Arazo gero eta gordinagoa

Arazo gero eta gordinagoa

Kattalin Barber

Urteko lehen 24 egunetan hiru harrapaketa izan dira Nafarroan: hiru oinezko hil dituzte beste hainbeste ibilgailuk. Harrapaketa horietako bi Iruñean gertatu dira, eta hirugarrena, berriz, Azagran. Datuekin larriturik, “lehenbailehen” neurriak hartzeko eta oinezkoen pasabideen segurtasuna hobetzeko beharra nabarmendu du Armando Cuenca Iruñeko Udaleko Mugikortasun Iraunkorreko zinegotziak.

“Hausnarketa egin beharra dugu. Hildako gehienak egoki ari ziren kalea gurutzatzen, eta, era berean, kasu gehienetan, gidariak ere ongi ari ziren”, azaldu du zinegotziak. Arazoa “sakona” dela eta “ertz asko” dituela esan du. Iruñeko Ezkaba eta Txantrea auzoetan jazo dira azken ezbeharrak. Hilaren 23an, Kanalea kalean, autobus batek aurrean eraman zuen 63 urteko antsoaindar bat, zebra bidea behar bezala gurutzatzen ari zela. Urte hasieran, gainera, Txantrean, 90 urteko gizon bat harrapatu zuen auto batek, beste zebra bide batean, Mendigorria kalean. Azken kasu horretan, baimendutako alkohol tasa laukoiztu zuen gidariak.

“Kalea oso zuzena da, eta sei zebra bide daude jarraian; horietako hainbatek kuxin berlindarrak dituzte, baina ez dira nahikoak. Zebra bide goratuak jarri daitezke”, esan du Cuencak. Era berean, aitortu du gidaria edanda zegoela, baina kalea “azkar joateko” egina dagoela. Koska dago adinean: 60 urte baino gehiago zituzten oinezko gehienek. “8-80 hiria beharrezkoa dugu. Helduak zaindu behar ditugu, haiek izaten baitute kalte gehien istripuetan. Edozein heriotza onartezina da”. Adin guztietakoentzat segurua den hiria du helburu Cuencak.

Azken urteotan, autoek harrapatuta hildakoen batezbestekoa igotzen ari dela jakinarazi du. Datuek erakusten dute arazoaren neurria: “2016. urtetik, gora egiten ari da istripuen kopurua. Aurretik, batez beste urtean 2,5 pertsona hiltzen ziren autoek harrapatuta. 2016. urtean, berriz, heriotza eragin zuten lau harrapaketa gertatu ziren; 2017an bost izan ziren. Eta hasi berri dugun urtean dagoeneko bi izan ditugu hiriburuan”. Krisi ekonomikoaren eraginez, autoen erabilerak behera egin zuen 2009an; urte hartan, hildakorik ez zen izan Iruñean.

Hainbat arrazoi eman ditu Cuencak istripuen igoera azaltzeko. Alde batetik, joera hori dela dio: “Espainia osoan igotzen ari da oinezkoen harrapaketen kopurua, eta, Iruñeak ez badu zerbait desberdina egiten kopuru hori ez igotzeko, normala da horrelakoak jazotzen jarraitzea”. Igoera hori azaltzeko arrazoia edo gako nagusia jarduera ekonomikoan dago, zinegotziaren ustez: “Jarduera ekonomikoak gora egiten duen heinean, joan-etorriak areagotzen dira, eta, ondorioz, istripu gehiago gertatzen dira”. Arriskuak gora egiten du.

Ez dio erantzukizunik kendu Iruñeko Udalari, halere. “Neurriak hartzen ari dira, argi dago, baina, gure ustez, ez da nahikoa. UPNk bere garaian hartu zituen ia neurri berak hartzen ari da Iruñeko Udala, eta, hortaz, ez badugu beste ezer egiten, istripuak izaten jarraituko dugu. Tristea da, baina hori da espero duguna”.

Arreta kaleen diseinuan

Cuencaren arabera, kaleek “abisua” ematen dute. Adibideak jarri ditu: Iruñean badaude kale “arriskutsuak”, horietan gertatu baita istripu gehien. Joan den astean emakume bat hil zen Ezkabako Kanalea kalean, eta azken zortzi urteotan zortzi harrapaketa egon dira han —batean biktima hil zen—. “Horrek zerbait esaten digu; argi dago hor neurriak hartu behar zirela”.

Neurri eraginkorren alde egin du zinegotziak, eta hiriaren zirkulazio aldaketak aipatu ditu. “Segurtasun neurriak ezinbestekoak dira, baina, horrez gain, uste dugu bestelako esku hartzeak ere oinarrizkoak direla: Hirigunea Atsegin Egiteko Planaz eta Pio XII.aren etorbidean eginen den aldaketez ari naiz”. Datuak eman ditu: 2006tik 50 istripu egon dira Pio XII.aren etorbidean. Horietako batean, auto batek hil zuen oinezko bat. “Badakigu esku hartzen badugu istripuak murriztuko direla”.

Iruñeko etorbidea berrantolatu nahi du udalak, eta oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei lehentasuna eman, egungo sei errailak murriztuta. Halere, zenbait sektoreren haserrea piztu du planak. “Auto gehiago baldin badago, aukera gehiago egonen dira harrapaketak izateko”.

Horregatik, Cuencaren proposamena da hiri espazioan dauden autoen kopurua murriztea, edo, behintzat, abiadura murriztea. “Orain arte egindako neurri guztiekin jarraitu behar dugu, baina, horrez gain, lan ildo argia izan behar dugu: autoen erabilera murriztea”.

Banaketa modala jo du arazoaren jatorritzat. Garraio mota ezberdinak daude eskura, eta, gizabanakoen beharren arabera, bat edo beste aukeratzen dute mugitzeko. “Kaleek seguruak izan behar dute oinezkoentzat. Autoari espazioa kentzen badiogu, atsegin egiten ari gara, eta, aldi berean, seguruagoa”. Kaleen diseinuan erreparatu du Cuencak beste behin. “Gehienetan, istripuak gidariaren hutsegite baten ondorioz gertatzen dira. Horren aurka ezer gutxi egin dezakegu, eta, isunak jartzen ditugun arren, gertatzen dira. Baina kaleen diseinuan bai, eragin dezakegu”. Horregatik, haien helburua zero ikuspegia ezartzea da, istripuak zero izan daitezen.

“Ezin dugu ikusi biktima bat ustekabe baten gisan; arrazoi zehatzak ditu: kaleen diseinua. Eta kaleen diseinua aldatzeko, giza baliabideak eta inbertsioak behar ditugu. Horixe eskatzen dugu”. Berriki jakinarazi du udalak zebra bideen egoera eta segurtasuna ikuskatuko dituela. Hain zuzen ere, 3.000 zebra bide inguru ikuskatuko dituzte segurtasuna handitu nahian. Ikastetxeetatik gertu daudenetatik hasiko dira. Horrez gain, ehun neurri baino gehiago hartu zituen Iruñeko Udalak iaz oinezkoen segurtasuna hobetze aldera. Argiztapena, zebra bideak goratzea, ikusgarritasuna handitzeko neurriak hartzea eta gisako bestelako neurri batzuk izan dira orain arte hartu direnak.