Egiari bide berriak irekiz

Egiari bide berriak irekiz

Asier Garcia Uribarri

Udalbatza honen asmoa da Iruñeko instrukzio epaitegietan kereila kriminala jartzea, horiek iker ditzaten diktadura frankistak Iruñeko bizilagunen aurka egin zituen gizateriaren aurkako delituak”. Horrela hasten da 2015eko azaroaren 27an Iruñeko udalbatzak onartutako adierazpena. Salaketa hori osatzeko, NUPeko ikertzaile talde bati agindu diote zehazteko 1936ko gerran eta frankismoan iruindarrek jasan zuten errepresioa eta giza eskubideen urraketa. Horretarako, astelehenean ireki zuten informazio gune bat Iruñeko Mercaderes kalean, eskubide horien urraketak pairatutakoen edota urraketa horien lekuko izan ziren pertsonen testigantzak jasotzeko.

Bulegoak urrira arte jasoko ditu herritarren testigantzak. Bertan NUPeko ikertzaile talde bat egongo da lanean. “Jendea etortzen denean, proiektua azaldu eta txosten moduko bat irekitzen diegu. Jendea etorri daiteke euren buruaz hitz egitera, edo senide baten inguruan”, azaldu du Nekane Perez NUPeko ikerlari eta Memoria Historikoaren bulegoko kideak. Lehen txosten hori bete ostean, herritarrei bigarren zita bat emango diete elkarrizketa egiteko. Elkarrizketa horiek bideoz grabatuko dituzte.

Lehenengo goizean zortzi lagun hurbildu ziren testigantza eskaintzeko prest. Perez ez da ausartu zenbat jende etorriko den iragartzera, baina espero du bulegoaren lana ezaguna egiten den heinean jendea animatuko dela.

Elkarrizketetatik eta egiten diren ikerketetatik ateratako informazioarekin, peritu txostenaz gain, Iruñeko Udalak 1936ko kolpearen harira hildako iruindarren zerrenda berritua osatu eta omenaldia egin nahi du.

Udalaren ekinbideak Giza Eskubideen Aldeko Espainiako elkarteak egindako deiari erantzuten dio. “Elkarte horrek instituzio publikoak animatu ditu 1936ko gerrako eta frankismoko eskubide urraketen aurkako salaketak jartzera. Nolabait Argentinako kereila indartzeko”, adierazi du Olaia Aldaz Iruñeko Udaleko alkatetzako kabinete buruak. Iruñeko Udala izan da lehen erakunde publikoa horrelako ekinbidea martxan jarri duena. Hala ere, badira beste udal batzuk bide bera jarraitu dutenak, besteak beste, Zaragoza (Espainia), Tarragona (Herrialde Katalanak) eta Gasteiz.

“Ekainean Carlos Slepoy Giza Eskubideen Aldeko elkarteko abokatua Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin bildu zen, eta orduan proposatu zion kereila jartzea”. Azaroan onartutako adierazpen instituzionalarekin martxan jarri zuten egitasmoa, eta bulegoarekin hasi dituzte peritu txostena osatzeko lanak. Hori bukatzean, udaleko abokatuek kereila jarriko dute Iruñeko epaitegietan.

Justizia egiteko bideak

Espainiako Giza Eskubideen Aldeko elkarteak Argentinako kereilaren aldeko koordinakundean parte hartzen du. “Orain ireki duguna eta Argentinako kereilarena bide osagarriak dira”, adierazi du Jacinto Lara Giza Eskubideen Aldeko Espainiako elkarteko kideak.

Larak uste du, Argentinako kereila bere bidea egiten ari bada ere, frankismoaren krimenak gertatu ziren tokian epaitu behar direla. Horregatik martxan jarri dute prozesu berri hau. Zentzu horretan, Espainian egin zen lehenengo ekinbide handia Baltasar Garzon epaileak 2006an martxan jarritako prozesua izan zen. “Auzitegi Gorenak Garzon absolbitu, baina biktimak kondenatu zituen. Euren defentsarako eskubidea ukatu baitzien”.

Bide hori 2012an bukatu zen, baina Larak uste du egun badaudela baldintzak antzeko prozesu bat martxan jartzeko. “Argentinako kereilak eragin dituen atxilotze eta estradizio aginduek eta epaileek biktimei hartutako deklarazioek mahai gainean jarri dute frankismoaren biktimek pairatzen duten justizia eza”. Zentzu horretan, Larak ez du uste 1977ko Amnistia Legea frankismoko krimenak ez epaitzeko inolako aitzakia denik.

Udalek hasitako prozesuak bide berriak ireki ditu gisa honetako ikerketetan. “Lehenengo aldiz, instituzio publiko batek erabaki du 1936ko gerran eta frankismo garaian egin zituzten giza eskubideen aurkako delituak ikertzea. Biktimen ahozko testigantzak hartuta, eta dena ondo landuta. Gero, udalak epaitegian aurkez ditzan”, azaldu du Emilio Majuelo Historia Garaikidean doktore eta eskubide urraketen inguruko peritu txostena egingo duen taldeko kidea. Majuelok gogoratu du Euskal Herrian historialarien lana ez dela inoiz zeregin horietarako erabili. “Testigantzak jasotzea oso interesagarria izango da kereilarako, baina baita ikerketarako ere”.

Aurretik antzeko ikerketa garrantzitsuak egin dira Nafarroan. Aipatu beharrekoa da orain 30 urte egin zen Navarra 1936: de la esperanza al terror (Nafarroa 1936: itxaropenetik terrorera) lana. Hori da, Majueloren ustez, Nafarroan memoria historikoaren inguruan egin den lanik garrantzitsuena. Historialari talde batek eta 200 kolaboratzailek baino gehiagok herriz herri batu zituzten 1936ko kolpeak eragindako errepresioaren datuak.

Majuelok goraipatu du 1980ko hamarkadan lan hura egiteko agertu zuten grina. “Guztia erabat boluntarioa izan zen. Bi langilek auto bat lortu zuten eta bi urtetan erabat erre zuten, herriz herri egin zituzten kilometro guztiengatik. Gainera, ez zegoen unibertsitaterik, jendea bere kabuz ibili zen, ez zegoen galdetegi finkorik”. Majuelok aitortu du, lan hori gabe, ezinezkoa litzatekeela lau hilabetetan inolako peritu txostenik egitea. “Orain badugu aukera, lan horretan sakontzeko”.

Ikerketan Iruñeko kasuak aztertuko dituzte. Iruñeko Udalaren ekinbidea baita. Majueloren ustez, bertakoak dira zehaztasun gehien behar duten datuak. “Garai hartan denak ziren herri txikiak, eta denek dakite nor hil zuten. Zaila da hildako berriak agertzea”. Aldiz, arazo gehiago daude hirietako zerrendak egiteko, jende asko aldi baterako geratzen delako eta askok ez dutelako elkar ezagutzen. “Badugu Iruñeko hildakoen zerrenda bat, duela 40 urte egin zena. Baina orain oso aukera ona dugu zerrenda hori garbitu, orraztu eta egon daitezkeen datu okerrak zuzentzeko”.

Iruñeko Udalaren asmoa, elkarrizketez harago, garaiko artxiboak ikertzea ere bada. Horien artean, Gobernu Zibila, Guardia Zibila, Iruñeko Probintzia espetxe eta Espainiako Poliziarenak. Udalbatzaren adierazpenak hori esaten badu ere, bide horretatik Majuelok ez du gauza handirik espero. “Urteak dira Gobernu Zibilaren artxibategiak Nafarroako Artxibora eraman zituztela. Baina ezaguna da guztia ez zela heldu. Martin Villaren garaian, Gobernu Zibileko dokumentu asko erre egin zituzten. Nik hori badakit, erre zituenak kontatu zidalako. Esan zioten: ‘Hartu hau eta erre'”. Guardia Zibilaren eta Poliziaren artxiboetan berriz, Majuelok dio ez dagoela garai hartako agiririk. “Ez dira existitzen”. Espetxekoan ordea, badago aukera informazioa lortzeko. Baina soilik pertsona zehatzen informazioa eskatuz gero. “Ezin da bertan sartu eta ikerketa orokor bat egin”. Hala ere, Majuelok gogoratu du historialariak prozesuko baliabide bat baino ez direla.