Iritzia: Zuk etxeko langilea daukazu?

Saioa Alkaiza

Zer jan du? Zenbat aldiz dutxatu da? Zeinekin hitz egin du telefonoz?”. Etxeko langileak kontratatzen dituztenetako batzuek kontrolatzen dituzten alderdietako zenbait dira horiek: emakumeen elikadura, higienea zein harremanak jopuntuan jartzen dituzten galderak. Sorgin eta Anitzak kolektiboko Liz Quintanak azaldu zuen, Emakumeen Mundu Martxak indarkeriaren aurpegi anitz azaleratzeko egindako jardunaldietan: “Haien bizi sexuala, afektiboa, soziala… kontrolatzen dute. Nagusiek dena galarazten diete”.

“Esklabotzatik gertu” daude etxeko langileak, eskubideak bermatuta ez daudelako. Hori izan zen behin eta berriz errepikatu zen ideietako bat.

Demagun, etxe barruko esparruan galdetu beharrean, fabrika batean galdetu dietela langileei zenbat aldiz garbitu dituzten hortzak edota norekin izan dituzten sexu harremanak: grebak leudeke, eta hotsandiko lerroburuak egunkarietan. Baina gai honetan, berriz, ez da halakorik gertatzen.

Larriak dira datuak, feminizatutako sektorea da etxeko langileena: %95 dira emakumeak, hain zuzen ere; horietatik asko migratzaileak eta paperik gabekoak dira, gainera. Zenbatekoari dagokionez, Nafarroan, soldatapeko 9.000 etxeko langile inguru daudela uste dute adituek. Kopuruak, baina, dantza zehaztugabea baino ez dira. Gizarte Segurantzan izena emanda ere, langabezia saririk ez dago, ez dute kotizatzen beharko luketen guztia, hitzarmen kolektiborik ez da, eta, gaixo agiria eskatuta ere, berandu has daitezke legokiekeena jasotzen —bederatzigarren egunetik hasi beharko lukete ordainsaria kobratzen, eta hori legearen arabera—.

Ertzek, gainera, are ertz gehiago dituzte. Bazterrak bazterrik ez du faltan: egoiliar aritzen direnak, alegia, etxeetan daudenak ia 24 orduz 7 egunez. “Batzuetan, kobratu egiten diete etxean lo egiteagatik, eta nagusiek behartzen dituzte haienean bizitzera! Lanaldia ez dago arauturik, ez gaueko ordutegia, ez intimitaterako eskubidea…”. Zorrotz mintzatu da Quintana: “Familia batzuek etxeko langileak uzten dizkiete elkarri, sukaldeko irabiagailua balira bezala!”.

“Behin baino gehiagotan, lapurretaren aitzakia erabiltzen dute nagusiek, eta, hala, kaleratuz gero, etxeko langileek ezin dute deus exijitu”. Legearen aurrean zeinek izanen du irabazteko aukera handiagoa, kontraturik ez duen etxeko langile emakume (agian migratzaile) batek ala etxeko nagusiek? Bada, atera kontuak.

Orain, Gabonetako alde iluna. Zuk gozatzen duzu, haiek lan egiten dute izenburupean, etxeko langileen inguruko jardunaldiak antolatu ditu La Rebelde Nafarroako Etxeko Langileen Eragileak.

Bihar bertan, larunbatarekin, Etxeko lana, XXI. mendeko esklabotza hitzaldia izanen da Katakraken, hiru kolektiboren eskutik. Eta 22an, kalera ateratzeko deia egin dute: elkarretaratzea eginen dute. Guk mugitzen dugu mundua leloa izanen du pankartak.

Eta zuk etxeko lanak egiten dizkizun inor ba al daukazu? Soldatapean?