Aipu gaizki aipatuak

1. Zerbait ustelik dago Nafarroako erresuman. James Willion Shakespeare.

2. Paradoxa bati gerta dakiokeen txarrena onegia izatea da, inork ez bailuke ulertuko. G. K. Chesterton.

3. Iruñeko gaua Shanghaiz mintzatzeko bereziki egokia da. Jasan duten guztiek badakite. Izan ere, anitz hitz egiten da Iruñean Shanghaiz eta leku urrunez. Modu konpultsiboan hala egiten dute, txorikeriez eta euskaldun, espainol, nafar, eta abar izateaz eta ez izateaz aritu nahi ez dutenek. Solasaldi benetan astunak. Miguel Sanchez-Ostiz.

4. Nafarroaren presidenteen historia laburra: Barcinak Dolores de Cospedal izan nahi zuen./ Juan Cruz Allik Amadeo Marco izan nahi zuen./ Sanzek Alli izan nahi zuen./ Otanok Urralburu izan nahi zuen./ Urralburuk Alaska izan nahi zuen. Suetonio.

5. Deus irakurri ez duenaz baino gutxiago fida zaitezke liburu bakar bat irakurri duenaz. Korana.

6. Gerra ondoren Iruñean bazen maritxu bat, merkatura zihoana poltsa batekin. Badakizu, Angel Mari, zer den maritxu bat? Gizonak emakumeei baino gehiago gustatzen zaizkion gizona. Amatxi Rosalia.

7. Guk ez genuen porrot egin; balio ez duten milaka modu topatu ditugu. Nafar abertzale izengabea.

8. Eraiki, eraiki ezazue fedearen bidea, baina batez ere eraitsi itzazue fedegabekoen eraikina. Josemaria Escriva de Balaguer.

9. Javier Ciga pintoreak nezeser batean pintzelak eta koloreak beti zeramatzan aldean, bere margoei azken ukituak emateko, edonon, erakusketa batean, adiskideen etxeetan, museoan... Zergatik inoiz ez zituen bukatutzat jotzen galdetu ziotenean, perfekzioa, erantzun zuen, betebeharra da enetako. Pello Fernandez.

10. Munduan den guztia bi zatitan bana daiteke. Esaterako, bi zatitan banan daitekeena eta beste guztia. Groucho Marx.

11. Faites vos jeux, messieurs. Rien ne va plus. Banca Civicako zuzendaria.

12. Halatan Marzial poetak erran zeraukan egun batez Legna poeta gaixto eta harroari: "Zergatik, jende aitzinean irakurtzera zoazelarik, fularra duzu lepo ingurura biltzen? Oihala hobeki letorkie gure beharriei". Axular.

13. Ez dok bi mila eta hamairurik. Maien profezia.

14. Akiles, orpo ospetsua baino ez zuena zaurgarri, ia hilezkorra zen; hau da, hilkorrak berek baino hilkorragoa. Roberto Calasso.

15. Miretsi, nik Iñigo Astiz eta Hedoi Etxarte miresten ditut, eta hauek miretsitako guztiak ere miresten ditut, eta beste hauek miretsi dituzten guztiak ere, eta abar. Angel Erro.

16. Euskara oso gurea sentitzen dugu eta defendatu egiten dugu. Yolanda Barcina.

Maiak Iruñeko Udala kudeatzen “porrot” egin duela ohartarazi du Bilduk

Enrique Maia Iruñeko alkate izendatu zutenetik urte eta erdi igaro da jadanik. Peio Martinez de Eulate, Eva Aranguren eta Patricia Perales Bilduko zinegotziek salatu dute UPNk eta Maiak ez dutela Iruñea gobernatzeko "gaitasunik". Egoera horri aurre egiteko, aldaketa politiko eta sozialaren alde egin du alderdi abertzaleak. Hori gauzatzeko, lau puntu proposatu ditu: justizia soziala, parte hartzea, normalizazio politikoa eta indar metaketa.

Azken hemezortzi hilabeteetan Iruñeko arazoak "areagotu" egin direla irizten dio Martinez de Eulatek. "Iruñeko Udala Nafarroako Gobernuaren eta Madrilgo gobernuaren sukurtsal hutsa bihurtu da, eta hiritarren beharrei ez die erantzuten". Gainera, Iruñeak jasaten duen "krisi sistemikoa" UPNk bultzatutako eredu politiko eta ekonomikoaren ondorio dela azaldu du.

Lurraldeko administrazio publikoen jarrera "txarraren" kontrapuntua kalean dagoela jakinarazi du Martinez de Eulatek. "Hiritarrek UPNk baino heldutasun eta gaitasun handiagoa erakusten dute, eta etengabe bestelako hiri eredu bat eraikitzen saiatzen ari dira", ohartarazi du. Izan ere, azken hilabeteetan hamaika mugimendu indartu dira Iruñean, tartean Gora Iruñea, Arantzadiko baratzeak defendatzeko taldea, etxe kaleratzeen inguruko mugimendua...

Testuinguru horretan, aldaketa politiko eta sozialean Bilduk duen konpromisoa berretsi dute hiru zinegotziek. Aldaketa hori gauzatzeko, lau oinarri proposatu dituzte: justizia soziala eta ezkerreko aldaketa, parte hartzea, normalizazio politikoa eta indar metaketa. Oinarri horien bitartez aldaketa gauzatu daitekeela irizten diote.

Ezkerraren balorazioa

Edurne Egino Ezkerrako Iruñeko Udaleko zinegotziak krisitik irteteko konfiantza soziala eragingo duten hamahiru neurri proposatu ditu. Neurri horiek ikuspuntu soziala dutela ohartarazi du Eginok. "Proposamena hiriko aurrekontuetan inflexio puntua izatea nahi dugu, herritarrek sinets dezaten konfiantza eragingo duten politikak abian jar daitezkeela", jakinarazi du Ezkerrako zinegotziak.

Datozen asteetan Iruñeko Udaleko gainontzeko alderdiekin biltzekotan dira Ezkerrako ordezkariak, hamahiru puntuko neurrien berri emateko eta negoziatzeko. Inbertsioa 12 milioi eurokoa izango litzateke, eta ahalik eta azkarren aurrera ateratzea nahi dute Ezkerrakoek.

Beste behin, Eginok argi utzi du Maia buru duen udal gobernuak egungo egoerari "bizkar" emanda proposatu zituela aurrekontuak. Arrazoi horrengatik ez zirela aurrera atera ohartarazi du Eginok. Hala, esan du UPN ez den beste gobernu alternatibo bat era daitekeela Iruñean. Alde horretatik, salatu du PSNk ez duela horren aldeko inolako mugimendurik egin. Inbertsio sozialen alde egiteko eskatu dio PSNri.

3.790

Nafarroako Unibertsitate Publikoko bisitariak. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012an egindako ate irekien egunetan 3.790 lagunek bisitatu dituzte NUPen Arrosadiko eta Tuterako campusak.

Ekologistak akusazio izango dira hegazti harrapari pozoituen auzian

Pozoia da Nafarroako animalien etsai nagusietako bat. Hala salatu dute Ekologistak Martxan, SEO/BirdLife eta WWF talde ekologistek. Iazko apirilean pozoitutako 120 hegazti harrapari hilik agertu ziren Erriberako hiru ehiza barrutitan. Orain, akusazio gisa joko dute ekologistek auzitara, epaituko dituzten bost lagunen aurka. Nafarroako Gobernuak pozoiari aurre egiteko borondaterik ez duela salatu dute, eta neurriak hartzeko eskatu diete agintariei.

Zehazki, Tutera eta Cintruenigoko hiru ehiza barrutitan agertu ziren hilik babes bereziak dituzten hegazti multzoak. Tartean zeuden miru beltzak, sai arreak, sai zuriak, zingira-mirotzak eta miru gorriak. Pozoituta hil ziren. Ikerketa hasi, eta uztailean bost lagun atxilotu zituen Foruzaingoak. Montes del Cierzo ehiza barrutiko kide bat, guarda eta presidentea, Cintruenigoko ehiza barrutiko presidentea eta ustez Monte Altoko ehiza barrutiko pozoitzeekin zerikusia duen beste pertsona bat. Talde ekologistek orduan izan zuten gertaeraren berri. "Nafarroan inoiz egon den hegaztien pozoitze kasurik larriena da", jakinarazi du Miguel Angel Fernandez Ekologistak Martxan taldeko kideak. "Nahita egindako sarraskia da argi eta garbi", gaineratu du.

Antza, pozoitutako gizengarriekin hil zituzten hegaztiak. "Ehiza barrutietatik harrapariak kendu nahian, ehiztariek ehizatzeko animalia gehiago izateko", salatu du Fernandezek. Izan ere, untxiak eta eperrak jaten dituzte zenbait harraparik. Produktu fitosanitarioak baliatu zituzten pozoitzeko, batez ere, nekazaritza erabilera duten produktuak. Pozoia janari barruan —magdalenetan, arrautzopiletan eta txorizoan— ezkutatu zuten.

Hiru talde ekologistek jakinarazi dutenez, Erriberan gertatutakoa ez da kasu bakarra izan. Hainbat eta hainbat dira pozoitze kasuak Nafarroan. "Tamalez, hamaika kasu gehiago daude; askotan haien berri ez dugu izaten", esan du Ekologistak Martxan taldeko kideak. Nafarroako legediak eta Espainiako legediak debekatzen du pozoia erabiltzea, delitua da, baina, hala ere, baliatzen jarraitzen dute zenbaitek.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuaren eta zehazki Ingurumen Departamentuaren jarrera salatu dute ekologistek. "Salaketa jarri genuenetik ez dute inolako neurririk hartu, eta, beraz, animaliak pozoitzen jarraitzen dute", dio Ramon Elosegi SEO/BirdLife taldeko kideak. "Arriskutsua da, pozoitutako amu gehiago daudelako, eta, ondorioz, hegazti gehiago hil eginen dira", gaineratu du. Gobernuak arazoari ez diola heldu nahi jakinarazi du, "interesik" ez duelako. "Gizarteak ez dio garrantzirik ematen, eta oharkabean pasatzen da; horregatik, gobernuak ez du neurririk hartzen", azaldu du Elosegik. Erriberako hegaztien auzian gobernua bakarrik "ustezko errudunez" arduratu dela uste du Fernandezek, eta, bitartean, "biktima bakarraz, ingurumenaz, alegia, ahaztu da; inork ez du ezer egin laguntzeko". Horregatik aurkeztuko dira auzitegian, atxilotutako bost lagunen aurkako kasuan. "Zigor Kodea betetzea nahi dugu, eta delitua den heinean, gogor ezartzea eskatuko dugu". Bi urterako espetxe zigorra jaso dezakete bost inputatuek, eta erantzukizun zibila ere eskatuko dute talde ekologistek.

Pozoiaren gaia gizarteratu nahi dute ekologistek. "Nafarroan pozoiaren erabilera oso larria da, eta gizarteak hausnartu behar du horren inguruan", esan du Carlos Cano WWFko kideak.

"Arriskuan" jartzen dituzte animaliak, harrapariak suntsitzeko amu pozoituak erabiltzen dituztenean. Osasunarentzat eta ingurumenarentzat ere kaltegarriak direla adierazi du. Horregatik, Canok lehenbailehen neurriak hartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. "Gertatutakoa berriro gerta ez dadin, ezinbestekoa da neurriak hartzea eta Nafarroako ehiza barruti guztietan zainketa zorroztea; gobernuaren ardura da hori", gogorarazi du WWFko kideak.

85

Merkealdian bezero bakoitzak gastatuko dituen euroak. Kontsumitzaile Independenteen Federazioak egindako ikerketa baten arabera, merkealdian erosle bakoitzak 85 euro baliatuko ditu erosketak egiteko; 2012ko neguko merkealdian baino 9 euro gutxiago.

Ehun BERRIAlagun baino gehiago direla ospatuko dute gaur Iruñean

Krisiak oro irensten duela dirudien garaiotan, badira albiste baikorrak, zailtasunei aurre egiteko bide berriak. Horretan ari da BERRIAlagunak egiten diharduen kanpaina; Zure ziztada behar dugu leloa ardatz hartuta, sare bat trinkotu nahi du euskarazko hedabideen inguruan, jendearen sostengurik falta ez dakien, eta, hartara, lanean jarrai dezaten. Iruñean, jada ehun lagunek bat egin dute deiarekin, eta Iruñerri osoan, 160 baino gehiago dira. Hori ospatze aldera, jai bat egingo da gaur ilunabarrean; bertso merendu bat egingo dute Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Errimak bi bertsolariren esku izango dira: Julen Zelaieta eta Aimar Karrika ariko dira bertsotan.

Elkarlanaren emaitza izango da gaurko merendua; jan-edanak Zaldiko Maldiko elkartearen ekarpena izango dira, eta bertsolariak musu truk ariko dira. Ekitaldiak topaketa gozo bat izan nahi du: BERRIAlagunak erakartzeko kanpainaren alde orain arte egindako lan guztia eskertu nahi du, eta egitasmoa ezagutzera ematen segitu.

Lehendik ere, kanpainaren aldeko hainbat ekitaldi egin dira Nafarroan; iazko urriaren 11n, esaterako, bertso merendu bat egin zen Lakuntzan, eta azaroaren 10ean kontzertu bat eman zuen Ruper Ordorikak, Altsasuko Iortia kultur etxean. Nafarroako euskarazko hedabideek lagundu dute horiek antolatzen. Izan ere, hedabide horietako asko arras ataka gaiztoan daude; orain arte, urriak ziren laguntza publikoak, eta gutxitu egin zaizkie azken urteotan; batere diru laguntza publikorik ez dute egun Nafarroako instituzioen partetik. Egoera horrek hedabide askotan eragin dituen arazo larriez ohartuta, BERRIAlagunen kanpainaren bidez eskuratzen den diruaren zati bat —eskualde bakoitzean lortzen denaren bostetik bat, hain zuzen ere— hedabide horietarako jartzea erabaki da. Eta ahalegin horren fruitua agerikoa da: dagoeneko egin dira lehendabiziko ordainketak zenbait hedabidetan.

10.urtemugaren inguruan

Herriz herri egin da orain arte BERRIAlagunak erakartzeko kanpainaren zati handi bat. Euskal Herri osoan ekintza ugari egin dira, eta 4.200 lagunek erabaki dute kanpainarekin bat egitea. Egitasmo iraunkor bat denez, aurten ere horren aldeko lanean jarraituko da. Ekainaren 21ean, hamar urte beteko ditu BERRIA egunkariak, eta urtemuga hori ospatzeko antolatuko diren ekitaldien jira-biran egin nahi dira kanpaina ezagutarazten jarraitzeko saio handienak datozen hilabeteetan. Apirilaren erdialdean hasi eta ekainaren amaiera bitartean egingo dira ospakizun ekitaldiak, eta horiek izango dira ziztaden aldeko etorkizuneko urratsak harilkatzeko gakoak. Bide batez, ahalegina egiten jarraitu nahi da jadanik kanpainari atxikimendua erakutsi diotenen aldeko urratsekin jarraitzeko; haien proiektuarekiko atxikimendua indartu nahi da, eta ateak zabaldu nahi zaizkie, parte hartze iraunkor bat izateko.

Ur goiena, ur barrena

Ur goiena, ur barrena / Urteberri egun ona. Etxe honetan sar dadila, / Bakearekin osasuna, Bakearekin osasuna, / Onarekin, ondasuna. … Gure baratzean belar ona, / Hark botatzen du usain ona. …"

Gauerdiko kanpai-hotsek jotzearekin batera herriko gazteek iturriko ur berria apaiza, alkate eta zinegotziei lehen dastatzea emanik, bertan bilduriko herritarrei banatu zieten. Segidan, aspaldiko ohiturari eutsiz, aurten ere kanta ezaguna abestu dute Nafarroako Urdiain herrian Urtezaharra despeditzeko eta berriaren etorrera ospatzeko.

Gaur egun bizirik dirauen ohitura horren lehendabiziko irudiak 1972koak dira, Julio eta Caro Baroja anaien Navarra, cuatro estaciones izeneko filmean ikusi izan zirenak. 1980an, Jose Maria Satrustegi etnografo eta urteetan Urdiaingo apaiza izandakoak Mitos y creencias liburuan deskribatu zuen, eta 1997an, Pantxoa eta Peiok Oles ta Oles diskoan bildu zuten kanta zaharra.

Ura. Ura, lurra, airea eta sua. Funtsezko lau elementuetako bat: ura.

Munduko kultura askok (Europa zaharrak, budismoak, hinduismoak) lau elementu horiek zituen oinarri. Miletoko Talesek (k. a. 630-545) ura zuen gauza guztien jatorritzat. Lehenengo herri eta zibilizazio handiak iturburuen ondoan sortu ziren.

Gure arbaso zaharren urtea bitan banatzen zen: uda eta negua. Urtea (ur+te) eurien zikloa zen, eta uda eta neguaren arteko mugatzaileak solstizioak eta ekinozioak ziren. Gure arbasoak ere oinarrizko sinbologian azaltzen diren lau elementu horietaz baliatzen ziren, uraz eta suaz gehienbat.

Lurra. Sustraiak: lurpean dauden landareen zatiak, bizitzan finkatzeko balio dutenak. Sustrai Erakuntza Fundazioak hiru urte egin ditu auzitegietan lanean naturari kalte egiten dioten proiektuei aurre eginez. Horietako bat, Olatzagutiko Portland lantegian hondakinak erretzeko egitasmoaren aurkakoa, hain zuzen ere. Helburu bera duen 3 Mugak Batera Plataforma ere horretan ari da. Horiekin bat datoz Sakana, Goierri, Arabako lautada eta Ameskoako herritar asko. Baina nago, horietaz guztietaz gain, Mariren, funtsezko lau elementuak bere barnean biltzen dituen euskal jainkosaren laguntza ez ote dugun beharko, heldu den urteetan ere ur goiena, ur barrena garbia eta baratzeko belar onaren usain ona izan dadin nahi badugu. Marik gobernatuko ahal ditu sua eta airea tximinia altu haietatik gure kontra jar ez daitezen !

24

Iruñeko Udalaren laguntza jaso duten kultur proiektuak. Iruñeko Udalak 173.500 euro eman zituen iaz Nafarroako 22 erakundetako 24 kultur proiekturentzat. Arte eszenikoak, musika eta dantza sustatzeko egitasmoak dira, baita lan humanistikoak ere.

“Odol itsaso honetan duintasun irlak daude”

Argazkilaria da Xabier Santakiteria (Iruñea, 1973). Plastikozko kamara urdin batekin gogoratzen du lehen hartu-emana argazkilaritzarekin. "Txirrika pasatzeko gurpiltxo beltz bat mugitu behar nuen, rak-rak egiten zuen". Nafarroako oroitzapena da. Orain, Mexikon ateratzen ditu argazkiak. "Mandatuak egiten ditut, baita ikastaroak ere". Bi urte daramatza Mexiko Hirian (Mexiko), Palman (Kanaria uharteak, Espainia) hiru urte igaro ondoren.

Munduko hiririk handienetan hirugarrena da Mexiko Hiria, 20 milioi biztanle ditu. "Hiri zaratatsua da, oso bizia, alaia eta tristea". Herritarren arteko desberdintasunez mintzatu da Santakiteria. "Carlos Slim bizi da hemen, munduko pertsonarik aberatsenetarikoa, baina kale berean 4,5 milioi biztanle txiroak dira".

Mexikora iritsi zenean, Santakiteriak koaderno batean idazten zituen gertatzen zitzaizkion anekdota dibertigarriak. "Kultura desberdin batean murgiltzen zarenean gertatzen zaizkizun gauzak dibertigarriak izaten dira; baina batzuetan amorragarriak ere badira". Dagoeneko ez du bere burua turistatzat hartzen, "egokitze prozesuan" dago. "Hemen esaten duten bezala 'ni modo que todo Mexico se adapte a mi'". Arratsalde batean liluratuta, harrituta, haserretuta eta maiteminduta egon daitekeela dio.

Betidanik gustatu zaio Mexiko Santakiteriari. "Herri gaztea da, oso bizia eta gauza asko gertatzen dira egunero. Mexikoko hilabete bat Europako hiru edo lau hilabete bezalakoak dira. Agian Mexikon nago nire bizitza luzatzeko".

Argazkilaritzaz gain, antzerkian aritzen da Santakiteria. Opresioaren aurkako antzerkian. "Borrokatzeko eta gauzak salatzeko era bat da. Ikusleek kontatzen dituzte haien kontuak, bere bizitzako gauzak, eta guk, inprobisatzen, antzezten dugu. Batzuetan eszena klasikoak dira, pertsonaiekin. Beste batzuetan, aldiz, mugimenduak egiten ditugu edo soilik olerki bat abestu". Auzoko taldeekin egiten dute lan, baita unibertsitateko ikasleekin ere. "Herritarren munduan murgiltzen gara, opresio itsaso batean, baina itsaso kolektiboa dela ikusten dugu".

Uztailean hauteskundeak izan ziren Mexikon. Enrique Peña Nieto Alderdi Iraultzaile Instituzionalako (PRI) buruak irabazi zuen, baina iruzurrak salatu zituzten askok. "Boto asko erosi zituzten; azkeneko hauteskunde guztietan Iraultza Demokratikoaren Alderdiari (PRD) boterea lapurtu diote horrela. Zoritxarrez, mexikar askok bere botoa libreki PRIri eman zioten". Santakiteriak gogorazi du Peña Nietok boterea hartu zuen egunean ehun pertsona atxilotu zituztela bere aurkako protestetan. "Gehienek kartzelan jarraitzen dute".

Aurreko presidentea Ekintza Nazionalaren Alderdiko (PAN) Felipe Calderon izan zen. Boterean egon zen sei urteak ez ziren garai errazak izan. "100.000 hildako inguru salatu dituzte giza eskubideen aldeko taldeek. Igaro sei urteetan, egunero 45 pertsona hil dira. Gainera, Mexikon, delituen %90 ez dira zigortzen". PRI botorean egonda, narkotrafikoaren guda lasaitu daitekeela uste du Santakiteriak: "Baina herriaren aurkako guda ez da baretuko". Herrien elkartze sareak apurtzea eta lurraldearen kontrola nahi dutela salatzen dute zapatistek.

Hedabide gehienetan Mexikoren aurpegi bakarra erakusten da, baina Santakiteriak ongi daki beste errealitate batzuk ere badaudela. "Mexikoko leku guztietan haien egoera hobetzeko lanean hamaika talde daude. Odol itsaso honetan milaka duintasun uharte daude". Adibideak nonahi daudela dio: "Zapatistak, Guerreroko komunitateak, Oaxacako irakasleen elkarteak, etorkinen aldeko sareak, talde feministak...". Cheran herria aipatu du. Herritarrak gobernuaren eta narkotrafikoaren aurka matxinatu ziren, herritik bota zituzten eta gaur egun asanbladetan hautatutako agintariak dituzte.