Olabe bitan banatzen du N121-A errepideak. Egunero, ehunka ibilgailu ibiltzen dira handik. Olabeko Kontzejua duela dezente hasi zen oinezkoentzako pasabidea eskatzen. Hainbat bilera bertan behera gelditu ostean, badirudi astelehenean bilduko direla Lu...
ARGIA KANPOAN, ILUNTASUNA BARRUAN
Nafarroako Erresuma Arena pabiloiaren aurrealdeko polikarbonatoko 933 kuboak piztuta egon dira 100 orduz. Argiztapen probak egin dituzte, eta joan den asteko ostegunetik astelehenera bitarte egon da piztuta fatxada. Dena den, pabiloiaren inaugurazioa ...
Elkartasunaren kontzertua
Azken urteetako ibilbidea malkartsua izan da euskarazko hedabideentzat. Krisi ekonomikoak eragindako publizitate jaitsieraz gain, Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak ezerezean gelditu dira. Hala, askoren etorkizuna kolokan dago. Hedabide bakoitzak b...
Gazta zatitxoak
Ez bilatu lerrootan egungo egoeraren azterketa burutsu eta sakonik. Nik ez dakit Barcinaren erregimenarenak egin duen ala ez. Eta, gainera, ez dakit arrazoitzen zergatik ez dakidan hori. Ni ez bainaiz horretarako gai. Baieztapen hori ez da umiltasun faltsua. Benetan. Nire ezintasun baten aitorpen gordina baizik.
Konparazio batera, gazte denboran hamalau urte eman nituen futbol talde batean jokatzen —egurra banatzen, egiaren aitortzeko— eta azken hamar urteetan Osasunaren etxeko partiden kontakizunetan parte hartu dut Euskalerria irratian. Denetara, 24 urte futbolaren inguruan. Eta, hala ere, oraindik ez naiz gai argudio sendoekin esplikatzeko zergatik gorritxoek galdu zuten iragan igandean Espanyolen aurkako partida eta zergatik galduko duten bihar Malagaren aurka.
Ezetz, ezetz, ezin dudala Juan Kruz Lakastarena egin; ezin dudala txiste erraz zein barrokoez ehunduriko foru testu azkarrak —arinak, adimentsuak eta indartsuak— izkiriatu. Eta ez eskatu Joxerra Senarrena egitea; niri zientzia fikzioa iruditzen baitzait ekonomiari zein politikari buruzko gauza bat azaltzeko hiru lerrotatik bi testuinguru eta inguruabar aski ongi hornituez osatzea. Eta, faborez, ez etorri niregana Angel Erro bat aurkituko duzulakoan; hura ez bezala, ni aise zorabiatzen bainaiz urrutiko ideien mundutik benetako gertuko mundura etengabe bidaiatzen dudalarik.
Pentsa. Twitterren aurten ireki dut kontua. Eta apenas erabiltzen dudan. Ez bainaiz ausartzen.
Aurreko astea kanpoan eman nuen. Eta itzuli nintzelarik, Sanz, Miranda eta Maia inputaturik aurkitu nituen; eta Barcina paretaren kontra, dirudienez. Manifestazio jendetsua egin zen Iruñean lehendakariak alde egin dezala eskatzeko, eta parlamentuan zentsura mozio bat bozkatzear zeuden. Eta horren guztiaren aitzinean, datozen azken lerroetan laburbiltzen den analisia egitera ausartzen naiz gehienez ere. Asko jota.
Barcina ez da bere borondatez joanen, ezpada behartuta. PSNk dio —PSOEk agindu dio— ez duela gobernabidea kolokan jarriko (alegia, ez duela zentsura moziorik babestuko). Ez batak eta ez bertzeak ez dute hauteskunderik nahi. Gainbeheraren beldur baitira.
Garaiok hain dira aldakorrak, gertaerak hain larriak, krisia hain sakona, ezusteak hain etengabeak, ezen batzuk hasi baitira pentsatzen baietz, ahal dela, posible dela PSNrik gabeko alternatiba.
Eta ni ezezkoan nago —eta neure burua madarikatzen dut halaxe pentsatzeagatik—. Gaur, bederen, ezezkoan nago. Iruditzen baitzait Corellako pentsalari handiaren gazta zatitxoen teoria indarrean dagoela oraindik. Gazta osoaren laurdena osatzetik herena osatzera pasatuko gara akaso. Ongi. Baina, Lola pitonisarena eginez, igartzen ahal dut hurrengo hauteskundeetan ere ezin izanen garela gazta zati horretatik atera. Deitu patua; deitu putada.
Hauxe da gaur egin dezakedan analisia. Zer espero zenuen, bada?
@sarean
Elizondoko Lur aretoan biharko antolatutako kontzertuan bildutako dirua bideratuko den euskarazko hedabideen webguneak.
• www.ttipi.net
• www.xaloatelebista.com
• www.xorroxinirratia.info
• www.berria.info
Euskal Herri euskaldunaren aldeko festa ospatuko dute bihar Agoitzen
Laugarren urtez Euskaraz Bizi Eguna antolatu du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Jaia bihar egun osoz izango da, Agoitzen. Beste behin, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute. Nestor Esteban EHEko kideak argi utzi du: "Eusk...
“Errugbilari onak izateko, gazteak behar ditugu; Nafarroan kalitate ona dago”
Penarekin, baina aurrera jarraitzeko gogoz azaldu da Onintza Mokoroa emakumeen La Unica errugbi taldeko jokalaria (Donostia, 1978). Joan den igandean ezin izan zioten Gironako GEiEG taldeari aurre egin, eta hortaz, ez dira Espainiako Ohorezko Mailarak...
7.500
• Nafarroan bizi diren ijitoak. Joan den astelehenean Ijitoen Nazioarteko Eguna izan zen, eta horren harira, Nafarroako ijitoek ekitaldiak antolatu dituzte hil osorako. Haien egoera ezagutarazi nahi dute. Denera, Nafarroan 7.500 lagunek osatzen dute ijito komunitatea.
Iruñeko Udalak ez du martxan jarri hutsik dauden etxeen erregistroa
UPNk oraindik ez du martxan jarri Iruñean benetan hutsik dauden etxeak zenbatzeko erregistroa. Joan den urteko urriaren 31ko udal bilkuran alderdi guztiek aho batez onartu zuten Iruñeko Udalak sei hilabeteren buruan etxe hutsen erregistroa osatuko zuela. Dena den, oraindik ez du egin, eta ekainera arte du epea. Guztira, Iruñean 88.896 etxebizitza daude erroldaturik. Horietatik, Iruñeko Udalaren datuen arabera, 14.975 etxetan ez dago inor erroldatuta.
Gehienak, erabilerarik gabeko etxebizitzak dira, etxe hutsak. Esaterako, Alde Zaharrean 1.538 etxebizitza hutsik daude; Zabalgunean, 1.729, eta Ermitagaña eta Mendebaldean, 1.599. Horretaz gain, Buztintxurin lau etxebizitzetatik bat hutsik dago. Datu horien aurrez aurre, eraikiko diren etxebizitzen datuak ageri dira. Abiadura Handiko Trenaren planak 9.000 etxebizitza aurreikusten ditu, Etxabakoitzen eta Sanduzelain. Lezkairun, Erripagañan eta Arrosadian, etxebizitzak ari dira eraikitzen. Iruñean, batetik, etxe kaleratzeak gertatzen dira, eta bestetik, inork erabiltzen ez dituen etxebizitzak daude.
Dena den, aipatu 14.975 etxebizitza ez daude "guztiz" hutsik. Batzuk alokatuta daude, beste batzuk jabeen bigarren etxebizitzak dira, badira saldu gabekoak ere, eta, azkenik, negozioak daude. Horregatik, etxebizitza horien egoera eta errealitatea jakiteko, NaBaik joan den urrian eskaera egin zuen, eta hiriko etxebizitzen erregistroa egiteko eskatu zion Iruñeko Udalari. Ez da lehenengo aldia oposizioko taldeek udalari hori eskatzen diotena. 2011n, PSNk etxe hutsen errolda egitea eskatu zuen, eta, udalak onartu arren, ez zuen aurrera eraman eskaera.
Udalak etxeen erregistroa egin ez duenez gero, ezin die zergarik kobratu etxe hutsen jabeei—udal zergak, adibidez—. Toki Ogasuneko 2/1995ko foru legeak biltzen ditu xehetasun horiek, eta Iruñeko Udalak ekainera arteko epea izanen du, hutsik dauden etxeen erregistroa egiteko. Urtebetez lau hilabete edo gutxiago erabilitako etxeak etxe hutsak konsideratzen dira. Horretaz gain, inolako kontraturik ez duten etxeak ere hutsik dauden etxeak dira. Aste honetan bertan, Iruñeko Udaleko Ogasun alorreko arduradunek esan dute lanean ari direla erregistroa sortzeko, baina ez dute azaldu noizko izanen duten egina.
Ana Elizalde UPNko zinegotziak, esaterako, joan den urriko bilkuran esan zuen merkatua "berpiztea" dela hutsik dauden etxebizitzen ordenantzaren helburua, eta dagoeneko merkatu hori existitzen dela. Hortaz, ez du uste beharrezkoa denik erregistroa egitea. Gainera, NaBairi leporatu zion jabetza pribatuko etxebizitza bat alokatu nahi dutenei zerga gehiago ordaindu nahi izatea. Javier Leoz NaBaiko zinegotziak, berriz, erantzun zion zergak bakarrik ordainduko dituzteela inolako erabilerarik ez duten etxebizitzen jabeek. "Gaur egun, etxebizitza bat eskuratzea ez da batere erraza, eta Iruñean hutsik dauden pisuak alokatzen badira, prezioak merkatuko dira", azaldu zuen Leozek. NaBairen ustez, kontua ez da zerga gehiago kobratzea, baizik eta etxebizitza guztiak "okupaturik" egotea. Hortaz, benetan erabiltzen diren etxeak zeintzuk diren jakiteko, jabeei jakinarazi behar zaie, eta erakutsi beharko dituzte agiriak etxebizitzaren erabilera frogatzeko.
Auzoz auzo
Esan bezala, 88.896 etxe daude erroldaturik Iruñean, eta horietatik 73.921etan norbait erroldaturik dago. Gainerako etxebizitzak, ia 15.000, hutsik daude. Azpilagañan, 565 etxe hutsik daude; Buztintxurin, 1.181; Alde Zaharrean, 1.538; Txantrean, 1.106; Zabalgunean, 1.729; Ermitagaña-Mendebaldean, 1.599; Etxabakoitzen, 476; Iturraman, 1.316; Mendillorrin, 688; Arrosadian, 1.251; Arrotxapean, 1.618; Sanduzelain, 599; eta Donibanen, 1.289.