Egun handia

Egun handia izaten da. Txikitan, norberaren urtebetetze eguna noiz iritsiko zain egoten gara, urtearen 364 egun ziztu bizian iragateko irrikan. Eguna iristean, aldiz, erloju guztiak geratu eta denbora izoztea gustatuko litzaiguke. Unibertso osoa protagonistaren inbidiatan egon ohi dela dirudi. Bera da planeta guztiak mugitzen dituen izarra, egunbete irauten duen erresumaren errege edo erregina. Egun handia izaten da. Baina niri beti iruditu zait nire lagun Inesen urtebetetze eguna bereziagoa. Handietan handiena.

1992ko urriaren 12an jaio zen Ines. Nik ordurako 8 hilabete izango nituen, baina ez naiz hari egindako ongietorriaz gogoratzen. Bai, ordea, hurrengo urteetan egiten genituen ospakizunez. Lagun guztiak bere etxera joaten ginen, opariak esku artean eta ilusioz beteta. Bagenekien jende ugari bilduko ginela. Arrazoi ezezagun bategatik, Inesek beti lortu izan du bere ospakizunera guraso zein ume mordoa joatea. Mundua geratzen zela zirudien.

Urteak bete ahala, errealitate gordinera egin dut salto. Umetako inozentzia galtzeak mina egin dezake; azken finean, begiak irekitzean ikusten den egia ez da beti xamurra izaten. Ez zen Ines mundua geratzen zuena, bestelako arrazoi arrotz batzuk zeuden horren atzean.

Antza, orain dela urte mordoa Rodrigo de Triana izeneko gizon batek lur zati handi bat atzeman izana ospatzen da egun horretan. Amerika, alegia. Bertako herriak eta tribuak kolonizatu, hizkuntza, kultura eta erlijioaren inposizio etengabea gauzatu eta Espainiako Inperioa sortu ziren garai hartan. Batzuentzat, "jaiegun nazionala" izateko arrazoi mardul eta sakonak. "Hispanitatearen eguna", "Arrazaren eguna", "Espainiako Egun Nazionala", "Guardia Zibilaren eguna"… hainbat izen, baina egun bakarra. Urriaren 12a. Inesen urtebetetze eguna.

Espainiarren esanetan, Pilar Birjinaren eguna sinbolo garrantzitsua da. Izan ere, Amerikaren eta Espainiaren arteko lotura irudikatzen du; bien arteko bat egitea, fusioa. Dirudienez, fusio hitzaren definizioa ez da bera hiztegi guztietan. Ez zen elkarketarik egon, ez bada zapalketa baten ondorioz ezarritako harremana. Espainiak Amerika mendean hartu zuen, komeni zitzaiona bereganatuz eta gainontzekoa suntsituz. Hori da Espainiako Estatuan biztanleria osoak jai izateko arrazoia. Espainiaren nagusitasuna erakusteko beharra; nagusitasun faltsua.

Baten bat harro egonen da bere arbasoek egindako lorpenekin. Biharkoa egun handia izanen da halakoentzat. Baina guk, euskaldunok, zer daukagu ospatzeko? Nik, behintzat, ezer ez. Tira, bai, Inesen urtebetetze eguna. Urtero moduan, aurten ere elkarrekin afari eder bat eginen dugu. Hori bai, goizean berdin-berdin lan eginen dut, baina aurtengoa ere egun handia izanen da. Inesek 21 urte beteko ditu, eta hori ez da egunero gertatzen.

32.964

Atzerrian jaiotako iruindar kopurua. Atzerrian jaiotako 32.964 pertsona bizi dira Iruñean. Hiriko biztanleen %16,7 dira. Behera egin du Iruñean bizi den atzerritar kopuruak, 2010eko zenbatekoetara egin du atzera.

A-21 autobidearen lanen bi herenek ez dute aurrekonturik

Ez dago aurrekonturik Iruñea eta Jaka (Aragoi) lotu behar dituen autobidea, A-21 edo Pirinioetako autobidea, bukatzeko. Nafarroako tartea 2012ko urtarrilean ireki zuten osorik. Baina Aragoiko zatian lanak luzerako doaz. Autobideak 110 kilometro —Nafarroan 50 eta Aragoin 60— izango ditu. Aragoin 12,7 kilometro baino ez daude eginda. Lan horiek Espainiako Sustapen Ministerioaren ardurapean daude. Aurten, 15 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du; horrekin 4 kilometroko bidea egingo dute. Gainerako 44 kilometroek, lanen bi heren baino gehiagok, ez dute aurrekonturik. Nafarroako Gobernua eta Jaka inguruko herrietako alkateak askotan kexatu dira gaiaren inguruan.

Autobidearen proiektua 1990eko hamarkadan hasi zen eta oraindik ia bidearen erdia egiteke dago. Hasiera batean, lanak 2014. urtean bukatuko zirela aurreikusi zuten, baina gaur egun inor ez da ausartzen egun jakin bat jartzen. Aurreikuspen positiboenek 2018a jartzen dute lanen bukaera gisa.

Hainbat arazo izan ditu Pirinioetako autobideak azken urteetan, besteak beste, Espainiako Gobernuaren finantzaketa falta. Adibidez, Laura Albak Nafarroako Herrilan kontseilaria zela 2009an esan zuenez, autobidea garatzeko "zoritxarrekoa" zen Aragoiko zatiaren finantzaketa falta. Uda honetan ireki dute, baina 2010ean bukatu beharrekoa zen Nafarroako muga eta Tiermas (Aragoi) arteko autobide zatia; hor dago autobidearen atzerapenaren beste adibide bat. Tarte horretan lanean zebilen enpresa, hain zuzen, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. Beraz, lanak gelditu, eta beste enpresa bat kontratatu behar izan zuten.

Aurten, Aragoiko zatiko 4 kilometrotan baino ez dituzte martxan jarriko lanak —Zigoze (Aragoi) eta A-1601 errepidea lotzen dituen tartea da hori—. Gainera, tarte horretan kilometro beteko bidezubia egin nahi dute. Esako urtegiaren handitzea saihesteko. Horrez gain, Espainiako Gobernuak ez du inbertsio berririk aurreikusten. Aragoin aurten ireki dute azken tartea, Nafarroako muga eta Tiermas lotzen dituen 4,5 kilometroko zatia da.

Mediterraneora bi bide berri

A-21 autobidea Jakara joateko bide lasterra da. Neguan, bereziki, jende asko joaten da Jaka ingurura eskiatzera. Baina horrez gain, Mediterraneora bide laster berriak irekiko lirateke Nafarroatik.

Pirinioetako autobidea Jakan A-23arekin elkartuko litzateke. Autobide horrek Jaka eta Huesca (Aragoi) lotzen ditu, eta Saguntora arte (Valentzia) jarraitzen du. Horrez gain, Huescatik A-22 autobidea ateratzen da, eta Lleidaraino (Herrialde Katalanak) joan daiteke. Handik A-2 autopista igarotzen da, eta Bartzelonaraino (Herrialde Katalanak) heltzen. Mediterraneora bi bide lasterrekin lotzeko aukera emango luke Pirinioetako autobideak.

53

Tafallan urriaren 3an metro koadroko jasotako euri litroak. Urriaren 3ko gauean, ekaitza izan zen Tafallan, eta euria eta txingorra bota zituen. Ordubetean, metro koadroko 53 litro ur bota zituen. Garaje eta lokalak urez bete ziren, baita herriko kiroldegia ere.

Hazkundea zailtasunen gordailu

Urrun geratu dira Nafarroako ekonomia hazten zeneko garaiak. Krisi ekonomikoak kolokan jarri ditu kapitalismoaren biziraupena eta oinarria. Hazkunderik ez dagoenez, ekoizpen maila ere hondoa jota dago. Horren adierazlerik argiena akaso, langabezia tas...

“Ez du zentzurik gatazka juridiko antzuetan galtzea gure indarra eta denbora”

Bertan behera gelditu da Etxarri Aranazko herritarrei Euskal Herri independenteko kide izan nahi duten ala ez galdetzeko erreferenduma, auzitegiek Nafarroako Gobernuaren salaketa aintzat hartu ostean. Galdeketa sustatu duen Etxarri 2012+1 plataformako kidea da Mikel Mundiñano (Iruñea, 1976). Egindako lana onuragarria dela dio. Hil honetan egingo den herri batzarrean ebatziko dute aurrerantzean zein pauso eman.

Justiziak Nafarroako Gobernuari arrazoia eman ostean, bertan behera geratu da erreferenduma egiteko ideia?

Ikusiko dugu. Oraindik erreferenduma egiteko aukera borrokatu daiteke. Gure ustez, ez du zentzu handirik Nafarroako Gobernuak hartu duen jarrerak. Izan ere, erreferendumaren bitartez, herritarren iritzia jakin eta kontuan hartu nahi zen. Ez dugu helegiterik aurkeztuko, ez duelako zentzurik gatazka juridiko antzuetan galtzea gure indarra eta denbora.

Ia bi urte dira plataforma sortu zenutela. Zer dela-eta erabaki zenuten plataforma martxan jartzea?

Ofizialki, 2011ko abenduaren 3an aurkeztu genuen. Zer ginen, zer garen eta etorkizunean zer izan nahi dugun hausnartzea zen ideia nagusia. 2012an bi urteurren garrantzitsu izan ziren. Alde batetik Etxarri Aranatz sortu zela 700 urte bete ziren. Beste alde batetik, Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena zen. Bi urteurren horiek gogoratuz eta horiek erabakitzeko eskubidearekin lotuz erreferendumaren bidea abiatu genuen, etorkizunean zer izan nahi dugun ezagutzeko.

Iaz erabaki zenuten independentziaren inguruko galdeketa egitea. Zer dela eta?

Joan den urtea memoria historikoa gogoratuz pasatu ondoren, ohartu ginen zer ginen eta zer garen ezagutzearekin batera, etorkizunean zer izan nahi dugun herrian bertan lantzeko aukera zegoela. Ariketa demokratikoa egin nahi genuen modu normalizatuan. Zergatik ezin diegu herritarrei galdetu etorkizunean zer izan nahi duten? Galdeketa planteatzen genuen topaleku modura, errespetuz, baina iritzi ezberdinen topaleku modura.

Galdeketa egiteko garaian, Etxarri Aranazko Udalaren babesa izan duzue.

Galdeketa prozesua martxan jarri genuenean, argi genuen guztia legez egin nahi genuela. Bada foru lege bat 27/2007 deiturikoa, eta hor jasota dauden baldintzak bete ditugu. Horrez gain, udalari gure ekinbidea babesteko eskatu genion. Eskari hori gauzatzeko baldintza batzuk bete behar ziren. Esaterako, herritarren %10ek ekinbidearen alde sinatu behar zuten. Baldintza horiek bete ostean, udalak bere bermea eta babesa eman zuen.

Zein izan da oztoporik handiena, Nafarroako Gobernuarena akaso?

Gure proposamena gehiengo osoz onartu zuten udalean. Behin pauso hori emanda, guztia Nafarroako Gobernura bidali zen han tramitatzeko. Erreferendum bat egiteko baimena, berez, Espainiako Ministroen Kontseiluak eman behar du. Esan liteke Nafarroako Gobernuak bitartekari lana egiten duela. Baina kasu honetan, bere eginbeharra ez zuen bete. Zuzenean auzitara jo zuen, eta justiziak arrazoi eman die.

Aurrerantzean, zein aukera dago erreferenduma egiteko?

Egia esan, mahai gainean aukera asko daude. Urriaren 10ean herri-batzarra egingo dugu, iritzi guztiak jaso eta balorazioa egiteko. Hori gertatu arte ez dugu pausorik iragarriko.

Zuentzat, garrantzitsua da balio juridikoa duen galdeketa egitea?

Niretzat pertsonalki ez da garrantzitsua. Ariketa demokratiko bezala planteatzen dugu galdeketa. Modu normalean galdetu nahi diegu herritarrei etorkizunean zer izan nahi duten. Benetako demokraziak dituen balioetan sakondu behar da, herritarren elkarbizitza, parte hartzea eta iritzia aintzat hartuta.

TTIPI-TTAPA EUSKARAREN ALDE

Ehunka euskaltzalek parte hartu zuten larunbatean Euskaraz bizi nahi dut ekinaldiak Iruñean antolatutako lasterketan. Alde Zaharreko San Frantzisko plazatik abiatu zen lasterketa goizeko 11:30 aldera. Bost kilometroko ibilbidea bete zuten hara bildutakoek. Umeek, euren ibilbide propioa izan zuten. Datozen asteetan, gisa horretako beste hainbat lasterketa daude antolatuta Nafarroako zenbait herritan, hala nola Zaraitzun, Lizarran, Lesakan eta Goizuetan.