Haizego epelak laztanduta, eta ilargi betearen eraginpean, egunotan oparotasuna gozatzen da mendialdean. Gaztainak, ezkurrak, urrak eta intxaurrak gure oihanetan, erreka-bazterretan; arbolen indarretik ale bat ekartzen diguten elikagaiak. Sagardiak et...
TCCk lan erreforma aplikatu nahi duela salatu dute
"Lan hitzarmenaren luzapena haustea Iruñerriko hiri garraioaren, mankomunitatearen eta hiritarren aurkako eraso zuzena da", horrela mintzatu da Iruñerriko hiri garraioko enpresa batzordea. TCC Transports Ciutat Comtal enpresak kudeatzen du Iruñerriko autobus zerbitzu publikoa. Langile batzordeak salatu du TCCk hautsi egin duela sinatua zuten akordioa. Horren arabera, enpresak azken erreformaren aurreko lan hitzarmena luzatu zien langileei. Enpresak dio autobusen kudeaketa ez dela errentagarria, eta horregatik ituna ez betetzeko klausula erabiliko duela iragarri du.
TCCren arabera, 2013 eta 2014 artean 1,7 milioi euroren galerak izango ditu autobus zerbitzu publikoak. Langileek, ordea, salatu dute enpresak azken urtean hiru milioi euroren irabaziak banatu dituela eta ia milioi bat euroren irabaziak izan dituela. Langileek diote Iruñerriko Mankomunitatearen txosten tekniko, juridiko eta ekonomikoek agerian uzten dutela autobus zerbitzuaren errentagarritasuna. Txosten horien arabera, 2013-2014ko ikasturterako 70.000 euroren irabaziak aurreikusten ditu mankomunitateak, 2015erako 700.000 eurorenak eta 2016rako 1,2 milioi eurorenak.
Kopuruak asko aldatzen dira alde batetik bestera. Horregatik, langileek lan erreforma berria ez aplikatzeko eta hiru aldeko bilera egiteko eskatu dute.
Batez beste 2012an nafar bakoitzak jokatutako euroak.
Nafarroako Gobernuaren ikerketa baten arabera, iragan urtean nafar bakoitzak 545 euro jokatu zituen. Orotara, 277,4 milioi euro jokatu ziren Nafarroan egindako apustuen bidez, 2008an baino %12 gutxiago.
“Krisi ekonomikoa gehien atzeman duen sektoreetako bat da kulturarena”
Astebete inguru da Javier Paz (Legazpi, Gipuzkoa, 1964) Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkarteko presidente izendatu zutela. Azagrako kultur etxean egiten du lan. Dioenez, azken urteak kultur eremuan lan egiten dutenentzat zailak izan dir...
“Gure ama da sukaldean izan dudan lehen erreferentea”
"Xaflatan moztutako onddoak plantxan egin gatz, olio, perrexil eta bizi apur batekin", errezeta erraz hori da Alex Mujikak (Donostia, 1963) gehien maite duenetakoa. Mujikak txikitatik ezagutu du zer den jatetxe bateko sukaldea. Gurasoek Leitzako Basakabi hotela zuten. Hango jatetxean hasi zen sukaldari ofizioa ikasten. "Gure ama da sukaldean izan dudan lehen erreferentea", dio Mujikak. Gero kanpora joan zen lanera, hamazazpi urterekin Donostiara eta hurrengo urtean Madrilera. Baina udaro Leitzara bueltatzen zen, etxekoekin lan egiteko. Gaur egun, bere jatetxea du Mujikak Iruñeko Estafeta kalean, La Perla hoteleko jatetxea. Krisiak sektore horri ere erasan dio. Horren ondorioz, Mujikak eta Arantxa Sagastibeltza haren kideak negozioa moldatu behar izan dute, gastrotabernaren aldeko apustua eginez.
Mujikak betidanik izan du gustuko sukaldean aritzea. Etxekoak mundu horretan mugitzen zirenez, bera segituan kutsatu zen giro hartaz. Basakabin bertan ikasi zituen sukaldaritzaren oinarriak, eta hamazazpi urterekin Donostiako Errekondo jatetxean hasi zen lanean. Hurrengo urtean, Madrilera egin zuen saltoa Luis Irizarren eskutik. Irizar Hotel Alcalako zuzendaria zen garai hartan. "Alcala hotelean bazegoen jatetxe bat, Basque izena zuena. Gero, Irizarrek Madrilgo Euskal Etxea ere hartu zuen. Baina ni Basquen ibili nintzen". Urtean bederatzi hilabete igarotzen zituen etxetik kanpo. Udan etxera bueltatzen zen, baina ez zuen jai handirik hartzeko denbora, Basakabin lan egiten baitzuen. Horrela lau urte inguru eman zituen. Basakabin langile finkoa egin zuten arte. Sukaldaritza tradizionala egiten zuten Leitzako hotelean. Baina, gutxika, plater berriak sartuz joan ziren menuan. "Lehendabiziko platerak erronka bat izan ziren, ordura arte egiten genuen sukaldaritza oso tradizionala zelako". Urteak pasatu dira, baina Mujikak gogoratzen du menuan sartu zuten plater berritzaileetakoren bat: adibidez, aza eta odoloste pastela babarrun saltsarekin.
Madrilen egon zen garaian gauza asko ikasi zituen Mujikak, Irizar sukaldariarekin lanean eta sukaldaritza topaketetan. "Mundu guztian ibili ginen hainbat jardunaldi gastronomiko eta topaketatan. Niretzat, oso garrantzitsua da hori, kultura gastronomikoa handitu nuelako", dio Mujikak. Sukaldaritza munduan hiru erreferente ditu Mujikak: lehenengo eta behin ama, eta horren ostean Irizar eta Ferran Adria.
Basakabin urtetan ibili da lanean, hasieran udan bakarrik eta gero langile finko moduan. Baina duela lau urte itxi zuten hotela. "Azken urteetan udan, ezkontzetan eta gisa horretako ospakizunetan baino ez genuen jatetxea irekitzen. La Perlako proiektua eskaini zidaten, eta hona etortzea erabaki nuen". Mujikak ez zuen aurreikusia beste jatetxe bat irekitzea. Berak jatetxe aholkularitza enpresa bat zuen, eta horrekin aurrera egiten zuen. Orain, nahiz eta jatetxean lan egin, aholkularitza enpresari eutsi dio. Enpresan, hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte. "Alde batetik, norbaitek bere jatetxeko karta aldatzeko arazoak baditu, deitu egiten dit, eta ideiak ematen dizkiot. Beste alde batetik, badago jende asko jatetxe bat jarri nahi duena baina profesionala ez dena. Beraz, ez daki zer behar den jatetxe bat martxan jartzeko: sukaldari kopurua, zer tresna behar diren... Guk horretan laguntzen diegu", dio Mujikak.
Aholkularitzaz gain, Mujikak sukaldaritzako bi liburu idatzi ditu Ayer y Hoy de la cocina navarra (Nafarroako sukaldaritzaren iragana eta oraina) eta Reciclaje y alta cocina (Birziklapena eta goi mailako sukaldaritza). Azken liburu horretan, sukaldeko soberakinekin zer egin azaltzen du. "Sukaldean beti sobera geratzen dira jaki piloa; orduan, izozgailuan sartzen dugu, eta hurrengo egunean labean edo mikrouhin labean berotzen dugu, eta kitto. Hori etxean ere gertatzen da. Nik proposatzen dut soberakin horiek probestuz plater berriak egitea".
Bezeroei dagokionez, askotariko bezeroak dituzte jatetxean. Baina, Mujikarentzat, denak dira berdinak. "Bezero bat pozik ateratzen ez bada, guretzat porrota da hori. Horregatik, datorren bezeroa datorrela guk beti saiatu behar dugu kontent atera dadin". Mujikarentzat ez daude herrialdekako ezberdintasunak, janariaren kasuan gustuak pertsonalak direla uste du. "Gure jatetxean, alemaniarrak, frantsesak edo hemengoak izan, guztiek eskatzen dituzte hemengo bertako platerak".
Sukaldaritza ofizio gogorra da. "Horrenbeste ordu lanean egonda, ezin da familiarekin edo lagunekin nahi beste egon". Hala ere, bere ofizioa maite du Mujikak. "Sukaldaritzako onena da bezero batek zeinen ongi bazkaldu duen esaten dizunean, jatetxetik pozik joaten direla ikustea. Hori da onena". Aurrera begira, Estafeta kaleko jatetxe eta gastrotabernarekin jarraituko du Mujikak. Ez daki zenbat denboraz jarraituko duen, baina argi du sukaldaritzarekin lotuta jarraituko duela etorkizunean ere .
Lan erregulazio espediente baten mehatxupean dira Olatzagutiko Portlanden
Olatzagutiko Cementos Portland lantegia 190 egunez itxi nahi dute, 2014ko abendura arte. Lantegiko 105 langileak daude aldi baterako enplegua erregulatzeko espediente baten mehatxupean. Hori izango da lantegiak azken urtean jasan duen bigarren erregulazio espedientea. Aurten, lantegiaren porlan produkzioa ia %15 jaistea aurreikusi du enpresak. Hau da, iaz baino 50.000 porlan tona gutxiago ekoitziko dituzte. Cementos Portland Valderrivas enpresa FCCren adar bat da, eta Olatzagutiaz gain, Espainian dituzten lantegietan ere enplegua erregulatzeko espedienteak aurkeztuko dituzte. Enpresako langileen %97k jasango dute erregulazio espedientea. Hala ere, xehetasunak argitzeko daude oraindik.
Enpresaren eta langileen arteko negoziazioak hasi berriak daude. Urriaren 10ean egin zuten lehen bilera. Egutegia zehaztu gabe badago ere, lanik egingo ez duten egun kopurua ez da gehiegi aldatuko. "Sektorean jasaten ari diren egoera ikusita, horrelako zerbait espero genuen", dio Javier Lekunberri UGT sindikatuko kide eta enpresa batzordeko presidenteak. Negoziazioetan langileentzako baldintzarik onenak lortzen saiatuko direla esan du Lekunberrik, baina negoziazioa "korapilatsua" izango dela. "Enpresa egoera zailean dago, krisi ekonomikoak gogor jo baititu eraikuntza eta herri lanak". Egoera horri aurre egiteko, Lekunberrik uste du kaleratzerik ez egotea lortzen badute "gaitz erdi" izango dela.
Urteko bigarren espedientea
Negoziatzen ari diren enplegua erregulatzeko espedientea ez da Olatzagutiko lantegiak izan duen lehena. Ekainean, Cementos Portlandek beste espediente bat aurkeztu zuen. Horren ondorioz, 27 langile kaleratu zituzten; 9 langilek Iruñeko bulegoetan lan egiten zuten, eta beste 18k, lantegian. Hala ere, espediente hark eragindako langileen %15 oraindik lanean daude. "Horiek oso kasu bereziak dira, zenbait lan egiteko ezinbestekoak diren langileak baino ez daude lanean", azaldu du Lekunberrik. Hala ere, abenduaren 31ra arte bakarrik jardungo dute lanean. Ekainean aurkeztutako espediente berean, enpresak Espainian dituen lantegietan 267 langile kaleratu zituen. Hilabete batzuk lehenago, beste 227 langile lanik gabe gelditu ziren. Guztira, 460 langile kaleratu ditu Cementos Portlandek lau hilabetean. Horrez gain, FCCk berak enplegua erregulatzeko beste hainbat espediente egin ditu aurten. Apirilean, 842 langile kaleratu zituen, eta irailean, beste 155. Orotara, FCC eta Cementos Portlandek iaz baino 1.457 langile gutxiago dituzte.
Cementos Portlandek erregulazio espedienterako argudiatu du eskaerak %23 jaitsi direla urteko lehen zortzi hilabeteetan. Irailean, joera ez da aldatu, eta kontsumoa %38 jaitsi da. Azken hilabetean ekoitzi ez duen porlana Cementos Portlandeko lantegietako baten urtebeteko ekoizpena da.
“Argia ikastola gurasoen ilusioari esker sortu zen”
1984ko azaroaren 5ean Argia ikastolan hasi ziren lehen bost ikasleetako bat da Lorea Jimenez (Tutera, 1981). Hasierako urte haietaz ezer gutxiz oroitzen dela aitortu du. Hala ere, ikastolan bizi izandakoaz oso oroitzapen onak dituela jakinarazi du pozik. Horregatik, Ekiotz semeak ere Argia ikastolan ikasten du. Dioenez, ikastola asko aldatu da azken urteetan. Gustura mintzatzen da Argiaren lehen urteetan bizi izandakoaz. Orain, lanean dabil buru-belarri Nafarroako ikastolen jai handia dela eta. Azaldu du jaiaren lekukoa hartu zutenetik ari direla lan eta lan gelditu gabe.
Argia ikastolak eskainitako lehen ikasturtean izan zituen bost ikasleetako bat zara.
1984ko azaroaren 5ean izan zen lehen eskola eguna. Beterri elkartearen lokal batzuetan sortu zen, bost neska-mutilen gurasoen ekimenari eta ilusioari esker, eta lehenengo ikasleetako bat izan nintzen, nire gurasoei esker.
Nola hasi zen ikastolaren ibilbidea?
Zailtasunak handiak izango ziren ziurrenik. Zailtasunei buruz-eta gutxi dute hitz egiteko gurasoek. Garai hartako sistema politikoa ez zen oso ona. Pentsatzen dut oso gaizki pasako zutela, baina ilusioz beterik zeuden.
Beterriko lokaletan hainbat urtez ikasten aritu ostean, behitegira aldatu zen ikastola.
Hala da. Nik ez nuen inoiz ikasi Argia ikastolak Fontellasen duen egoitza berrian. 1995. urtean, Tuteran lehenengo Nafarroa Oinez jaia egin zenean, Iruñeko San Fermin ikastolara joan nintzen ikastera. Zortzigarren maila bukatu nuenean, aurrera jarraitu nahi nuen, eta D ereduan ikasteko aukera bakarra Iruñera joatea zen. Gaur egun ere horrela pasatzen da. DBH bukatutakoan, ikasketak euskaraz jarraitu nahi izanez gero, Iruñera joan behar da, hori da gertuen dagoen aukera.
Nola oroitzen duzu Tutera utzi eta Iruñera joan behar izan zenuen garaia?
Astea Iruñean ematen nuen, eta asteburuetan Tuterara, gurasoen etxera itzultzen nintzen. Argia ikastolan igaro nuen azken egunean omenaldi txiki bat egin zidaten, lehen ikasleetako bat izan nintzelako, eta oso hunkigarria izan zen. Garai gogorra izan zen; izugarrizko aldaketa nabaritu nuen, ikasketa maila aldetik batez ere. 1995ean, San Fermin ikastola handia zen. Gure garaian klaseak txikiagoak ziren. Nire klasean bost ikasle ginen, eta hiru ikasturte ezberdinetakoak.
Argia ikastolan ikasten duena orain zure seme Ekiotz da.
Nik eta beste ikasle ohi batek gure semeak ikastolan matrikulatu genituen. Hori ederra da. Ekiotzek 2 urte eta erdi ditu. Argi neukan nire semeak ikastolan ikasiko zuela. Badakit oso ongi jaten dela eta oso hezkuntza ona jasoko duela. Gainera, garrantzitsua da niretzat semeak euskaraz ikastea.
Iganderako zein asmo duzu?
Ikastolako ikasle baten ama naizen heinean, jaia antolatzen lan egitea tokatu zait. Erriberan, tamalez, oraindik ez dago ongi ikusia ikastolara eramatea seme-alabak. Orain, akaso normalagoa da, baina nire gurasoen garaian ez zen horrela. Ziurrenik, nire gurasoek denetarik entzungo zuten. Aurreko jaiak bezala, igandekoa ere oso garrantzitsua da. Lan eta lan daramagu lekukoa hartu genuenetik. Dena ongi irtetea nahi dugu.
BOSGARREN EDUKIONTZIA
Azaroaren 11n bosgarren edukiontzia martxan jarriko dute Barañainen. Iruñerrian gisa horretako edukiontzia izango duen lehen herria da. Bosgarren edukiontzia materia organikoa biltzeko da, besteak beste, fruituak, barazkiak, ogi apurrak, kafe eta infusio iragazkiak, janari prestatuak eta sukaldeko paper zikina. Sistema berria erabili nahi dutenek izena ematearekin batera edukiontziak erabiltzeko giltza jasoko dute .