Leitzako torrea: taberna baino gehiago

Leitzako torrea: taberna baino gehiago

Ander Perez / Nafarroako Hitza

Leitzako plazaren albo batean, udaletxearen eraikin handiaren parean, bada lau solairuko etxe zuri eta dotore bat. Torrea izenez ezagutzen dute herritarrek; diotenez, XIV. mendean dorre bat izan zelako bertan, gerretan behin eta berriro suntsitua, eta behin eta berriro berreraikia. Azken 22 urteetan, ordea, beste zerbaitengatik izan da ezaguna: bertan dago, 1993az geroztik, Torrea Herriko Taberna. Espainiako Auzitegi Gorenak iaz Auzitegi Nazionalak ebatzitako konfiskatzea berretsi berri du. Hego Euskal Herriko beste ehun herriko taberna bezalaxe, ixteko arrisku larrian dago Torrea.

Kanpoaldean, terrazako itzalpean, zain daude Joseba Azpiroz (Leitza, 1967) eta Juan Mari Barriola (Leitza, 1968), Torrea kudeatzen duen elkarteko presidentea eta batzordeko kidea, hurrenez hurren. Balizko itxiera batek ekarriko lukeenaz galdetuta, hasperen luze egiten dute biek. Azkenean, segundo batzuetako isiltasunaren ostean, “kolpe handia” litzakeela dio Barriolak; “umezurtz” geratuko liratekeela herritarrak, eta herria bera.

Biak ibili ziren Herriko Tabernaren sorreran, 1992an. Eraikinaren beheko solairua ukuilua zen orduan, eta han gordetzen zituen aziendak herritar batek. Urte hartan, lehen aldiz, taberna modura atondu zuten ukuilu hori, festetarako. Eta leku “aproposa” zela ikusita, eraikina erosi eta auzolanari ekin zioten orduan, urtebetez, Herriko Taberna sortu bitartean. “Sekulako auzolana” izan zela du gogoan Barriolak, “jende pila batek parte hartu” zuela egoitza txukuntzeko lanetan. Erosketa finantzatzeko 100.000 pezetako ekarpenak egin zirela gogoratzen du Azpirozek, “batzuk partikularrak, eta taldekakoak beste batzuk”. Eraikinaren goiko bi solairuak saldu zituzten, etxebizitzak egiteko. Beheko bietan, Herriko Taberna zabaldu zuten, 1993ko abuztu hasieran, herriko jaien bezperan. “Behar batetik abiatuta” ireki zela dio Barriolak, “herrian bazelako kolektiboak biltzeko eta herriari berari kulturalki bizitza emateko beharra”.

Ordutik, askotariko jarduerak jaso ditu Torreak. Barriolak dioenez, lokalak “ikaragarrizko bizitza kulturala” du, eta herrian antolatutako kultur ekintza guztietan parte hartzen du. Horregatik, “elkarte oso dinamikoa” dela dio, “herriari sekulako bizia eman” diona. Taberna bat baino gehiago, “herrirako erreferente” bat da, haren iritziz.

Hala, bi hamarkadatan zehar, asko izan dira bertatik pasatutako herritar eta kanpotarrak. Batzuk, tragoak hartu eta otorduak egitera. Barriolak dioenez, Torreak, tabernaz gain, “elkarte kutsua” ere izan baitu: “Baziren astero-astero afaltzera etortzen ziren kuadrillak, modu sistematikoan”. Beste batzuk, antolatutako kontzertu eta jarduerak ikustera. Izan dira balio informatiboagatik joan direnak ere —”Orain gutxi Alemaniako Arte telebista izan zen gurean, erreportaje bat grabatzen, eta The New York Times-en ere atera izan da kanpoaldeko murala”—. Eta, azkenik, kuriositate hutsez gerturatu direnak, batez ere azkenaldian.

8 apellidos vascos filma izan da fenomeno horren arrazoi nagusia. Oso arrakastatsua izan da pelikula, eta arrakastak arrapaladan eraman ditu turistak Leitzara, eta zehazki, Torreara, han filmatua baita eszenetako bat. Barre egiten dute Azpirozek eta Barriolak, fenomenoaz mintzatzean, eta komentatzen dute turisten artean izan direla “pertsonaia bitxiak ere”, tabernara sartzera ausartu ez baina atetik besoa luzatu dutenak, barrura argazkia ateratzeko.

Herriko Tabernaren kokapena, gainera, ez da nolanahikoa. Herriko plazan dago, herriaren erdigune eta topaleku naturalean. Mesede egiten dio herriak Torreari, eta mesede Torreak herriari. Izan ere, Barriolak dioenez, “Torrea ireki aurretik herriko plaza oso tristea zen; apenas ibiltzen zen jenderik, eta herrian bigarren mailako txokoa zen”. Herriko Taberna ireki zenetik, ordea, plaza “lehen mailako” topalekua dela dio, “beti” dagoela jendea. Eta, horregatik, lokala itxiz gero “herriak asko galduko” lukeela uste du elkarteko kideak.

“Ezpata bat buru gainean”

Duela hamahiru urte hasi zen Torrearen ingurukoen amesgaiztoa. Orduan abiatu zuen Guardia Zibilak herriko tabernen aurkako operazioa. Leitzan, Torrea elkartearen goiko solairua zigilatu zuten, eta elkartearen kontuak bahitu. Ordutik, tabernaren goiko solairua erabili gabe eta kontu korronterik ireki ahal izan gabe ibili dira lanean. “Ondorioz, ezin izan dugu normal lan egin”, dio Azpirozek. Azkenean, “hamahiru urtez ezpata bat buru gainean” izan ostean “ezohiko egoera bat ohiko bihurtu” dela dio Barriolak.

Azkenean, 2013ko azaroan abiatu zen 35/02 sumarioko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Iazko uztailean eman zuen epaia, eta 103 herriko tabernaren itxiera agintzeaz gain, hogei lagunentzako kartzela zigorra ere ebatzi zuen. Joan den ekainaren 18an, Auzitegi Gorenak, oro har, agindua berretsi zuen: 101 lokal ixteko agindu, eta auzipetuentzako zigorrak arindu zituen.

Erabakia “ezker abertzalearen aurkako mendekua” dela uste du Barriolak. Abokatuekin mintzatu direla dio, eta epaiak ez duela “sostengurik, delitu frogaturik ez dagoelako”. Dioenez, “teoria bat elaboratu dute aurrez, eta gero hori justifikatzeko handik eta hemendik frogak hartu”. Azpirozek dioenez, “ez dago epaia juridikoki defenditzerik”.

Aginduta dago elkartea ixtea, baina inork ez daki ongi itxiera nola gauzatuko duten, “nonbait gauza berri bat delako”. Bitartean, “tentsiozko itxarotean” igarotzen dituzte egunak Herriko Tabernaren ingurukoek. Oraingoz, erabakia jakin zenetik leitzar asko joan dira Torreara, eta askok parte hartu dute mobilizazioetan. Elkarteari babesa emateko herriko talde eta pertsona ezagunen zerrenda jendetsua ere osatu dute. Herritarrek gertatutakoa salatu nahi dutela dio Barriolak, “gerra garaitik ez baita horrelako lapurretarik izan”. Eta jasotako babesaren azalpena ere badu: “Jendeak bere parte sentitzen du Torrea, norbere ekarpenez eraikitako proiektua delako”.