Bizirik atera dira

Bizirik atera dira

Edurne Elizondo

Lorea, Edurne, Izar eta Nora; asmatutako lau izen, benetako bertze horrenbertze emakumeren istorioak kontatzeko. Indarkeriazko istorioak dira. Indarkeria matxistak erdi bi egin baitzituen laurak. Hautsi egin zituen, haien bizitzaren une batean. Iraindu, mehatxatu eta kolpatu egin zituzten, ia hil arte. Agerikoak dira orbainak haien azalean; eta ikusten ez badira ere, mingarriagoak dira gogoan iltzatuta gelditu zaizkienak. Beldurra hurbil sentitzen du Edurnek, oraindik ere; bakardadearen eta babesgabetasunaren beldur da, berriz, Nora. “Sistemak ez du funtzionatzen”, salatu du Loreak. Eta gizartearen ardura agerian utzi du Izarrek: “Epaitu nautela sentitu dut”. Elkarri ematen diote babesa, hautsitakoa konpontzeko prozesuan. Barrukoa kanpora atera dute orriotan, mezu hori zabaltzeko: aurrera egin daitekeela. Haiek egin dute. Bizirik atera dira. “Ez isildu, eta salatu”, erran nahi izan diete indarkeria pairatzen ari diren emakumeei.

Indarkeria matxista sufritu eta bizirik atera direlako, hain zuzen ere, argi utzi dute ez dituztela nahi hitz hutsak. Ez dela hori emakumeek behar dutena. Ekintzak nahi dituzte. Emakumeak lagundu eta babestuko dituzten neurriak. Agintari konprometituak, argazkia bilatzen duten horien tokian. Enpatia. “Gizartearen isiltasunak ere kolpatzen gaituelako”, nabarmendu du Norak.

“Hain da garrantzitsua babesa!”, berretsi du Izarrek. Gogoan du, ordea, berarenganako hoztasuna; epaitegietan eta ospitalean jasandako tratu hotza. 49 urte ditu, eta 15 urtez egon zen ezkonduta; tratu txar psikologikoak sufritu zituen. “Orduan ez nintzen konturatzen, baina ezkondu bezain pronto hasi zen nire kontrako indarkeria; hasieran zolia zen, baina areagotuz joan zen denborak aurrera egin ahala”. Senarrak ez zuela deustarako balio errepikatzen zion, behin eta berriz. Ez zuela deus egiten ongi. Ez zela deus lortzeko gai. Eta Izarrek sinetsi egin zuen. Sinetsi egin zuen ez zela inor. Eta depresioak gogor jo zuen, ondorioz. “Ezin nuen lo egin; ezin nuen deus jan; hamabost kilo argaldu nintzen”. Medikuek emandako pilulak baino ez zituen hartzen, egunez eta gauez. “Banekien ezin nuela horrela jarraitu; gizon hura utzi behar nuela; baina kosta egin zitzaidan erabakia hartzea”.

Egin zuen, azkenean. “Nire bizitza hagitz tristea zela konturatu nintzen; egin behar nuela zerbait”. Arazoak ez ziren dibortzioarekin amaitu, ordea; indarkeriak jarraitu zuen. “Banandu eta gero, nire kontra egin zuen. Hasi zen niri jazartzen; karrikara atera, eta atzetik nuen beti; telefonoz deitu, eta iraintzen ninduen; mehatxu egiten zidan; alaba kenduko zidatela erraten zidan, erotuta nengoela”. Beldurrak hartu zuen Izar.

Senar ohia salatu zuen, baina auziak ez zuen aurrera egin. “Indarkeria psikologikoa jasan duzula erakustea hagitz zaila da, oraindik ere”. Lezio hori ikasi zuen Izarrek, eta etorkizuna beltz agertu zen haren aurrean. “Ez nuen aurkitzen nire egunerokoa aldatuko zuen konponbiderik. Hagitz gaizki nengoen. Pilula potoa osorik hartu eta ia…”. Izarrek ezin izan du esaldia amaitu. Ia hil egin zen. Ospitalera garaiz eraman zuten, ordea. Eta onik atera zen. Gogoan du, hala ere, erietxean inork ez zuela bere egoera indarkeria matxistarekin lotu. Medikuek ez zutela inolako txostenik idatzi, hori aipatu eta salatzeko. “Psikologia saileko gaixoa nintzen ni orduan; nire historia medikoa bazuten. Baina ez zuten deus egin. Eta nik hil egin nahi nuen. Bertzerik ez. Hil egin nahi nuen”.

Psikologo batek eman zion une hartan behar zuen laguntza. “Familiari ia ez nion deus erran gertatzen ari zenaz. Ahizpari bai, eta hark anitz lagundu zidan. Hainbat lagun nire kontra jarri zituen senar ohiak, ordea. Bertzeentzat pertsona ona eta atsegina zen, beti laguntzeko prest zena”. Izarrek ongi ezagutzen zuen, ordea, eta psikologo haren eskutik, azkenean, paper batean jasota gelditu zen Izar indarkeria matxistaren biktima zela. Hasi zen hobera egiten, eta bertze emakumeen eta hainbat elkarteren babesarekin, aurre egin zion senar ohiari. “Konturatu zenean ez nintzela isiltzen eta borrokatzeko gai nintzela, bakean utzi ninduen”.

Nerabezaro lapurtua

Jasandako indarkeriak hamaika ondorio eragin zizkion Izarri. Psikologoek artatu beharrekoekin batera, baita bertze hainbat motatakoak ere. Ekonomikoak, adibidez. “Zenbait lan galdu egin nituen depresioak jota egon nintzenean; alaba galtzeko beldurrak ere behartu ninduen etxean gelditu eta hainbat lanposturi ezetz erratera”.

Edurneri ere, ikasteko eta nahi zuen lanpostua bilatzeko aukera ebatsi zion indarkeria matxistak. 50 urte ditu, eta 13 zituenean amaren etxetik atera zuen gizon batek. Nerabezaroa lapurtu zion. Amets guztiak. Bere seme-alaben aita dena espetxean da egun, bertze emakume bat hiltzeagatik. Kartzelatik baldintzapean aske atera zenean hil zuen. Alaba adingabea bortxatzeagatik zegoen barruan. Lau urte barru beteko du zigorra, eta une horren beldur bizi da Edurne.

Sorterriko gizartearen matxismoa goiz ezagutu zuen Edurnek. “13 urte nituenean, nire atzetik hasi zen 20 urteko mutil bat; haren aitak nirea ezagutzen zuen, eta egun batean haren etxera gonbidatu ninduten urtebetetze besta batera. Joan nintzen, baina, besta amaituta, gizonak ez ninduen nire etxera eraman nahi izan, bueltan. Biharamunean ailegatu nintzenean, amak bota egin ninduen. Gizon haren etxean gelditu behar izan nuen”.

Haur bat bertzerik ez zela nabarmendu du, behin eta berriz. Gizonaren etxean, kolpeak lehen unetik bilakatu ziren eguneroko kontu. “Tortura zen hura”. 15 urterekin izan zuen lehen seme-alaba. Bost ditu, denera. Laugarrenaren haurdunaldian, sabela zapaldu egin zion bikotekideak Edurneri. Handik hiru egunera jaio zen haurra, behar baino lehen. “Ia hil egin zen”.

Kolpeak, irainak, mehatxuak. Bai eta seme-alaben aurkako tratu txarrak ere. Etxea infernu bihurtu zion gizonaren indarkeriak familia guztiari. Bosgarren haurra jaio baino lehen, senide baten etxera ihes egitea erabaki zuen Edurnek. “Itzuli behar izan nuen, ordea, haurrak hilko zituen beldur nintzelako”. Orduan ere Edurnek argi zuen hiltzeko gai zela gizon hura. Saiatu zen, behin baino gehiagotan. “Lepotik ia hil arte heldu ninduen behin; nabalarekin ere behin baino gehiagotan egin zidan mehatxu”.

Bosgarren haurra jaio eta gero, bigarrenez alde egin zuen Edurnek. Orduan bai, betiko. Epaile baten agindua lortu zuen seme-alabak gizonaren etxetik ateratzeko. “Amaren etxean utzi nituen, Iruñera etortzeko”. Handik zazpi urtera lortu zuen familia berriz ere elkartzea. Saminez eta doluz betetako familia zen, hala ere. Indarkeriak bere aurpegirik krudelena erakutsi zion Edurneri bikotekideak alaba bortxatu zuenean. “Ikaragarria izan zen”. Edurnek ezin dio negarrari eutsi. Alabak aurrera egin duela nabarmendu du, dena den. “Nik ere bai. Baina ez gara denak berdinak”. Indarkeriak bere hiru semeetako birengan izan duen eragin latza aipatu du: “Tratu txarrak jaso eta gero, erasotzaile bilakatu da haietako bat; bizkarrean ditu aitak egindako deskarga elektrikoen arrastoak. Bertze bat espetxean izan da, drogekin lotutako arazoen ondorioz. Han zegoela jakin nuen nire amaren etxean izan zenean nire anaiek semeaz abusatu zutela. Hark aitortu zidan. Bihotza apurtu zitzaidan une hartan”.

Loreak adi entzun ditu Edurneren hitzak. Lagunak bizi izandakoak zerbait mugitu dio barruan. “Zure esperientziarekin alderatuta, nirea…”. Ez du esaldia amaitu. Pentsatzen gelditu da. Edurnek bukatu du, haren ordez. “Bakoitzak bizi du berea. Denak dira latzak. Eta inork ez ditu merezi”.

“Ez nintzen jabetzen”

Loreak 43 urte ditu, eta hiru seme-alabaren ama da. Tratu txar psikologikoak eta fisikoak jasan ditu. “Feminista eta independentea izan naiz beti; sekula ez nuen pentsatu gizon baten menpe egonen nintzela noizbait”. Izarren hitzak bere egin ditu: “Tratu txar psikologiko horiek sotilak ziren hasieran; ez nintzen konturatzen. Lehen kolpeak jaso nituenean ere, ez nintzen jasaten ari nintzen indarkeriaz benetan jabetzen”. Dibortziatzea erabaki zuen arte. “Seme-alabak jotzen hasi zen senarra. Zerbait egin behar nuen”.

Sententzia jaso bezain pronto, etxeko sarraila aldatu zuen. Egun batean, ordea, sarrailak ere ez zuen senar ohia geldiarazi. “Seme-alabak hartzera etorri zen; aurpegiratu nion pentsioa ez zidala ordaindu, eta ez niola sartzen utziko. Une horretan, sorbaldetatik heldu ninduen, eta atearen kontra bota ninduen, indarrez. Hainbat kolpe eman zizkidan. Seme-alaben aurrean”. Semeak eman behar izan zien larrialdi zerbitzuei abisua. “Ni ez nintzen gai. Etxeko atea zabalik zela oihu egin nuen, baina inor ez zen laguntzera etorri”.

Senarraren aurkako salaketa jarri zuen egun horretan, lehendabiziko aldiz. “Eta senarrak nire kontrakoa ere bai, seme-alabak eramaten ez uzteagatik. Eraso egin niola ere salatu zuen”. Loreak ezin zuen sinetsi. Are gutxiago, fiskalak senar ohiaren aurka eginen ez zuela erran eta gero. Epaiketaren eguna du Loreak gogoan. “Epailearen aurrera joan nintzen pentsatuz senar ohia epaituko zutela; baina epaiketa bion aurkakoa zen, familia barruko indarkeriagatik!”. Sistemak huts egin zuela salatu du. “Aretoan nire ondoan izan nuen senar ohia. Nerbioek jota nintzen, negarrari ezin eutsi”. Sententziak biak jo zituen errudun. “Helegitea aurkeztu dut, noski”.

Administrazioak ez duela babestu sentitzen du Loreak. Familiaren laguntza beti izan du, ordea. Eta eskertu du. Beldurra ez dela desagertu onartu, eta aitortu du bere salaketa eragin zuen erasoa jasan arte ez zuela uste senar ohia hori egiteko gai izanen zenik.

Edurnek bezala, ordea, Norak beti izan zuen argi senarra bera hiltzeko gai izanen zela. Eta saiatu zen. Aurpegian utzi zizkion 2008. urtean gertaturiko eraso haren arrastoak. Arropen azpian ere bai. Baina ispiluari so egiten dion bakoitzean ikusten dituen orbainek egiten diote min gehien Norari. “69 puntu eman zizkidaten aurpegian. Ispilu batean nire burua ikusten dudan bakoitzean, ordukoak etortzen zaizkit burura. Ezin diot eraso horri ihes egin”. Gizarte Segurantzak, gainera, uko egin dio behar dituen ebakuntzak ordaintzeari. “Erakunde publikoek erabat babesgabe utzi naute”.

Nora hiltzen saiatu eta gero, bere buruaz bertze egin zuen haren senar ohiak. 16 urterekin hasi zuten harremana, eta lehendabizikoz haurdun gelditu zenean hasi zen emakumea indarkeria matxista sufritzen. Seme-alabengatik eutsi zion egoerari. “Bakarrik nintzen; ez nekien zer egin; ez nintzen senarra uzteko gai”.

Urrats hori egiteko indarra lortu zuen, azkenean. Baina beldur zela nabarmendu du Norak. “Argi nuen alde eginen nuen egun berean ni hiltzen saiatuko zela”. Egoeraren berri eman zion seme zaharrenari. Baina ez zion sinetsi. Aitak amari emandako labankaden berri izan zuenean, lur jota gelditu zen. “Badakit errudun sentitzen dela, baina ez du zertan”, erran du Norak.

Hil nahi zuen gizonari aurre egin zion emakumeak. Eta horregatik salbatu zen. Loreak errandako hitzak ekarri ditu gogora, eta berak ere oihu egin zuela nabarmendu du: “Banekien bizilagunak etxean zirela. Atea ireki nuen, eta oihu egin nuen, senar ohiak iletik heldu eta barrura sartu baino lehen. Baina inor ez zen laguntzera etorri”. Ondoko eraikineko bizilagun batek erantzun zion Noraren laguntza deiari. “Etorri zenean haren aurpegia zuri zegoen; odolez betea nintzen”. Hogei minutuz egon behar izan zuen karrikan, anbulantziaren zain.

“Indartsua naizela ematen du, baina nik uste dut jaso ditudan kolpeek egin nautela indartsu”. Malkoek irrist egin diote Norari. “Anitzetan pentsatzen dut nola ote den posible niri halakorik gertatu izana; edozeini gertatzen ahal zaio; hori da kontua”.

Edurnek lehortu ditu Noraren malkoak. Jaso du Izarren eta Lorearen besarkada bana ere. Eskutik heldu diote elkarri. Elkarrekin indartsuago direla sentitzen dutelako. Bizirik atera, eta aurrera egin dutelako.