Alaporai

Nork daki. Beharbada, behinola, euskaldunek ez zekiten doministiku egiten. Edo, akaso, biriketako haizea sudurretik eta ahotik indarrez kanporatu beharrean bertze zuloren batetik kaleratzen zuten eta, beraz, ez zuten bi efektu fisiologikoen artean ezberdintasunik ikusten. Nolanahi dela ere, badirudi latinez mintzo zirenetatik ikasi zutela euskaldunek doministiku egiten eta, hartara, usin egitean opa egiten zen Dominus tecum hura (Jauna hirekin) doministiku bilakatu zuten.

Era berean, garai batean, agian, euskaldunak Arkadia eder eta alai batean bizi ziren. Ez zuten diruz zikinduriko merkataritza ezagutzen, komunismoa praktikatzen zuten —hura zer zen batere jakin gabe— eta beharrezko lehengaiak trukean lortzen zituzten. Baina, hara non, erromatarrek kapitalismo basatia ekarri zieten eta haren oinarri-oinarrizko esamoldea, in quantum (zenbatean?), enkante bihurtu zen euskaldunen ahoetan.

Ziurrenera, euskarazko hitz gehienak ez dituzte euskaldunek sortu. Izan ere, latina grezierarekin aberastu zen modu berean, euskara ere latinarekin eta haren ondorengoekin hornitu eta edertu zen. Mailegu erraten zaie bertze hizkuntza batetik aldaketa ortografiko eta fonetiko handirik gabe hartzen diren hitzei. Oso gauza arrunta da mailegua. Beharrezkoa. Eskertzekoa.

Ez nahasi, ordea, aurreko guztia orain kontatuko dudanarekin. Twitter euskaraz jarri zutelarik, orduantxe sartu nintzen bertan, txioak euskaraz, eta bakarrik euskaraz, egiteko asmoz. [Bide batez, umap.eu, gauzatxo bat: oraindik bada hobetzeko tarte zabala, ezta? Izan ere, zin dagizuet nire txio eta bertxio guzti-guztiak euskaraz egiten ditudala, baina zuek %89ko portzentajea ematen didazue].

Eta Twitterren ikusitako jokabide batek nau kezkatzen: nola euskara indarge uzten ari diren batzuk, gatz eta piperrik gabe, 140 karakteretako esamolde adierazkorrenak gaztelaniaz ematen baitituzte, aldaketa fonetikoa eginez, hori bai. Eta, kasu, ez naiz bi esaldi juntatzen ez dakiten nerabeeeeeez ari, euskaraz ongi edo oso ongi idazten duten batzuez baizik. Eta erraten ari naizena gehiegikeria dela uste baldin baduzue, egin ezazue proba: idatz itzazue gaztelaniazko txioak behean zerrendatzen ditudan (benetako txioetatik harturiko) esamoldeak ingelesez txertatuz. Zer iruditzen?

Aber: Ea ongi ulertzen dugun, aber hori a ver esapidetik dator, ez haber-etik.

Alaporai: Horixe ba, pikutara euskara(z)!

Al loro: Kasu hurrengoari! Adi!

Bale: Ongi. Gareth Ongi.

Bastante: Nahikoa da, ez?

Dale: Emaiok, emaion.

Eske: Ez baitakit hau euskaraz nola eman…

Guapa: Ederra eta polita neskekin; ederro eta polito mutilekin (euskarari generoa ezberdin egiteko gaitasuna eman diotenetik: badakizue, "Paristik datorren artisto bat naiz ni").

Laostia: Hau guztia izugarria da, bai.

Majo: Jator. Noski Jator.

Porke: Sudur puntan jartzen zaidalako, zait eta, baitzait.

Puto amoa: Izatekotan, amo putoa, ez? Munduko txapeldunak gara, inoizko onenak, gaztelaniaz ez dakiten euskaldunak kanpoan uzten.

Sindudarik gabe: Hibrido honek zalantzarik gabe, ezbairik gabe, ez du ez hanka eta ez cabeza. Dudarik gabe, dudarikabe, dudaikabe, dudaikebe, duaikebe, doaikebe, doikebe, doikee… Doike!

Ya lo creo: Ez da hain zaila, ez horixe. Jakina! Noski!

2.100

Matrikula epeka ordainduko duten ikasleak. Azken datuen arabera, 2013-2014 ikasturtean matrikula ordaintzeko arazoak dituztela eta, Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2.100 ikaslek matrikula epeka ordainduko dute.

Paris 365 gizarte jantokiari 5.190 euro eman dizkiote

Iruñeko eguraldiaren inguruko txantxa batek elkartasun proiektu bat abian jarri du. Ana Yerro eta Jorge Perezek 2010. urtean martxan jarri zuten Iruñea Mordor da Facebook orrialdea. Bertan, Iruñeko eguraldiaren inguruko txantxak egiten zituzten, J.R.R. Tolkinek asmatutako lurraldearekin konparatuz. Facebook orrialdeak arrakasta handia izan du: hiru urtean 10.000 jarraitzaile lortu ditu. Hori dela-eta, aurreko ekainean Iruñea Mordor da lelodun elkartasun txapak saltzea erabaki zuten. Irailean utzi zioten txapak saltzeari, eta irabazitako 5.190 euroak Paris 365 gizarte jantokiari ematea erabaki zuten. Jasotako diruarekin gizarte jantokiak 5.190 otordu edo 86 oinarrizko saski egin ahal izango ditu. "Oinarrizko saski kopuru horrekin 35 familia elika daitezke hilabete eta erdiz", azaldu dute Paris 365 gizarte jantokiko kideek.

"Gisa horretako ekintza txikiak, eta ez horren txikiak, osatzen dute jantokiaren finantzaketaren %70", esan du Patxi Lasa Paris 365eko presidenteak. Elkartasun txapak saltzeko, Yerrok eta Perezek Iruñerriko 40 dendaren, saltokiren eta tabernaren baino gehiagoren laguntza izan dute. Lodosan eta Auritzberrin ere salgai izan dituzte. Internet bidez ere hainbat eskari jaso dituzte, besteak beste, Erresuma Batutik, Irlandatik, Alemaniatik eta AEBetatik.

“Ezin dugu ahaztu ingurumenak ez dituela inoiz oporrak hartzen”

Iruñea inguruko mendi eta basoak inork baino hobeto ezagutzen ditu Jose Javier Garcia-Falcesek (Iruñea, 1970). Basozain gisa egiten du lan Iruñerri inguruan dauden mendi eta oihanetan. Txikitatik izan du naturarekin lotura. Haurra zela, asteburu-pasa joaten zen guraso eta anai-arrebekin Ballariain herrira. "Txikitatik asko gustatu izan zait ingurumena. Aita ehiztaria zen, eta hark erakutsi zigun mendia maitatzen", dio. Haurra zenean, txorien habiak egiten edota egindakoak tokiz aldatzen ibiltzea atsegin zuen gehien Garcia-Falcesek. " Karabina hartu, eta txoritxoak hiltzen aritzen ziren batzuk, baina guri hori ez zitzaigun gustatzen".

Aitortu du bere lanbidean zerikusi zuzena izan duela haurra zela basoan eta ingurune naturalean jolastu izanak. Izan ere, lanbide heziketa hautatzeko orduan, argi eta garbi izan zuen basozaina izateko ikasiko zuela. Baita helburua lortu ere. 1995. urtetik da Nafarroako Gobernuko basozaina. Azaldu duenez, bokazioz da basozaina.

Garcia-Falcesen irudiko, bere lanbidea ez da ezaguna. "Gizartean ez da gure lanbidea oso ezaguna. Askok uste dute noranahikoan sartuta paseoan igarotzen dugula egun osoa", dio. Basozaina izatea hori baino gehiago dela ohartarazi du. Gaineratu duenez, gauza mordoa egiten dituzte: animalia zaurituak artatu, diru laguntzak eskuratu ahal izateko eskaerak egin, basoen garapenaren zaintza...

Garcia-Falcesek ez du bere burua zortzi orduz bulego batean lanean ikusten. "Ez dut uste halako lanbide baterako prestatuta nagoenik". Dena den, jakinarazi du azken urteetan egin behar dituzten burokrazia lanak asko ugaritu direla. "Nire lanbidetik gehien maite dudana inprobisazioa da". Dioenez, eguneko zereginak aurrez antolatu arren, beti izaten dituzte ezustekoak, eta, horregatik, antolamendua guztiz aldatu behar izaten dute.

Hala ere, aitortu duenez, basozain izateak bere alde txarrak ere baditu. Sarritan administrazioren eta herritarren arteko bitartekari lanak egiten dituzte. Esaterako, txakurra eta katua bezala ibiltzen dira zenbaitetan ehiztariekin. "Ehizari dagokion araudia betetzea ezinbestekoa da. Uxaldietan kontuz ibili beharra dago. Gure zeregina da segurtasun neurriak bermatuta dauden ala ez ikertzea. Edozein tokitan bezala, ehizan ere segurtasunak izan behar du lehentasuna".

Basozain gisa zaintza lanak egiten dituen ingurunean bizi direnekin harreman estua izatea atsegin du Garcia-Falcesek. "Askotan, noranahikoan nabilela, etengabe atera behar izaten dut eskua ezagunak agurtzeko", azaldu du irri artean. Bestalde, askotan lanaldia beharretara egokitu behar izaten dutela dio basozainak. "Ezin dugu ahaztu ingurumenak ez dituela inoiz oporrak hartzen".

Basozainen zeregina urtaroekin estuki lotuta dago. Esaterako, azken asteetan ohikoa da Nafarroako baso eta oihanetan barrena onddo edo perretxikoak biltzen ari diren lagunak ikustea. Hain justu, duela pare bat aste, Nafarroako Basozainen Elkarteak onddo biltzaileentzako gomendio batzuk kaleratu zituen. Garcia-Falces bera da elkarte horretan lehendakariordea. Dioenez, askotan biltzaileei ahaztu egiten zaie biltoki duten ingurua errespetatu behar dutela. "Hiritik mendira joaten diren askok uste dute eskubide guztien jabe direla, eta ez dute inolako errespeturik han bizi direnekin".

Krisiaren eragina

Negua iristear dela eta, ohikoa da udazken aldean etxeetako tximinietan erretzeko egurra moztea. Garcia-Falcesek jakinarazi duenez, egun hauetan sutarako mozteko egur dezente ari dira markatzen. Azaldu du oihanean moztu behar dituzten zuhaitzak banan-banan aukeratzen dituztela. "Oso lan nekosoa da. Basoko zuhaitz masa hobetzen lagunduko duelakoan mozten ditugu zuhaitzak". Argitu duenez, naturaren prozesua azkartu egiten dute. "Zuhaitz bat ahul dagoenean, gainontzekoak baino txikiagoa denean hil egiten da. Guk, hil baino lehenago moztu egiten ditugu".

Herri lurretako basoetako zuhaitzak egur gisa erabiltzeko eskubidea nork duen kontzeju edo udalek erabakitzen dute. Araudi zehatza izaten dute eskubide hori eman edo ukatzeko orduan. Alor horretan, azkenaldian egiten diren eskariak "nabarmen" handitu direla jakinarazi du basozainak. "Krisi ekonomikoaren eraginez gasolio prezioa garestitzen denean, zuhaitzak mozteko baimen eskaeren kopurua izugarri igotzen da. Normalean, pagoak eta haritzak mozten dira".

Goizak eta arratsaldeak mendian igarotzen ditu gehienetan Garcia-Falcesek. Batzuetan bakarrik sentitzen ote den galdetuta, ezetz dio. Hala ere, askotan noranahikoan beste lankideren batekin joaten saiatzen da, batez ere autoan istripua izateko arriskua nabarmena delako. Baina pozik dagoela dio, ofizioa afizioarekin uztartzeko moduan delako.

2012an ia 300.000 bisitari izan dira bingoetan

Egun, Nafarroan hiru bingo daude. Orotara, 54 lagunek lan egiten dute bingo horietan, Nafarroako Gobernuaren arabera. Azken urteetan, beheranzko joera egon da gune horietako bisitari kopuruan. Horrek mozkinetan ere eragin du. Izan ere, duela ia hogei ...

@sarean

Ludopatiarekin lotutako webguneak.

www.asociacionludopatasdenavarra.es. Aralar Nafarroako Ludopaten Elkartearen webgunea.

http://ohiturenberriketan.blogspot.com.es/. Ludopatiaren inguruko informazioa euskaraz lantzen da blog honetan.

Ia beti galtzen den apustua

Diru apur bat jokoan jartzeak jende asko erakartzen du. Apustua euskal tradizioarekin oso lotuta egon da historikoki. Ezagunak dira apustuan etxea jokatu eta galdu zuten baserritarren istorioak. Hala ere, atzean gelditu dira apustu mota horiek. Jokoa asko aldatu da azken urteetan. Ziurrenik, zerikusi handia du Internetek eraldaketa horretan.

Nafarroako Gobernuak gertutik jarraitzen ditu zorizko jokoetako datuak. Izan ere, gai konplikatua da. Lagun askori, noizbehinka jokatzen hasi, eta mendekotasuna sortzen zaie apurka-apurka. Izan ere, Aralar Nafarroako Ludopaten Elkarteko psikologoek argi diote: "Jokoan zalea ludopata batengandik bereizteko marra oso fina da". Muga ahul horren inguruan gizartea ohartarazteko, larunbatean, goiz osoz Iruñeko San Frantzisko plazan izango dira, asteartean Ludopatiaren Nazioarteko Eguna dela profitatu eta prebentzioaren garrantziaz ohartarazteko.

Nafarroako Gobernuak duela hilabete eskas publikatutako datuen arabera, 2012an 277,4 milioi euro jokatu zituzten zorizko jokoetan, 2008an baino %12 gutxiago. Sektorea azken urtean atzematen ari da gero eta diru gutxiago jokatzen dela. Hala ere, arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Esaterako, Interneten bingora edota pokerrera jokatzeko aukera dago. Horri esker, jokalari askok etxetik atera gabe jokatzen dute.

Apustuak egiteko aukera guztiz eraldatu zen Nafarroako Gobernuak 2010ean kirolarekin lotutako apustuak legeztatu zituenean. Goranzko joera nabarmena dute apustu horiek. Bi urtean, jokatutako zenbatekoa %50 hazi da. 2011n 19,48 milioi euro jokatu ziren apustu horietan; 2012an, berriz, 29,59 milioi euro.

Egun, halako zerbitzua lau enpresak eskaintzen dute Nafarroan: Reta, Apuestas de Navarra, Victoria eta Sportium-ek. Ainara Epelde Apuestas de Navarrako marketin arduradunak jakinarazi duenez, euren enpresan apustuak egiten dituzten gehienak 25 eta 45 urte arteko gizonezkoak dira. "Gure lokaletara etortzen direnek kirol ekitaldiak intentsitate handiagoz gozatzeko aukera dute apustuen bitartez", azaldu du Epeldek.

Apuestas de Navarra bezalako enpresek eskaintzen duten zerbitzuak Nafarroan "oso onarpen ona" izan duela dio Epeldek. Azaldu duenez, bestelako apustuetan ez bezala, kirolarekin lotutako apustuak eginez %80-90 ingurukoa da sariren bat jasotzeko aukera.

2010ean Nafarroako Gobernuak kirolarekin lotutako apustuak egiteko legedia onartu zuenetik, apustuak egiteko makinak nabarmen ugaritu dira. 2010ean, 371 bakarrik zeuden. Urtebetera, zenbateko hori ia bikoiztu egin zen: 635 zeuden herrialde osoan. Badirudi makina kopuruaren igoera moteldu egin dela: 2012an 661ean egin ziren kirol apustuak.

Horren harira, Epeldek aitortu du krisi ekonomikoa izan ez balitz "ziurrenik" euren enpresaren garapena handiagoa izango litzatekeela. "Izan ditugun emaitzak hobeak izango lirateke krisi ekonomikoagatik izan ez balitz", ohartarazi du. Hala ere, ez du baztertu aurrerago apustuak egiteko lokal gehiago abian jartzeko aukera.

Gainontzeko zorizko jokoetan, jokatutako diru kopurua murrizten ari da urtetik urtera. Esaterako, bingoan %15 murriztu dira jokatutako zenbatekoak, eta txanpon makinetan, %12. Bingoen kasuan, iaz 16,05 milioi euro gastatu zituzten erabiltzaileek joko horretara; 2011n, berriz, 18,93 milioi euro. Txanpon makinetan 105,41 milioi euro jokatu zituzten iaz; 2011n, berriz, 119,24 milioi euro.

Kontrol falta

Aralar ludopaten elkarteak zorizko jokoetan "kontrol" falta dagoela salatu du. Izan ere, txanpon makinetan eta apustuak egiteko makinetan ez dago jokalaria identifikatzeko inolako sistemarik. Horregatik, tabakoa saltzeko makinetako sistema bertsua aldarrikatu dute. Dena den, identifikazioa eskatzen duten tokirik bada: bingoak, kasurako. "Kontrol falta" dutelako, bostehun lagunek bingoetarako sarrera debekatzeko eskatu dute.

Oraingoz, bestelako jokoetan ez dago halako kontrolik. Hala ere, azken urteetan abian jarri diren apustu egiteko modu berriek apustularien profila aldatzea ekarri dute, gero eta gazteagoak baitira zorizko jokoetan jokatzen dutenak.