Naturaren kontra murrizten

Ingurumen hezkuntzaren alde. Ez itxi Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa (NIABZ), dio pankartak. Atzean, zentroko langileak daude, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren aurka protestan; izan ere, zerbitzua bertan behera utziko duela iragarri du UPNk. Eta gainontzeko alderdi guztiek kontra egin badute ere, atzera bueltarik ez dagoela dio Jose Javier Esparzak, Ingurumen Departamentuko kontseilariak. Erregionalistek ez badute aldatzen jarrera, natur gaiez arduratzen den fundazio bakarraren jarduerarik gabe geratuko da Nafarroa.

Mugikortasun iraunkorra, kontsumo arduratsua, eraginkortasun ekologikoa, uraren kudeaketa eta ingurumenaren zaintza. Horiek dira, besteak beste, NIABZko funtzioak. Horregatik, galtzea “ingurumenaren babesean atzerapauso handia” litzatekeelako, kexu da Adolfo Jimenez zentroko langilea. Mesfidantzaz mintzo da Nafarroako Gobernuaren inguruan. Argi dauka zergatik eten nahi duten fundazioaren lana: “Arrazoi politikoengatik”. Gobernuak urtarrilaren 22an emandako bertsioarekin kontrajarria da Jimenezen ustea; arrazoi ekonomikoak direla-eta “bideraezina” omen da zerbitzua, Nafarroako exekutiboaren aburuz.

Kontua da, NIABZko langileek emandako zifren arabera, errentagarria izan badela. 2013an, 132.000 euro adjudikatu zizkion gobernuak. Baina erakundeak 546.000 euroko aurrekontua dauka. Beraz, diru sailaren %23 baino ez dator herriaren diru kutxatik. Gainontzekoa Europako programen eta aurrera eramandako lanen ondorioz lortzen du. Errekurtso horiei esker, %45ean autofinantzaketaren bitartez funtzionatzen du. Hala, langileek egindako kalkuluei so, jasotzen duen 100 euro bakoitzeko 90 euro sortzen ditu NIABZk. Ondorioz, galdera airean dago: nola izan daiteke defizitarioa irabaziak sortzen dituen zentro bat?

Nafarroako Ingurumen Departamentuko prentsa kabinetera jo du Nafarroako Hitza-k galdera argitzeko asmoz, baina Susana Lopez prentsa arduradunak uko egin dio adierazpenak egiteari. Hauxe bakarrik esan du: departamentuak bat egiten duela Nafarroako Gobernuak argitaratutako bertsio ofizialarekin. Datu ekonomikoen inguruko azalpenik ez du eman, ezta NIABZk kaleratutako dokumentu ekonomikoen inguruko argibiderik ere. Polemikaren inguruan, mutu dago departamentua.

Zerbitzua bere horretan mantentzearen alde daudenek salatu dute ez dela ingurumenarekin lotutako “edozein politika publiko desegiteko prozesuaren beste pieza bat baino”. Jimenezek ere hori uste du, eta natur gaiekiko “begirunerik gabe” jokatzea leporatu die agintariei. Murrizketa sozialen artean kokatu du neurria.

“Bat-batean hartutako erabakia da, guztiz arbitrarioa, eta alde bakarrekoa”. Oinarririk gabeko hautua dela ziur da: “Txostenik aurkeztu gabe esan dute ez dagoela nahikoa baliabide ekonomikorik, baina gauzak egiteko forma ez da izan batere gardena”. Administrazioak iragarri duenez, Ingurumen Departamentuari eskualdatuko dizkio NIABZren eskumenak. Baina “hori ezinezkoa da”. Zorrotz egiten du solas Jimenezek. Ingurumen Departamentuak ere oso baliabide gutxi dituela uste du, eta zuzenean gobernuarekin lotutako saila izanda, fundazio autonomo batek betetzen dituen hainbat zeregin ezingo dituela bete: gizarte eragileekin biltzea, kasu.

NIABZ, zentsuraren mugan

Ingurumenarekin lotutako gaiak landu izan ditu orain arte NIABZk. Gai asko, baina ez denak. Hori da ika-mikaren beste hari muturretako bat, zenbait talde ekologistaren kritika merezi izan duena. Horren adibide da Ekologistak Martxan eragilea. Orain, zentroaren lana bertan behera uztearen kontra protestan ari da, baina aurretik izan ditu desadostasunak haren jarduerarekin. Ekologistak Martxan taldeko Alfredo Ruedak argi dauka zentroaren ekinbideak “oso garrantzitsuak” direla. Hala ere, bada zer kritikatua ere: “NIABZren kudeaketa inoiz ez zaigu gustatu erabat. Zerbitzua bera, bai; kudeaketa, ez”. Gobernuarekin lotutako fundazioa izanda, “menpekotasun handia” izatea aurpegiratzen dio.

Dena den, desadostasunak baino gehiago, elkartasunak bultzatzen ditu une hauetan talde ekologistetako kideak eta NIABZkoei babesa agertu nahi dietela adierazi dute. “Ingurumenarekin lotutako proiektu on bakarrenetakoa da”, nabarmendu du Ruedak. Eta Jimenezek esan bezala, egiten duen lana beste inork egitea “pentsaezina” dela deritzo.

Jimenezek berak aitortu du zerbitzu publikoa izan den heinean muga batzuk eduki dituela: “Arlo guztietan lan egin dugu. Komeni ez zenetan izan ezik”. Hala, Itoizko urtegiaren inguruan eta Nafarroako Ubidearen auzietan, kasu, txostenik ez dietela eskatu esan du. Eta garbi dauka ez dela kasualitatea.

Gatazkak gatazka, denak daude NIABZk aurrera egitearen alde. Orain, langileek UPNrekin negoziazio mahai bat abiatu dute, irtenbide adostua bilatzeko asmoz. Akordiorik lortu ezean, zentroko hamasei langileak kalean geratuko dira. “Hori da okerrena”, Jimenezen irudiko.