Hego haizea, plazerari ateak zabaltzeko

Uxue Rey Gorraiz

Lagun batekin Bartzelonara egindako bidaia batean hartu zuen erabakia. Artikulu erotikoak saltzen zituen denda batean sartu zen Fernando Alonso, eta txundituta utzi zuen han ikusitakoak. “Horrelakorik Iruñean ez genuela pentsatu nuen segituan”, ekarri du gogora. 1992ko udan izan zen hura, eta, bi urteren buruan, 1994ko abuztuan, Sex Haizegoa ireki zuen beste bazkide batzuekin batera.

Hain zuzen ere, Iruñeko lehenbiziko sexu denda da, eta ateak zabalik ditu oraindik, dagoeneko mende laurdena beteta. Gauzak asko aldatu dira 25 urtean, baina asmo berarekin eta betiko grinaz jarraitzen du lanean Alonsok: sexualitatearen normalizazioa xede, sexu osasuna sustatzeko lanean dihardu.

“Denda irekitzea erabateko iraultza izan zen. Ohartzerako, komunikabide guztietan ginen”. Lehen egunak, ordea, aldrebestuak izan ziren dendaren bultzatzaileentzat, ika-mikak izan baitzituzten udalarekin. Udaltzainak agertu ziren denda ireki eta berehala, itxi zezatela eskatzeko, ia azalpenik eman gabe. Udalak emandako agindua zen, negozioa irekitzeko behin betiko lizentziarik gabe ezin zirela aritu argudiatuta. Alonso sinetsita dago horren atzean asmo argi bat egon zela: “Politikak ez zuen nahi gu hemen egoterik. UPNk gaizki hartu zuen denda ireki izana, eta maniobra egiten saiatu ziren”. Lehenbiziko oztopo hura gaindituta, baina, dendak ateak ireki ahal izan zituen handik egun gutxira. “Sexuaz ari ginelako itxi ziguten: beste edozein negoziori ez zitzaion hori gertatuko”, azaldu du. Jendearen erantzuna, ordea, askotarikoa izan zen. Gogoan du hainbat auzokidek babesa eman zietela, nahiz eta izan zen kexuka aritu zenik ere. “Sexua ez da gai erosoa. Jendearen %99,9rentzat gaia tabu bat da, oraindik ere”.

Bi ate daude, aukeran, dendan sartzeko. Bata, ate nagusia dei dakiokeena, kolore biziz apaindutako pareta batean dago. Bigarrena atzeko aldean dago, eta etxe batera emanen lukeen atari arrunt baten itxurakoa da. Ez da kasualitatea. Askok hautatzen dute bigarren hori, diskretuago jokatzearren, “lotsaren lotsaz”, Alonsoren hitzetan. Irmoki defendatzen du aurreiritzi horiek atzean utzi beharko liratekeela. Haren ustez, ordea, ez da harritzekoa, hori “irakatsi” baitzaio jendeari: “Sexualitatea modu negatiboan hartu da beti. Nola ez dute lotsarik sentituko?”

Sexu osasuna sustatzea du helburu Sex Haizegoak sortu zenez geroztik; Alonsok berak ere sexologia ikasketak egin zituen behin denda irekita. “Bizitza erotikoan osasuna dago, eta guk ahal adina baliabide eskaini nahi ditugu hura lantzeko”. Jostailu sexualak baliatzen dituzte, gehienbat, horretarako. Iraultza “ikaragarria” izan dela azaldu du Alonsok, bai produktuen aniztasunean, baita hornitzaileek horietarako erabiltzen dituzten materialei dagokienez ere. “Gaur egun erabiltzen diren materialak oso bestelakoak dira orain duela mende laurdena erabiltzen zirenen aldean”. Ziber-azala deiturikoak, adibidez, sekulako arrakasta erdietsi du merkatuan, latexa baino askoz “atseginagoa” baita, oro har.

Klitoria, ahoz aho

Jostailu erotikoen itxuretan eta eraginkortasunean ere aldaketa nabarmena izan da oso. Alonsok gogora ekarri du dendan lanean hasi zenean itxura falikokoak zirela gehienak, edota aluak imitatzen dituzten zulo itxurakoak. Egun, aukerak anitz dira: arrautza sintetikoak, eraztun estimulatzaileak, bola txinatarrak, eta urrutiko agintearekin funtzionatzen duten jostailuak ere eskura daude batik bat. “Sexua sarketara mugatzen zela uste zen, orientazio heterosexualari erreparatzen zitzaion soilik, eta jostailu erotikoek gizonen plazera lortzea beste helbururik ez zuten”. Gutxika egin da aldaketa, baina, perspektibarekin begiratuz gero, “ukaezina” da aurrerapausoa.

“Denda ireki nuenean, 1994. urtean, klitoria ez zen aipatu ere egiten. Orain, gero eta gehiago. Bistan da.” Alboan dituen jostailu batzuetara zuzendu du eskua Alonsok. Erakusmahaian bertan hainbat markatako klitori xurgagailuak ditu, kaxetatik kanpo, oso eskura. Jendeak satisfyer gisa ezagutzen ditu, hura marka bat bakarrik izan arren, hori baita ospea eman diona. Jostailu sexualen bilakaeraren adibide argia da klitori xurgagailua. Arrakasta “itzela” duela dio Alonsok, irakurri eta entzun duenaz gain bere dendako salmentetan antzeman du-eta bezeroek egindako harrera beroa. Horrelakorik ikusten duen lehen aldia da, eta, gailua erabili dutenen ahotik entzun dituen laudorioez gainera, testuinguru publikoetan, komunikabideetan eta sare sozialetan esaten denak harritzen du gehien; orain urte batzuk “pentsaezina” litzateke-eta halakorik.

Klitori xurgagailuaren teknika berritzailea da gailuaren arrakastaren eragilea, Alonsoren aburuz. Izan ere, bibrazioa klitoria estimulatzeko eraginkorra dela ikusi da, azalarekin kontaktu zuzenik izan gabe, haizea hurrupatuz. “Bakoitzak nahiago duen distantzian eta intentsitatearekin erabili beharko du, baina argi dago bete-betean asmatu dutela”. Horrela, lehen aldiz, klitoria kokatu dute askok plazeraren erdigunean, eta emakumezkoen sexualitatea ere mintzagai bihurtu du “behingoz”, haren esanetan. Gaiaz hitz egiteak emakume asko animatu ditu jostailuok erabiltzera, eta bezeroen profila ere aldatu du, nolabait. “Orain askoz emakume gehiago etortzen dira dendara, gazteak zein helduak”. 80 urte inguruko emakumeak ere joan dira satisfyer bila. Adina ez da muga.

Aurrerapausoak aurrerapauso, sexualitatearen normalizazioa erdiesteko egin beharreko bidea luzea eta malkartsua da oraindik. Autoerotismoa kontu bereziki konplikatua dela deritzo Alonsok, batez ere gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldeari erreparatuta. “Gizonak harrotu ere egin gaitezke masturbazioaz ari garenean”. Ez da halakorik gertatzen emakumeen kasuan, eta, hein batean, erlijio katolikoak gizartean utzi dituen arrastoei leporatzen die hori Alonsok. “Iruditzen zait Ama Birjina dela oraindik ere emakumeei jartzen zaien eredua”.

Erlijioaren eragina

Ez du uste Iruñea sexu kontuetan bereziki atzerakoia denik, baina irmoki dio erlijioak erabat baldintzatu duela askoren bizitza sexuala. Ez, beharbada, gazteenen artean, baina, helduen kasuan, zalantza izpirik ez du. Haur eta nerabe zirela ikasketak eskola erlijiosoetan eta, are gehiago, Opus Deiren gidaritzapekoetan egin zituztenek “urte ilunak” bizi izan zituzten, haren ustez, sexuari dagokionez behintzat. “Ezkonduen artean ez bazen, sexuaren inguruko mezu guztiak negatiboak ziren, eta horrek gizartea markatzen du”. Haren iritziz, ideia horiek ezinbestean zailtzen dute normalizazioa. “Batzuk gai izan dira ideia horiek burutik ateratzeko, baina beste askok barren-barrenean dituzte mezuok, eta gaizki sentitzen dira masturbatzean, bai eta desiratze hutsarekin ere”, azaldu du.

Argi izpien beharra

Egun eskaintzen den sexu heziketa “berantiarra, urria eta eskasa” da, Alonsoren ustean. “Sexua osasuna da, eta txiki-txikitatik jaso behar lukete haurrek horren inguruko informazioa”. Skolae programa ekarri du gogora, bai eta haren kontrako jarrerak gaitzetsi eta haren beharra azpimarratu ere. Izan ere,iruditzen zaio gaur egun egiten dena ez dela nahikoa inola ere: “Ematen den sexu heziketa urri hori prebentziora bideratua egoten da ia erabat: ez zaio plazerari erreparatzen”. Heziketa lan hori adituei dagokiela defendatu du, sexologoei alegia, eta ez soilik Osasun Departamentuari, ikastetxe askotan gertatzen den moduan.

Heziketa sexual on baten faltak maiz eragin du gaiaren inguruko informazioa iturri desegokietan bilatzea. Askotan, pornografia hartzen da eredu, eta hori bera Sex Haizegoan ere antzeman du haren jabeak. Bezeroen eskakizunetan nabaritzen du, film horietan ikusitakoa imitatzeko joera baitago. “Hori heziketa on batek konpon lezake. Plazeraren kontzeptua zabaltzea da giltza”.

Hain zuzen ere, plazera bere zabaltasunean lantzeko hainbat proiektu abiarazi ditu Sex Haizegoak urteetan. Jostailu sexualak ez ezik, margolan eta narrazio erotikoen lehiaketak antolatu izan dituzte, eta eurek sortutako mahai joko erotikoa ere eskuratu daiteke dendan: Sexoguay du izena, eta 2.400 galdera sortu zituzten horretarako. Gainera, sormen prozesuan erabilitako kontzeptu horiek denak biltzeko plataforma bat mesedegarria izan zitekeela ondorioztatu zuten. Halaxe jaio zen izen bera duen hiztegia. Sarean kontsulta daiteke; etengabe ari da hazten, eta milioi bat bisita baino gehiago ditu dagoeneko.

Sex Haizegoak duela 25 urte abiatu zuen bideak beste hainbeste urte ditu aurrean. Iruñean sexualitateaz natural hitz egiteko espazioa izaten jarraitu nahi du, eta bizitzak ahal bestean “alaitzen” segitzeko gogorik ez du faltako. Sexua “plazera, komunikazioa eta dibertsioa” ere badela gogoan izatea nahi du Alonsok. Nork bere erara, baina juizioak atzean utzirik, eta gozamenari aukerak eta ateak zabalduz.