“Talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru”

“Talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru”

Asier Garcia Uribarri

“Ijitoek gizarteko arlo guztietan parte hartzea”. Hori da Nafarroako ijito elkarteek lortu nahi dutena. Horretarako, bi norabidetan ari dira lanean. Batetik, zerbitzu publikoetatik kanpo dauden pertsonak lagunduz, eta, bestetik, gizartearen aurreiritziak eraitsiz. Ricardo Hernandez (Tutera, 1975) Gaz Kalo Nafarroako ijito elkarteen koordinatzailea da. Haren ustez, gizarteak talde gutxituak erabiltzen ditu bere arazoak ezkutatzeko.

Apirilaren 27an parlamentuan egon zineten Nafarroako Ijitoen Egunean. Zer balorazio egiten duzu?

2005etik ari gara Nafarroako Parlamentuan antzeko ekitaldia egiten. Baina, niretzat, aurtengoa ekitaldi berezienetakoa izan da. Bukatu zenean, jende guztia hunkitua zegoen. Ez da erraza hori lortzea Nafarroako Parlamentuan. Gonbidatu mordoa genituen, hala nola familia ijitoak, ijito elkarteetako kideak eta alderdi guztietako ordezkariak. Zaila da, horrelako aniztasunarekin, denak hunkitzea. Esan dezakegu Ijito Herriak pertsona horiek guztiak batu zituela.

Uste duzu horrelako ekitaldiek gizartean eragina dutela?

Apirilean, parlamentuak eta Iruñeko eta Berriozarko udalek Ijito Herriaren eskubideen aldeko mozioak onartu zituzten. Horiek garrantzitsuak dira, ijitoak instituzio publikoetan ikusarazten dituztelako. Ordezkari politikoek jabetu behar dute Ijito Herriaren egoeraz. Nola egin daiteke hori? Adierazpenak eginez. Egia da adierazpen batek ez dituela konponduko Ijito Herriak dituen behar guztiak, baina dauden arazoak mahai gainean jarriko ditu. Ijitoek agenda politikoan egon behar dute, ezin baitugu ahaztu gure biztanleriak arbuioa eta bazterketa pairatzen dituela, neurri handi batean gainera.

Nafarroako gizarteak alde horretatik hobera egin duela uste duzu, edo berdin jarraitzen du?

Aurreiritziak existitzen dira, eta gizarteak betikotzen ditu. Asko kostatzen zaigu horri buelta ematea, guztioi. Baina talde gutxitua zarenean, horrek oraindik traba gehiago jartzen dizkizu gizarteko eskubideen jabe izateko. Adi! Eskubideez ari naizenean, betebeharrez ere ari naiz, batera baitoaz. Nik ez nuke esango Nafarroako gizartea arrazista denik, baina egia da Ijito Herria dela zentzu guztietan arbuio eta diskriminazio mailarik handienak pairatzen dituena. Akaso, hemen ez da eraso zuzenik ematen. Nafarroan arrazakeria ikusezinagoa da. Ijitoen estereotipoekin bat datorren pertsona batek zailtasun handiagoak ditu lana aurkitzeko edo etxe bat alokatzeko. Bestalde, egia da gero eta pluralagoa den gizarte batean bizi garela, eta pixkanaka ijito kultura merezi duen tokian kokatzen ari dela.

Zer lan ildo garatzen ari zarete ijito elkarteetan?

Arlo askotan lan egiten dugu. Baina bereziki lau nabarmenduko nituzke: hezkuntza, osasuna, lana eta etxebizitza. Ardatz horiei jarraitzen diete Ijito Herria gizarteratzeko Espainiako 2012-2020 estrategiak eta Europako zuzentarauek. Pertsona guztientzat oinarrizko beharrak dira. Horiek lantzean kontuan izan behar dira Ijito Herriaren kultura eta harekiko diskriminaziorik eza. Era berean, arreta berezia eskaintzen diegu emakume eta gazteei.

Nola lantzen dituzue lau ildo horiek?

Elkarteok nahi duguna da ijitoek parte hartzea gizarte osora bideratuta dauden politiketan. Batzuetan ijitoak ez baitira politika horietara iristen hainbat arrazoirengatik, besteak beste, informazio eta bitarteko faltagatik. Guk ez ditugu nahi ijitoentzako osasun etxeak eta eskolak. Nahi duguna da gizarte osoarentzat diren zerbitzu horietatik kanpo geratu diren ijitoei bertan parte hartzen laguntzea. Esan daiteke zubi lana egiten dugula. Hala ere, kontuan izan behar dugu Nafarroako ijito askok normal-normal parte hartzen dutela zerbitzu horietan, eta gizartean euren ekarpena egiten dutela lan eginez eta zergak ordainduz.

Esan duzu arreta berezia eskaintzen diozuela emakumeen errealitateari. Zer lan egiten duzue horren harira?

Emakume ijitoak gehien parte hartzen dutenak dira. Gizonoi askoz gehiago kostatzen zaigu. Adibidez, badago emakume talde bat euren ikasketak berreskuratu dituztenak. Emakume batzuk goiz ezkondu ziren, eta euren ikasketak utzi zituzten. Baina, orain, berriz ikasi nahi dute. Eta zer egoera dute emakume ijitoek gizonekiko? Bada, gizartean duten bera. Desabantaila asko dituzte, eta askotan aukera gutxiago dituzte. Beraz, saiatzen gara desabantaila horiek orekatzen. Baina ñabardura garrantzitsu batekin. Ez dugu nahi Ijito Herria herri matxista gisa markatzea. Ijito Herria gizartea bere osotasunean izan daitekeen bezain matxista izango da. Baina talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru. Bidegabea da gizarteak guri leporatzea berak konpondu ez dituen arazoak.