“Galerei aurre egiteko, etengabe egokitu behar dute zaharrek”

“Galerei aurre egiteko, etengabe egokitu behar dute zaharrek”

Edurne Elizondo

Oraingo zahartze prozesuak ez dira lehengoak. 65 urteko pertsona batek erretiroa hartzeak ez du erran nahi aktibo izateari uzten dioenik. Hori nabarmendu du Tania Camino Sanchez psikologoak (Gasteiz, 1981). Zaharrek behar bereziak dituztela erantsi du, eta erantzuna eman behar zaiela. Horretarako dute talde berezia Nafarroako Psikologoen Elkargoan.

Zahartze prozesuak artatzeko taldea baduzue elkargoan. Behar bereziak daudelako?

Taldea duela hainbat urte sortu zen, psikologoak hasi ginelako bat egiten zaharrak artatzen dituzten zentroetako gainerako langileekin. Zahar etxeetan eta eguneko zentroetan lanean hasi ginenean, ohartu ginen bazirela erantzunik ez zuten beharrak. Horregatik erabaki zen taldea osatzea; behar horiei erantzuten hasteko, eta, aldi berean, zaharrekin lan egiten dugun psikologoen arteko elkarlana eta gogoeta bultzatzeko.

Zeintzuk dira zaharrek dituzten behar berezi horiek?

Zaharrentzako egoitzetan eta eguneko zentroetan aritzen garenok artatzen ditugu, batez ere, narriadura kognitiboa dutenak. Kasu horietan, gure lana da kaltearen ebaluazioa egitea, zer gaitasun landu behar den zehazteko, eta, horrekin batera, pertsona horrekin lan egiten duten gainerako profesionalekin aritzen gara, zaharrok nola artatu lantzeko.

Kasu zehatz horietan, etxetik kanpo egoteak ere eraginen die, ezta?

Bai. Elementu anitzek eragiten diete, eta hori kontuan hartu behar da. Horregatik sortu genuen taldea. Zaharrek galera anitzi egin behar diete aurre: gaitasunak galtzen dituzte, etxetik atera behar izaten dute anitzek, lagunak hiltzen joaten dira… Erretiroak ere badu eragina. Fase berri batera egokitzeko beharra dute. 65 urte baino gehiago badituzu, gizarteak zahartzat hartzen zaitu, eta inork azaldu ez dizkizun aldaketak gertatzen hasten dira zure inguruan. Galera horien aurrean egokitzen joan behar dute, etengabe. Eta hori egiteko laguntza da, anitzetan, eskatzen dutena.

Egungo gizarte ereduan, lanik egiten ez duenak ez du balio?

Lanarekin lotuta dago identitatea, neurri handi batean. Estereotipo anitz dago indarrean, oraindik ere, eta zahartzaroa lotzen da ahultasunarekin. Kontua da gaur egun 65 urte dituzten pertsonak hagitz aktiboak direla, kasu anitzetan; hamaika gauzatan aritzen dira. Zahartzea ez da lehen zen prozesu bera, jada. Ondorioz, artatu behar dugun sektorea ere aldatzen ari da, eta kontua ez da bakarrik narriadura kognitiboa dutenak artatzea.

Erraza da 65 urte baino gehiagoko horiek psikologoengana jotzea laguntza bila?

Gure inguruan ere estereotipo anitz dago indarrean, oraindik ere, eta gazteentzat ere zaila izaten da guregana jotzea. Guk zaharrak artatzen ditugu, batez ere, haientzako egoitzetan, eta, ondorioz, erraz hartzen gaituzte, artatzen dituzten profesionalen artean bertze bat garelako, finean.

Zure ikuspuntutik, nolakoa da zaharrekin egiten duzun lana?

Niretzat hagitz aberasgarria da. Gertutasun handiko pertsonak dira. Finean, egunero ikusten dugu elkar, eta zuregana jotzen dute hitz egiteko, edo gauzak egiteko. Esker onekoak dira; esperientzia hagitz aberasgarria da.

Hilaren 15ekoa izan da zaharren aurkako tratu txarrei aurre egiteko eguna. Sektore bereziki zaurgarria da haiena?

Bai. Eta hori da agerian utzi nahi dena egun horren bidez. Tratu txarrak ikusezin dira, oraindik ere, neurri handi batean, baina are gehiago zaharren artean. Tratu txar horiek familia artean gertatzen dira, batez ere. Halere, datuak falta zaizkigu, auzia ez baita behar bezala ikertu, oraindik ere. Kasu anitzetan arazoa da zaharrak ez duela behar bezalako arreta jasotzen zaintzailea erreta dagoelako, eta ez dakielako aurrean dituen egoerak ongi kudeatzen. Ohartu gara tratu txar ekonomikoa ere gertatzen dela.

Nola, zehazki?

Krisiak eragin zuen lana galduta anitzek gurasoengana itzuli behar izatea bizitzera, eta halakoetan gertatzen da, anitzetan, gurasoen dirua gastatzen dutela seme-alabek. Halako egoerak agerian uztea hagitz zaila da. Noski, gurasoek ez dute seme-alaben aurka egin nahi, baina gehiegikeriak gertatzen dira.

Zaila da datuak lortzea?

Bai. Gu saiatu gara, galdeketa egin dugu Nafarroako gizarte langileen artean, eta haiek argi eta garbi erran digute zaila dela 65 urte baino gehiagokoen etxeetara sartzea, beren errealitatearen berri zehatza jasotzeko. Gehienetan, mendekotasun bat dagoenean badute etxe batean gertatzen denaren berri, halabeharrez sartu behar dutelako, han bizi dena artatzeko. Guk uste dugu beharrezkoa dela auzi hau mahai gainean jartzea.

Emakumeak egoera bereziki zaurgarri batean daude?

Datuek diote baietz. Emakumea bikotekidearen menpe egon bada arlo ekonomikoan, adibidez, arriskuak gora egiten du. Oraindik ikerketa lan handia bada egiteko, halere.

Zaharren egoitzetan eta zentroetan zein da egoera?

Hemengo ereduak antz handia du ospitale bateko zerbitzuekin, eta gertatzen da beti ez direla zaharren interesak kontuan hartzen.

Zaharrak artatzen dituzten profesionalak trebatzeko beharra ere bada?

Bai. Trebatu behar ditugu zaintzaile profesionalak, bai eta profesional ez direnak ere.

Espainiako mendekotasun legeak laguntzak agindu zituen, baina ez da bete. Eragin du zaintzan?

Murrizketa anitz izan dira. Laguntzek behera egin dute, eta zaintzaile anitzek gainezka egiten dute. Zaindu behar dira zaintzaileak ere. Iruñeko Donibane auzoan, adibidez, ituna sinatu dugu hamaika eragilek, denen artean zaharren aldeko estrategiak garatzeko. Kontua da komunitatea inplikatzea.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku