Argako urarekin ureztatzeagatik. Itoizko ura askoz ere garestiagoa izango dela salatu du Garmendiak. Izan ere, ubideko ura jasotzeko eskubidea erdiesteko, 954,53 euro ordaindu beharko ditu nekazari bakoitzak hektareako. Horrez gain, beste 4.356 euro ordaindu beharko dute hektarea bakoitzeko, lursailean ureztatzeko sistema jartzeagatik. Ondorioz, kontuan hartuta ureztatzeko lursailek gutxienez bost hektarea izan behar dituztela, nekazariek egin beharreko gutxieneko inbertsioa 26.500 eurokoa izango da.

Hain justu, joan den irailean proiektuaren aurka aurkeztutako helegiteetako batean baratze txikiak desagertzeko arriskuaz ohartarazi zuen herritar batek. Hala ere, Nafarroako Gobernuak errealitate hori ukatu egin du, "lurrak era egokienean batuko direlako". Dena den, ubidearen aurka daudenek tesi hori gezurtatu egin dute, eta datozen asteetan azpiegituraren aurkako bilera, elkarretaratze eta manifestazioak egiteko asmoa azaldu dute.

50,17

Volkswagenek Nafarroan irabazi zituen milioi euroak. Volkswagen auto enpresak Landabenen duen lantegian 50,17 milioi euroko irabaziak izan zituen 2013an. Aurreko urtean baino %13,5 gehiago. Polo autoaren salmentak eragiten ditu irabazi gehienak.

Koxka enpresarentzat bideragarritasun plana egingo du aholkulari batek

Hotz industrialaren arloko Koxka enpresari bideragarritasun ekonomikoa bilatzeko asmoz, egungo enpresaren jabeak, AEBetako AIAC inbertsio funtsak (American Industrial Acquisition Corporation), Manuel Rodriguez Quevedo aholkularia izendatu du bere ordezkari. Chechu Rodriguez CCOO sindikatuko Industria Federazioko idazkari nagusiak azaldu duenez, Rodriguez Quevedok berak jakinarazi zien baduela eskuduntza enpresa saltzeko, zorrak ordaintzeko edota bestelako zereginak betetzeko. Aholkularia enpresan hiru astez egotea espero da, Koxkaren bideragarritasun plana egiteko denbora hori beharko duela eta.

Hala ere, oraindik kolokan dago Nafarroako enpresa indartsuenetakoa izan zenaren etorkizuna. Izan ere, enpresaren jabeei dirua desbideratu izana egotzi diete langileek, duela zenbait aste. Horren ondorioz, enpresak Iruñean eta Azkoienen dituen lantegiak zuzendaritzaren esku uzteko eskatu diete jabeei.

Egun, Koxkan 380 langilek egiten dute lan, baina 2000ko hamarkadan Nafarroako enpresarik garrantzitsuenetakoa izan zen. 2005ean diru galerak izan, eta, 2008tik dagoen finantza krisiaren eraginez, galerei aurre egiteko zailtasunak izaten hasi zen. Ondorioz, 2009an lana erregulatzeko espediente baten bitartez, 190 langile kaleratu zituzten.

2010. urtean eskuratu zuen AIAC inbertsio funtsak Koxkaren jabetza, eta 12 milioi euroko mailegua eskatu zuen, enpresa modernizatzeko helburuarekin. Baina egoera ekonomikoa bideratu ezinda, zorrak pilatzen ari zirela eta, 2013an langileen soldata %20 murriztea adostu zuten langileekin. Gaur egun, Eguberrietako estra eta martxoko soldata zor dizkiete langileei. Dena den, datozen egunetan estra horren zati bat ordaintzekotan da enpresa.

KALEAK DANTZAZ BETEZ

Asteburu osoz dantzaz beteko ditu Iruñea eta Uharteko kaleak Amaiur dantza taldeak. Folk Lore nazioarteko dantza ospakizuna egingo baitute hamazortzigarrenez. Bihar goizean 14 urte arterako 350 dantzari txikik kalejira egingo dute Iruñeko Alde Zaharrean. Igandean berriz, Uharteko San Juan plaza hartuko dute dantzariek. Amaiur taldearekin batera, Donostiako Goizaldi eta Sardiniako Mamutzones di Samugheo ariko dira.

“Ura pribatizatzeko saio garbi bat egin nahi dute”

Urarekin negozioa egin nahi izana egotzi dio Nafarroako Gobernuari Ignacio Gil EHNE sindikatuko kideak (Fustiñana, 1966). Dioenez, Nafarroako ubideak ez du "ez hanka ez buru". Duela egun gutxi, Yolanda Barcinak, Nafarroako presidenteak berak, aitortu zuen ubidearen lehenengo fasea ez dela errentagarria izan. Hori dela eta, haren hitzak aintzat hartu eta ubidearen lehenengo fasea hedatzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu du Gilek.

Nafarroako ubidearen aurka azaldu da tinko EHNE sindikatua. Zer dela eta?

Lehen fasearen proiektua egin zutenetik, ubidearen gaia oso gertutik aztertu dugu. Sindikatuko kideok asko kezkatzen gaituen gaia da. Proiektuaren aurka azaldu gara hainbat irizpide tarteko: ekonomikoak eta agronomikoak. Gure ustez, ureztatze sistema berria ezarri ahal izateko gehiegizko gastua egin behar da. Ez genuen argi ikusten gastuaren eta irabazien ekuazioa.

Nafarroako Gobernuak dio ubideari esker nekazariek era askotako produktuak erein ahal izango dituztela. Ados zaudete?

Inola ere ez. Ubidea erabiltzen hastean lantzeko produktuei dagokienez, alternatiba asko izango zirela zioten, baina hori ez da horrela, inondik inora. Lehen fasean ikusi dugu uste hori ez dela bete. Pare bat urte igaro dira ubidearen lehenengo fasea martxan jarri zenetik, eta denborak arrazoi eman digu. Ikusi ahal izan dugu alternatiba horiek guztiak ia ez direla martxan jarri. Nekazari gehienek laboreen monolaborantzaren alde egin dute. Gainera, ubidetik ura hartzeko sistema jarri duten nekazarien ehuneko handi batek ez du ura erabiltzen, eta beste askok ez dute sistema ezartzeko behar den inbertsioa egin, oso garestia delako, batez ere.

Joan den astean, Yolanda Barcinak aitortu zuen ubideko lehenengo fasea ez zela errentagarria.

Lehen aldia da halako gauza bat aitortzen dena. Argi dagoena da lehenengo faseak ez dituela inoren aurreikuspenak bete, ezta administrazioarenak ere. Baina kuriosoa da. Proiektuaren hastapenetan errentagarritasuna zalantzan jartzen genuenean, askok erotzat hartzen gintuen. Dena den, proiektuaren lehen fasea errentagarria izan ez den arren, urtetik urtera, ubidearekin lotutako diru sailak geroz eta handiagoak dira. Guretzat estrategikoak diren gainontzeko diru sailak, aldiz, murrizten ari dira. Are gehiago, Nafarroako Gobernuak ematen zituen hainbat laguntza desagertu ere egin dira.

Lehen fasearen hedapenarekin zer lortu nahi du Barcinaren gobernuak?

Iruditzen zaigu Itoizko urtegiak duen edukiera osoa ustiatu nahi dutela. Urtegiak duen azken tanta ere erabiltzeko edo saltzeko aginduko dutela uste dugu. Uraren erabilera publikoaren pribatizazio saio garbi bat egin nahi dute. Azken finean, enpresa baten esku utzi dute ubidearen kudeaketa. Enpresa guztiek dute interes ekonomikoa. Beraz, ubideko ura kudeatzen duenak irabazi ekonomikoak ditu helburu nagusi.

Hainbat nekazarik salatu dute ubideko ura garestia dela. Ados zaude?

Ur hori baliatu ahal izateko, izugarrizko inbertsioa egin behar izaten dute. Gainera, kontuan hartu behar da uzta guztiek ez dutela halako inbertsioei aurre egiteko behar besteko irabazirik eragiten. Adibidez, lehen faseko ureztatze eremuko lursail askotan artoa erein dute nekazariek. Baina kontuan izan behar da azken bi urteetan artoak izan duen prezioa historikoa izan dela. Puztu egin da prezioa. Egoera hori ameskeria zelakoan nago. Aurreko kanpainan kiloko 24 zentimo ordaintzen zituzten, eta aurten, berriz, 18 zentimo. Beraz, prezio jaitsiera ia %30ekoa izan da. Egoera horretan oso zaila da inbertsio horiei aurre egin ahal izatea.

AHTaren inguruko informazio falta salatu dute Etxabakoitzen

"Etsipena eta ziurtasunik eza", salatu dute Etxabakoitzeko bizilagunek. AHTaren Iruñeko geltokia han egingo dute. Iruñeko Udalak diseinatutako hirigintza planaren arabera, 120 etxe bota behar dituzte. Baina Etxabakoitzeko bizilagunek ez dakite oraindik zein etxe botako dituzten eta udalak nola kudeatuko dituen etxe aldaketak. Bizilagunek Enrike Maia alkateari eskatu diote auzoan bilera publikoa egiteko.

Etxeen egoera txarra

"Hemen ez da beharrezkoa izango etxeak eraistea; bakarrik eroriko dira", esan du Etxabakoitzeko bizilagunen plataformako bozeramaileak. Auzoko etxe ugari udal arautegitik kanpo daude. Hori dela eta, bizilagunek ez dituzte egokitze lanak egiten etxeetan. "Inork ez du dirurik gastatuko etxea konpontzen, zer gertatuko den jakin arte".

Behin-behinean geratu du parlamentuak Udalen Mapa

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Udalen Mapa geratu du behin-behinean Nafarroako Parlamentuko oposizioak. Egitasmoaren arabera, Nafarroa osoko mankomunitateak zortzi edo hamar barrutitan batu nahi dituzte, eta 2.000 biztanletik beherako udalerrietako...

@sarean

Aztertutako udalen informazio ofiziala jasotzen duten atariak.

www.pamplona.es. Iruñeko Udalaren atari ofiziala. Alderdien argibideekin.

www.tudela.es. Tuterako herriaren inguruko xehetasunak eta berriak.

www.tafalla.es. Tafallako atari digitala, udal taldeei buruzko datuekin.

Gobernu krisiaren aztarnak

Hilabete frenetikoak izan dira politika orokorrean, UPNren gobernua kili-kolo jartzeraino: Yolanda Barcinaren taldeak jarraituko du, ordea, itxura guztien arabera —hauteskundeak aurreratzeko eskatzeko epea hortxe da: martxoaren 31—. Aztarna sakona utzi dute, bai, Kontuz elkarteak salatutako CAN auziko ustelkeria kasuak eta Ogasuneko kontseilari eta presidenteorde Lourdes Goikoetxearen ustezko delituen zapriztinak. Baina arazoek izan al dute eraginik goi politikaz gaindi? Krisia iritsi al da herrietako udaletara ere? Zenbait udalerriren egoera aztertu nahi izan du Nafarroako Hitza-k. Horretarako, hiru herri aukeratu ditu, bertako egoera politikoa eta herri bakoitzaren pisu politikoa kontuan hartuta: Tuterako, Iruñeko eta Tafallako udalak.

Iruñea

Nafarroako Gobernuaren isla

Ezegonkorra da Iruñeko Udalaren kudeaketa, eta "asko" antzeman dira gobernuaren gorabeherak. NaBaiko zinegotzi Aitor Lakastak azaldu du: "Instituzio ezberdinak dira, baina eragina nabarmena da". Hiriburuan, UPNk 11 zinegotzi dauzka, NaBaik bost, PSNk hiru, beste hiru Bilduk, bi PPk, beste bi Aralarrek eta bat Ezkerrak. Gehiengoa dute erregionalistek, baina ez osoa; beraz, beste taldeen babesa behar dute maiz.

Lakastak egoeraren irakurketa orokorra egin du. Dioenez, PSN ahulduta dago udaleko taldean ere. Eta UPNk aukera baliatzen du. "UPNk orain aurkeztu ditu osoko bilkuran bizikidetzarako kaltegarriak diren hainbat mozio". Desegonkortasuna baliatzea egozten dio Lakastak. Baina PSNren jarrera ere ez du hobeki ikusten. "PSN Iruñeko Udalean UPNren oposizioa izaten saiatzen da. Dena den, ezin dugu ahantzi PSNri esker dela Maia alkate". Hala, kritiko egiten du solas. Udalean gauzak aldatu behar direla iruditzen zaio, baita gobernuan ere, "alternatibek" indarrak batu behar dituztela, baina zehaztapen batekin: "PSN jada desaktibatuta dago alternatiba bezala".

Ezkerrako zinegotzi Edurne Eginorentzat ere gobernuaren egoerak udalekoa mugatu du. Nolanahi ere, baikor ikusten du oposizioko taldeen jarduna: "Orain, sinergia handiagoa dago oposizioko taldeen artean, UPNren eta PPren artean baino". UPNk eserleku asko dauzka, baina bidelagun gutxi. Hasieran, errazagoa izan zuen: "PSNk txeke zuria eman zion". Orain, baina, "bakartuago" dago. Hala ere, oposizioa batuta dagoen arren, egiturazko aldaketa beharrezkotzat jo du: "Hauteskundeak behar dira". Iruñeko UPNk eta PSNk zer pentsatzen duten jakiteko modurik, berriz, ez da izan: mututasunarekin erantzun diete Hitza-k egindako deiei.

Tutera

PSNko eta UPNko kritikoak

Tuteran eman dute beren iritzia UPNko eta PSNko ordezkariek: "Ez da batere nabaritu krisia, ez UPNren jarreretan, ezta PSNren jardunean ere". Zorrotz mintzatu da PSNko kide eta Tuterako zinegotzi Manuel Campillo. Egoera orokorraren azterketa saihestuz, herriaz baino ez du hitz egin.

Egun, UPNk agintzen du Tuteran: 21 eserlekutatik zortzi betetzen dituzte haren zinegotziek; bost PSNkoek; beste lau Ezkerrakoek; eta geratzen diren laurak PPkoek. Agintea, beraz, erregionalisten esku dago, baina gehiengo osoaren faltan, PPren babesarekin egiten du aurrera. Campillok oposizioan ikusten du bere alderdia, orain artean bezalaxe.

PSNko kidearen ustearekin bat egiten du Ezkerrako zinegotzi Milagros Rubiok; "normal" dago herriko politika. Aldaketarik gabe, alegia. Rubiok argi dauka zergatik ez diren gauzak aldatu: "PSN oposizioaren parte da udalbatzan, beraz, ez lehen, ez orain, ez doa UPNren eskutik". PSNren zenbait iritzirekin bat egiten ez badu ere, oro har oraindik ere egoera aldatzeko gaitasuna badagoela pentsatzen du. Hori dela eta, "batzeko" deia egin dio ezkerrari. "Guztien artean eraiki behar dira zubiak, PSN edo Bildu baztertu gabe".

Luis Casado UPNko kidea da herriko alkatea. Rubiori iruditzen zaio Casadok ez duela "bide orria" aldatu. Aitzitik, bada desadostasunik udalean, baina ez alderdien artean, alderdi barruan baizik. UPNko "sektore kritikoko" kide da Casado, Rubioren irudiko. "Ez da Barcinaren aldekoa". Horregatik, herrian, egunerokotasuna nahastu ez bada ere, hautsak harrotuta daudela antzematen da erregionalisten artean. Eta PSNn. Tuterako PSNko kideak ere zuzendaritza orokorrarekiko "kritikoak" direla dio Rubiok.

UPNko zinegotzi Joaquim Torrentsek aitortu du "garai zailak" pasatzen ari dela alderdia, baina ez du barne tentsioen inguruan hitz egin nahi izan. Esan du Tuterako Udalean ez dela nabaritu gobernuaren afera: "Herri txiki batean eragina ez da hainbestekoa".

Tafalla

Herri baten normaltasuna

"Ez da ezer nabaritu; denak jarraitzen du berdin-berdin", taldeen arteko harremanak ere bai. Argi esan du Bilduko zinegotzi Pedro Peraltak. "Lehengo lepotik burua". Tafallan, UPNk dauka gehiengoa: hamazazpi ordezkarietatik zazpi dauzka —Hitza-k ez du lortu haiekin hitz egiterik—. Bildu da bigarren indarra, seirekin; PSNk hiru dauzka —Amanda Acedo haien idazkari nagusiak argi eta garbi hitz egin zion BERRIAri elkarrizketa batean PSNren jarduna errotik eta behetik konpondu behar zela esanez—; eta Iniciativa por Tafallak, bat. Peraltak argitu du "orain arte bezala" ari direla lanean alderdiak.

Dioenez, PSNko korronte "kritikoenaren parte" dira Tafallako zinegotziak, eta, beraz, errazagoa da haiekin batera lan egitea. Bestalde, aurretik ere nahiko adostasun izan dute taldeek elkarrekin. Horren adierazgarri da, adibidez, UPNren aurrekontuek Bilduren abstentzioari esker aurrera egin izana. Zeresana eman zuen gaiak hedabideetan; izan ere, erregionalisten eta abertzaleen arteko hartu-emanaren ondorio izan zen. Haatik, justu kontrako irakurketa egiten dute herriko alderdiek; euren aburuz, "normaltasunaren" adibide da.