“Boterea zaindu beharrean, harekin oheratu egin gara”

“Boterea zaindu beharrean, harekin oheratu egin gara”

Edurne Elizondo

Gervasio Sanchez kazetari eta argazkilariaren (Kordoba, Andaluzia, Espainia, 1959) hitzaldiak zabaldu zituen, joan den astean, Nafarroako Gobernuak bake eta bizikidetzari buruz antolatutako jardunaldiak. Desagertuen inguruan urte luzez egindako lana izan zuen ardatz, eta duintasunaren garrantzia nabarmendu zuen: “Kazetariaren lana da gertatzen dena dokumentatzea; biktimak duindu behar ditu; errespetuz tratatu. Horretarako, zenbaitetan, argazkia egiteari utzi behar diogu. Garrantzitsuena ez baita zure argazkia edo lortu nahi duzun adierazpena; inportanteena haien duintasuna da”.

Duintasun gutxi erakusten ari da Europa, ordea, Siriako eta bertze hainbat tokitako gerrek eragindako iheslariekin.

Europako agintariak ari dira sekulako hipokrisia eta zinismoa erakusten; bertzeen atsekabearen inguruan erabateko axolagabekeriarekin ari dira jokatzen. Europak porrot egin du. Duela urte eta erdi, bagenekien zer ari zen gertatzen, eta inork ez zuen deus egin. Espainiak, oraindik ere, mila iheslari ere ez ditu hartu. Ezin dugu gertatzen ari dena onartu.

Gatazketan Europak duen ardura jarri dute anitzek mahai gainean.

Hala da. Armen arloko gure politikek eta gure politika ekonomikoek ondorioak dituzte. Batere demokratikoak ez diren hamaika gobernurekin egin ditugu tratuak, baliabideen, petrolioaren bila. Ezin dugu ahaztu, halaber, Europa dela munduan arma arin gehien saltzen dituena. Iheslariek atzean utzi dituzten herri horietan egun duten egoeraren erantzule bagara, zalantzarik gabe.

Testuinguru hori kontuan hartu behar dugu, ezinbertzean, egungo egoera ulertzeko?

Gatazka guneetan hamaika urte eman ditut nik, bai eta bertze lankide anitzek ere. Agian, gu oker gaude, eta zuzen dira, berriz, hedabide gehienetan mintzatzen diren analista horiek. Nik dakidan gauza bakarra da, duela 25 urte, Parisen, hiria ongi ezagutzen zutenek erraten zidatela, orduan, jada, denborak lehertaraziko zuen bonba sortzen ari ginela; lanik gabeko eta inolako aukerarik gabeko gaztez betetako bazterreko auzoak sortzen ari zirela. Hori gertatzen zen duela 25 urte. Non ziren poliziak? Non ziren analistak?

Hamaika urte gatazka guneetan. Zergatik kazetari?

Beti nahi izan dut kazetari izan. Munduko herrietako zigiluen bilduma nuen, haur bat nintzenean. Kazetari izan nahi nuen, hain zuzen, bidaiatzeko. Institutuan, ni nintzen gelara egunkariarekin sartzen zen bakarra. Kirol egunkaria zen, baina egunero erosten nuen! Nik uste dut beti izan naizela kazetari, eta hil arte izanen naizela.

Zer da, zuretzat, kazetari izatea?

Ez dut batere maite jendeak erratea ni konpromiso handiko kazetaria naizela, kazetari izateak konpromisoa hartzea ekartzen baitu. Berezkoa du ezaugarri hori gure lanbideak. Ulertzen dut etiketa hori erabiltzea bertze hainbat kazetarirengandik bereizteko, baina niretzat kazetaritza beti da konpromisoa: nire lanarekin, kontatu nahi ditudan istorioekin, eta istorio horiek irakurri edo ikusiko dituztenekin.

Bertze hainbat kazetarirengandik bereizteko, diozu. Zu hagitz kritiko zara, hain zuzen, hedabide anitzen lanarekin. Kazetaritza ikuskizun bilakatu da?

Neurri handi batean, bai. Ziur naiz kazetarien %95 zintzoak direla. Baina gero dago bertze %5 hori, kopuru bat errateagatik. Horiek gora bertzerik ez dute egin, horretarako ordaindu behar izan duten prezioari erreparatu gabe. Kazetaritzaren duintasuna utzi dute bazter. Iruditzen zait enpresak konturatu direla haientzat onena dela hedabideetan giltzarri diren lanpostuetan pertsona koldarrak jartzea, haiek nahi dutena onartuko dutela badakitelako. Hedabideetako postu horietan erdipurdiko profesionalak egoten ohi dira. Partida irabazi bertzerik ez dute nahi, eta bidean kazetaritza suntsitzen dute. Gure lanbideak zuen izen ona galdu du.

Boterearen laguntzaile bilakatu da kazetaritza?

Hedabideen eginbeharra da botere ekonomiko eta politikoaren zaindari izatea. Herri honetan, ordea, alderantzizkoa gertatzen da; hedabide gehienak botere politiko eta ekonomikoaren zerbitzari bilakatu dira.

Hori da gaur egungo kazetaritzaren gaitz nagusia?

Hedabideen eta boterearen arteko harreman lizun horrek kazetaritza hondoratu egin du. Boterea zaindu beharrean, harekin oheratu egin gara. Horregatik, bankuen porrotaren berri hura gertatu eta hainbat urtera jaso genuen; horregatik, ustelkeria kasuen berri gertatu eta hainbat urtera jasotzen dugu.

Bertzelako tresnak baditu botereak; tartean, mozal legea. Argia-ko kazetari bati isuna jarri berri diote. Zer deritzozu?

Mozal legea egin dute hedabide txikienen ahoa ixteko, eta, bide batez, hedabide handiei abisua emateko. Espero dut PPren gobernu honekin batera deseginen dela lege hori; mesederik ez dio egin adierazpen askatasunari, ezta prentsa askatasunari ere.

Euskal Herrian hedabideak itxi dituzte; tartean, Egunkaria. Zer deritzozu?

Gizarte demokratiko batek ez luke inoiz hedabide bat ixteko urratsa egin beharko. Estatu demokratiko batek egin dezakeen biderik okerrena da hori. Hemen gertatu da sekula gertatu behar ez zena. Hori hagitz larria da, eta hagitz larria da, halaber, bertze hedabide anitzek zer gertatzen ari zen isilarazi izana. Egunkari bat itxi zuten, eta hedabideak, prentsa elkarteak isildu egin ziren. Inork ez zituen azalpenak eskatu.

Autozentsurak zer-nolako pisua du kazetaritzaren egungo egoeran?

Kazetaritza suntsitzen ari den makineria hori ikusita, erredakzioak geldirik daude. Ikuspuntu pertsonal batetik, ulertzen dut lana galdu nahi ez duelako isiltzen den kazetariaren jarrera, baina, kazetaritzaren ikuspuntutik, ezin dut autozentsura ulertu, ezta defendatu ere. Haren bidez iruzur egiten diogu jendeari.

Hamaika tokitan egon zara. Panaman ere bai, 80ko hamarkadan. Zer iritzi duzu Panamako paperei buruz?

Ni Panaman izan nintzen garai hartan jada zerga paradisu bat zen herri hura. Auzi honek agerian utzi du kazetaritza onak gizartea hobetzeko joera duela. Informazioa boterea da; ona izan daiteke, herritarrak kritiko bilakatzeko, baina baita txarra ere, herritarrak manipulatzeko lana errazteko.

Erredakzioak geldirik direla diozu. Zer behar da martxan jartzeko?

Ikerketa kazetaritzak behar du inbertsioa. Eta dirua bada. Hedabideetako agintariek dituzten soldata handi horietatik har dezakegu. Arazoa da horiek ez direla kazetariak. Kazetaritza dirua lortzeko tresna bilakatu dute.