“Nire lana erdian egotea da, ez ikasleekin eta ez irakasleekin”

“Institutuaren azpiegituraren mantentze lanez arduratzen naiz. Zerbait hondatzen denean, konpondu egiten dut, berdin dio aulki bat edo leiho bat den”, azaldu du Josu Alkaldek (Iruñea, 1983). Leitzako Amazabal institutuko atezaina da bera. Gaztetatik gustuko izan du trasteekin ibiltzea, apurtutako gauzak desmuntatzea eta konpontzen saiatzea. Hala ere, Alkalderen lan bakarra ez da azpiegitura ongi mantentzea. Institutuko pertsona guztiekin erlazio ona mantentzea garrantzizkotzat jotzen du. “Nire lana erdian egotea da, ez ikasleekin ezta irakasleekin ere”.

Alkaldek zurgintza metalikoa ikasi zuen. Leitzan urte eta erdi darama lanean. Ez zuen pentsatua atezain moduan lan egitea, baina amak konbentzitu zuen. “Amak beti esaten zidan: ‘oposizioetan izena eman ezazu’. Nik ez nuen inongo gogorik horretan hasteko. Baina amak nire izena eman zuen ordezkapen batzuk betetzeko egin zuten deialdi batean”. Ikasi gabe joan zen azterketara, eta lehen 300en artean bukatu zuen. Horrek animatu zuen hurrengo oposizioak prestatzera. “Kuadrillako lagun batekin eman nuen izena. Biok hasi ginen ikasten. Akademia batean ere izena eman nuen. Horrenbeste urteren ostean, ikasteko ohitura erabat galdua bainuen”.

Azterketa gainditu eta lanpostua lortu zuen Leitzako institutuan. Oso pozik dago hartutako erabakiarekin. “Ama urtetan izan da atezaina. Nik haren lana ikusi, eta oso lan ona iruditzen zitzaidan, izugarrizko pagotxa. Ez delako bat ere errutinazkoa. Beti daude irakasle eta ikasle berriak. Horrez gain, gaztetatik gustuko izan dut gauzak konpontzea”. Leitza herri txikia da, eta institutuan 200 ikasle inguru daude. “Bertan mundu guztiak ezagutzen du elkar, eta oso giro ona dago”. Aurretik Tuterako institutu batean lan egin zuen bi hilabetez. “Ez du Leitzarekin zerikusirik. Mila ikasle baino gehiago daude bertan, eta bost atezain daude”.

Alkalde funtzionarioa da, eta horrek hainbat onura dituela uste du. “Funtzionario bat nahiko librea da, ez du ezer ezkutatu behar. Hau da, ez dio inori ezer zor, zerbitzu publikoari baino ez”. Horrez gain, atezaintzak baditu bestelako onura batzuk. Haren kuadrillan bi lanbide mota bereizten dituzte: lanean sartu baino lehenago dutxatzekoak eta lanetik ateratakoan dutxatzekoak. Haren lana lehen taldean dago. “Ez da gauza bera jendearen aurrean edo harrobian lan egitea”.

Harremanen garrantzia

Institutuetako atezainak instituzioaren parte dira, baina ez dute irakasleek duten irudi autoritarioa. Alkalderi egoera hori gustatzen zaio, eta irakasle zein ikasleekin harreman ona izateko baliatzen du. “Niretzat oso erosoa da. Irakasleekin eta ikasleekin hitz egiten dut. Bakoitzak bere errealitatea azaltzen dit. Gainera, ni ez naiz arlo akademikoan sartzen. Berdin zait nor den ona matematiketan edo nork aukeratu duen erlijio irakasgaia”.

Atezainaren lana nabarmenagoa da arazoak hasten direnean. Goizean goiz eskola irekitzen du Alkaldek. Berogailua erregulatzearen eta fotokopiagailuaren ardura ere berea da. “Nik egiten ditut fotokopiak. Makina izorratzen bada ere, neronek konpontzen dut”. Horrez gain, egunerokoan sortzen diren arazoak konpontzen ditu.

Ez du arazo handirik izaten, baina Leitzan lanean hasi eta gutxira, ezaguna egin zen herri osoan. Hori ez da oso ona izaten. “Eskolako txirrina birprogramatzeko eskatu zidan zuzendariak. Nik ez nuen tenporizadore hori ezagutzen. Beraz, ikertzen hasi nintzen. Azkenean, ez dakit nola, baina lortu nuen eskolako ordutegiarekin programatzea, eta lanaldia bukatzean, etxera joan nintzen”. Baina hurrengo egunean, lanera joan zenean, txirrina jotzen ari zela konturatu zen. Segituan itzali zuen. Baina zuzendariak, institutura heldu zenean, azaldu zion gauerditik zeramala txirrina jotzen. “Txirrinak gogor jotzen du. Jendeak uste zuen institutua erretzen ari zela, eta alkateak adibidez ez zuen ia lorik egin. Institututik hurbil bizi da, eta bertatik ozen entzuten da txirrina”. Arazoa izan zen, Alkaldek nahi gabe programa berri bat sortu zuela tenporizadorean, gauerditik aurrera gelditu barik jotzeko.

Beste batean, Alkalde institutuko galdarekin tematu zen. “Bi galdara daude institutuan, eta batek besteak baino askoz gehiago kontsumitzen zuen”. Fakturak aztertu, eta egunero galdara bakoitzak kontsumitzen zuena apuntatzen hasi zen. Azkenean, gertatzen zenaz konturatu zen: “Galdaratako bat ez zen itzaltzen, gauetan eta udan funtzionatzen jarraitzen zuen”. Herriko iturginari deitu, eta tenporizadore bat jarri zion galdarari. “Tontakeria bat da, baina inor ez zen aurretik horretaz arduratu. Baina txikikeria horregatik 3.000 euro inguru aurreztuko ditugula uste dut”.

Alkaldek eginbehar finko gutxi ditu. Egunerokoan sortzen diren arazoak konpontzea da haren lana. Zoriontsu da Alkalde Leitzan, eta esan ohi den bezala: gustuko tokian, aldaparik ez.