Ehunka euskaltzalek parte hartu zuten larunbatean Euskaraz bizi nahi dut ekinaldiak Iruñean antolatutako lasterketan. Alde Zaharreko San Frantzisko plazatik abiatu zen lasterketa goizeko 11:30 aldera. Bost kilometroko ibilbidea bete zuten hara bildutakoek. Umeek, euren ibilbide propioa izan zuten. Datozen asteetan, gisa horretako beste hainbat lasterketa daude antolatuta Nafarroako zenbait herritan, hala nola Zaraitzun, Lizarran, Lesakan eta Goizuetan.
Argentinan bizi diren nafarrak gutxi gorabehera.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako ikerketa baten arabera, egun, Nafarroan jaiotako 6.800 lagun bizi dira Argentinan. Hala ere, arbasoak nafarrak dituztenak ere kontuan hartuz gero, orotara 50.000 lagun dira.
Aldaketak
Egutegi arrazoiak medio, kolaboratzaileok gure artikuluen argitaratze data baino astebete lehenago bidali behar izaten ditugu testuak. Nik aurreko astean bidali nuen nirea, gaur argitaratzeko asmoz. Luis Goñiz eta Xabier Sagardoi Xapotaz nenbilen orduan, libre bizitzeko haien ametsaz, eta amets hori gauzatzeko hautu eta konpromisoaz. Nafarroak berez daukan desobedientzia eta intsumisio jarreraz ere mintzatzen nintzen, biziraupenerako tresna gisa. Eta jarrera horrekin nolabait lotuta, bihar Iruñean ospatzekoa zen "martxa desobedientearen" arrakasta aurreikusten nuen, horrela, azkar esanda.
Bihar, ordea, ez da mobilizaziorik izanen Iruñean. Eta Xapok ezin izan du bere ametsa gauzatu. Aurreko testua hartu eta molda nitzake bi detaile horiek, gainerakoa nola hala bere horretan mantenduz. Baina gauzak gehiegi aldatu dira. Artikulu huts bati dagokiona baino askoz gehiago, tamalez. Biharko deialdia denboran atzeratu izanak ez baitu zerikusirik protestarako arrazoiak desagertu izanarekin. Alta, hazi egin dira.
Hotzean aztertuz, Herrira-ren aurkako sarekadak, jarrera aldaketa baino, Espainiako estatuak orain arte mantendutako jarreraren berrespena dakar. Ez luke zentzurik astelehenean jarrera aldaketaz hitz egiteak Herrira-ko kideak atxilotu izanagatik, eta ez igandean, Xapo atxilotu zutenean. ETAk borroka armatuaren desagerpena iragarri zuenetik, estatuak ez du errepresioaren bidea alboratu, nahiz eta horretarako tresna sotilagoak, eta nahi bada, ez hain mediatikoak erabili. Baina ez luke zentzurik ere asteleheneko sarekadak ezer aldatu ez duela baieztatzeak.
Aldaketa nabariena, estatuaren jarreraren gorabeherak baino, herritarrok bake prozesuaren gainean dugun pertzepzioari dagokiona da. Prozesua blokeatua bakarrik ez, saboteatua dela ikusi dugu. Era grafikoenean ikusi gainera, aspaldikoa uste genuen ikuskizuna jarri baitigu estatuak begi parean. Errealitateak aurre hartu die eraikiak genituen ilusio eta esperantzei. Eta bide batez, mahai gainean jarri du, akaso inoiz baino argiago, herritarron eragiteko beharra.
Horregatik, aurreko astean idatzi nuen artikulua ezabatu eta berri hau idazten nagoen honetan, bada aldatu nahi ez nukeen ideia bat. Ametsetaz nenbilen orduan, gure borondatetik kanpo geratzen den eremu horretaz. "Inork ez du zer amestu erabakitzen", nioen. Eremu "kontrolaezina", bide beretik.
Eta gaineratzen nuen, amets bat ekintza politiko izatera pasatzen dela hori gauzatzeko borondate eta konpromiso argia dagoenean. Guk kontrolatzen dugunean, alegia. Horixe da orain herritarroi dagokiguna, libre bizitzeko ametsa gure egin eta horren alde jardutea. Gauzak benetan alda daitezen. Artikulu batetik harago alda daitezen.
“Arraunlari bat ofizioak berak erakarri behar du gehien”
"Bandera bat irabazi, autobusean sartu eta herrirako buelta hori zoragarria da", dio Agoitz Irazoki Hondarribiako arraunlari lesakarrak (Lesaka, 1985). Baina bandera bat irabazteko lan handia egin behar da. Irazokirentzat irabaztea sari bat da. Baina ...
Hobetzeko desiraren bideak
Egoera ekonomiko, politiko zein sozialek behartuta, ehunka lagun joan ziren etorkizun hobearen bila atzerrira. Batzuek, aukera izan, eta profitatu zuten, betiere jaioterrira itzultzeko desioa buruan zutela. Frantziara, AEBetara, Mexikora edota Argenti...
Nafarroak Ezkabako gotorlekua kudea dezan nahi dute
Krisi ekonomikoak Espainiako Defentsa Ministerioa ere jo du. Uda hasieran, jabetzak berrantolatzeko plana aurkeztu zuen. Plan horretan, jabetzan dituen hainbat egoitza itxi eta uzteko nahia agertu du. Horrela, urtean 52 milioi euro aurreztu nahi ditu ministerioak. Euskal Herriko azpiegitura bakarra dago planean sartua: Ezkabako gotorlekua. Hainbat erakunde publikorekin elkarlaneko akordioa lortu nahi du, gotorlekuaren kudeaketa beste esku batzuetan uzteko, ministerioak ez baitu eraikina mantentzeko kostuez arduratu nahi. Oraingoz, Nafarroako Gobernuak dio ez duela gai horri buruzko berririk. Oposizioko taldeek Ezkabako gotorlekuan memoria historikoaren museoa egiteko beharra azaldu dute.
Ezkabako gotorlekua kultur intereseko ondare izendatu zuten 2011n. Gainera, Espainiako Kongresuak ekainean proposamen bat onartu zuen, Espainiako Gobernuak gotorlekua dohainik eman diezaion Nafarroako Gobernuari. Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosek gogoratu zuen XX. mendearen bukaeran Espainiako armadak leku hori utzi zuela. Egun, Defentsa Ministerioa arduratzen da gotorlekuaz. Eta, Barkosen aburuz, ministerioak ez du eraikinaren eraberritzea ordaindu nahi.
Bestalde, Nafarroako Parlamentuan memoria historikoaren legea bideratzen ari dira. Ezkerrak eta Aralar-Nabaik aurkeztutako proposamena baliatu nahi dute bi talde politikoek Ezkabako gotorlekuaren jabetza eskuratzeko. Hori behin lortuta, Iruñerriko Mankomunitateak eta Ezkaba inguruko zazpi udalek bultzatutako Udalez Gaindiko Sektore Plana martxan jarri nahi dute. Planean, Ezkaba ingurua atondu eta gotorlekuan memoriaren museoa egitea aurreikusten da. Berriozarko alkate Xabier Lasak dio, behin jabetza berreskuratuta, batzorde bat sortuko dutela Udalez Gaindiko Sektore Planari jarraipena emateko. Plan hori orain urte batzuk bertan behera gelditu zen. Lasak arazorik handiena Nafarroako Gobernuaren borondaterik eza dela uste du. "Gobernuak ez du inolako interesik gai honetan, eraikinak duen karga historiko eta ideologikoagatik".
Historia handiko gotorlekua
Barkosek dio Ezkabako gotorlekua "XX. mendeko Nafarroako historia politikoko gertaerarik garrantzitsuenen lekuko" izan dela. 36ko gerran, kartzela moduan erabili zuten Francoren aldekoek. 1938an, 795 presok ihes egitea lortu zuten. Haietako berrehun harrapatu ostean fusilatu egin zituzten.
Iñaki Sagredo idazleak, Berriozarko Udalak eskatuta, gotorlekuaren historia ikertu du Segoviako artxiboetan (Espainia). Haren ustean, eraikina, duen historiagatik, memoria historikoaren monumentu bat da. Eta eraberritzeko diru asko behar baldin bada ere, inbertsioak merezi duela uste du. Sagredok Poloniako kontzentrazio esparruekin alderatzen du Ezkabako gotorlekua. "Polonian, kontzentrazio esparruak gune kultural eta turistiko bilakatu dituzte, eta 2011n 1,4 milioi bisita izan zituzten".
Lehen Mundu Gerraren ondorioak emigrazioan
Alboko grafikoan, Nafarroatik Ameriketara joandako emigranteen joerak bost urtetik bost urtera aztertu dira. Ikus daitekeenez, XX. mendeko lehen hamarkadetan Ameriketara joateko joera mantendu egin zen. 1911. eta 1915. urteen artean joan zen lagun geh...
Gobernuak gutxitu egin nahi du Iruñerriko hiri garraioan egiten duen diru ekarpena
Oraingoz ez dago akordiorik Iruñerriko hiri garraioaren finantzaketan. Dena den, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen artean adostasunik ez badago, aurreko hitzarmenak indarrean jarraituko du. Astelehenean egin zuten azken bilera bi aldeek. Bi erakundeen jarrerak oraindik urrun badaude ere, akordioa lortzeko borondatea azaldu dute. Urte bukaerara arte biltzen jarraituko dutela esan dute. Nafarroako Gobernuak bere diru ekarpena gutxitu nahi du Iruñerriko hiri garraioan, baina neurri horrek erabiltzaileengan eraginik ez izateko, beste diru sarrera batzuk bilatzera behartu nahi du mankomunitatea.
Gobernuak mankomunitateari eskatu dio beste sektore batzuetan dituen irabaziak —hondakinak eta urak— hiri garraiorako erabiltzeko. Mankomunitateak ez du begi onez ikusten proposamena. Gainera, ez dute argi finantzaketa modu horrek lege babesik duen. Egun, Iruñerriko hiri garraioan diru sarreren erdia erabiltzaileen bitartez finantzatzen da, eta gainontzekoa administrazioek jartzen dute: %60 Nafarroako gobernuak eta %40 mankomunitateak.
"Egungo austeritate egoera" kontuan izanda, gobernuak dio hiri garraioko inbertsioa berraztertu beharra dagoela. Funtsean, bere ekarpena murriztu nahi du.