Ertzik gabeko babeslekua

Lurzoruaren erliebe berezia sentitzen da oin azpietan Gure Sustraiak proiektuko aterpetxera sartutakoan. Izan ere, hainbat testuratako harlauzak jarri dituzte korridoreetan, itsuek jakin dezaten gela bakoitzera joateko zein korridoretatik joan. Komunera joateko, lurzoru mota bat; sukaldera joateko, beste bat… Korridoreetan baranda mordo bat dago, bi neurritan: umeek eta helduek eusteko. Ateak zabal-zabalak dira, gurpil aulkiak sar daitezen. Eta areto bakoitzera joateko argibideak hiru eratan adierazita: hitzen bidez, braillez eta piktogramekin. Denentzat egokitutako tokia da, finean, Gure Sustraiak proiektuko aterpetxea. Nafarroan behar bereziak dauzkaten pertsonentzat moldatua den bakarra. Orain dela hilabete eskas ireki zuten.

Lan eta lan ari dira Leire Rivas eta Gorka Cubelos Gure Sustraiak gizarte ekimeneko kooperatibako kideak. 2002an jarri zen martxan egitasmoa, baina orduan ez zuen behar bereziak dauzkaten pertsonen beharretan arretarik jarri. Azken urteetan, baina, ikuspegi “barneratzailearekin” hasi dira lanean. Horregatik, orain, aterpetxe bakarra ez, eta beste bat ireki dute, propio “edozein” joan ahal izateko. “Proiektua orain hamabi urte hasi zen, aterpe txiki batekin. 2006an behar berezien munduarekin egin genuen topo, kasualitatez. Iruñeko talde batek deitu zigun esanez ezin zela inora joan, eta ea posible zen aterpetxera etortzea. Orduan, bagenekien etxea ez zegoela mugitzeko arazoak eta adimen urritasuna daukatenentzat egokitua, baina, hala ere, etortzeko aukera eman genien, eta bertaratu ziren”. Hala azaldu du Rivasek egitasmoaren hastapena. Geroztik, bederatzi urte pasatu dira, eta behar berezien turismoan espezializatu dira kooperatibako langileak. Azkenean, bereziki moldatutako zentroa lortu duten arte.

Ibarra biziberritu nahian

Olloko ibarrean dago Gure Sustraiak, Irurtzun herritik gertu dagoen Ollo herrian. 50 pertsona inguru bizi dira bertan, eta orain arte ez da ia lan egiteko aukerarik egon. Azken urteetan, baina, Gure Sustraiak kooperatibak bizia eman dio ibarrari. Aterpetxean bertan lan egiten dutenak ingurura joan dira bizitzera, eta urtero 3.500 bisitari izaten dituzte.

Askotariko lanak egiten ditu kooperatibak. Bi aterpetxe dauzkate eta baserri bat. Horiez gain, Gure Artean etxebizitza ere badute, behar bereziak dituzten pertsonentzat. Eraikin horien guztien bitartez, urritasunen bat daukatenekin egiten dute lan, euren gaitasun psikosozialak hobetzeko asmoz. Gainera, ingurumen hezkuntzan herritarrak heztea dute ardatz; hori dela-eta jasotzen dituzte eskoletako haurrak eta familiak.

Xede soziala dauka kooperatibak, Cubelosek dioenez: “Gizarteari erakutsi nahi diogu badagoela ekonomia egiteko beste modu bat, gizakian oinarrituta. Denok izan behar dugu aisialdia eta denbora librea garatzeko eskubidea, eta horregatik, hemen pertsona guztiei eskaintzen dizkiegu baliabideak”.

Balioetan oinarritzen dira: lan duina, gardentasuna, garapen iraunkorra, kalitatea, bideragarritasuna, generoen arteko eskubide berdintasuna eta elkartasuna; horiek dira, besteak beste, euren aurkezpen orrian aipatutakoak. “Koherentziaz” jarduten dute.

Ideia horien defentsa egiteko, hain zuzen ere, aukeratu zuten Gure Sustraiak izena. Jatorriari egiten dio erreferentzia. Cubelosek azaldu du nola hautatu zuten: “Ingurunea gure bizi-iturria da. Sustraituta gaude ama lurrarekin. Ondorioz, Gure Sustraiak deitzen gara”. Rivasek osatu du azalpena. Dioenez, lehengo garaiak gogorazi nahi dituzte. “Lehen, laguntasuna zegoen herrietan, komunitatean bizitzeko filosofia zuten, batak besteari laguntzeko ohitura, auzolana… hori berreskuratu nahi dugu”.

Teorizatutakoa praktikara eramaten dute zuzenean naturarekin erlazionatutako egitasmoak prestatzen. Adibidez, baratzera joaten dira bisitan joaten zaizkien umeekin, edo behar bereziko pertsonekin; eta animaliekin ere aritzen dira. Programa berak dauzkate elbarritasunen bat duten eta ez duten pertsonekin egiteko. “Gauza bera egiten dugu denekin, baina ezberdin, egokituta”, dio Rivasek.

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Ollokoa. 1,5 milioi euro inbertitu dituzte aterpetxea egiteko, eta hamabi soldata lortzen dituzte hilero egindako lanari esker, baina horrez gain, inork ez du hileroko soldata baina gehiago irabazten. “Pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko ezin ditugu irabaziak izan, eta gure poltsikoan gorde. Irabaziak banatu egin behar dira, beti”, esan du irmo Rivasek. Ekonomiari dagokionez duten jarrera dela eta, urteetan irabazitako diru guztia bertan utzi dute proiektua hobetzeko, edo beste egitasmo sozial batzuei bideratzen diete.

Krisiaren eragina

Krisi garaian egitasmo bat martxan jartzea ez da erraza, eta aterpetxekoei ere eragin die. Batez ere lantzen dituzten esparruak direla medio, Rivasen irudiko: “Gure bezero garrantzitsuenak hezkuntzatik eta behar berezietatik datoz, eta hor egin dute murrizketa gehien”. Ez da garai xamurra, beraz, baina “itxaropentsu” daude gune berriarekin, eta lehen deiak jasotzen hasi dira jada.