7.974

Errenta aitorpeneko dirua itzuli ez dieten lagunak. 2012ko errenta aitorpena egiteko epea joan den ekainean amaitu zen. Aitorpena egin, eta administrazioak dirua itzuli zain daude 7.974 lagun.

Txikitasunean dago aldea

Ez dira asko, baina bai nahikoak. Duela zenbait urte ixtekotan izan ziren, baina aurrera jarraitzeko moduan izan ziren. Hemeretzi ikaslek ikasten dute egun Arraiozko eskolan. Ikastetxe berezia da, landa eremuan dagoelako. Baztanen, Zugarramurdin eta Urdazubin dauden hamaika eskola txikietako bat da, hortaz, Arraiozkoa.

Bi ikasgela besterik ez daude. Junkal Iparragirre aritzen da 3 eta 6 urte arteko ikasleekin eskolaren egoitzaren goiko solairuan irakasle lanetan. Zuzendaria ere bada. Behekoan, berriz, Miren Goñi aritzen da Lehen Hezkuntzakoekin. Igandean, Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskolen festaren ospatuko dute seigarren aldiz Arraiozen bertan.

09:30ean hasten dute jarduna Arraiozko eskolako haurrek. Iparragirrek goxo egiten die harrera haurrei. Aurten 3 urteko bost ikasle berrik hasi dute ikasturtea; tartean, Igor eta Uxue anai-arreba bikiek. Oraindik negarti dabiltza, baina irakasleak laster goxatzen ditu. Hamahiru urte daramatza Arraiozko eskolan lanean Iparragirrek, eta agerikoa da denbora horretan pilatu duen esperientzia. Datozen urteetarako eskolaren iraupena ziurtatuta dagoela jakinarazi du pozik, herrian haurrak jaiotzen ari direlako.

Iparragirreren gelan 3 eta 6 urte bitarteko haurrek ikasten dute. Guztiak gela berean. Hiri handietako eskoletako ereduarekin alderatuta, oso ezberdina da. Adin aniztasunari onura asko ikusten dizkio Arraiozko eskolako zuzendariak. "Adin ezberdinak gela berean izatea abantaila handia da, eta hagitz egoera aberatsa da. Gehienetan, handiak eredu arrunt onak dira txikientzat, elkar imitatzen dutelako".

Hezkuntza aldetik ona den arren, noiz edo noiz zailtasunen bat ere sortzen da beste ikastetxeetan bezala. Izan ere, handiek beren handitasuna baliatzen dute txikiak mendean hartzeko. Hala ere, irakasleak, joera horren jakitun, ez ditu ikasleak bistatik galtzen.

Lehen Hezkuntzako gela eskolaren beheko solairuan dago. Duela lau urtetik hona, Goñi da irakaslea. Ikasgela bakarra duten arren, kurtso bakoitzak bere txokoa du. Azkar batean egiten du salto Goñik lehenengo mailan daudenei geometriaren inguruko zalantza bat argitzetik batuketak nola egin behar diren esplikatzera. Bera ere, eskola txiki batean ikasitakoa da, Oronozko eskolan ikasi baitzuen.

Eskolen arteko elkarlana

Hamabi urte betetzean, eskualdeko eskola txikietako haurrak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikastera Lekarozko institutura joaten dira. Gainontzeko eskoletako ikasleekin harremanak sendotzeko asmoz, asteazkenero 6 urtetik gorako ikasleak Iruritako erreboteko eskolan izaten dira, ingelesa, gorputz hezkuntza eta musika lantzeko. "Iruritan elkartzen dira hamar eskoletako lehenengo mailatik seigarren mailako ikasleak. Arrunt antolatua dago eta arrunt esperientzia aberasgarria da". Adin bereko hogei bat ikasle izaten dira gela bakoitzeko Iruritako eskolako saioetan.

Asteazkenak profitatzen dituzte eskualdeko ikasleen arteko harremanak sendotzeko. Horrez gain, irakasleak astero biltzen dira, besteak beste, ingurumenarekin lotutako gaiak proiektuen bidez lantzeko. Hala ere, hartu-eman horietan gurasoen artekoak indartzea falta zela ohartu ziren.

Horregatik, duela sei urte Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko eskolen festa antolatzen hasi ziren. "Irakasleak, haurrak, gurasoak denak batera egoteko modua da", dio Iparragirrek. Amaiur, Zugarramurdi, Irurita, Oronoz eta Erratzuren ondotik iritsi da Arraiozen garaia. Beste behin, igandean, txiki izatearen handitasuna aldarrikatuko dute.

102

2008tik 2012ra Nafarroan itxi dituzten banku bulegoak. Aurrezki kutxak dira bulego gehien itxi dutenak. Herrialde osoan itxi diren 102 bulegoetatik 73 aurrezki kutxetakoak dira, finantza erakunde horiek orotara dituzten bulegoen laurdenak, hain justu.

Donapeako lurren jabetza gobernuaren esku utzi du Iruñeko Udalak itun bidez

Iruñeko Udalak Donapeako institutuko orubearen jabetzari uko egin dio Nafarroako Gobernuarekin sinatu duen hitzarmenean. Ondorioz, Nafarroako Gobernua da orubearen jabea, eta Ikerkuntza Mediko Aplikaturako Fundazioari saltzeko asmoa du. Fundazioa Nafarroako Unibertsitateak sortua da, eta Nafarroako campusean hiru ikerketa zentro eraikiko dituzte. Horrela adostu baitzuten gobernuak, unibertsitateak eta fundazioak 2011n sinatutako protokolo batean.

Asteartean adostutako hitzarmenaren arabera, gobernuak udalari Etxabakoitzen duen orube bat emango dio, Donapeako lurren ordainetan. Eta udalak Lanbide Heziketako campus bat eraikiko du. Hitzarmena oposizioko talde gehienek kritikatu dute. Euren ustez, baliabide publikoak erabiltzen ari dira erakunde pribatu baten alde egiteko, kasu honetan Nafarroako Unibertsitatearen alde.

Oposizioaren kritikak

Donapeako proiektua aspalditik dago Nafarroako politikarien agendan. Udaleko zein parlamentuko oposizioko talderik gehienak operazioaren aurka agertu dira hasieratik. PSNk, ordea, jarrera aldakorra izan du azken hilabeteetan.

Iruñeko Udaleko Nafarroa Baik salatu du Donapeako hitzarmenarekin Iruñea ondarea galtzen ari dela. Gogoratu dute hitzarmena udalbatzak baztertutako hirigintza planaren aldaketa batean oinarrituta dagoela.Gainera, NaBairen iritziz, hitzarmena ez da ona Iruñearentzat, ezta Nafarroarentzat ere. PSNk izan duen jarreraren harira, Uxue Barkosen alderdiak uste du PSNren ahuldadea agerian gelditu dela Donapeako eta bestelako proiektuetan izan duen jarrera aldakorra dela eta.

Bilduk ere hitzarmena kritikatu du. Euren ustez, gobernuak alor publikoan murrizketak egiten dituen bitartean, entitate pribatu bati lurrak eta eraikinak "oparitzen" ari da. Horri aurre egiteko, lanean jarraituko duela esan du Bilduk, "UPNren kudeaketa ereduaren ondorio negargarriak amaitzeko eta alternatiban oinarritutako aldaketa lortzeko".

Aralarrek, berriz, esan du Donapeako proiektua "trikimailu juridiko" bat baino ez dela izan. UPNren politika ondasun publikoaren eta lanbide hezkuntza publikoaren kontra doala uste du.

LAB sindikatuaren aburuz, "hitzarmenak UPNren hezkuntza politika agerian uzten du". Sindikatuaren ustez, hezkuntza sistema publikoa deuseztatu, hezkuntza katolikoa ezarri eta hezkuntza sistema bereizia bultzatu nahi du UPNk.

“Hizkuntzak erabili egin behar dira, bestela gaitasuna galtzen da”

Irailarekin batera hasten da ikasturte berria. Opor luzeen ostean, umeak ikasgeletara bueltatzen dira. Batzuk animatuago, beste batzuk alferrago, baina denek dituzte aurretik bederatzi hilabete bizipenez eta ikasketaz beteak. Umeek baino egun batzuk lehenago irakasleek hasi dute ikasturtea. Eurek ere, opor luzeen ostean lanera bueltatu behar dute. Eskolak hasi baino lehenagoko egun horietan, ikasturte berriko azken xehetasunak lotzen dituzte. Marian Moya (Iruñea, 1984) ingeles irakaslea da Antsoaingo Ezkaba ikastetxean. Lanean hastea beti kosta egiten bada ere, Moyak gogoz hasi du ikasturtea. "Umeekin lan egiten dugu, eta horrek ehuneko ehunean egotea eskatzen du". Zortzi urte daramatza irakasle lanetan. Irakaskuntzak betidanik erakarri du. "Txikitatik hurbil izan dudan lanbidea da, ama ere irakaslea delako". Hala ere, unibertsitate ikasketak aukeratzeko garaian zalantzak izan zituen. Azkenean, Atzerriko Hizkuntzako Irakasle ikasketak aukeratu zituen, eta oso pozik dago egindako aukerarekin.

Moyak Iruñean egin zituen irakasle ikasketak. Ez zuen tutorea izan nahi, nahiago zuen atzerriko hizkuntza bateko irakaslea izan. Ez baita berdina hizkuntza bat edo bestelako materia bat irakastea. Hiru urteko ikasketak ziren irakaslekoak —gaur egun lau urte dira—, eta azkena Ingalaterran igaro zuen Erasmus bekari esker. Oroitzapen onak ditu: "Praktikak hasieratik egin genituen, hainbat eskolatan gainera. Irakasteko egoera oso ona zen, arbela digitala, 16-18 ikasle gela bakoitzean eta irakaslearen laguntzailea". Duela zortzi urte ezagututako baliabideen falta sumatzen du gaur egun.

Zortzi urte ingelesa irakasten

Ikasketak bukatu eta segituan hasi zen lanean Moya. Irakasle ikasketak bukatzean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zerrendetan izena eman zuen, baina lanean hasteko itxaropenik gabe. Ingeles Filologia ikasten hasi zen, eta urtarrileko azterketen ostean deitu zuten ordezkapen bat egiteko: "Matienatik deitu ninduten, ezagutzen ez nuen Bizkaiko herri batetik. Hasieran uko egitea pentsatu nuen, baina deitu ninduenak animatu egin ninduen, eta lanean hasi nintzen". Matienan aste batzuk eman zituen; gero, Bilbora joan zen; eta hurrengo urtean, Nafarroatik deitu zuten. Berak ikasi zuen institututik, gainera.

Gaur egun, Antsoainen dago Moya. Bertako umeei irakasten die ingelesa. Umeekin lan egiteak baditu bere berezitasunak: teknika ezberdinak erabili behar dira batzuekin eta besteekin. Moyaren arabera, "txikienekin, hitz egiteko gaitasun handirik ez dutenez, norbera da protagonista. Baina helduz doazen heinean, eurek hartzen dute protagonismoa".

Antsoainen ingeleseko gela berezia dute. Moyarentzat, abantaila handia da hori, umeak betiko klasetik mugitzen direlako eta ikasgai berezi bat eman behar dutela jabetzen direlako: "Hormako irudi eta kartelak ingelesez daude, eta umeek badakite gela horretan ingelesez egin behar dutela". Bertan, umeen parte hartzea bultzatzen du Moyak, hizkuntza bat ikasteko umeen jarrera aktiboa ezinbestekotzat jotzen baitu: "Antzerkitxoak egiten ditugu binaka edo talde txikietan. Eguneroko esaldiak lantzen ditugu horrela".

Baina dena ez da arrosa kolorekoa. Ingeleseko irakasle izateak bere zailtasunak ditu. Atzerriko hizkuntzak ez baitira egunerokotasunean erabiltzen, eta askotan umeek galdu egiten dute ikasitakoa. "Hizkuntzak erabili egin behar dira, bestela gaitasuna galtzen da. Horregatik, ume askok beti berdina lantzen duten sentsazioa izaten dute", azaldu du Moyak. Ingelesaren alderdirik zailena ahoskera zuzena egitea da, euskara edo gaztelaniarekin alderatua ingelesa oso ezberdina delako fonetikoki. Horrek ere idazterakoan eragiten du, ahoskatu eta idatzi oso ezberdin egiten delako. Moyak azaldu du azkar ulertzen dutela ingelesak nola funtzionatzen duen eta ez dituztela ohikoak direnak baino arazo gehiago.

Bokaziozko lanbidea

"Zalantzarik gabe, irakasle lana bokaziozkoa da. Ez baita lan erraza eta gustura egin beharrekoa da, umeekin beti ehuneko ehunean egon behar baita", esan du Moyak. Fakultatean asko ikasten dela aitortu badu ere, norbera irakasle egiten duena klaseak ematea dela dio. Hori bera esan zion fakultateko irakasle batek, eta ez zaio ahaztu oraindik Moyari. Esperientziarekin batera, komeni da irakasle ikasketak beste batzuekin osatzea. Moyak gogoratu du unibertsitate garaian psikopedagogia ikasketak egitera animatzen zituztela, oso garrantzitsua delako umeen garapena ikusteko eta haiekin nola erlazionatu jakiteko.

Ofizio gehienak bezala, irakasle lana ere oso markatuta dago generoaren aldetik. Fakultateetan emakumezkoak dira gehienak. Moyaren ustez, emakumeek historikoki izan duten zaintzaile rolagatik da hori. Hala ere, astiro baina gauzak aldatzen ari dira.

Nasuvinsa enpresa publikoak eraikiko du salestarren lanbide eskola

Nasuvinsa, Nafarroako lurralde eta hirigintza garapenerako enpresa publikoak egingo du salestarrek Sarrigurenen izan nahi duten lanbide eskola berria. Ordainetan, salestarrek Iruñeko erdialdean duten eskolaren orubea emango diote gobernuari. Yolanda Barcinak, Nafarroako presidenteak, esandakoaren arabera lanak heldu den urtarrilean hasiko dira. Lanek 55 milioi euro inguruko kostua izango dute, den dena Nasuvinsaren kontura.

Horretaz gain, 2012an Iruñeko exekutiboak dirua lortzeko bereak ziren hainbat higiezin enkante publikoan jarri zituen. Baina enkanteak ez zuen espero zuten arrakastarik izan. Ondorioz, gobernuak higiezin horiek Nasuvinsari saldu zizkion 20,6 milioi euroren truke. Modu horretan, administrazioak bere egoera ekonomikoa apur bat hobetzea lortu zuen, ez ordea enpresa publikoarena. Izan ere, Nasuvinsaren egoera ekonomikoa, herrialdeko enpresa publikoen artean, onena bada ere, bere irabaziak asko jaitsi dira azken urtean. Duela bi urte izan zituen 20,5 milioi euroko irabaziak, iaz 2,8 milioi eurora jaitsi ziren. Diru sarreren jaitsiera dela eta, lan erregulazio espedientea prestatzen ari da gobernua.

Politikarien erreakzioak

Aralar-NaBaik, Ezkerrak, Geroa Baik eta PPk gobernuari informazioa eskatuko diote Sarrigurengo eskola eraikitzeko proiektuaren inguruan. Horren harira, Txentxo Jimenezek, Aralar-NaBaiko parlamentariak, uste du operazio guzti horrek eskola pribatu bati diru publikoa emateko "trikimailua" besterik ez dela. Gainera, Jimenezen aburuz, "oso zaila edo ia ezinezkoa izango da egindako inbertsioa berreskuratzea salestarren orubean luxuzko etxebizitzak salduz".