Iruñerriko Mankomunitateak autobusetako tarifak igo nahi ditu

Iruñerriko Mankomunitatearen presidentetza heldu den urterako autobusetako tarifak prestatzen ari da. Batez beste, tarifak %1,95 igoko dira, baina alde handia dago billete batzuen eta besteen artean. Hala, erabilpen ugariena duten billeteek izango dituzte igoera baxuenak. Egun, txartelarekin ordaintzen dira bidaien %58,75. Horien prezioa %3,08 igoko da. Hau da, txartelarekin ordaindutako bidaia bakoitza 0,65 eurotik 0,67 eurora igoko litzateke. Billete arruntaren kasuan igoera %3,85 izango da; 1,30 euro zena 1,35 euro kostatuko da. Hala ere, igoera handiena San Fermineko billeteak jasango du: %6,67. Jaietako billetea 1,50 eurotik 1,60 eurora pasako da.

Hala ere, igoera horiek proposamen bat baino ez dira. Datorren hilaren 24an Mankomunitateko batzorde iraunkorrak prezioen taula berriari begiratu bat emango dio. Onartu ostean, 15-20 eguneko tartean, Mankomunitateko batzar orokorrera deituko dute behin betiko erabakia hartzeko.

Iruñerriko Hiri Garraioak 1,94 milioi euroko defizita du. Billeteen prezio igoerak ez du zorra kitatuko. Hori lortzeko, "ezohiko ekarpena" eskatuko die Mankomunitateko presidentetzak udalei. Hala ere, udalek ez dute oraingoz baiezkorik eman. Mankomunitatea osatzen duten udal gehienak nahiko estu baitabiltza aurrekontu aldetik.

Ekin Erribera!

Dendetako erakusleihoak negua iragartzen ari zaizkigu. Arropa lodiek eta oinetako sendoek oraindik ailegatzerik nahi ez dugun sasoirako gonbita egiten digute. Kolore eta forma berriek zirikatu egiten gaituzte gu, badaezpada ere, tentazioa uxatu nahian edo, txartela etxean uzten dugunok. Hartara, arratsaldeko eguzkiak oraindik islatzen duen argitasunetik begiak eskuekin babestuz eta sudurra kristalaren kontra joz begira-begira gelditzen gara.

Halaxe nengoen, bada, lehengo egunean gure herriko kirol-dendako eskaparateari begira, joan zen urteko neguan —merkealdi-garaian, dena esaten hasita— denda horretan bertan suertaturiko gertakaria burura etorri zitzaidanean. Adineko gizaseme batek eskularruak nahi zituela-eta, dendariak eskainitakoak ukitu eta probatzerakoan "qué goxos" esatearekin batera saltzaileak segidan gehitu zuen "goxo-goxoak, bai", eta, horiekin bat eginez, hirugarren batek gehitu zuen, "sí, ricos-ricos".

Haien guztien atzean nire txanda noiz tokatu zain nengoela, hizkuntza baten galtze-prozesuaren hiru maila une berean agertu zitzaizkidan. Aldi berean, gizonezko haren "qué goxos" gure ikasle askoren "me (h)a kanporau" eta antzeko esapideekin alderatu nuen. Garai eta arrazoi desberdinak direla medio, belaunaldi desberdinek topo egin dute bidegurutze horretan. Duela gutxi bertako hizkeraren euskal hiztun osoak galdu dituen herrian hizkuntza zaharraren arrasto eta ebidentzia garbi-garbiak dituen gazteleuska aditzen da; esan dezagun, gure ikasleen euskañolaren kontrako aldaera. Ondoko herrietako euskaldunek eta, AEKrekin batera, ikastolak eta D ereduak segitzen dute hornitzen Jose Fuertes, Weasthon sistemako telegrafista madrildarrak 1856an deskribatu zigun orduko herri euskaldun peto hura.

Nafarroako eremu ez-euskaldunean, ordea, euskara aspaldi galdutako eskualdean, askoz garestiago dute arestian aipaturiko dohatze-lana. 1986an Nafarroako Parlamentuak onartu zuen Euskararen Foru Legeak euskara berreskuratzeko babes eta sustapen-neurririk gabe utzi zituen herritarrak. Handik hogeita lau urtera, 2010ean, hain zuzen ere, lehenengo eta azkeneko aldiz aldatu zen aipaturiko legea, eta, gaur egun, eremu mistoan Iruñerriko beste lau herri daude. Garai hartako Hezkuntza kontseilaria zen Perez-Nievas jaunak adierazi zuen Nafar Gobernuak ez zeukala inongo asmorik Euskararen Foru Legea aldatzeko, Sanz jaunak berak ere Nafarroan euskara gai tabu zela esan baitzuen.

Harriturik, eta-edo lotsaturik, irakurri beharko lukete gure parlamentariek 1896ko urtarrilaren 11n Nafarroako Diputazioak Gipuzkoakoari bidali zion idatzia non, elkarlanean, Ley de Instrucción Pública zelako haren 74. artikuluan oinarrituz, nahita ez, maisu-maistra guztiek euskaldunak izan behar zutela konpromisoa hartzen baitzuten. Asmo on haren adibide gisa, lehenengo euskal poesia-lehiaketa Iruñean 1609an egin zenaren berri ere ematen dute idatzian.

Euskal Herriak, munduko herri guztiek bezala, bere eztabaidaezinezko hizkuntza-eskubideak zituela azpimarratzen zuten. Horretarako, euskara eta bere kultura bere horretan mantendu, goraipatu eta zabaltzeko neurriak hartuko zituztela ere ziurtatzen zuten. Oraindik gehiago: pentsamenduaren eta bere kultura-adierazpenaren artean jartzen den legea nortasunaren izaera suntsitu egiten zuela zioten eta, ondorioz, bidegabetzat har zitekeela. Eta honela argudiatu zuten, argudiatu ere: "Nafarren hizkuntza bazen, eta beti izango da euskara, lingua navarrorun, erreinu hau sortu zuen hizkuntza, Pirinioetatik Ebroraino, gure lurrean sustraituz".

Eta horiguztia esan ondoren, esana gelditzen baita, gure lurra, "Pirinioetatik Ebrorainoko euskal lurra" dela dakigun honetan: Ekin Erribera! 1984tik Ebro ertzean lanean ari zareten Argi horiei, lege bidegabeak trabatu arren: Ekin Erribera, hau da zuen aukera. Oztopoak oztopo, etxean zein kanpoan: Ekin Erribera!

@sarean

Lanaren banaketarekin eta deshazkundearekin lotutako webguneak.

dalevueltabira.wordpress.com.Banatu taldearen berri ematen dute.

www.desazkundea.org.Deshazkundearekin lotutako webgunea.

www.alorza.net.Alberto Ortiz de Zarate ekintzailearen webgunea.

“Onartezina da Iruñeko Udalak bereak diren etxebizitzak hutsik izatea”

2011ko azaroan Nafarroako Hipotekak Kalte Eginikoen Plataforma sortu zenetik da bertako kide Felipe Martin (Elda, Herrialde Katalanak, 1952). Ana Lezkano Iruñeko Gizarte Ongizateko zinegotziarekin bildu da, plataformako hainbat kiderekin batera, hiriburuan etxebizitza eskuratzeko arazoak dituzten familien berri emateko. Oraindik udalak jabetzan dituen etxeak uzteko ordenantzarik ez dagoela salatu du.

Iruñeko Udalak hiru etxebizitza inauguratu zituen duela zenbait aste. Gizarte Ongizate zinegotziak jakinarazi zuen hutsik zeudela eskaririk ez zegoelako. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Berez, etxerik ez duten pertsonentzat jarri zituzten martxan etxebizitza horiek. Ana Lezkano Gizarte Ongizateko zinegotziarekin bildu ginen joan den astean, eta aitortu zigun etxebizitza horiek oraindik ez daudela bertan bizitzeko moduan. Eskaririk ez zegoela esatean hanka sartu zuela ere aitortu zuen. Adierazpen horien harira etxerik gabe zeuden familien hainbat kasu dokumentatu ditugu, eta lekukotza batzuk eraman genituen bilerara.

Zergatik esan zuen Lezkanok udalaren etxeetan bizitzeko eskaririk ez dutela? Adierazpen horrek mahai gainean jar dezake udal zerbitzuen artean koordinazio falta dagoela?

Nik uste politikariek presa handia zutela etxe horiek inauguratu eta argazkia egiteko. Gizarte zerbitzuen koordinazioari dagokionez, Lezkanok gizarte langileei errua egozteko ahalegina egin zuen bileran, baina gu ez gara joko horretan sartuko. Argi eta garbi dago gizarte langileak oso lan ona egiten ari direla; askotan, dituzten baliabideek ahalbidetzen duten baino lan gehiago egiten dute. Izan ere, sarritan planteatzen diren egoerei irtenbidea bilatzeko aukerarik ez dute burokraziak eragindako zailtasunak direla eta.

Denera zenbat etxebizitza jarri nahi ditu Iruñeko Udalak etxerik gabe dauden familien eskura?

Badirudi urte amaierarako hamasei etxebizitza jarri nahi dituela herritarren eskura. Baina, orotara, udalak jabetzan 200 etxebizitza ditu. Lezkanok argi adierazi zigun denentzako etxerik ez dutela. Dena den, onartezina da Iruñeko Udalak bereak diren etxebizitzak hutsik izatea.

Uztailaren 2an bankuen etxeak bizitokia eskuratzeko arazoak zituzten familien esku uztea ahalbidetzen duen legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak.

Gure iritziz, Nafarroan dagoen etxebizitza arazoa ebazteko modu bat izan daiteke. Izan ere, lege horrek hutsik dauden bizitokien alokairua sustatu nahi du. Hala, alokairua Nafarroako Gobernuak kudeatuko luke. Etxeen jabeek alokairua kobratuko dutela ziurtatua dute. Gainera, urtebeteren buruan etxeek hutsik jarraituz gero, legediak jabeei zigor ekonomikoa ezartzeko aukera jasotzen du.

Irailaren 27an inauguratutako etxebizitza horietan noiz jarri ahal izango dira bizitzen familiak?

Egia esan, ez dakigu. Izan ere, ez daude erabat eraberrituta, margotzea falta baita. Gainera, mota horretako etxebizitzen erabilera eta funtzionamendua arautzen duen ordenantzarik ez dago. Hilabete honetan onartuko dutela azaldu zigun Lezkanok. Plataformak proposamen bat aurkezteko asmoa du, jakin badakigulako UPNk egin nahi duen araudia oso murriztailea dela. Izan ere, besteak beste, etxe horietan gehienez urtebetez bizi ahal izango dira familiak. Egoera urtebetean bideratu beharko dute hortaz.

Iruñean zenbat etxebizitza daude hutsik?

Duela zenbait urte Iruñeko Udaleko hainbat teknikarik egindako ikerketa baten arabera, 7.800 etxebizitza daude hutsik; hau da, Mendillorrin dagoen bizitoki kopurua halako bi. Lezkano bera harritu egin zen zenbateko horren berri eman genionean.

“Lanaren banaketa aberastasuna banatzeko modu bezala ulertzen dut”

Banatu taldeko eta CGT sindikatuko kidea da Chema Berro (Erronkari 1949). Osasunbideak Iruñeko Sanduzelai auzoan duen osasun etxean egiten du lan idazkari laguntzaile modura. Ia urtebete da Osasunbideko arduradunek bere aurka zigor espedientea abian jarri zutela. Nafarroako Gobernuak 2012an lanaldia luzatu zien Osasunbideko langileei. Baina, ebazpen horrek bere ideologiaren aurka egiten zuela eta ordu estrak egiteari uko egin eta bere aurka zigor bideari ekin zion Osasunbideak. Berrok argi dio: "Ez diot etor daitekeen zigorrari inolako beldurrik".

Sindikatuko kide gisa ibilbide luzea du Berrok. Horregatik, ulergaitza egiten zaio Nafarroako Gobernuak langile publikoei lanaldia luzatu nahi izatea. "Guri lanaldia luzatu beharrean langile gehiago kontratatuko balitu, langabezia tasa jaistea lortuko genuke", azaldu du tinko. Bere kasuak duela hilabete batzuk hedabideetan sortu zuen zalapartak kalte edo mesede egin ote dion zalantzak dauzka. "Gobernuaren erabakiak eragindako haserrea dela eta hartu nuen luzapenari uko egiteko jarrera".

Pozik dago une zail horretan lankideek eman zioten babesarekin. Izan ere, 40-50 lankidek Berro bezala errudun zirela adierazi zuten idatzi batzuen bitartez. Zigor bidea espero baino gehiago ari da luzatzen, abenduan abiatu baitzuten Osasunbideko buruek. Berrok jakinarazi duenez, ez du inolako asmorik auzitegietara jotzeko. Zigor espedientearen aurka hainbat helegite aurkeztu ostean, behin behineko jakinarazpenaren zain dago. Laster espero du ebazpen hori. Ziurrenik bost egunez lanik egin gabe eta kobratu gabe egotera zigortuko dutela jakinarazi du.

Berrok hartutako erabakia Sanduzelaiko osasun etxeko gainontzeko lankideek ere lana partekatzeko filosofia ezagutzeko aukera "aproposa" izan dela azaldu du. Dena den, ez du bere burua eredu gisa jarri nahi. "Ni nire ideologiarekin kontsekuentea eta zintzoa izaten saiatu naiz, besterik ez", jakinarazi du. Printzipioak tinko mantentzen ditu, eta langile publiko gisa dituen eskubideak baliatzen ditu Osasunbideak langile gehiago kontratatzeko.

Esaterako, bost hilabetean behin, hilabetez lan egiteari uzten dio, bere partez beste pertsona bat kontratatu dezaten. Hala, urtean bi hilabetetan ez du lanik egiten eta ondorioz ez du soldatarik kobratzen. Bere hautua osasun etxeko hainbat langilek ere egiten dutela adierazi du Berrok, tartean mediku batek eta erizain batek. "Lanaldia murrizten badugu eskaintzen dugun zerbitzua bete ahal izateko langile gehiago beharko dira".

Hazkundearen garaia amaitu dela ohartarazi du, garai hura pasa dela. "Ezin izango dugu lehen genuen bizimodura itzuli, hori argi izan beharra dago". Garai batean bezala ekoiztera eta kontsumitzera ezingo dela itzuli uste du. Gainera, gizartean dauden ezberdintasunak atzeraldi ekonomikoa dela eta "areagotzen" ari direla dio. "Lanaren banaketa aberastasuna banatzeko modu gisa ulertzen dut", adierazi du.

Ez du uste administrazio publikoak egoera honi irtenbide bat aurkitu zain egon behar duenik gizarteak. Salatu duenez, erakunde publikoek zerbitzu publikoen kudeaketan enpresa pribatu gisara jokatzen dute. Gainera galdera bat jarri nahi izan du mahai gainean: "Zertarako nahi dut jardunaldi osoz lan egin nire semea langabezian egongo bada?". Halako hausnarketen bidez, beste modu bateko gizarte bat eraiki daitekeelakoan dago.

Helburu horrekin egin zion uko bere lanaldia luzatzeari. Aste gutxiren buruan jakingo du nolakoa izango den zigorra. Hala ere, lasai dago, ez da zigorraren beldur. "Gutxiagorekin hobeto bizitzen saiatu behar dugu, hori ikasi behar du gizarteak", azaldu du Berrok. Printzipioak irmo defendatzeagatik ondorio batzuk izaten direla ohartarazi du, baina ez da inondik inora damutu.

ELKARRETARATZEA, AITORPEN ESKE

Hilabeteko lehen astelehena zenez, dozenaka lagun bildu ziren Iruñeko Gazteluko plazan Astelehen Lilak deitutako elkarretaratzean, besteak beste, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna aldarrikatzeko. Horrekin batera, genero indarkeriaren biktimen omenez Iruñeko karrika bati —Donibane kiroldegi ondokoari— Azaroaren 25a izena jartzeko eskaera aurkeztu dute udalean. Tere Saez taldeko kideak jakinarazi duenez, eskaera aztertzen ari da udala.

“Guztia egunean bertan egiten dugu; hori da gure sekretua”

Orain hogeita hiru urte hasi zen Lourdes Gomez (Ezkurra, 1957) Asun ahizparekin batera Beatriz gozotegian lanean. Bertako jabea, Pablo Saraldi, erretiroa hartzekoa zen, eta seme-alabarik ez zuenez, negozioa pasatzeko norbaiten bila zebilen. Horrela hasi ziren bi ahizpak gozogintzan. Ezkurran lanik ez, eta Iruñera mugitu behar izan zuten bizimodua aurrera ateratzeko. Zortzi hilabete pasatu zituzten Saraldirekin batera lanean, gozogintzaren sekretuak ikasten. Geroztik, urteak pasatu dira. Beatriz gozotegia Iruñeko ezagunenetarikoa da gaur egun. Saraldiren bide beretik jarraitzen dute: "Guztia egunean bertan egiten dugu; hori da gure sekretua" .

Gomezek betidanik gustuko izan ditu eskuekin egindako gauzak. Baserrian, piper opilak, taloak eta antzekoak egiten zituen, baina gozotegi ofizioa Beatrizen ikasi zuen, Saraldirekin. "Berak erakutsi zizkigun errezeta guztiak eta ofizioa bera. Gainera, bera hemen ondoan bizi zen, eta edozein arazo genuela, deitu, eta berehala jaisten zen". Oso harreman ona izan zuten beti Saraldi eta haren emaztearekin.

"Oso lan gogorra da gurea. Badakigu zer ordutan sartzen garen, baina inoiz ez dakigu noiz aterako garen". Beatriz gozotegia oso ezaguna da Iruñean, baina horrek lan handia eskatzen du. Egunero, 09:00etan irekitzen dute denda, 14:00 arte, eta 16:30etik 20:00etara. Hala ere, Gomez ahizpak askoz lehenago hasten dira lanean. "Astelehenetan, 05:00etan jada dendan egoten naiz; astearteetan, pixka bat geroago, baina beti 06:00 baino lehen". Gozotegian, sei pertsona ari dira lanean, baina gozokiak gehienbat bi ahizpen artean egiten dituzte. "Normalean, ahizpak egiten du hostorea, eta nik, opilak, bizkotxoak eta opilkiak". Gomezek dio onena litzatekeela lan guztia denen artean egitea, baina hori uste baino zailagoa dela. "Oreak eta hostoreak egitea ez da horren erraza, erraza ematen badu ere". Gainera, denda txikia da, eta ezin dute denek batera lan egin. Erabiltzen duten labea ere ez da oso handia, eta lau erretilu baino ez dira sartzen eginaldi bakoitzeko. Beste toki handiago bat hartzeko aukeraz galdetuta, Gomezek dio ez duela nahi. "Ni dagoeneko zahartu naiz; ez dut gogorik. Gainera, niri gustatzen zait horrela lan egitea, dena hurbil edukitzea".

Beatrizen egun osoa pasatzen dute gozokiak egiten. Hori da euren sekretua: dena egunean eta "maitasunez" egitea. "Leku guztietan izoztutakoak ibiltzen dituzte, eta guk, ez. Guztia egunean bertan egiten dugu; hori da gure sekretua". Gomezek azaldu du Iruñeko gozotegi entzutetsu batean dagoeneko hasi direla errege opilak egiten. Eurek, ordea, egunean bertan egiten dituzte; hori bai, egun horretan goizeko ordu bietan edo hiruretan hasten dira lanean. Baina bien arteko aldea "nabaria" da.

Beatriz gozotegian garrotetxoek dute arrakastarik handiena. Gomezen ustez, egin berriak saltzen dituztelako dute horrenbesteko arrakasta. Eurek ez baitute orea izozten. Garrotetxoen arrakasta handia bada ere, Gomezek nahiago ditu opilak. Duela gutxi hasi ziren egiten, eta oso harrera ona izan dute. Errege opilaren ore berarekin egiten dituzte. "Opilak oso ondo saltzen dira, ez pentsa, nik ahizpari esaten diot: urte pare batean, garrotetxoei opilek hartuko diete aurrea". Opilena izan da euren azken berrikuntzetako bat. Baina Gomezek dio Beatrizen ez diotela denbora askorik eskaintzen produktu berriak sortzeari, egiten dutena ondo saltzen delako.

Hamaika tokitako bezeroak

Bezero asko dituzte gozotegian. Eguneko ia edozein ordutan Estafeta kaletik igaroz gero, ohikoa da jende ilarak ikustea bertan. "Denetarik etortzen da. Bezero finkoak ditugu, baita Tenerife eta Bartzelonakoak ere". Kanpotik datozen hainbatek halabeharrez ezagutu zuten Beatriz gozotegia. "Tenerifekoak etortzen dira euren semea hemen ikasten ibili zelako unibertsitatean. Beste batzuk Klinika Unibertsitariora azterketa medikoak egitera etortzen direla aprobetxatuz, hemendik ere pasatzen dira". Bartzelonatik datozenak aurreko egunean deitzen diote Gomezi. "Erroskillak eramaten dituzte; batzuetan, hamabi kilo. Beraz, aurretik abisatzen digute, eta egun horretan, hiru edo lau kilo gehiago egiten ditugu".

Kanpokoak ez ezik, badituzte bertako bezero finkoak ere. Badaude, adibidez, goizero gosaltzeko bi txandrio erosten dituztenak, baita kafea hartzeko opilki kutxa bat erosten dutenak ere. Horiez gain, turista ugari ere joaten dira, turismo bulegoko ibilbide gidatuetan gozotegi aurrean geratzen direlako.

Lan eta lan ibili dira Gomez ahizpak azken 23 urteetan Beatriz gozotegian. Bezero faltarik ez dute, euren produktuek kalitate eta ospe handia baitute. Hala ere, hori ez da egun batetik bestera lortzen, urteetako esperientziaren eta eguneroko lan gogorraren emaitza baino ez da. Erretiroa hartu arte, bertan jarraituko dute bi ahizpek. Etorkizuna, hurrengo belaunaldiaren esku dago.