Iritzia: Egun bat baino gehiago

Lur Arbizu Etxetxipia

Azken aldian askotan pentsatu izan dut zenbat daukagun deseraikitzeko. Zenbat lan egin dugun, egiten ari garen eta zenbat geratzen zaigun aurretik. Bidea gogorra da, baina egoerak ez du besterik eskatzen: egunik egun dugu eraildako emakumeen berri. Ez dira istripuz hiltzen, ez dira istripuak. Heteropatriarkatuak eta haren atzapar luzeek erailtzen dituzte. Atzaparrek ongi ikasi dute ikasgaia. Ongi irakatsi diete eta ongi sinetsi dute haien propietate eta meneko direla emakumeak.

Indarkeriaren azken kate-maila da, agerikoak diren indarkerien artean agerikoena, bortitzena, atzera bueltarik gabekoa. Adjektiboak jartzea zaila da, norberak erabil ditzala egoki deritzen hitzak. Heriotza aurkitzen dute urtean emakume askok eta askok. Euskal Herrian bertan, oker ez banago, hiru izan dira aurten erailak izan direnak. Memorian iltzaturik daramatzagu beste hainbat eta hainbat.

Sistemak berak, hala ere, baditu beste hamaika aurpegi; hilketez, agerikoak diren erasoez, bestelako desberdintasunez eta abarrez gain, bada beste patriarkatu sotil eta sofistikatuago bat, identifikatzen zailagoa dena eta ongi mozorrotzen dena. Eguneroko harremanetan ezkutaturik dago eta gizartean indar handia du. Ezin da ukatu erasoak egunez egun jasan behar izaten ditugula eta, askotan, ez dugula jakiten horiei nola aurre egin. Mikromatxismoak asko dira, forma eta eduki desberdina dute eta ostentzeko baliabideak ez dituzte faltan.

Eta, zer eginen dugu hau guztia deseraikitzeko? Nola askatu kateak? Zer egin beharko genuke zabortegia husten hasteko? Noiz izanen da indarkeria hau lehentasun? Ez al da indarkeria politiko?

Hasteko, indarkeriaren maila eta aurpegi guztiak ezagutu eta identifikatzen jakin dezagun beharrezkoa iruditzen zait; erasoak azalarazi eta horien aurka egitea. Horretarako ezinbesteko tresna zait autodefentsa feminista. Izan ere, emakumeon ahalduntzerako pausurik gabe ez dugu ezer egiterik.

Hasiak gara jadanik azaroaren 25erako kanpainen eta mobilizazioen berri izaten, pixkanaka. Eta etorriko dira instituzioak, entzunen ditugu haien hitzak, udalen mozioak, deklarazioak. Etorriko dira gaitzespen-adierazpenak. Eta, azaroaren 26an, zer? Hitzak azkenean hori dira, hitz. Zutabe hau ere tinta beltz multzo bat besterik ez da. Nik argi daukat. Zerbaitek salbatuko bagaitu, lagunduko bagaitu, barruak husten utziko badigu, ulertuko bagaitu, elkarren arteko loturak sendotuko baditu, indartsu egiten bagaitu… izen bakarra dauka horrek: feminismo.

Zabortegia garbitzeko bide luze horretan, nola ez gogoratu ahaleginean gelditu direnak, bizitza kendu dietenak, bidaide izan ditugunak, bihotzean daramatzagunak. Azaroaren 25ak ezin du egun soilean geratu. Egin dezagun haiengatik eta guregatik.