Bonbak bakearen egunerako

Edurne Elizondo

Ez dira isildu. Iraganeko eztanden oihartzunak bat egin du egunotan Bardea zulatzen ari diren bonben hotsarekin. 1951. urtetik dago martxan Erriberako tiro eremua, baina lehergailuen burrunba ez da izan Erriberan geroztik entzun den bakarra. 1979an, azpiegitura horren eta zentral nuklearren aurkako protesta batean, Gladys del Estal ekologista gaztea hil zuen guardia zibil batek, tiroz, Tuteran. “Biktima bat da, halakotzat jo nahi ez badute ere”, erran du Bardea Orain taldeko kide Oscar Rodriguezek.

Iragan ostiralean, Tuterako herritarrak karrikara atera zituen elkarte horrek, berriz ere, tiro eremurik ez dutela nahi argi uzteko asmoz. Bihar eguerdian manifestazioa eginen dute, Tuteran hori ere; Erriberako ezkerreko herri hautagaitzek antolatu dute protesta. Astearterako, berriz, Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzarrak deitu du elkarretaratzera.

Espainiako armadak hilaren 15ean hasi zuen aurtengo Ekaitza operazioa, Bardean, eta hilaren 29ra arte iraunen du. Benetako sua ari dira erabiltzen hegazkinak ariketetan. Eta su horren artean, hain zuzen ere, Bakearen Nazioarteko Eguna ospatu du Nafarroako Gobernuak, asteon, Tuteran. Paco Etxeberria auzi medikua eta Nafarroako memoria historikoaren aldeko elkarteak omendu dituzte. “Zoritxarreko kointzidentzia izan da”, erran du Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok bakearen egunak ariketa militarrekin bat egin izanaz. “Gure departamentutik bakearen kultura sustatu nahi dugu, eta halako ariketek ez dute batere laguntzen”. Bonbak izan baitituzte opari bakearen eguna ospatzeko.

Egia, justizia eta ordaina oinarri dituen bakearen alde egin du, ordea, Ollok, eta azaldu du horregatik nabarmendu nahi izan dituztela aurten memoria historikoaren alde lan egiten dutenak. 1936ko gerrako biktimak bilakatu nahi izan dituzte protagonista, batez ere, baina “bertzelako biktimak” ere badirela nabarmendu du kontseilariak. “ETAren biktimek badute errekonozimendua, baina beste askok, berriz, ez”. Gladys del Estal azken horien artean kokatu du Ollok ere.

Gogoratu du Nafarroako Parlamentuak polizia indarkeriaren biktimen legea onartu zuela iazko martxoan; Espainiako Gobernuak, ordea, haren kontrako helegitea aurkeztu zuen. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak helegite hori onartu zuenez, legea ezin da indarrean jarri, auzia argitu bitartean.

Gladys del Estalen ingurukoa ere itxi gabeko auzitzat jo du Paco Etxeberriak. Historia eta memoria bereizi ditu, eta, memoriaren esparruan ere, historikoa eta denboran gertukoak diren gertaeren ingurukoa nabarmendu ditu. Azken kategoria horren barruan kokatu du Gladys del Estalen auzia. “Eta halakoa delako sartu da Gladys del Estalen kasua Eusko Jaurlaritzak egindako lanean”. Tuteran gertatutakoaz, bertsio ofizialaren eta lekukoek eta senitartekoek emandakoaren artean aldea nabarmena dela gogoratu du auzi medikuak. “Gladys eta gisako beste hainbat biktima modu bidegabean tratatu zituzten; ia kriminalizatu egin zituzten. Hil egin zituzten; nola ez da izanen, ba, zilegizkoa haiek gogoratzea? Ziur naiz gertuko memoria horren inguruan urratsak eginen ditugula; ezin dugu gehiago espetu, protagonistek hartu behar baitute hitza”.

Nafarroako Gobernuak bere lanari egindako aitortza “harrituta” hartu duela azaldu du Etxeberriak. Ez zuen espero. Argi utzi du, hala ere, meritua ez dela berea. “Lantalde zabala dago atzean; adin eta iritzi ezberdineko jende anitzek hartu du memoria historikoaren aldeko konpromisoa. 1936ko gerrak Nafarroan eragindakoa izugarria izan zen. Halabeharrez galdetu behar diogu geure buruari nola izen zen posible hori guztia gertatzea. Auziak duen giza dimentsioak erakartzen du jendea memoria historikoaren inguruko lanera”.

Kolpea eta tiroa

1936ko gerra amaitu eta geroko egoerari ihes egin nahi izan zion Gladys del Estalen familiak, hain zuzen ere. Venezuelan jaio zen ekologista, ondorioz; Caracasen. Donostiara itzuli zen gero familia. Tuterara, zentral nuklearren aurkako manifestazio batean parte hartzera joan zen Del Estal, 1979. urteko ekainaren 3an. Tiro eremuaren aurkako protesta ere bazen. Poliziak manifestazioan parte hartzen ari zirenei oldartu zitzaizkien, eta talde batek eserialdia egin zuen Ebro ibaiaren gaineko zubiaren ondoan.

Guardia Zibilak esku hartu zuen. Lekukoen arabera, fusilarekin kolpatu zuten Gladys del Estal, emakume gazteak guardia zibiletako batek errandakoari erantzun eta gero. Lurrera bota zuen kolpeak, eta, altxatzen saiatzen ari zen bitartean, garondoan tiro egin zioten. Epaileek “zuhurtziagabekeria ausartegitzat” jo zuten Tuteran gertatutakoa, eta zigorrik arinena ezarri zioten tiro egin zuen guardia zibilari: hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra, hain zuzen. Jose Martinez Salas ez zuten kartzelan sartu, hala ere, eta 1992. urtean Meritu Militarraren Gurutzea eman zioten.

Tuteran, Ebroko zubitik gertu, Gladys del Estalen izena du hiriko karrika batek, haren omenez. Bardeako tiro eremuaren aurkako taldeek ere gogoan izaten dute ekintzaile ekologista, azpiegitura horren kontrako protestetan. Karrikan lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du Bardea Orain taldeko Oscar Rodriguezek, hain zuzen ere. Argi du tiro eremuaren aurkako borrokak bide luzea egin duela, eta aitortu du amore emateko zorian ere izan direla. Aurrera egiteko ordua dela berretsi du, ordea. “Lehen baino tresna gehiago dugu gure esku; zeren zain egon behar dugu? Sinetsi behar dugu posible dela militarrak hemendik botatzea”.

2018ko data jarri du mahai gainean Bardea Orain taldeko kide Noemi Solanasek. Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak 2008an sinatu zuen azken kontratua Espainiako Defentsa Ministerioarekin, 210 milioi euroren truke. “Hamar urterako kontratua da, baina bertze hamar urtez luzatzeko aukerarekin. Berez luzatuko dela dio agiriak, baina argi dugu bertan behera uzteko aukera badela; baliatu behar dugu”.

Gakoa Bardeako batzarra da. “Hau da, Espainiako Gobernuaren dirua jasotzen duen erakundea. Batzuen eta bertzeen interesak daude tartean”, erran du Solanasek. Kontratuaren arabera, 2018tik aurrera bikoiztu eginen litzateke Bardeako Komunitateko kideek jasotzen duten dirua. Bardeako hemeretzi udalek, Olivako monasterioak eta Erronkariko eta Zaraitzuko ibarrek osatzen dute komunitate hori.

Rodriguezek zalantzan jarri du erakunde horrek izan dezakeen zilegitasuna. “Berdin balio du Olivako monasterioko fraideen botoak eta Tuterako Udalarenak; monasterioan hamabi fraide baino ez dira bizi, ordea”, salatu du. Gobernuari ere orain arte egindakoa baino gehiago egin dezala eskatu dio Rodriguezek. “Presio handiagoa egin dezaketela uste dut”. Kritika hori onartu egin du Herritarrekiko eta Erakundeetako Harremanetako kontseilari Ana Ollok. Nabarmendu du akordio programatikoan Bardeako tiro eremuaren aurkako jarrera berretsi zutela Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek. Argi utzi du, halere, erabakitzeko eskumena Bardeako Komunitateari dagokiola. Rodriguezek zalantzak ditu horri buruz. “Kontua da gobernuak erakunde horren esku utzi zuela kontratua sinatzeko eskumena, interesatzen zitzaiolako. Bardeako Komunitateak berak zapaltzen ditu bandera gisa erabiltzen dituen eskubide historikoak”.

Militarrak Bardeatik at nahi dituztela berretsi dute tiro eremuaren kontrakoek. Hegazkinek Erriberako zeruan jarraituko dute egunotan, ordea. Ebro ondoan gelditu da Del Estalen aldeko plaka: “Bizitzaren, eguzkiaren, uraren eta askatasunaren alde”.