Iritzia: Eredu bateraezinak

Iritzia: Eredu bateraezinak

Lohizune Amatria

Goizeko bederatzietan iritsi da kamioia herrira. Eguberriak iristear dira, eta hainbat hilabetez nafar Pirinioetan hezitako arkumeek hirirako bidea hartuko dute gaur. Hosto eta kolorerik gabeko garaia da goi denboraldia abeltzainentzat. Lan kargarik handiena orain dute, eta gaur jaso dute euren lanarengatik emango zaien diru saririk handiena: 3,80 euro kilo bakoitzeko.

Trailerrarekin gurutzatu da Simon herrirako bidean. Urtero bezala, senideekin ospatuko ditu opor egunak, eta berari egokitu zaio bazkarirako osagaiak erostea. Goizean goiz joan da hiriko supermerkaturik handienera, jende askorekin bat ez egiteko asmoz. Harategian arkumea ikusi du. Garai honetan izaten da garestien, baina merezi duela pentsatu, eta erosi du: 17,66 euro kilo bakoitzeko.

Nola da posible? Zer gertatu da arkumea herritik atera eta Simonen etxera iritsi bitartean?

Abeltzainen eta nekazarien sektorea krisian dagoela aditu dugu azken asteotan. Baina hau ez da gauza berria. Prezio duinak galdegiten urteak daramatzate, eta ez da gutxiagorako. Gero eta pertsona gutxiago ari dira lehen sektorean lanean, ez dago erreleborik eta husten ari da landa eremua. Ez dira hauek, baina, sektoreak bizi duen egoeraren arrazoi nagusiak. Landa eremuan gertatzen ari dena, elikadura negozio bilakatu duten politiken emaitza da.

Lehen sektorearen ehunekorik handiena enpresa gutxi batzuen esku dago. Multinazional handiak dira, abeltzain eta nekazari txikien interesen kontra jarduten direnak. Sektorearen alor guztiak hartzen dituzte, gainera. Hazien ekoizpena haien esku dute, pentsua eta lurrerako produktuak egiten dituzte. Elikagaien eraldaketa ahalik eta merkeena egiteko baliabideak dituzte, eta banaketan, zer esanik ez. Hara nora doan Simonen dirua!

Ekoizpen eredu intentsiboa ordezkatzen dute enpresa horiek; ongizateari erreparatu ez, eta haien poltsikoari begira, ahalik eta gehiena ahalik eta preziorik txikienean lortu nahi dutenen eredua. Txanponaren beste aldean, berriz, Nafarroako herri gehienetan gero eta gutxiago diren baserrien eredua dugu. Ez betiko, ordea; bi ereduak ez baitira bateragarriak.

Ezaguna zaigu metaketa eta zentralizazioa bultzatzen duen eredu ekonomikoa; eta hori da, hain zuzen, egoera honen atzean dagoena. Eredua eta hori garatzeko politikak bultzatzen dituzten erakunde publikoak. NPBa da adibiderik gabiena. Abeltzain eta nekazariek jasotzen duten diru laguntza baino gehiago da.

Izenak dio: Nekazaritza Politika Bateratua. Bai horixe, nekazaritza —eta abeltzaintza— arautzen dituen Europako Batasunerako politika. Laguntzaz mozorroturik, enpresa handiak lagundu eta nahi duten eredua marrazten ari dira 1962tik. Ari dira berria adosten, eta ez dut uste asko aldatuko dutenik, xedea lortzen ari dira eta. Nekazari eta abeltzain txikiak eredu intentsibora bideratzen ditu, harrapatuta ditu. Paradoxikoki, bizirik irauteko behar dute haiek desagerraraziko dituen laguntza. Aldaketak, nahitaez, prezioen igoera baino sakonagoa beharko du izan.