“Txakurrak heztea ez da erraza; lan handia dakar, umeek bezala”

“Txakurrekin momentua bizitzen ikasi dut”, dio, harro, Sergi Pardasek (Bartzelona, 1971). Krisiak gogor jo zuen lan egiten zuen enpresa. Lanik gabe gelditu, eta bizimodua aldatzeko erabakia hartu zuen. “Nahi nuena egiteko hautua egin nuen. Txakurrak maite ditut, eta horrekin hastea erabaki nuen”. Hori duela bost urte izan zen. Urte eta erdi ikertzen eta ikasten pasatu zuen. “Hainbat ikastaro eta Etologia masterra egin ditut lanean hasi baino lehen. Hala ere, ofizio honek, beste guztiek bezala, etengabeko ikasketa eskatzen du”. Formazioa garrantzitsua da txakurrekin lan egiteko, ardura handiko lana baita. Etologia klinikoa, botikak eta jokaerak zuzentzeko tratamenduak ezagutu behar dituzte hezitzaileek. Era berean, txakurrak dituzten pertsonek jakin beharrekoak ez dira egun batetik bestera ikasten. “Txakurrak heztea ez da erraza; lan handia dakar, umeek bezala”.

Txakur hezitzailearen ofizioa arautua ez dagoelako kexatzen da Pardas. “Eskaintza badago, baina baita intrusismo handia ere. Orain pixka bat arautzen hasi dira, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean zerbait agertzen da. Baina ikastaro askotan titulaziorik ez duen jende asko ibiltzen da”. Arautze falta horrek egoera bereziak sortzen ditu, eta txakur hezitzaileen profesionaltasuna auzitan geldi daiteke. “Behin, txakur bat izan nuen, eta jabeak esan zidan aurretik beste hezitzaile batengana jo zuela. Hezitzaile horren formazio bakarra telebistan ematen duten txakur hezitzailearen programa ikustea zen. Bestela, badago jendea hamabost eguneko ikastaro bat egin eta hezitzailea dela uste duena”.

Horregatik, Pardasek garrantzi handia ematen dio formazioari eta seriotasunari. Urte eta erdi txakurrei buruz ikasten ibili ostean, lanean hasi zen Caldersko Hotel Cani El Vila txakurrentzako egoitzan (Bages, Herrialde Katalanak). Bertan, hainbat gauza lantzen zituzten, adibidez, sozializazioa eta agility-a azken hori txakurrek gida baten laguntzarekin hainbat oztopo gainditzeko kirola da—. “Lau urte egin nituen El Vilan lan egiten. Lau urte txakurrekin bizitzen eta bertatik bertara ezagutzen. Baina, era berean, ez diot inoiz ikasteari utzi. Etengabe birziklatu behar du norberak bere burua”.

Arrazoi pertsonalengatik iaz Iruñera etorri zen bizitzera, eta bere enpresa propioa sortzea erabaki zuen: Seylucan. Inoiz ez da erraza negozio bat martxan jartzea, bereziki krisi garaietan. Pardas handik eta hemendik ibiltzen da bere lana ezagutzera emateko. “Webgunea eta Facebook martxan jarri nituen. Horrez gain, albaitariak bisitatzen ditut, eta nire zerbitzuak eskaintzen dizkiet. Horrela, apurka-apurka enpresaren lana ezagutzera ematen dut”.

Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: besteak beste, obedientzian trebatzea, jarrera oldarkorrak zuzentzea eta banaketak sortutako antsietatea eta hiperaktibitatea bideratzea. “Jarrera arazo handiak daude; oldarkortasun mota asko dago. Hori tratatzea oso garrantzitsua da, jendeak bere txakurrarekin bizi ahal izateko, eta animalia abandona ez dezaten”, esan du Pardasek. Heziketa formalaz gain, txakurraren trebetasunak garatzeko ikastaroak egiten ditu. “Txakurren trebetasunak denak modu positiboan planteatzen dira. Txakurrek asko gozatzen dute”.

Pardasek sozializazio ikastaroak egiten ditu txakurkumeekin. Haren aburuz, etorkizunean sor daitezkeen arazoak saihesteko behar-beharrezkoa da kumearen bizitzaren lehen hilabeteetan ondo heztea. “Txakurkumeek lehen bi hilabeteetan ama eta anai-arrebekin egon behar dute. Baina, hortik aurrera, eta bost hilabete bete baino lehen, komeni da inguru berria ezagutzea: autoak, zarata, beste pertsona batzuk… Bestela asko kostatuko zaie bizileku berrira ohitzea”. Lehen bi hiletan txakurrak txakurra izaten ikasten duela azaldu du Pardasek. Horregatik dio komeni dela ama eta anai-arrebekin egotea. Bizitzako lehen sei hilabeteei inpronta garaia deritze. Hasierako hilabete horietan ikasten dute nola jokatu.

Jende askok jotzen du Pardasengana, baina antzeko zalantzak izaten dituzte gehienek. “Jabe gehienek nahi dute euren txakurrek pisa eta kaka behar den lekuan egitea; paseoan doazenean uhaletik tiraka ez ibiltzea; euren gainera ez igotzea; eta hozkarik ez egitea”. Hori guztia egitea ez da erraza. Lehen urtea da garrantzitsuena. Pardasek umeak heztearekin konparatzen du. “Txakurra kontrolpean izan behar da, gustatzen ez zaizkizun gauzak zuzentzeko. Libre uzten baduzu, txakurrek egiten dituzten gauzak egingo ditu. Nik erakusten diet euren sena beste bide batzuetatik garatzen, adibidez, jolasarekin”.

Pardasek lana maite du, baina oraingoz larri ibiltzen da bizimodua aurrera ateratzeko. Lan gehien pilatu zaion garaia urte hasiera izan da: “Gabonetan txakur asko oparitzen da. Baina kontuan izan behar da animaliak direla, ez jostailuak”.