Ardura onartu eta jarrera hartzeko garaia

Ardura onartu eta jarrera hartzeko garaia

Edurne Elizondo

Ez da erraza izan. Eta aitortu du, oraindik ere, urduri sentitzen dela egindako urratsa egin eta gero. Baina ez da damutu. Argi du “eman beharreko” pausoa zela jendaurrean agertzea: “Indarkeria matxista da lanpostuan gertatzen den sexu jazarpena; hagitz auzi larria da. Sufritzen duena txikitu dezake, eta ondorio hagitz larriak eragin. Enpresek, sindikatuek eta administrazioak duten ardura onartu behar dute, behingoz, eta jarrera hartu, gertatzen ari denari aurre egiteko”.

Ederki ezagutzen duen errealitate bati buruz ari da Mari Jose Lekuona, eta errealitate hori mahai gainean eta agerian uzteko erabaki du bere kasuaren berri ematea. 1998tik 2016ko abendura, TRW enpresan aritu zen —orain, ZF multinazionalaren esku dago—. 2016an, erregulazio txosten baten ondorioz, 124 langile geratu ziren kalean. Lekuonak bere burua aurkeztu zuen enpresa uzteko. “Niretzat, kaleratze traumatiko bat izan zen. Ez nintzen joan hala nahi nuelako, gertatu zenak behartuta baizik: nagusi baten sexu jazarpena sufritu nuelako alde egin nuen”. Langabezian da orain.

Jendaurrean agertzea erabaki du Lekuonak, eta jendaurrean azaltzea lanpostuan sufritutakoa. Ez duelako bertze inor bere tokian egotea nahi. Sexu jazarpenaren inguruko zigorgabetasuna amaitzea nahi duelako, behingoz. Hori lortzeko, egun gaizki direnak konpondu behar direla erran du, argi eta garbi; bere kasuan huts egin zutenak zuzendu, alegia.

Batetik, enpresak ustez zuen zero tolerantziaren politikak huts egin zuela uste du Lekuonak; bertzetik, sindikatu gehienen jarrerak huts egin zuela, auzia “bazter uzteko” eskatzeagatik. Administrazioak ere ez zuen neurria eman, Lekuonaren hitzetan, adituek egindako lana kontuan ez hartzeagatik. “Oro har, esparru guztietan, sexu jazarpenaren auzia tratatzeko prestatutako jendea falta da; eta dauden adituei, Lan Osasunaren Institutuko profesionalei, adibidez, ez diete kasurik egiten”.

“Ez naiz bakarra; nire enpresa ez da bakarra”. Azken egunotan jaso duen mezu bat aipatu nahi izan du Lekuonak. Lanpostuan sexu jazarpena sufritu duen bertze emakume batek bidali dio. “Hunkitu nintzen irakurri nuenean”, aitortu du. “Ongi egin dudala erakutsi dit mezu horrek”. Jendaurrean agertzeko urratsa eginez, hain zuzen ere, mezua bidali dionari eta egoera berean diren bertze emakume guztiei erran nahi izan dielako Lekuonak ez daudela bakarrik.

Eragina egunerokoan

Oraindik ere kosta egiten zaio gertatu zenaz hitz egitea. Sufritutakoak egunerokoan eragin dio. “Zaila egiten zait kontzentratzea, eta gaizki egiten dut lo”. Enpresatik atera eta gero, denak berdin jarraitzen duen sentsazioak eragin dio minik handiena, halere. Horregatik erabaki du kontatzea. Kostatzen zaion arren. Zerbait aldatu nahi duelako.

“2010. urteko uda baino lehen hasi zen dena. Behin, lanean ari nintzela, nigana hurbildu, eskuetatik heldu, eta nirekin afaltzeko irrikan zela erran zidan”. Lekuonak aitortu du hasieran saiatu zela bere senak erraten ziona bazter uzten. “Gaizki ulertu nuela pentsatu nahi izan nuen; ezin zela izan susmatzen nuena”. Halere, saiatu zen nagusiarengandik urruntzen. “Pasabideetan ikusten nuenean, bertze alde batera begiratzen nuen nik. Ez nuen harengandik hitz bakar bat ere jaso nahi”.

Nagusiak, ordea, bere jarrerari eutsi zion. “Bertze behin, atzetik heldu ninduen, eta belarrira hitz eginez erran zidan morboa nuela. Ni ezin mugitu gelditu nintzen”. Lekuonaren helburu nagusi bilakatu zen nagusiarengandik ahalik eta gehien urruntzea, eta, batez ere, harekin bakarrik ez gelditzea. Horregatik, txanda eta postu berean egotea egokitu zitzaien aldi batean, nagusiarekin bakarrik egoteari uko egin zion Lekuonak. Orduan egin zuen eztanda egoerak. “Enpresako sindikatu bateko kide bati erran nion zer gertatzen ari zen”.

Enpresako giza baliabideetako arduradunarengana jotzea izan zen hurrengo urratsa. Pauso hori eman eta gero hasi zen gertatzen ari zena lantokian zabaltzen. “Ez nuen nik erran. Nire nagusia hasi zen auziaren berri zabaltzen, errealitateari buelta emateko asmoz”.

Salaketa ezagutu zutenean, lankideen jarrera aldatu egin zela nabarmendu du Lekuonak. “Ni bazter uzten hasi ziren ordura arte lagun izandako lankideak”. Lekuonak gogoratu du bere nagusia zela hark enpresan salatutakoa. “Botere harreman bat zegoen gure artean, eta boterea, noski, haren esku zegoen”.

Hasieratik eutsi dio salatutakoari Lekuonak, beti, enpresan. Horregatik, berak eskatuta egin zuten Lekuonak eta nagusiak bilera giza baliabideetako arduradunarekin, 2010eko urriaren 19an. “Nagusiaren aurrean berretsi nuen aurretik salatutakoa”. Urrats hori egin eta gero, gaixo agiria hartu behar izan zuen Lekuonak. “Ezin nuen gehiago. Enpresako mediku zerbitzura jo behar izan nuen. Han ere azaldu nuen, argi eta garbi, zer gertatzen ari zitzaidan”.

Lekuonak argi du enpresak ez duela batere ongi kudeatu bere auzia. Nagusia salatu zuenean, enpresak berdintasun planik ez zuen. “Gerora egin zuten. Langileek, halere, ez zuten haren berri jaso. Tiradera batean gordeta dagoen plan batek ez du deusetarako balio”.

Enpresak erabaki bakarra hartu zuen Lekuonak salatutako jazarpenari aurre egiteko: txandak aldatu zituzten, lantokian bat egin ez zezaten. Egun batean elkarrekin aritzea egokitu zitzaien arte. “Ezin nuen sinetsi”. Bigarrenez hartu behar izan zuen gaixo agiria.

Etsita dago Lekuona enpresak erakutsitako jarrerarekin. Are gehiago sexu jazarpena jaso duen langile bakarra izan ez dela jakin zuenetik. “Nire salaketa aurkeztu eta gero, bertze langile batek jo zuen giza baliabideetako arduradunarengana, hark ere nagusi berarengandik sexu jazarpena sufritu zuela salatzera. Enpresak ez zuen kontuan hartu”.

Lan Ikuskaritzara eraman zuen Lekuonak bere auzia. Gogoan du lehendabiziko ikuskatzailearekin egindako aurreneko bilera. “Nire egoeraren berri eman eta gero, gaztea eta ederra nintzela erantzun zidan. Zur eta lur gelditu nintzen”. Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko kideen artean jaso zuen Lekuonak hain beharrezkoa zuen babesa. Iñaki Moreno lan medikuak sinatutako txosten batean aipatzen da Lekuonak eskatu ez zituen sexu izaerako adierazpenak jaso zituela, eta adierazpen horiek langilearen duintasunari eragin ziotela. Lekuona “beldurtuta” sentitu zela jasotzen du txostenak, halaber. Aitortzen du, azkenik, “langileak sufritutako sexu jazarpenaren larritasuna” zehazteko behar adina informaziorik ez duela.

Txosten horretan lan ikuskariaren ikerketa ere aipatzen da, eta nabarmentzen da salaketa jaso zuen gizonak ikuskariaren aurrean onartu zuela Lekuonari erran zizkiola hark salatutakoak. Ikuskariak egindako txostenak erraten du nagusiaren jarrera ez zela egokia izan, eta errespeturik eza erakutsi zuela. Jazarpen hitza ez du erabiltzen, ordea.

“Nik sumatu dut, batez ere, sexu jazarpenaren auzian esku hartu behar dutenak ez daudela batere trebatuak. Formakuntza falta da”. Sindikatuetan ere bai, Lekuonak nabarmendu duenez. Esparru horretan, halere, bertzelako elementuak nahasten direla salatu du, eta “hagitz larritzat” jo du haietako batzuen jarrera. Enpresan gehiengoa zuen sindikatuko arduradunengana jotzea erabaki zuen langileak ez du izena aipatu nahi izan, sumatu edo sentitu zuelako auzia ixteko moduan ezagutzen zituenak baino elementu gehiago bazirela. Lan hitzarmenaren negoziazioa zegoen tartean, hain zuzen ere. “Nire auzia negoziatzeko elementu bilakatu zuten”.

Bertze hainbat sindikatutara ere jo zuen Lekuonak. “ELAn erran zidaten hobe nuela auzia bazter utzi, ez nuelako deus lortuko”. LAB sindikatuaren egoitzan, berriz, Miren Conde aurkitu zuen. “Aingeru baten modukoa izan da niretzat. Ez zidan deus agindu, baina borrokatzeko prest agertu zen”. Harekin egin zuen sufritutakoak enpresatik Lan Ikuskaritzara eramateko bidea.

Bertze hainbat pertsona izan ditu ondoan; enpresa barrukoak, bai eta kanpokoak ere, eta denei eskertu die babesa. Andrea elkarteko kideei ere bai. Haiekin batera agertu zen, lehen aldiz, jendaurrean, bere esperientzia kontatzeko. Lekuonaren kasuaren bidez, hain zuzen ere, sexu jazarpenaren eta jazarpen sexistaren arazoaren larritasuna utzi nahi izan du agerian Andreak. Elkarteak argi du Lekuona ez dela bakarra, eta, hark bezala, gizarte osoaren esku hartzea eskatu du, egoerari aurre egin ahal izateko.

Nazioarteko kanpainak

Agerraldia egin eta gero, sexu jazarpena sufritu duten bertze hainbat emakumeren berri jaso du Lekuonak. Izan ere, gero eta andre gehiago ari dira pairatutakoa jendaurrean salatzen. Ez hemen bakarrik. Nazioartean gora egin dute salaketek, azken hilabeteotan. AEBetan, zinemaren arloan gertatutako sexu jazarpena dago jomugan. Gai horri buruz idatzi du Clara Timonel adituak, berriki, Pikara Magazine hedabidean. “Abusua da #MeToo leloaren ekintzaileek salatu dituzten dinamiken gakoa. Sexuarekin eta desioarekin lotutako aitzakien atzean boterea dago”.

Timonelek erantsi du lan esparru guztietan gertatzen direla sexu jazarpenaren bidez adierazten diren botere dinamika horiek. “Sektore kualifikatuetan ere, emakumeek gutxiengo bat osatzen duten horietan, batez ere, misoginia ohikoa da, eta hamaika moduz azaltzen da”. Adituak gogora ekarri du AEBetako zinemaren arloko kanpainari Frantziatik eman dioten erantzuna: manifestua sinatu dute ehun artista inguruk, #MeToo mugimenduaren kontra. Hollywoodeko aktoreen “puritanismoa” salatu dute.

Frantziako manifestu horren sinatzaileen soslaiari erreparatu dio bertze egile batek: “Ehun sinatzaileetatik ehun dira emakume txuriak, eta pribilegiozko egoera batean direnak”, erran du Mona Eltahawyk. AEBetako #MeToo kanpainarekin bat egin duten aktoreak ere maila jakin bateko emakumeak dira. Timonelek bere testuan gogora ekarri du jatorrizko #MeToo kanpainaren sortzailea Tarana Burke ekintzaile feminista beltza izan zela. Sexu jazarpenaren eta bazterketaren aurkako tresna gisa sortu zuen 2006an. Arlo horretan, eta gainerako guztietan, ezin bazter daitekeen errealitatea da elkar gurutzatzen diren zapalkuntzena.