“Aniztasunaren sarea” hedatu nahi du EH 11 Kolore ekinbideak Nafarroan

"Nafarroan bizi den eta sentitzen duen edonor, bertan edota munduko edozein lekutan jaio bada ere, nafarra da", adierazi du Leire Olza Euskal Herria 11 Kolore ekinbideko Nafarroako ordezkariak. EH 11 Kolorek urtebete egingo du laster. Ekinbidea Gipuzkoan jarri bazen ere martxan, Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu nahi dute lana. Euren helburua elkar ezagutzeari eta errespetuari mesede egingo dion "aniztasunaren sarea" hedatzea da. Horrez gain, 2014ko aniztasunaren jaia Iruñean egingo dutela jakinarazi zuten.

Iruñeko Hizkuntza Eskolan egindako aurkezpenean, Olzak eta Xabier Mendiguren euskaltzaleak parte hartu zuten. Hainbat elkarte, talde eta sindikaturen babesa izan zuten. Olzaren arabera, EH 11 Kolorek Nafarroako gizarte osoan elkarrizketa eta eztabaida iraunkorra sustatu nahi du, aniztasunean oinarritutako elkarbizitza eredu bati gogoetak eta adostasunak eskaintzeko helburuarekin. Mendigurenek esan zuen aurkezpenaren egunak esanahi berezia zuela —abenduaren 2a, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezpera—. "Frantzisko Xabierkoarekin irten zen euskara mundura, eta irteten jarraitu zuen garai guztietako arrantzale, merkatari, emigrante eta bidaiariekin. EH 11 Kolore pozarren dago, ez soilik euskarak munduratzen jarraitzen duelako, baizik eta gaur egun mundua bera delako euskarara datorrena ere", adierazi du Mendigurenek. Nabarmendu dute gaur egun D ereduko hezkuntza jasotzen dutela, besteak beste, Ekuador, Ukraina, Txile, Galizia, Maroko, Senegal eta Andaluziako umeek.

EH 11 Kolorek, iazko abenduan sortu zenetik, hainbat kanpaina eta jardunaldi egin ditu aniztasun kulturala, linguistikoa eta jatorri aniztasuna ardatz hartuta; adibidez, ekainean Donostian egindako Aniztasunaren Eguna.

789

Nafarroako familien Gabonetako batez besteko gastua. Iratxe kontsumitzaileen elkarteak esan du Nafarroako familiek batez beste 789 euro gastatuko dituztela Gabonetako erosketetan. Elkartearen arabera, 789 euro horietatik 202 jakietan gastatuko dituzte.

Irati irratiaren bazkide kopurua.

Azken zenbaketen arabera, egun Irati irratiak 176 bazkide ditu. Hala ere, aurten ahalegin berezia egin dute bazkide berriak egiteko. Izan ere, aurten, 68 bazkide berri erdietsi dituzte. Horiei esker, aurrera jarraitzen du Irati irratiak.

Gobernuak Zilbetiko meategia babestu izana gaitzetsi dute

Kezkatuta eta haserre agertu dira Seo/BirdLife eta Aldude koordinakundea Pirinioetan egitekotan diren meategien proiektuei babesa adierazi dielako Nafarroako Gobernuak. Bi talde horiek beste behin ohartarazi dute Zilbetin Magnesitas Navarra SA Magna enpresak egin nahi duen silizea ateratzeko meategiak "izugarri kaltetzen" duela ingurumena.

Antzeri eremua Nafarroako Gobernuak hala erabakita, Natura 2000 sarearen barruan dago. Hala, 2005. urteaz geroztik, ZBG Zaintza Bereziko Gune gisa dago izendatuta, besteak beste, dituen balio ekologikoak direla eta. SEO/BirdLife taldeko kide diren hainbat elkarte zientifikok eta aditu ezagunek, ohartarazi dutenez, Nafarroako Gobernuak "sustatutako" meategien proiektuak ez dira bateragarriak eremuari aitortutako ingurumen babes mailarekin.

Oraindik, Zilbetiko Antzeri parajean meategia egiten hasi ez badira ere, heldu den urte hasieran eraikitzen hasteko asmoa agertu du behin baino gehiagotan Magna-k. Dena den, SEO/BirdLife eta Aldude koordinakundeko kideek ohartarazi dutenez, hori hala izan ez dadin "borrokan" jarraituko dute. Nafarroako Gobernuak araudia ez duela betetzen iritzita, Europako Kontseiluan —bere erabakiz sortu zen Natura 2000 sarea— kexa formala aurkeztu dute. Gainera, afera auzitegietan ere badago. Bi taldeek ohartarazi dutenez, justiziak arrazoi emango ez baliete, litekeena da Europako Kontseiluan aurkeztutako kexa formala handitzea.

Oraingoz, Nafarroako Auzitegi Nagusiak zer erabakitzen duen zain daude. Izan ere, Aldude koordinakundeak eta SEO/BirdLife taldeak Zilbetiko meategiaren aurka helegitea aurkeztu zuten. Justiziaren ebazpena urte amaierarako espero dute.

Horrez gain, bi taldeek jakinarazi dutenez, Antzerin egin nahi duten meategiak hainbat erreka kaltetuko lituzke. Hori dela eta, Ebroko Ur Konfederazioaren baimena eskuratu behar izan zuten proiektuaren sustatzaileek. Ramon Elosegi SEO/BirdLife taldeko kidearen arabera, "Ebroko Ur Konfederazioak emandako baimenak oso mugatzaileak dira eta ia ezinezkoa da arau horiek beteta meategia martxan jartzea".

Magna-k Zilbetin meategia martxan jarriz gero, Zubiriko lantegiak martxan jarraitzeko aukera izango duela adierazi du behin baino gehiagotan. Hori gezurtatu dute SEO/BirdLife eta Aldude koordinakundekoek, "Zubiriko Azkarate meategian beste 20 urterako erreserbak daudelako oraindik".

“Sevilla II-ko zuzendariak giza eskubideak urratzen ditu”

Moron de la Fronterako (Sevilla, Espainia) Sevilla II espetxean 11 euskal presok gose greba hasi zuten urriaren 28an. Geroztik, batik bat osasun arazoak direla eta, preso batzuek protesta utzi behar izan dute, eta egun seik jarraitzen dute. Lau urte daramatzate bakartuta, eta horrez gain, beste hainbat oinarrizko eskubide urratuta dauzkate. Presoen egoeraz ohartarazteko, urriaren 18tik 22ra itxialdia egin dute bederatzi lagunek Iruñeko Done Laurendi elizan. Bertan, informazio gune egonkor bat ezarri dute. Presoen aldeko ekintzaz beteriko astea izan dute itxialdikoek; haietako bat da Josu Urrutia (Iruñea, 1966).

Zer gertatzen ari da Sevilla IIko espetxean?

Sevilla II espetxean dauden 13 euskal presoek lau urte daramatzate bakartuta. Espetxeko arautegian zigor gisa agertzen da bakartzea, eta beti denbora tarte jakin baterako. Kasu horretan, modu sistematikoan erabiltzen ari dira bakartzea. Egungo egoerak ez du inolako zentzurik.

Zer ondorio ditu bakartzeak?

Bakartuta dauden presoak hiru ordu baino ezin dira atera patiora; goizean, ordu eta erdi, eta arratsaldean, beste ordu eta erdi. Bi egunean, 48 orduan, 26 ordu pasatzen dituzte jarraian ziegan sartuta. Gainera, arautegiaren arabera, medikuak bi egunean behin pasatu beharko luke bakartze modulutik. Horren ordez, bi edo hiru astean behin pasatzen da, eta, askotan, ez die presoei inolako kasurik egiten. Patiora ateratzean, miaketak izaten dituzte, ukituak eta mota guztietako umiliazioak. Batzuetan indarkeria kasuak ere izan dira, tartean hainbat jipoi. Senideak ere miatu dituzte, eta noizbait bisita egin gabe itzuli dira etxera.

Zergatik gertatzen da salbuespen egoera hori?

Duela gutxi, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak errieta egin zion Espainiako Estatuari Parot doktrinaren harira. Epaitegiak argi utzi du Espainiak ez dituela giza eskubideak errespetatzen. Parot doktrinarekin egin duten bezala, kasu honetan ere giza eskubideak urratzen ari dira. Egoera hori izanik, presoek gose greba egitea beste aukerarik ez dute izan. Kontuan izan hori dela presoek protesta egiteko duten biderik gogorrena. Dagoeneko 26 egun egin dituzte gose greban [elkarrizketa azaroaren 22an egin zen]. Egoera larria da, pisu asko galtzen ari dira eta euren osasuna gero eta okerragoa da.

Zein da presoen egoera gaur egun?

Bakartze moduluan daude. Batez beste, 10-13 kilo galdu dituzte. Gose greban zeuden preso batzuek protestaldia utzi behar izan dute arazo fisikoengatik. Besteak oso ahul daude; muturreko egoera da.

Eskubide urraketa horiek auzitegietan salatu dituzue?

Bai, Espetxe Zaintzako epailea Sevillara joan zen, baina ez du ezer egin. Horrez gain, presoek espetxeko zuzendariarekin bilera eskatu dute behin baino gehiagotan. Baina zuzendariak ez du inolako neurririk hartu egoera hori bukatzeko. Sevilla II espetxea bereziki gogorra da. Zuzendariak giza eskubideak urratzen ditu, eta ez du atzera egin nahi.

Noiz arte jarraituko dute presoek gose greban?

Printzipioz, gose greba mugagabea da. Beraz, espetxeko zuzendaritzak salbuespeneko neurriak kentzen dituen arte. Nolabait esateko, egoera normal batera itzultzen direnean utziko dute gose greba presoek.

Zer ekintza mota egin dituzue itxialdian?

Aste honetan zenbait eragile politiko, sozial eta sindikalekin bildu gara. Egunero kalean egon gara, presoen inguruko informazioa banatzen. Parlamentura joan gara, hainbat batzorde biltzen ziren egunean, politikariei ere presoen egoera azaltzeko. Ostegunean [azaroak 21] Bilduk, Ezkerrak eta Aralar-NaBaik eskatu zuten Sevillan dauden Nafarroako bi presoen senideek parlamentuan hitz egitea. Juan Mari Etxabarri eta Txus Goikoetxea dira Sevillako espetxean gose greban dauden Nafarroako bi presoak. Baina ezin izan zuten hitz egin; UPNk, PSNk eta PPk ezinezko egin zuten. Gaur bertan [azaroaren 22an] bi pertsona kateatu dira Iruñeko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren atean. Kontu horretan estatuak baitu azken hitza.

BIKTIMAK EGUNERO OROITZEKO

Genero indarkeriaren biktimen oroimenez, Iruñeko Donibane eta Ermitagaña auzoak lotzen dituen ingurubideari Azaroak 25 izena jarri diote, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Astelehen Lilak taldeko kideek gogor kritikatu dute astelehen goizean inauguratu izana, eragileek joateko aukerarik izan ez zutelako. Bestetik, kartela ele bitan egon arren, euskaraz aurkako hitza jan egin dute, eta kontrako mezua zabaltzen du.

Paisaia aldaketa jomugan

Hilean behin biltzen da Iruñeko Euskalgintza taldea. Euskararen normalizazioan dihardute buru-belarri. Oraindik egiteko asko dagoela aitortu dute taldeko kideek. Hala ere, lehentasunak zehazterakoan Nafarroako hiriburuko hizkuntza paisaia eraldatzea lehenetsi dute. Azken urteetan lehenengoz, Iruñeko Udalak 14.000 euroko diru saila jarri du hizkuntza paisaia eraldatzeko. Iruñeko Euskalgintza taldekoek aurrerapausoa dela ohartarazi dute.

Astearteko bileran, IKA euskaltegiko Sagrario Aleman, EHEko Gorka Iriarte, Sortzen Ikasbatuaz-eko Garikoitz Torregrosa, AEK-ko Asier Biurrun, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteko Unai Arellano, Kontseiluko Maite Inda eta Administrazioan Euskaraz-eko Joseba Otano bildu ziren. "Ahotsik gabe oso ozen hitz egiten du hizkuntza paisaiak", adierazi du Indak. "Hizkuntza paisaiak igortzen dituen mezuak subliminalak dira, baina hizkuntza jarreretan eragin izugarria dute".

Errealitate horretaz jabetuta, Iruñeko Udalean hizkuntza paisaia aldatzeko proposamena aurkeztu zuten. Gainera, hori gauzatzeko tresna baliagarria da udal ordenantza. Oposizioko alderdi guztiek adostu zuten, duela zenbait hilabete, Iruñeko Udalak hizkuntza paisaian euskarari eta gaztelaniari trataera bera eman diezaien. Asier Biurrun AEK-ko kideak dioenez, aurrerapausoak txikia iduri lezakeen arren pixkanaka-pixkana joan behar da.

Dena den, Iruñeko Udalak ez dio Iruñeko Euskalgintza taldeari jaramonik egin garrantziaren arabera egin beharreko aldaketen inguruan. Izan ere, Indak azaldu duenez, Iruñe sarreran dauden seinaleak gaztelania hutsean daude idatzita, eta horiek aldatzea lehentasuna zen arren, oso zaila dela ohartarazi die Javier Lopez Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko zinegotziak. Dena den, kaleko hamalau plaka aldatuko dituztela jakinarazi diete.

Agindu hori betetzeko epea amaitzen hasia da. Izan ere, 14.000 euroko diru saila urte amaiera arte egongo da aktibatuta. Beraz, hilabete besterik ez da falta Iruñeko Udalak Iruñeko Euskalgintza taldearekin hartutako konpromisoa betetzeko. Epea bukatzen ari dela eta, kezkatuta dauden arren taldeko kideak ziur dira udalak emandako hitza beteko duela.

Izan ere, taldekideek argi dute euskara bertako hizkuntza dela, eta normalizazioan duen garrantzia dela-eta aldarrikatzen dute hizkuntza paisaia aldatzeko. Lan horretan, herritar anonimoen ekarpena ezinbestekoa izan da. Euskara gutxiesten den dozenaka kale seinaleren argazkiak igorri dituzte. Alde horretatik, hilabete hauetan guztietan egindako lana oso positiboa dela jakinarazi dute taldekideek.

Egia da hizkuntza paisaian euskararen aurkako erasoak anitz direla. Esaterako, Iruñeko Udalak dio plazen izenak ezin direla euskaraz eta gaztelaniaz jarri. Ondorioz, gaztelaniazko izena lehenesten dute. Dena den, oztopoak oztopo lanean jarraituko dute. Lehenik eta behin, Iruñeko Alde Zaharreko seinaleak aldatuko dituztelakoan daude. Horrek atzerritik datozenenei hiriaren errealitatea hobeto ezagutzen lagunduko diela uste dute.

Laster, tabernetako menua euskaraz ere eskaini nahi dutenengana jotzen saiatuko dira. Iruñeko Euskalgintzak ilusioa eta desioa badu, eta hori da euren helburuak lortzeko duten arma eta baliabiderik garrantzitsuena, egoera hobetzeko nahia.

Oi, Satur!

Oi, Satur! Gaur berriro ere prozesioan aterako zaituzte Iruñeko Alde Zaharreko kaleetara. Errepublika garaian ateratzen utzi izan balizute eta euriak zenbaitetan trabarik jarri izan ez balizu, oker ez banago, gaurko honekin 402. aldia izango zenuke. Hori marka, Satur!

Tradizioak aginduta, udalbatza bila joango zaizu eta, ohi bezala, ongi orrazturiko ileorde urdindu, kapa urdin-gorri eta eskularru zuri-zuriak jantzitako jasaileek ongi ikasitako ibilbidean zehar eramango zaituzte. Erraldoi, buruhandi eta zaldikoen zaleek ere lagunduko dizute; badakizu, konpartsa urtean hirutan bakarrik ateratzen denez, ezin dute aukera galdu. Halaber, txistulari, dantzari eta Pamplonesa musika-bandaren jarraitzaileek epelduko dizute ibilaldia. Gainontzeko partaideek ere zintzo demonio beteko dute protokoloak agindutakoa. Kolore biziko prozesio ikusgarria zurea, Satur, ezbairik gabe.

Oi, Satur! Gogoan duzu ez zenuela dantzarien laguntzarik izan urte batzuetan ikurrina atera zutelako? Bada, kontu bat, Satur, aurten, zeuk bataiatu zenuen Firmo senatariaren semea, Firmus, zu bezalaxe santua izango zen haren aldeko festetan, alegia, sanferminetan, arrantzale bizardunek ikurrin erraldoi bat zabaldu zuten Udaletxe plazan! Ez, agian ez duzu jakingo. Apika, ez duzu izango zure XIII. mendeko hormatzar horien beste aldean, zure Iruñean, gertatzen denaren berri.

Aprobetxa ezazu, bada, gaurko pasiera, Satur, eta adi begiratu ikusten ez denari. Besteak beste, ez duzu begi ondoko ubeldurarik ikusiko ezta emakumezkoen kontrako irain eta mehatxurik adituko astelehen honetan bertan genero indarkeriak kolpatzen dituen horien aldeko eguna ospatu den arren. PAHkoak ere ez dituzu ikusiko, Sanduzelai auzoan okupatu dituzten bi etxebizitzetan egokitze lanetan arituko direlako. Ez dituzu ikusiko, Satur, bankuek etxegabeturik aita-amarenera bueltatu behar izan dutenak, beharbada, Satur, zu ikustera atera diren gurasoei bazkaria prestatuko dietelako gaurkoan.

Zure santu-aulki altu horretatik ez duzu ikusiko, ez zuk ez inork, Satur, ez pentsa, Nafarroako baso biomasaren I. feria iragartzen duen kartelik, egun batetik bestera euskarazko testua ezabatu baitzuten. Beste kontu bat, bada, Satur, akordatzen duela hogeiren bat urte Luis Del Olmok bere irratsaioan esan zuela ikastolek etakidegaiak formatzen zituztela? Ba, lehengo astean, zu patroia zaren hiriko alkatearen taldeak aintzat hartu zuen Guardia Zibilaren txostena non ETA D ereduko ikastetxe publikoetan infiltratu dela dioen eta Justizia, Barne eta Hezkuntza Ministerioetako arduradunekin bilerak eskatu zituen beharrezko ekinbideak martxan jarri ahal izateko. Eta tartalariena?

Oi, Satur! Hori paranoia zure prozesiokide horiena!

Iruñeko Ospitaleen Guneko aparkalekua ordainpekoa izango da

Urtarrileko lehenengo hamabostalditik aurrera, Nafarroako Ospitaleen Guneko aparkalekuan autoa uzteko ordaindu egin beharko da. Hala adostu dute Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak. Orotara, 681 aparkaleku dauden arren, 306 eremu laranja izango dira eta 236 eremu urdina. Gainerakoak, ezinduentzat, anbulantzientzat eta taxientzat izango dira, besteak beste.

Beraz, urtarriletik aurrera, Nafarroako Ospitaleen Gunean ez da autoa doan aparkatzeko aukerarik izango. Hala ere, Verak azaldu duenez, Nafarroako Ospitaleen Guneko langileentzat 2 euroko tarifa berezia jarriko dute. Prezio horren truk, lanaldiak irauten duen denboran aparkatu ahal izango dute autoa eremu laranjan.

Dagoeneko, Iruñeko Udalak eta Osasun Departamentuak zehaztuta dute zein izango den eremu urdina eta zein eremu laranja. Vianako Printzea kontsultategiaren aldeek mugatuko dute eremu urdina. Irunlarrea kaleko sarreraren ondoan, 115 autorentzako tokia izango da, eta 121 kontsultategiaren atzean. Hiriko gainontzeko eremu urdinetan bezala, gehienez bi orduz utzi ahal izango da autoa eta prezioa gehienez 2,10 eurokoa izango da.

G pabiloiaren pareko aparkalekuan, 176 autorentzako tokia izango da, eta eremu laranja gisa izendatzea erabaki dute bi administrazioek. Hala, egun osoz utzi ahal izango da autoa bertan, gehienez 4,35 euroren truke. Horiez gain, erietxeen inguruko zonaldeetan beste 17 aparkaleku laranja izango dira, eta 21 M6-aren alboan. Pabiloi zuriaren inguruneetan 30 toki izatea espero da, eta beste 22 E eta F pabiloietan; 12 pabiloi Urdinaren parean, 21 Mantentze Zerbitzuaren eraikinean eta beste 7 Eskola Profesionalean.

Erregulatutako aparkaleku sistema abian jartzeko, ia 158.000 euroko inbertsioa egingo dutela aurreikusi dute Iruñeko Udalak eta Osasun Departamentuak. Gainera, azpiegitura ustiatzeko, urtean ia 250.000 euro beharko dituzte. Hala, jakinarazi dutenez, bi erakundeek erdibana egingo dituzte gastuak eta aparkalekuen zaintzaz Dornier SA enpresa pribatua arduratuko da.