“Belaguara joateari utzi nion aterpea itxi zutenean; tristea zen”

“Belaguara joateari utzi nion aterpea itxi zutenean; tristea zen”

Edurne Elizondo

Mendia izan da, eta bada, Paquita Bretosen bizitzako ardatz nagusietako bat (Pasaia, Gipuzkoa, 1927). Kontrabandoan aritu zenean zaletu zen. 1936ko gerrako eta ondorengo urteak latzak izan ziren Bretosentzat. Aita fusilatu zuten, eta ama, berriz, preso eraman. Mendiak eman dio haizea.

Kontent zaude Belaguako aterpea berritzeko lanekin?

Aterpea itxi zutenean, Belaguara joateari utzi nion, hagitz tristea zelako eraikina utzita ikustea. Beraz, orain hagitz kontent nago. Gauza handia izan da niretzat jakitea zabalik izanen dela, berriz ere. Nik jada ezin izanen dut anitzetan joan, baina goza dezatela bertze mendizaleek. Pozgarria da hori.

Zer da zuretzat aterpe hori?

Anitz. 1971. urtean inauguratu zuten. Egiten ari ziren bitartean, igandero joaten ginen senarra eta biok. Hasieran, asmoa zen bertze toki batean egitea, beheko aldean. Errepiderik ez zegoelako. Baina Izabatik Belaguara igotzeko errepidea eginen zutela jakin eta gero, bide bazterrean egitea erabaki zuten. 1993. urtean, moldatu eta gero, berriz ireki zuten, eta urte hartan, nire senarra zenaren izena jarri zioten aterpeari, Angel Oloron. Guretzat, beti izan da toki berezia.

Mendizale anitzentzat ere bai, ezta?

Nik uste dut baietz, baduela zerbait berezia mendizale guztientzat. Goitik ikusten baduzu, aterpeak kanpin denda baten itxura du. Europatik eman dute orain aterpea berritzeko dirua, eta jarri duten baldintza horixe izan da, eraikinak bere itxura horri eutsi behar diola. Itxura horrek bakar bilakatzen du Belaguako aterpea, eta ez dute galdu nahi.

Noizkoa duzu mendizaletasuna?

Kontrabandoan aritzen nintzen garaikoa. Amarekin hasi nintzen. Kintoan aritzen ginen. Galtzerdiak eta gisakoak pasatzen genituen. Iheslariak ere laguntzen genituen muga pasatzen, errepresioari ihes egin ahal izateko. Lehen aldiz aritu nintzenean tabakoa pasatu nuen. Gogoan ditut ordukoak!

Zer gertatu zen?

Tabakoa nire gorputzera lotu, eta beroki batekin tapatu nuen! Tabakoaren usaina ikaragarria zen!

1936ko gerrakoak eta ondorengoak urte latzak izanen ziren, ezta?

Hagitz latzak. Aita fusilatu egin zuten. Trujillon hil zuten. Ama hil eta gero, senarrarekin joan nintzen haren hilobia ikustera. Aranzadiko Paco Etxeberriarekin joan nintzen. Ama ere espetxean sartu zuten, 1936ko gerra piztu zenean. Ondarretan egon zen preso. Nire ama maistra zen. Baina Iruñean ez zuen inoiz lanik aurkitu, ez zelako karlista. Haren ama bazen, karlista amorratua. Ama, berriz, komunista. Ardanatzen izan zen nire ama maistra, 1919an.

Gero Pasaiara joan zen?

Aitak Luzuriagan egiten zuen lan, Pasaian. Ama Pasaiara joan zen bizitzera, ezkondu zenean. Maistra zenez, harengana joan ziren, hauteskundeetara aurkezteko, eta Fronte Popularreko zinegotzi hautatu zuten, 1936an.

Zenbat denbora izan zuten preso zure ama?

Ia bi urtez egon zen. Saiatu ziren ni umezurztegian sartzen. Espetxetik atera zenean, ez zuen bere amarengana joan nahi, karlista amorratua zelako. Ez zioten Pasaiara itzultzen utzi, eta horregatik etorri zen Iruñera. Aske zegoen, baina baldintzapean. Ni amonarekin egon nintzen ama kartzelan egon zen bitartean. Gorriak pasatu nituen. Nik bederatzi edo hamar urte baino ez nituen ama preso hartu zutenean. Senarrak erraten zidan, bizi izandako esperientzia gogorren ondorioz, inguratzen nauenari so egiteko gaitasun handia dudala. Lehen ez nuen anitz hitz egiten, ezin nuelako. Begiratu bertzerik ez nuen egiten.

Mendian hasi zinenean, emakume gutxi aritzen ziren?

Bai. Ni lau lagunekin ateratzen nintzen mendira, guztiak gizonak. Behin, zeharkaldi bat egin genuen, eta Lekunberrin amaitu genuen bidea. Han ezagutu nuen Angel, gero nire senar bilakatu zena. Emakumeok ezin ginen tabernetan sartu. Kanpoan gelditu behar nuen, eta lagunek atera behar zidaten edan nahi nuena. Angelek bete zidan kantinplora behin, eta horrela ezagutu genuen elkar. Orhi mendira joan ginen, utzi zigutenean.

Zergatik ezin zineten joan?

Mugan ziren mendietara ezin ginen joan, guardiek ez zuten uzten. 1947an-edo, lehendabizikoz izan nuen aukera joateko. Iruñean autobusa hartu genuen. Nire lagunek Angeli eskatu zioten ni autobus geltokira laguntzeko, goizean goiz atera behar genuelako, 06:00etan edo. 1953. urtean ezkondu ginen. Ez genuen bestarik egin. Goizean, 07:30ean ezkondu ginen! Mendiko lagunekin, amarekin eta nebarekin hamaiketakoa egin genuen gero, Baztan tabernan. Horixe izan zen gure ezkontza.

Mendiko giroa anitz aldatu da?

Aldatu da anitz, bai. Ni hasi nintzenean, gogoan dut galtza-gonarekin joaten nintzela mendira. Pentsa, orain inork ez luke horrelakorik eginen! Behin, galtza-gona eta galtzerdiak jantzi nituen, baina mendian elur anitz zegoen, eta gorriak pasatu nituen. Amak erran zidan hobe nuela galtzak jantzi mendira joateko, eta halaxe egin nuen, azkenean.

Pirinioa ederki ezagutu duzu.

Bai. Astero ibiltzen ginen. Angelekin ere, hamaika txango eginak ditut. Pirinio guztiak zapaldu ditut. Gero, 50 urterekin, Montblanc ere igo nuen. Ikurrina txiki bat eraman genuen gailurrean jartzeko. Eguraldi txarra izan genuen.

Asteburuan, mendia. Eta aste egunetan?

13 urte nituenean hasi nintzen lanean, ezkondu arte. Gortari etxean aritu nintzen, dendari. Galtzerdiei puntuak hartzen nizkien, gainera. Ezkondu ginenean, ama gurekin etorri zen bizitzera. Oraingo etxea erosteko, lanean hasi nintzen, berriz ere, Kcikers etxean. Horri esker badut egun dudan pentsioa. Kontua da Gortari etxean ez nintzela hasi kotizatzen lanean hasi eta berehala, baizik eta bikotea izan nuenean. Horren berri gero izan nuen!

Mendia ez duzu utzi. Gozatzen segitzen duzu?

Bai. Mendia maite dut, eta lagunekin jarraitzen dut joaten. Ez dut lehengo gaitasuna, baina oraindik banaiz mendian ibiltzeko gai. Eta maite dut. Oraindik ere gai gara ezagutzen ez genituen txokoak ezagutzeko. Toki zoragarri anitz ditugu inguruan. Urbasa eta Andia artean, adibidez, mila urteko harizti bat dago. Sei emakumeren artean ere ez gara gai zuhaitz horietako batzuen enborrak besarkatzeko. Toki zoragarria da. Hori da mendiak duen ederrena. Igandero ateratzen naiz. Zortzi edo hamar kilometro inguruko txangoak egiten ditugu.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku