Tontoak

Egoerak egun batetik bestera jauzi arriskutsua egin eta txiribueltaka dabilen honetan, batek ez daki idazten duenak papera hartzerakoan gaurkotasuna zeren zerbitzura egonen den. Edonola ere, bada, Ferrazak ferraz, aldatzerik ez dagoen zerbait. Akaso, oharkabean pasatu den baina Nafarroako egoera politiko zoroa azaltzeko baliagarrien den elementua, taktika eta estrategia politikoekin zerikusi gutxi daukana: nafarrak tontotzat gaituzte.

PSOEk, Madrilgoak (denok baitakigu Nafarroan beste zerbait dela, eta beste norbait), hiru asteko epea behar izan du Barcina boteretik kenduko lukeen zentsura mozioa aurrera atera dadin Bilduren bozak ezinbestekoak direla “egiaztatzeko”. Ulerkorra da pentsatzen badugu, akaso, Bilduko parlamentari gehienak Jimenez eta enparauen aldaketarekiko grinak txundituta, maiteminduta, alderdia utzi eta Ferrazen aldera pasako zirela. Edo horren zain zeudela sozialisten buru argitsuak. Baina ulerkorragoa da arestian esandakoa pentsatzea, alegia, tontotzat gaituztela.

Hamaikagarren aldiz traizionatu gaitu PSNk, eta manifestari haserrez inguraturiko Sarasateko egoitzatik ateratzea baino zailago du bere burua murgildu duen labirintotik irtetea. Ez baita erraza izaten inori tontotzat duzula aitortzea. Atakaren aurrean, PSNk, harrigarriki, estrategiaz aldatzea ez baizik aurrekoarekin jarraitzea erabaki du, tontoenarekin, alegia. Eta Barcina gobernuan mantentzen bada Bilduren bozei esker mantentzen dela bota du. Malabarismo ederra. Chapeau.

Kontu batek bakarrik azaldu dezake PSNren estrategia: nafarrak benetan tontoak izatea. Horrek azalduko luke, besteak beste, azken hilabetean bizitako antzezpena goitik behera sinistu izana, edo, bederen, erabat ez sinistu nahi ez izana, esperantzarako tartea erdi zabalik mantenduta.

Kontuak kontu, eta hau esatea politikoki zuzena ez bada ere, baliteke egoera ez izatea hain txarra Nafarroan benetako aldaketa nahi dugunontzat. Sinistu nahi baitut nafarrok ez garela hain tontoak, edo ez behintzat bi hanken gainean dabilen edozein gizaki baino gehiago. Eta sinistu nahi baitut oraingoa, agian, PSNri maskara behin betiko kentzeko aukera dela. Santi Leonek ongi zioen Twitterren PSNri, zerbait aitortzekotan, koherentzia aitortu beharko geniokeela: edozer gertatzen delarik, beti traizionatzen gaitu. Tira, bada, ez diezaiogun berriro traizionatzeko aukerarik eman. Kontura gaitezen behingoan PSN ez dela ezeren alternatiba, Erregimenaren alternantzia baizik. Eta jarrai dezagun lanean, aldaketa sakona izan dadin, eta sakona izateko proiektu eta jarreretan oinarritu dadin, jendartearen balizko tontotasunetik harago.