“Kazetaritzan ez dago politika baino gauza aspergarriagorik”

"Gure lanbidea ez da perfektua, ezta gutxiago ere, baina gustuko baduzu jendearekin harremanetan egon eta pil-pilean dauden gauzen gainean egotea, primerakoa da", horrela dio Bingen Amadoz kazetariak (Murillo el Cuende). Erretiro aurreratua hartu du abenduan, baina ez du geldirik egoteko intentziorik. "Bidaiatzea asko gustatzen zait, baita irakurtzea eta idaztea ere. Mintzaidea ere banaiz. Gauza asko egin daitezke bizitzan, eta segituko dut hori guztia egiten". Kazetari moduan, denetarik egin du Amadozek. Azken urteak kultura albisteen berri emanez igaro ditu, baina urte mordoa aritu da gizarte gaiak jorratzen.

Ofizio guztietan bezala, badaude alde onak eta alde txarrak. Amadozek denetarik egin du, eta kasu gehienetan gustura ibili da. Hala ere, badago bereziki gustatzen ez zaion gai bat: politika. "Kazetaritzan ez dago politika baino gauza aspergarriagorik. Batek esaten duena zabaldu, bestearen erantzuna jaso... joko baten pieza bezala sentitzen zara askotan", azaldu du Amadozek.

"Nik ez nuen kazetaritza aukeratu, esan daiteke kazetaritzak ni aukeratu ninduela". Kazetaritza ikasketarik gabe, Iruñeko Herri Irratian lan egiteko oposizioa pasatu zuen 1968. urtean. "Esatari bezala hasi nintzen, eta ofizioa ekinaren ekinez ikasi nuen". Urte batzuk geroago, 1982an, Euskadi Irratia sortu zen, eta Amadoz bertan hasi zen lanean. Geroztik, hamaika zeregin izan ditu irrati publikoan. Albistegietan urteetan jardun da, eta azken urteak kulturan eman ditu. Azken urteetako lanaz oso oroitzapen ona du Amadozek. Sortzaileekin harremanetan egoteak, zer pentsatzen duten jakiteak asko bete du Amadoz. "Nik uste dut alor guztietan topa daitekeela jende interesgarria, baina sortzaileak dira niri gehien interesatzen zaizkidanak. Haiekin harremanetan egotea eta hitz egitea. Zer pentsatzen duten jakitea, zer egiten duten, hori guztia zoragarria da", azaldu du.

Kazetaritzak, munduan denak bezala, momentu gaziak eta gozoak ditu. Une gozoak egunero sortzen direla dio Amadozek. "Momentu onak, zenbat aldiz? Erreportaje, elkarrizketa edo beste zerbait egin ostean, jendeak esaten dizu: 'Oso ongi egon da', edo 'gustatu zait'. Jendeak eskertzen du berari buruz hitz egitea. Hainbeste aldiz gertatu zait". Baina kazetaritzak egun gogorrak ere baditu. "Manifestazioetara joan eta beldurra pasatzea, tentsio une ikaragarriak, hori askotan. Manifestariak alde batean, Polizia bestean eta gu, berriz, beti erdian. Edo zailagoa zena, atentatu baten osteko hiletetan. Zure ikurra ezkutatu beharra badaezpada. Tentsio handia zegoen horrelakoetan. Beste batzuetan, irainak ere bai kazetaria zarelako, alde batetik zein bestetik", dio Amadozek.

Hainbatetan esaten da komunikabideek errealitatea manipulatzen dutela. Euskadi Irratia Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen komunikabide bat izanik, zenbaitetan leporatu izan zaio manipulazio informatiboa egitea. Amadozek ez du esaten zentsurarik ez dagoenik, baina berak ez duela jasan dio. "Nire ustez, momenturik txarrena EITBn, dudarik gabe, PP eta PSE gobernuan egon direnean izan da. Orduan bai, orduan ikusi dut noiznahi eta ia egunero zentsura. 'Ez esan horrela, esan bestela'. Ez horrenbeste nirean, baina bai telebistan edo Radio Euskadin", azaldu du. Haren ustez, Euskadi Irratia telebista eta gaztelaniazko irratiak baino gutxiago kontrolatzen zuen orduko gobernuak. "Euskadi Irratia euskaraz denez, ez dute horrenbeste menperatzen, eta beharbada ez zekiten nola jokatu gurekin. Beraz, presio gutxiago sumatu dugu guk. Baina, ondoan nituen beste lankideak, eta horiek jasan dute, bai".

Amadozek PSEk Eusko Jaurlaritzan agindu zuen urteetan ikusi zuen zentsura modu nabarienean. Hala ere, Luis Mendizabal kazetariak esan zuen zentsura beti egon dela EITBn. Zentsura baino gehiago, kontrola aipatzen du, eta horrek kazetariaren autozentsura eragiten zuela. Amadozen aburuz, hori botere guneetan gerta zitekeen, baina hark ez du ezagutu. "Bilbon edo Donostian, beharbada, gertatuko ziren horrelakoak. Baina gu Nafarroan geunden, ordezkaritza batean. Botere gunetik pixka bat urrun geunden, eta ez ginen horren garrantzitsuak. Ez dugu inoiz horrelako presiorik nabaritu", azaldu du Amadozek.

Teknologiak etengabe jarraitzen du aurrera. Hedabide berriak sortzen ari dira etengabe, eta Internet plaza handi bat bilakatu da. Hala ere, Amadozek uste du irratiak beti izango duela tokia munduan: "Irratia komunikabiderik gertukoena da; ahotsak asko laguntzen du jendea bere egunerokotasunean. Etxean lanean ari den pertsona, taxilaria edo gaixoa. Batzuetan, bakarrik gaudenean, beste ahots bat entzuteko beharra dugu. Niri gertatu zait, eta pentsatzen dut beste askori ere gertatuko zaiola. Internetek ez du irratia ordezkatuko. Telebista asmatu zutenean gauza bera esaten zuten. Nik egunkariak ikusten ditut egoera okerragoan".

EROSI GABEKOAK EROSTEKO AUKERA

Asteartean hasi zen merkealdia Nafarroako dendetan, eta heldu den martxoaren 6ra bitarte iraungo du. Salmentak sustatzeko xedez Gabonetan ia denda guztietan deskontuak egin dituzten arren, Iratxe kontsumitzaileen elkarteak egindako ikerketa baten arab...

Urte berria, eskaera zaharrak

Lehenik eta behin, orain arte errateko aukerarik izan ez dudanez, urte berri on denoi! Pentsatzen dut ongi hasi izanen duzuela urtea, ezta? Xanpaina aurrean eta hurbilekoak inguruan. Hurrengo egunean ezertaz ez akordatzeko adina edan, eta aurrera! Ongi etorri, 2014! Hori omen arruntena. Ba nik ez dizuet gezurrik errango, nahiko kezkatuta hasi dut urtea.

Gogoratzen duzue aurtengo Iruñeko sanferminetako txupinazoan gertatu zena? Ez naiz ari alkate jaun txit gorenak delitutzat jo zuen ekintza hartaz, delitutzat jo beharko litzatekeen baina inongo garrantzirik ematen ez zaion horretaz baizik. Badirudi emakume batek galtza estuak eta kamiseta hautsi bat jarriz gero eskubidea ematen diela inguruan dituen gizaseme guztiei nahi duten beste ukitzeko. Zer esanik ez titi bistan jarrita. Gizon eta mutilak gizaki izatetik gizotso izatera igarotzeak beldurra ematen du. Ez da ilargi betearen eragina, ordea. Emakumeak "bultzatzen" ditu horretara, eta alkoholak kentzen die lotsa. Lotsagarria! Emakumearen sexu askatasunaren aurkako erasoak etengabeak dira halakoetan, eta bada garaia begiak ireki eta eskuak poltsikoan gordetzeko.

Bada antzeko zerbait ikusi nuen Urtezahar egunean. Askok uste dute horrelakoak ez direla txupinazoan gertatutakoa bezain larriak, baina ni ez naiz iritzi berekoa. Zer gertatzen zaie gizonezko batzuei emakume lirain eta erakargarri bat aurrean jartzen zaienean? Gizakiak eta animaliak ustez bereizten gaituen arrazionaltasuna alde batera utzi, eta animaliek daukaten intuizioz jokatzen dute.

Uste dut jakin beharko zenuketela urte berriak ez dizkizuela eskubide berriak eman, ez behintzat emakumeen eskubideak urratuko dituztenak. Normala deritzot Urtezahar gauean "urte berri on" esan eta bi muxu emateari. Agian besarkada bat ere eman daiteke. Hor ere faltsutasunean eror gaitezke, baina ez naiz kontu horretan sartuko orain. Dena den, besarkada bat emateak ez du erran nahi eskuak gerritik beherantz eraman eta ipurdian jar ditzakezuenik! Zuen aurrean dagoen pertsonak hala nahi badu, zorteko zaudete! Orduan elkar laztandu, gozatu eta zirikatu… Baina bertzela ez!

Zuen adiskidea, ezaguna edo dena delakoa bertzetan baino ederrago dagoela uste duzue? Beharbada, pertsona horrek soineko eder eta makillaje kapa baten azpian bere buruarekiko segurtasunik eza dauka. Emakumea beti da ederra, baina, zoritxarrez, hori askotan ahaztu egiten zaigu. Eta batzuetan, hobeto sentitzeko, pinturara jotzen dugu. Hala da. Baina, nik dakidala, begiak pintatzean ez da inon idazten "ukitu nire ipurdia lasai. Horretarako dago eta". Ezta ezpainak margotzean ere. Oraindik gutxiago soineko estu bat jartzean.

Urte berriarentzat, hori da nire eskaeretako bat. Askotan eskatu dudan zerbait da, baina oraindik zantzu okerrak ikusten ditut tarteka. Behar baino gehiagotan egia erran. Hori dela eta, bi mezu helarazi nahiko nituzke lerro hauen bidez. Lehena, gizonezkoentzat: sekula ez pentsatu zuek nahi duzuen guztia ukitu nahi izateagatik emakumeek ere nahiko dutenik. Agian bai. Galdetu. Emakumeentzat: zuen gorputzari eraso diotela sentitu baduzue, ez gelditu isilik zuen laguna delako eta haserretzeko beldurra duzuelako, erran ozen zuen gorputza dela eta zuek erabakiko duzuela zer egin harekin! Nork ukitzea nahi duzuen eta nork ez! Ez izan beldurrik!

Urte berri on denoi, eta besarkada estu bana!

Adoptatu zain daude 23 txakur eta zazpi katu Iruñean

Orotara, 23 txakur eta zazpi katu daude egun Iruñeko Animaliak Artatzeko Zentroan. Horien adopzioa sustatzeko asmoz, Eraman nazazu etxera lelopean kanpaina abiatu du Iruñeko Udalak, animalia horiei familia bat bilatu nahian. Udalak ohar batez jakinarazi duenez, euren denbora eta tokia animalia batekin partekatu nahi duten familiak erakarri nahi dituzte.

Egun zentroan 30 animalia dauden arren, Iruñeko Udalaren arabera, urtean laurehun baino gehiago igarotzen dira zentrotik. Horietako gehienak txakurrak eta katuak izaten dira, arraza eta adin ezberdinetakoak gainera. Adopzioa sustatzeko asmoz, adoptatuak izateko moduan dauden animalien irudiak jartzen ditu Iruñeko Udalak www.pamplona.net atarian.

Programa hori 2007. urtean jarri zuen martxan udalak. Ordutik, Animaliak Artatzeko Iruñeko Zentroan zeuden 976 txakur eta katu adoptatu dituzte. Bide horretan jarraitu nahi duela ohartarazi du.

Hala ere, Iruñerrian animaliak adoptatzeko aukera eskaintzen duen zentro gehiago ere bada, tartean Animaliak Babesteko Etxauriko zentroa. Egun albaitaritza klinika pribatu batek kudeatzen duen arren, Etxauriko Neskak izeneko boluntario talde bat buru-belarri aritzen da zentroan dauden txakurren adopzioa sustatzen.

Berez, Nafarroako Gobernuarena da zentro hori, baina azken urteetan Etxauriko Neskek behin eta berriz ohartarazi dute bertan dauden animalien bizi-baldintzak ez direla batere onak. Esaterako, joan den otsailean izandako euriteen eraginez, hainbat txakur itota hil ziren. Zentroko bizi-baldintzak hobetzeko beharra dagoela aldarrikatu dute.

Gabonetan, kanpaina bat ere izan dute martxan, animalia bat etxean hartzean "arduratsu" jokatu behar dela ohartarazteko. Egunero-egunero izaten dira Etxauriko zentroan kalean utzitako edo bertara eramandako txakurren kasuak. Etxauriko Neskek Facebook gunea ere badute: www.facebook.com/txikasdeetxauri da helbidea.

3.670

Erretiratu baten soldata soilik jasotzen duten familiak. CCOO sindikatuaren arabera, Nafarroan 51.278 pertsona daude lanik gabe. Egun, Nafarroako 3.670 etxetan erretiratutako familiako kide baten soldata baino ez dute jasotzen. Orain dela bost urte, 1.100 familia zeuden egoera horretan.

Bukatu dute Arantzadiko parkeko lanen lehen fasea

Iruñeko Arantzadin 150.000 metro koadroko parke berria egin du Iruñeko Udalak. Lanen bigarren faseak beste 60.000 metro koadrori eragingo die, baina oraindik ez dago finkatuta lanak hasteko datarik. Parkean ibai pasealekua egongo da, berdegune eta jolasguneekin batera. Horrez gain, lur ortuak egiteko gorde dira 71.000 metro koadro. Lur horiek lantzeko aukera egongo da, udalak hirurogei lursail gorde baititu hiritarrek landu ditzaten. Horretarako, izena eman behar da udalean. Arantzadiko parkeak polemika handia izan du. Lanak hasi aurretik, bertan zeuden Iruñeko azken ortuak, eta udalak kendu egin zituen parkea egiteko. Lanek hainbat protesta eta gatazka sortu zituzten.

Zor publikoa.

Espainiako Bankuaren arabera, Nafarroaren ekainera arteko zor publikoa 3.230 milioi eurokoa da. Urte oparoetan gobernuak dirua jarri du azpiegitura handietan, eta orain zorrak eta defizitak kezkatzen du. Iraganean erakutsi gabeko zorroztasuna aldarrik...

203

2008-2011 bitartean izan diren ablazio kasuak Nafarroan. Iñigo Alli Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikako kontseilariaren arabera, 2008 eta 2011 artean 203 ablazio kasu izan ziren. Ablazioaren aurkako protokoloa martxan jarriko du Nafarroako Gobernuak.