Ongietorria emateko prest

Hemen da Korrika, heldu da Nafarroara. Euskararen alde korrika ari dira hamaika euskalakari, eta eskuz esku dabil lekukoa, Nafarroa gau eta egun zeharkatzeko gogo biziz. Goizean goiz iritsi da Korrika Altsasura, eta gaur bertan lekukoari helduko diote Sakanako, Basaburuko, Iruñerriko, Etxauribarko eta Estellerriko herritarrek.

Euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka ikasle omendu ditu aurten AEK-k, haien ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen dutelako. Euskaltegietako ikasleak, gainera, barru-barrutik ari dira ezagutzen Korrika. Asteak daramatzate lasterketaren nondik norakoen berri izaten eta egitasmoan haien harri koxkorra jartzen.

Pausoz pauso ari dira ikasleak euskaltegietan, eta pausoz pauso ari da Nafarroan Korrika, etenik gabe. Lizarran, Olga Lerma, Cristina Lara, Alicia Rivero eta Toño Etxarri izanen ditu zain. Lizarrako Beñat Etxepare euskaltegiko ikasleak dira, eta Korrikaren petoa jantzita euskara elkarri emateko asmoz irtengo dira kalera. Gaur, 22:40an, iritsiko da lasterketa Lizarrara.

Guztiek arrazoi berarengatik eman zuten izena euskaltegian: bere garaian ezin izan zuten euskaraz ikasi, eta, egun, euskararen beharra dute. "Seme-alabekin hitz egiteko beharrezkoa dut", azaldu du Lermak. Asteartean izan zuten Lizarrako gaztetxoek Korrika Txikia. "Baina gaur ere izanen dira Korrikan", gaineratu du. Azken asteetan Oihane Jordana irakaslearekin landu dute Korrika. Jokoak, kartelak eta afixak egiten aritu dira ikasleak. "Eromena izan da dena, baina gogoz ekin diogu", azaldu du Jordanak. Dena prest dute Lizarran, eta zeruari begira egotea besterik ez zaie falta. "Dena den, han egonen gara, elurpean edo euripean", adierazi du.

Nafarroan hamasei euskaltegi ditu AEK-k. Bertan, 1.050 ikasle ari dira euskara ikasten, eta 61 lagun aritzen dira irakasle moduan lanean. Lan bikoitza izaten dute asteotan euskaltegietako irakasleek. Asier Biurrun da Nafarroako Korrikako koordinatzailea, eta, jakinarazi duenez, duela bi urteko Korrika bukatu bezain laster hasi ziren prestaketekin. "Baina joan den urteko irailean murgildu ginen bete-betean lanean. Nafarroan eskualdeka antolatzen gara; guztira hamabi eskualde daude, eta Korrika prestatzeko 50 bat batzorde eratu ditugu". Eskualdetako batzordeek eta herri batzordeek egindako lan handia eskertu du Biurrunek. Azken ukituak ematen igaro dute astea. "Korrika iristeko zain eta giroa ikusteko irrikan gaude".

Gaur arratsaldean iritsiko da Iruñera lasterketa, eta AEK-k jai handia antolatu du ongietorria emateko. Auzoetako karrikak zeharkatu ondoren, 18:00etan Korrika jaia hasiko da Vistabellan. Gaur Ez eta Trikiteens taldeek joko dute, besteak beste. Bihar utziko ditu Nafarroako lurrak Korrikak, Luzaiden. Hala ere, igandean itzuliko da, Berara. "Horregatik, igande goizeko kilometroak saldu dira gehien, eta horietako asko kilometro erdi bihurtu behar izan ditugu, batik bat Esteribarren", adierazi du Biurrunek. Oraindik ez dute egin kilometroen salmenten kontaketa, baina azkeneko Korrikaren parekoa izanen dela uste dute.

Korrika, beti presente

Nola edo hala, Korrika beti presente dago eskoletan. "Ikasleak Korrikaren inguruan antolatzen diren ekitaldietara gonbidatzen ditugu, parte har dezaten", azaldu du Aintzane Marinek, AEK-ko Iruñeko Iruñezar euskaltegiko irakasleak. Joan den astean, adibidez, ikasleek eta irakasleek lipdub bat grabatu zuten Korrikaklip lehiaketan parte hartzeko. Asteartean, Marin Korrikaren inguruko txapelketa antolatzen ari zen ikasleekin. "Korrikarekin zerikusirik duten galderak prestatu behar dituzte, eta taldeen artean lehiatuko dira. Ondoren, lasterketarako banderatxoak eginen ditugu", azaldu du.

Egunero ez bada ere, Marin saiatzen da eskolako ariketak lasterketarekin lotzen. Gainera, AEK-ko materialgintzako arduradunek material berezia prestatzen dute beti lasterketarako. Korrikaren tribial jokoa, adibidez. "Horretaz gain, Andoain eta Baionako herrien informazioa bildu dugu, hasiera eta helmuga direlako". Ikasleak beti laguntzeko prest daudela jakinarazi du Marinek.

Iruñeko euskaltegiak Castejon eta Cintruenigo herrien arteko kilometro bat erosi du. Astelehen arratsaldean igaroko da hortik lasterketa. "Astelehenean euskaltegiko kide guztiak goaz hara korrika egitera". Euskaltegiko askorentzat, hala ere, astelehenekoa ez da izanen Korrika ikusiko duten egun bakarra. Hainbat ikasle eta irakasle egon ziren atzo Andoainen lasterketaren aurkezpen ekitaldian. Eta Amaia eta Xabier Arina ikasleak, adibidez, beste bi alditan ariko dira euskararen alde. "Asteburu bete-betea dugu: ostiralean Burlatan, igandean Elizondon eta astelehenean Castejonen".

Denera, bost egunez ibiliko da lasterketa Nafarroan, eta 900 kilometro inguru ditu egiteko. Milaka euskalakari izanen ditu AEK-ko euskaltegiek antolaturiko ekinaldiak. Iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera, lekukoak bidea eginen du Nafarroan.

8.490

Ikuspuntu jaialdiak izaniko ikusleak. Otsailaren 19tik 24ra izan zen Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko jaialdia, eta 8.490 ikusle izan zituen. 2009tik, ordukoa halako bi da jaialdiko ikusle kopurua.

“Bizitza indar gehiagorekin bizi behar dugu; guztiz lotuta gaude”

Orain dela bost urte iritsi nintzen hona, neure burua lehenago iritsi bazen ere". Jose Eduardo Agualosa idazle angolarraren Estación de lluvias (Euriteen sasoia) liburua irakurri zuen Borja Monrealek (Lizarra, 1984). "Bete-betean harrapatu ninduen, eta Angolari buruz hasi nintzen interesatzen". 2008an egin zuen bidaia Afrikara. "Egia esan, aitzakia bat bilatu nuen hona etortzeko; bai edo bai etorri behar nuen".

Kazetaritza ikasketak egin ditu Monrealek, baina orain Angolako GKE batean lan egiten du. Lehen sektorean aritzen diren angolarrentzat dituzte proiektuak. "Hemengo herritarrei alternatibak eta aukerak ematen saiatzen gara". Horretaz gain, Monreal idazlea da. Txikia zenetik idazten du. "Sentimenduak eta ideiak transmititzeko eta horiek ulertzeko bide onenetarikoa da literatura". Harentzat idazle eta irakurlearen arteko harremana oso hurbila eta berezia izaten da askotan. "Momentu honetan jakitea norbait nire libururen bat irakurtzen ari dela sentipen interesgarria da".

Monrealen azken liburua Angola, la intensidad del SER humano da (Angola, gizakiaren intentsitatea). Liburuaren helburua iparraldeko zein hegoaldeko herrialdeen arreta erakartzea da. "Erakutsi nahi dut bizitza indar gehiagorekin bizi dezakegula, erakargarria eta dibertigarria izan daitekeela". Izan ere, Monrealen hitzetan, "guztiz lotuta gaude". "Ikasi, lana bilatu —seguruenik baldintza txarretan—, ezkondu, seme-alabak izan eta erretiroa hartu. Nik aldarrikatzen dut beste bizimodu bat".

Angolan sumatu du, gainera, hango herritarrek iparraldeko herrialdeen bizimodua goraipatzen dutela eta ez direla konturatzen haiek bizimodu askoz indartsuagoa dutela. "Hemengo herritarrak Europan ez ditugun zailtasun batzuekin bizi dira, muturreko egoerak dituzte; horrek pertsonak benetakoak izatea eragiten du. Bai onerako, baita txarrerako ere". Angolan ezagutu ditu Monrealek lagunik "kabroienak", baina baita onenak ere. "Eta horrek askoz gehiago balio du".

Gogoan du Monrealek Namibeko basamortura egindako bidaia. Gaua igaro zuten bertan, eta Mukubai etniako kide batzuen bisita izan zuten. Nomadak dira mukubaiak, eta ganaduarekin ibiltzen dira leku batetik bestera. Monreal eta haren lagunak sua egiten ari ziren, eta mukubaiak gerturatu zitzaizkien. "Ederra izan zen; haiek behatzen gintuzten guk genuen jakin-min berarekin". Elkarrekin afaldu zuten, eta hala moduz komunikatu ziren keinuekin. Ryszard Kapuscinski idazlearen El encuentro con el otro (Bestearekin topatzea) liburua izan zuen buruan orduan. "Bi taldeontzako bestea erabat ezezaguna zen, baina mesfidantza ordez laguntasun giro ederra sortu zen; oraindik ere, horretaz oroitzen naizenean, irribarrea ateratzen zait".

Huambo herrian bizi da Monreal, 2.000 metroko garaieran. Hala ere, Angolara iritsi zenean hiriburuan bizi izan zen, Luandan. "Guztiz desberdinak dira; orain, herri batean bizi naiz; askoz lasaiagoa da". Lau urtez bizi izan zen Luandan, eta hiri "kaotikoa baina oso dibertigarria" dela azaldu du Monrealek. "Herritartasun eta gizarte klase guztiak han bizi dira, eta egunero duzu istorio bat kontatzeko eta ikusteko".

Orain dela 11 urte bukatu zen Angolako guda zibila. 27 urte iraun zuen. "Gerrak betiko irauten du, eta arrastoak nonahi daude; hala ere, jendeak aurrera egin du sekulako indarrarekin". Gaur egun, gezurra badirudi ere, Luanda munduko hiribururik garestienetakoa da. "Angolako hazkunde ekonomikoa ez da proportzionatua izaten ari: produktu eta zerbitzuen eskaria erraldoia da, eta eskaintza, berriz, eskasa; horregatik, prezioek gora egin dute".

Iparraldetik hegoalderaino eta mendebaldetik ekialderaino zeharkatu du Monrealek herrialdea. "Angolako eremu guztiak ezagutu ditut, eta ez da batere erraza izan herrialdeak dituen azpiegiturak kontuan hartuta". Orain dela gutxi egin zuen Monrealek bere azken espedizioa. "Ia inork ikusi ez dituen ur-jauzi batzuen bila joan ginen". Esperientzia ona izan zen. "Matxetea eskuan bidea irekitzen, enborrak eta lianak mozten aritu ginen zazpi orduz". Hala ere, merezi izan zuen: "Kristorena izan zen iristea, David Livingstone bezalako esploratzaileak bagina bezala sentitzen ginen". Bidaiatzea gustatzen zaio Monreali, eta Angolaz gain, dagoeneko Afrika erdia ezagutu du. Orain, gainera, lekuz aldatzea pentsatzen ari da. "Ezagutu nahi ditudan beste lurralde batzuk daude, eta hemendik gutxira joatea espero dut. Ghana eta Boli Kostara joan nahi dut, adibidez".

Portugesez hitz egiten dute Angolan, eta horrela komunikatzen da Monreal hangoekin. Hala ere, Angolan hamar hizkuntza ofizial baino gehiago daude, eta beste horrenbeste ofizialak ez direnak. "Umbunduko hitz batzuk dakizkit, baina portugesarekin moldatzen naiz beti. Denbora gehiago izanen banu, hemengo hizkuntzak ikasiko nituzke".

Eguesibarko Udalerako NaBairen hautagaitza babestea erabaki du PSNk

Joan den ostegunean utzi zuen Eguesibarko alkate kargua Josetxo Andia alkateak, UPNk bere aurka zigor espedientea martxan jarri ostean. Azken hamar urtean izan da Andia Eguesibarko alkate. Behin-behinean, bere kargua Estefania Clavero alkateordeak hartu du, heldu den asteartean alkate berria hautatzeko ezohiko batzarra egin artean. NaBaik Alfonso Etxeberria aurkeztuko du alkatetzara, eta PSNk haren aldeko botoa emango duela jakinarazi du. Modu horretan, uko egin dio hautagai propioa aurkezteko aukerari.

Hala, bertan behera gelditu da duela bi aste NaBaik, PSNk eta Ezkerrak gobernu koalizioa osatzeko egindako akordioa. Besteak beste, Eguesibarko Udalean alderdi bakoitzeko ordezkariek zer-nolako ardurak izango zituzten zehaztu zuten. Baina PSNk atzera egin du, eta alderdi guztiek, ziurtzat jotzen dute Alfonso Etxeberria NaBaiko zinegotzia izango dela hurrengo Eguesibarko alkate.

Roberto Jimenez buru duen alderdia iritziz aldatu dela-eta "harrituta" dagoela jakinarazi du Estefania Clavero UPNko kideak, egun Eguesibarko alkate denak. Dioenez, udal gobernu berria "penagarria" izango da. Andiari babesa adierazi dio, eta azaldu du sortutako egoera ez dela batere "erosoa", ez alkate ohiarentzat eta ez alderdiarentzat ere. "Niretzat neuretzat, bi urte hauek oso gogorrak izan dira, eta pazientziak muga bat dauka", adierazi du Claverok.

Ustelkeriaren itzala

Ostegunean, kargua utzi zuen egun berean deklaratu zuen Josetxo Andiak Iruñeko Instrukzio epaitegian, Catalunya Caixan diru publikoarekin erositako lehentasunezko akzioen gainean azalpenak emateko. Ofizioz jarraitu beharreko lege urratzeak izan direla pentsatzeko motiboak daudela ebatzi zuen epaileak. Horregatik deklaratu behar izan zuen alkate ohiak.

Jakin denez, 2011n, Andiak Aldacelay udal enpresa publikoko 100.000 euro baliatu zituen lehentasunezko akzioak erosteko. Andia bera, banku horretako langilea izan da. Hala ere, lana behin-behinean utzi egin zuen, Eguesibarko alkate gisa zituen zereginak bete ahal izateko.

Joan den abenduan egindako batzorde batean, akzioak erostean "hanka sartu" zuela onartu zuen Andiak. Azaldu zuen, dena den, "segurtasuna eta errentagarritasuna" izan zituela xede diru publikoarekin erosketak egiterakoan. Hala ere, ez zuen zehaztu, zer-nolako informazioa jaso zuen bankutik lehentasunezko finantza produktuen inguruan. Epaileak zalantzak ditu legezkoa ote den ala ez produktu horiek diru publikoarekin erostea.

Azken hilabeteetan Eguesibarko Udaleko oposizioan batasuna eragin du Andiak. Esaterako, otsail hasieran, Eguesibarko oposizioko alderdi guztiek —PPNk izan ezik— alkatearen aurka salaketa jarri zuten, hain zuzen, hirigintzarekin lotutako ustelkeria kasu baten harira.

BI ERREPIDE ITXITA LUIZIENGATIK

Azken hilabeteetako euriteek luiziak eragin dituzte Nafarroan, eta hainbat errepide itxita daude oraindik ere. Urtarrilaren 13az geroztik itxita dago Atarrabia eta Uharte herrien arteko errepidea. Haitz handi bat erori zen, eta trafikoa Arteta poligon...

“Gaur egun, oraindik, Angel Berruetaren familiak ez du ordainik ez aitorpenik jaso”

Asteazkenean bederatzi urte bete ziren Espainiako polizia batek eta haren semeak Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko okina hil zutenetik. Duela urtebete inguru, Angel Gogoan plataforma sortu zuten dozena bat lagunek. Plataforma horretako kidea da Patxi Rey (Iruñea, 1981). Dioenez, Berruetarentzat eta haren senideentzat egia, aitorpena eta ordaina besterik ez dute eskatzen.

Iragan urtean erabaki zenuten Angel Gogoan plataforma sortzea. Zer dela eta?

Azken zortzi urtean egindako lanaren jarraipena egiteko erabaki genuen plataforma sortzea. Horrez gain, urte osoan lanean aritu nahi dugu. Normalean, auzoan zenbait lagun elkartu eta Berrueta hil zuten eguna hurbiltzen zenenean omenalditxoa prestatzen genuen. Hala ere, pentsatu genuen bazela garaia lan handiagoa egiteko eta urte osoan jardunean aritzeko. Guk hiru gauza bakarrik nahi ditugu: egia, aitorpena eta ordaina. Helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa da plataforma serioa egitea.

Berrueta familiaren ingurukoek salatzen duzue justizia ez dela egin.

Argi dago ez dela benetako justiziarik egin. Gaur egun, oraindik Angel Berruetaren familiak ez du ordainik ez aitorpenik jaso. Gainera, egia ere ez dute onartu. Justizia eta egia kasu honetan baztertuta daude.

Berruetaren hilketagatik bi lagun epaitu zituzten. Espetxean jarraitzen dute?

Egia esan, horrekin nahiko haserretuta gaude. Berruetaren familiari urduritasuna eta ezinegona sortzen die hilketan parte hartu zutenak zelan dabiltzan ez jakiteak. Guri informazioa familiaren bitartez iristen zaigu. Familiari abokatuek esaten diete ez dutela zertan deus jakin. Hau da, abokatuei auzitegiek ez dietela zertan jakinarazi ezer. Duela bi urte, jakin genuen hilketagatik zigortutako poliziaren semea baimenarekin kalean zegoela, pertsona batek Gasteizen ikusi zuelako. Informazio zehatza eta zuzena nahiko genuke.

Zuek egia, aitorpena eta ordaina aldarrikatzen duzue. Aitorpenak nondik etorri beharko luke?

Gure ustez, aitorpena, egia eta ordaina auzoak eta Donibaneko jendeak eman digu. Berruetaren familia pozik eta harro dago horrekin. Guk eskatzen duguna da instituzioek hori onartzea. Hain justu, instituzioek ez dituzte betetzen aldarrikatzen ditugun hiru premisa horiek. Behingoz, Berruetaren familiak atseden hartzeko garaia bada. Ez da normala kontrako jarrerak jasotzea, poliziek eraso egitea, mehatxatzea... Aurkako efektua izan dute azken urteetan Berruetaren senitartekoek. Instituzioek benetako sentsibilizazio eta zintzotasunez jokatu beharko lukete.

Zein proiektu dituzue plataforman?

Aurreko urtean hasi ginen instituzioetara begira. Lan txukuna egin genuen. Alderdi politiko batzuekin biltzea lortu genuen, nahiz eta nahi genuen guztiekin ez zen posible izan. Lan askoren ostean, lortu genuen Iruñeko Udalean mozio bat aurkeztea. Tamalez, bost minutuan gure mozioari buelta eman, eta ordu arte egindako lana ezerezean utzi zuten. Ondorioz, erabaki genuen gure benetako lana eta gure benetako indarra babes soziala zela. Familia ere oso pozik dago babes hori dela eta. Instituzioetara begirako lana ez dugu erabat alboratu; parlamentura joateko asmoa daukagu.

Zuek azpimarratzen duzue Berrueta ez dela auzoan izandako liskar soil baten biktima.

Argi daukagu herri honetan dagoen gatazka politikoaren biktima dela Berrueta. 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuen ostean, hedabide askotan intoxikazio kanpaina indartsua jarri zen martxan. Arrazoi bat edo erantzule bat behar zuten. Azken finean, gatazka politiko baten ondorioz sortutako eztabaida izan zen. Polizia nazional batek hil zuen Berrueta; beraz, ezin da gertatutakoa sinplifikatu.

“Hizkuntza anitz desagertu dira, orain museoetan daude itzalak”

Kanguroak bezala, Zaraitzuko Itzaltzu herri txikitik Australiara salto egin zuen Iñigo Auzmendik (Itzaltzu, 1978) duela bi urte. Wagga Wagga izeneko hirira iritsi zen, eta mahastiak ikertzen dihardu.

Sydneytik 475 kilometrora dago Wagga Wagga. "Askok hiria deitzen diote, baina nire ustez herri handi bat da". Biztanleak pisuetan bizi ordez, etxe baxuetan bizi dira. "Oso lasaia da hemen egotea". Wagga Waggak erroien lekua esan nahi du bertako hizkuntzan, wiradjuri hizkuntzan; "euskarazko Erroitegi edo Erroizu bezala". Wiradjuri hizkuntza, hala ere, desagertu egin da, "beste asko bezala; orain, haien itzalak museoetan eta leku izenetan ikus ditzakegu". Kasualitate hutsa dela dio Auzmendik, baina iaz Estella izeneko barridean bizi zen, eta ondoko karrikak Corella zuen izena.

Nekazaritza Ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta doktoretza bukatu zuenean Australiako unibertsitate batean lan egiteko aukera sortu zitzaion. Mahats eta mahastizaintzaren inguruan aritzen da lanean. "Eredu matematikoak eta ordenagailuzko simulazioak erabiltzen ditugu mahatsondoa nola hazten den aztertzeko, klima eta nekazaritzaren eragina kontuan harturik". Gero, mahastizainen arazoak konpontzeko erabiltzen dituzte eredu horiek. "Adibidez, beroaren kalteak gutxitzeko edo mahatsaren konposizioa egokitzeko erabil daitezke".

Australian bizi da, baina Auzmendik ez du eten bere herriarekiko harremana. Itzaltzun ditu erroak, familia eta lagunak. Gainera, 2011n Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi zinemagileek Itzaltzuko bardoaren animaziozko filma egin zuten, Gartxot. Han ezagutu zituen Auzmendik Urmeneta, Elordi eta filmeko beste arduradun batzuk. "Berehala ihardukitzen hasi ginen: Itzaltzu, Zaraitzu, euskara, Gartxot, Arturo Campion... Geroztik harremana mantendu dugu. Itzaltzu txikia da, eta guztiok elkarlanean aritzen gara". Gartxoten hizkuntza hitz egiten du Auzmendik. Euskara batua ikasi zuen eskolan, baina zaraitzuera ere badaki. "Haurzutuan eskolan euskara batua ikasi nuen. Eta gure amorzeak euskarazko eleak, kantuak eta kontuak erakutsi zizkidan. Beratango euskarazko testuak leitzen hasi nintzen: Zoilo Moso, Federiko Garralda...".

Euskarazko eleak, gainera, Australiaraino iritsi dira. Behin, Auzmendi Tasmaniako (Australia) lagun batekin ari zen hizketan mahats barietateei buruz. Lagunak bi mahats aldaera aurkeztu zizkion, gaixotasunekiko erresistentzia handia omen zutenak. Mahats aldaera horiek Australian etorkizun handia izanen zutela azaldu zion lagunak, eta Auzmendi zur eta lur geratu zen lagunak mahats aldaeren izenak esan zizkionean. "Semebat eta Egiodola deitzen ziren. Ezin nuen sinetsi, euskara entzutea espero nuen azkenengo lekua zen!". Lagunak geroago azaldu zion mahats mota horiek Bordelen sortu zituztela orain dela hirurogei urte eta sortzailea euskalduna omen zela.

Australiarrek batik bat Euskal Herria berri politikoengatik ezagutzen dutela adierazi du Auzmendik. Hala ere, asko bidaiatzera etorri direla dio. "Iruñeko sanferminetara, Donostiara edo Donejakue bidea egitera".

Orain dela bi urte heldu zen Australiara, eta denbora fite pasatu zaio. "Ez dut ezer faltan sumatzeko astirik izan. Baina familia, lagunak eta mendiak hurranago izatea gustatuko litzaidake", azaldu du. Australian bi urte, baina Nafarroatik kanpo sei urte daramatza Auzmendik. "Manchesterren (Ingalaterra) lau hilabetez bizi izan nintzen, eta gero Lleidan (Herrialde Katalanak) egin nuen doktoretza lau urtez". Denbora horretan, gainera, Kalifornian (AEB) egon zen ikerketa lanetan.

Australian jarraitzeko asmoa du. Gustura bizi da han. Australiarrak oso jatorrak direla dio: "Oso ongi hartu ninduten hasieratik". Hala ere, lagun gehienak sortzez Australiatik kanpokoak ditu. "Bertako" australiar gutxi ezagutzen ditu Auzmendik, beste herrialdeetako lagun asko bizi baita. "Oso desberdinak dira. Irlandar, ingeles eta italiarren nahasketaz osaturiko kultura berria dute, eta orain, batez ere hiri handietan, txinatarren eragina sumatzen da". Gogora ekarri du duela gutxi kate bat ezarri dutela telebistan —NITV—, eta bertan sorterriko australiarren dantzak eta kulturak ikus daitezkeela anitz aldiz. "Maori, masai, kitxua, apatxe, ojibwa, inuk eta beste herri batzuen film eta saioak ikusten ditugu".

"Erraldoia" da Australia, eta eta hirien eta herrien arteko distantziekin harrituta dago Auzmendi. Nafarroa eta Australia konparatu ditu. "Nafarroan bi orduko bidaia kotxez bidaia luzea da. Australian, berriz, sei orduko bidaia kotxez normalena da". Dena den, bidaia "bitxiak" izaten ditu Auzmendik. Lanetik ateratzen denean kanguroak ikusten ditu. Landa eremuetan ikusten ditu gehienbat.

TAO zerbitzua martxan jarriko dute Iruñeko bost auzotan apiriletik aurrera

Hilabete baino gutxiago falta da Iruñeko bost auzotako aparkalekuetan TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamenduaren sistema ezartzeko. Apirilaren 2tik aurrera, Donibanen, Ermitagañan, Mendebaldean, Azpilagañan eta Etxabakoitzen TAO zerbitzua jarriko du martxan Iruñeko Udalak. Hortaz, Iruñeak ordainpeko 22.636 leku izango ditu; orain, 10.920 ditu, hau da, 11.716 aparkaleku gehiago izanen ditu.

Iruñeko Udalak aparkatzeko arazo gehien duten kaleetan jarri ditu TAO guneak, autoen txandakatzea bultzatzeko. Hala ere, aparkatzeagatik ordaintzeko sistema jartzearen aurka azaldu dira hainbat bizilagun eta auzo elkarte. Dendariek uste dute ez dela beren mesederako izanen eta bezeroak galduko dituztela. Sinadurak biltzen aritu dira, eta elkarretaratzeak egin dituzte. Etxabakoitzen, adibidez, auzo plataforma sinadurak biltzen hasi da, eta Iruñeko Udalak erabakia aldatzea nahi dute. "Bidegabekeria" iruditzen zaie ordaintzea orain arte doan izan den zerbitzu batengatik. Horretaz gain, Etxabakoitzen aparkatzeko arazorik ez dutela ziurtatu dute.

Apirilaren 2rako dena prest izateko, egunotan aparkalekuetako marrak margotzen ari dira, eta parkemetroak instalatu dituzte. Iruñeko TAO zerbitzuak lau kolore ditu: urdina, laranja, gorria eta berdea. Dena den, ezarriko dituzten guneetako aparkaleku gehienak gune urdinak eta laranjak dira. 41 aparkaleku bakarrik izanen dira gorriak — bai egoiliarrek eta baita beste bezeroek ere bi orduz gehienez utz dezakete kotxea—. Urdina duten kaleetan bi orduz utz daiteke autoa gehienez ere, egoiliarrek izan ezik. Gune laranjetan, berriz, 24 orduz utz daiteke ibilgailua.

Sei gune

Donibane auzoak, TAO sistemako 4.588 aparkaleku izanen ditu; Ermitagañak, 1.943; Mendebaldeak, 2.151; Azpilagañak, 1.506; Arrosadiak, 675, eta Etxabakoitzek, 853. Orain arte lau gune zeuden Iruñean TAO zerbitzuarekin: Alde Zaharra, Zabalgunea, Iturrama eta Arrosadiko zati bat. Heldu den hilabetetik aurrera, berriz, bi gune gehiago izanen ditu: Donibane eta Etxabakoitz, Mendebaldea eta Ermitagaña gunea. Astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara funtzionatzen du TAOk. Larunbatetan 08:30etik 14:00etara izaten da, eta igandeetan eta jaiegunetan ez dago zerbitzurik.

Joan den otsailaren 28ra arte, egoiliarren txartela lortzeko aukera izan zuten guneetako bizilagunek. Apiriletik abendura arte, adibidez, 36,26 euroko kuota ordainduko dute. Merkataritza jardueraren bat egiten dutenek ere aukera dute txartela ateratzeko eta gune laranjan aparkatzeko. Txartela lortzeko, 349,65 euro ordaindu beharko dute, eta edozein momentutan eska dezakete. Auzo gehienetan kale nagusiak gune urdinak dira, eta beste kaleak, berriz, gune laranjak.

“Kudeaketa publikoa beti da pribatua baino eraginkorragoa”

Haur eskolen izaera "publikoa" aldarrikatzen du Alfredo Hoyuelosek (Iruñea, 1963), 0-3 urteko Hezkuntza Zikloaren Plataformako kideak. Nafarroako Gobernuak eskola horietako ikasleen ratioa igotzeko hartu duen erabakia gaitzetsi du. Izan ere, Hoyuelosen irudiko, irakasle bakoitzak zenbat eta haur gehiagoren ardura izan, orduan eta kalitate txarragoko zerbitzua eskaintzen da haur eskoletan.

Zer defendatzen duzue 0-3 urteko Hezkuntza Zikloaren Plataforman?

Gure iritziz, haur guztiek dute hezkuntza eskubidea jaiotzen direnetik, eta horixe defendatzen dugu. Askotariko zerbitzuak daude haurrentzat: haurtzaindegiak, ludotekak, haur eskolak... Hezkuntza Departamentuak hartu behar du ardura afera horretan.

Zer alde dago haur eskolen eta haurtzaindegien artean?

Haur eskoletan, normalean, titulartasuna publikoa da. Haurtzaindegien titulartasuna, ordea, pribatua izan ohi da. Horrek esan nahi du publikoak diren zentroek kontrol zorrotzagoa izaten dutela. Espazioen ezaugarriak goitik behera zehaztuta daude. Haurtzaindegietan, esaterako, ez dute zertan jolastokirik izan. Beraz, ezberdintasunak handiak dira.

Plataforman behin baino gehiagotan salatu dituzue haurtzaindegietako langileen lan baldintzak.

Horrela da. Haur eskoletako langile guztiak profesionalak dira, eta lan baldintza duinak dituzte. Esaterako, ikasturte osoan etengabeko prestakuntza izaten dute euren ezagutzak garatu ahal izateko. Ez da horrela gertatzen haurtzaindegietako langileekin. Horretaz gain, bada errealitate bat oso adierazgarria dena. Gurasoak haurraren bila haur eskoletara joaten direnean barrura sartzeko inolako arazorik ez dute izaten. Haurtzaindegietan, berriz, atean utzi eta jaso behar izaten dituzte normalean.

Kudeaketa publikoa pribatua baino eraginkorragoa da?

Gure iritziz, kudeaketa publikoa beti da pribatua baino eraginkorragoa. Enpresa pribatu bat atzean badago, dirua irabazi nahi du. Haur eskola publikoetan dena askoz ere gardenagoa da. Gainera, iruditzen zaigu kalitatea eskaintzeko ezinbestekoa dela irakasleek lan baldintza onak izatea. Normalean, kudeaketa publikoan irakasleen lan baldintzak askoz ere hobeak dira.

Nafarroako Gobernuak krisi ekonomikoaren harira egin dituen murrizketek zer-nolako eragina izan dute haur eskoletan ?

Orain arte, urtebete arteko zortzi haur bakoitzeko irakasle bat izaten zen, eta horrela jarraitzea proposatu du Nafarroako Gobernuak. Hala ere, 1-2 eta 2-3 urteko haurren geletan nabarituko dira murrizketak gehien. Izan ere, 1-2 urteko geletako irakasle bakoitzak hamahiru haurren ardura izango du —lehen, hamabirena zuen—, eta 2-3 urteko geletan, ratioa hamaseitik hemezortzira pasatuko da. Guk hasieratik esan dugu Europako Batzordeak zehaztutako gomendioak errespetatu behar direla. Egun zehaztutako ratioen erdia proposatzen du erakunde horrek. Nafarroako Gobernuak ez die jaramonik egin Europako gomendioei, eta ratioa murriztu beharrean handitzea erabaki du, eta, hala, zerbitzuaren kalitatea txartu egingo da.

Ratioa igota benetan aurrezten dela iruditzen zaizue?

Inolaz ere ez. Izan ere, administrazioak inbertsio handia egin beharko du haur eskoletako materiala egokitzeko, besteak beste. Gainera, ezin izanen da orain arte eman den zerbitzu ona mantendu. Oso garrantzitsuak dira haurraren lehen urteak,

Haur eskolek Hezkuntza Departamentuaren menpeko izan behar dutela diozu.

Bitxia da, baina haur eskolak Gizarte Politikako Departamentuaren menpekoak dira. Ezinbestekoa da ardura hori Hezkuntza Departamentuak hartzea bere gain. Izan ere, haur eskoletan haurrak hezi egiten dira, eta hori ez da alor sozialeko zerbait. Programatutako eskolak eta ekintzak eskaintzen dira, dena profesionalen gidaritzapean.