Iritzia: Zakila edo bulba

Jon Barberena

Hamar urte iragan izanen dira Thomas Laquerren La construcción del sexo. Cuerpo y género desde los griegos hasta Freud leitu nuenetik. Gaur, egunkarian ikusi dudan autobus ñabar batek alarmaturik, apalategia miatu eta berriz ere begi aitzinera ekarri dut liburua. Bertan nabarmentzen da XVII. mendera artio sexu bakarraren teoria nagusitzen zela gizartearen pentsamenduan. K.a III. mendean, Aristotelesek erraten zuen oposizioan zeuden bi gorputz zirela gizonarena eta emaztekiarena, baina funtsean sexu bakarra osatzen zutela. II. mendean ere, hari berari tiraka zebiltzan orduko pentsalariak, eta emaztekia oinarrian gizona zela azpimarratzen zuten. Emaztekiaren organo genitalak garatu gabe omen zeuden bero faltagatik eta, beraz, gizaki perfektua gizona zen haiendako, eta inperfektua emaztekia: “Organo berdinak dituzte, baina okerreko tokian, hain justu”.

Gizonak genituen pentsalariak, gizonak agintariak eta gizonena pitokeriak errateko aukera eta lizentzia. Sexua gaur egun ezagutzen dugun gisara, XVIII. mendean asmatua izan zen. Hau da, sexu bakarraren eredutik, bi sexuen eredura pasatu ginen. Ordutik aitzin, sinpletasunean oinarriturik antolatu nahi dugu gure gizarte konplexu bezain anitz hau. Sinpletasuna bilatzen dugun gizaki sinple bihurtu gara. Gizartea ordenatzeko, orokorrean, dikotomizatzeko joera daukagu. Horrelakoetan bi mutur marrazten ditugu: emaztekia- gizona, femeninoa-maskulinoa, heterosexuala-homosexuala, zuria-beltza…

Sexu biologikoak (sexu organoak) markatzen du dikotomia hau. Hau da, hauen arabera gizonezkoak edo emaztekiak izanen gara eta portaera maskulinoa edo femeninoa barneratuko dugu eta hauei atxikitako rolen menpe biziko gara. Sexu organoek markatzen dute gure portaera, eta kontrako jarrerak baztertu egiten dira. Baztertu eta maiz eritasun gisa hartu. Hazte Oir plataforma ultrakatolikoak martxan paratu duen autobus ñabarrak honako mezu hau hedatu du: “Mutikoek zakila dute. Neskek, alua. Ez zaitzatela engaina. Gizona bazara, gizona zara. Emaztekia bazara, hori izaten segituko duzu”. Mundua antolatzeko modu sinplea bulkatzen duen leloa. Baina antolamendu dikotomiko eta sinple honek ez ote du pertsona batzuen bizitza korapilatzen eta nahasten? Deus ez dute balio ispiluek, kanpoaldeak barnealdea islatzen ez badu; oraindik gutiago balio dute aurpegiko bi begiek antolamendu huts honen arauetan itsu daudelarik. Nahiz eta mendeetako antolamendu sinple hau batzuek barneratua izan eta egun den-dena begiekin epaitzen den, ozen aldarrika dezagun badaudela zakila duten neskak eta bulba duten mutikoak. Transgenero kontzeptua barnera dezagun. Transgeneroa sozialki paratutako bipolaritate sistemarekin eta genero oposizioarekin eroso aurkitzen ez den pertsona da. Gauzak multzokatu beharrean, identitate indibidualak eta sentipen indibidualak har ditzagun kontuan; sinpletasuna, konplexutasuna bihurtuz. Genitalek markatzen dituzten portaeretatik haratago joan beharra dago. Dikotomiak hautsi behar dira, norberaren identitate pertsonalari eman behar zaio garrantzia.

Harridura ikurrekin edo gabe, laranja, morea edo gorria… Berdin zaigu. Guk zuri-beltzean ikusten dugu zuen autobus deigarria, urteetan gizonek asmatutako arau sinple eta baztertzaileek ez baitituzte itsutu gure begi kritikoak.