Iritzia: COVID-19aren krisia kartzelan

Iritzia: COVID-19aren krisia kartzelan

Libertad Frances eta Lorena Aleman

Talde asko orain dela urte batzu-batzuk hasi ginen salatzen eta plazara ateratzen nolakoa den osasun arreta Espainiako Estatuko presondegietan, haren egoera kritikoa baitzen COVID-19a iritsi baino lehenago ere. Iruñeko espetxean, zehazki, muturreraino txartua zegoen urte honen hasieran: hilabete oso batean ez zuten medikurik izan presoak artatzeko.

Horregatik, ezinbestekoa zen Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak kartzeletan osasun neurri espezifikoak ezartzea; izan ere, itxialdiaren berezko ezaugarrien ondorioz (pertsonak pilaturik egoten dira, elkarrengandik gertu eta kontaktuan), kartzelak toki ezin aproposagoak dira gaixotasunak zabaltzeko, ez baitira betetzen gutxieneko osasun baldintzak distantziari, higieneari eta abarri dagokienez, eta, gainera, presoak bereziki ahulak direnez alde soziosanitariotik begiratuta, are arriskutsuagoa da birusak kutsatuta egotea.

Hala ere, halako zerbait egin ordez, Espetxeen Idazkaritzak oso bestela kudeatu du COVID-19ak sortutako arazo sanitarioa: hasieratik, beren eskubide eskasak kendu dizkie presoei; murriztu egin dizkie bai gizarteratzeko elementuak, bai familiekin eta kanpoko hurbilekoekin duten harremana; eta mespretxuz tratatu du presoen osasuna. Aurrena, jarraibide hau eman zion kartzeletako pertsonalari, COVID-19aren antzeko sintomak baldin bazituen askatasunaz gabeturiko norbaitek: pertsona hori bakarturik edukitzea hamalau egunean (horixe da birusa inkubatzeko epea). Martxoaren 6an, Espetxeen Idazkaritzak neurri batzuk hartu zituen, eta, haien ondorioz, presoen komunikazioak mugatu egin ziren, irteerak debekatu, eta espetxeetarako sarbidea zaildu. Neurri horiek presondegi batzuetan bakarrik ezarri ziren hasieran (Madrilen, Errioxan eta Araban); martxoaren 12an, ordea, estatuko kartzela guztietara zabaldu, eta, hala, bakartuta utzi zituzten espetxeak.

Kartzeletan sartzeko bidea zaildu denez, funtzionarioak, beste langileak eta espetxetik kanpoko pertsonala soilik sartzen dira, baldin eta haien lana “ezinbestekoa” bada, eta horrek kanpoan uzten ditu gobernuz kanpoko erakundeak, entitate laguntzaileak eta beste profesional akreditatu batzuk; horren ondorioz, etenda daude espetxe barruko jarduera guztiak, baita gizarteratzeko direnak ere: alegia, baita kartzela zigorra gizarteratzeko bide bihurtzeko direnak, konstituzioan agindutako gizarteratze hori lortze aldera. Horrek guztiak agerian utzi du Espetxeen Idazkaritzarentzat gizarteratze jarduerak ez direla ezinbestekoak inondik ere.

Martxoaren 15ean, 463/2020 Errege Dekretua argitaratu zuten: alarma egoera ezarri zuten horren bitartez, baina ez zuten ezertarako aipatu alarmak zertan eragingo zien presondegiei. Nolanahi ere, egun horretan bertan, Barne Ministerioak agindu bat eman zuen, baina kartzeletan murrizketa gehiago ezarri besterik ez zuen egin, alarma egoera baino lehenagoko bide berean: komunikazioak, baimenak eta irteerak eten, eta telefono bidezko komunikazioa areagotu. Presoak berak ordaintzen du telefono bidezko komunikazioa, eta, dirurik ez badu, kanpokoekin harremanik izan gabe geratzen da, edo gutxien-gutxienekoa besterik ez du. Aginduan, ez zuten ezertarako aipatu nola babestu behar den presoen osasuna, ez zuten azaldu nola eta zer tresnarekin zaindu behar den gaixoen osasuna, eta zer prebentzio neurri hartu behar diren osasuntsu daudenentzat: bakartzea baino ez.

Martxoaren 16an, hamabi bat organizaziok idazki bat bidali genien Barne Ministerioari eta Espetxeen Idazkaritzari (geroztik, hirurogei taldek baino gehiagok eman diote atxikimendua), eta kartzeletan neurriak hartzeko eskatu genien presoen bizitzeko eskubidea, osasuna eta osotasun fisikoa babestu eta bermatze aldera, eta eskatu genien, era berean, ez aplikatzeko zigor edo tratu krudelik, ankerrik edo umiliagarririk. Hona hemen eskatu genituen neurrietako batzuk: osasun arloko lantaldea sendotzea, kutsatutako gaixoak instalazio medikoetan bakartzea, gaixo larriak eta 70 urtetik gorakoak kartzelatik ateratzea, arrazoi humanitarioengatik hirugarren gradurako bidea erraztea, erregimen irekian daudenak kartzelatik ateratzea, eta presoek kanpokoekin duten komunikazioa handitzea, telefono deiak dohainik jarrita.

Martxoaren 17an, ordea, estatuko kartzeletako osasun auziari heltzeko kontingentzia plan bat lantzen aritu beharrean, Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak gutun ireki bat idatzi zien presoei. Gutun anakroniko bat, sermoilari batena dirudiena eta ez ministro batena: funtsean, etsia hartzeko eta ulertzeko eskatu zien. Lotsagarria ezin gehiago.

Horregatik, eskaera berberak egin genizkien Nafarroako Parlamentuari, Diputatuen Kongresuari, estatuko Arartekoari eta Europako Legebiltzarrari. Gizarte taldeok eskatutako neurrietan, nabarmendu dugu osasun arrazoien arabera atera behar direla presoak kartzeletatik, eta ez arrazoi juridikoen arabera, hori baita modurik onena gaixotasunetik babesteko eta prebentzioa lantzeko. Neurri horiek berak proposatu dituzte Europako Kontseiluaren mendeko Torturaren Prebentziorako Batzordeak (CTP), Nazio Batuen Goi Mandatariak eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). Hain zuzen, herrialde batzuek hartuak dituzte halako neurri kolektibo batzuk, hala nola Frantziak eta Turkiak. Badirudi Espetxeen Idazkaritza, poliki-poliki, hasia dela gizarte zibilaren eskaera batzuk onartzen, ekin diola hirugarren gradukoak etxera bidaltzeari (oraingoz, 2.100 laguni bakarrik eman die aukera hori), eta 200 telefono erosi dituela presoek komunikazio handiagoa izan dezaten kanpokoekin, bideo deien bitartez.

Zoritxarrez, COVID-19agatik hildako lehenbiziko presoaren berri eman zuten martxoaren 24an: 78 urteko emakume bat, Madrid VII espetxean zegoena. Badakigu gutxienez 43 lagun kutsatu direla, gehienak funtzionarioak; 300 lagun baino gehiago berrogeialdian daudela, eta 125 preso bakarturik daudela espetxe barruan. Egoera argitu nahian, eta behar diren neurriak har ditzaten, Nafarroako Salhaketak kexa bat aurkeztu zion Nafarroako Arartekoari martxoaren 24an, aktiboki jardun dezan Iruñeko espetxeko egoera zertan den jakiteko, egoeraren berri jakinarazteko gizarteari, eta Nafarroako Gobernuaren jardunbidea fiskalizatzeko.

Zehazki, hau eskatu dugu: 1.- Kontuan har dezala osasunerako zein arrisku larria den espetxeetan COVID-19a zabaltzea; beraz, aktiboki jardun dezala jakiteko zer gertatzen den Iruñeko espetxean, eta eska diezaiela estatuko administrazioari eta Nafarroakoari Europako Kontseiluaren mendeko CPTk onarturiko oinarriak betetzeko. 2.- Modu aktiboan eska eta bil dezala informazioa, jakiteko zertan den Iruñeko espetxea alarma egoerak dirauen bitartean, eta 3.- Kontrola ditzala zer egiten ari diren Nafarroako Gobernua eta haren departamentuak Iruñeko espetxeari eta COVID-19aren pandemiari dagokienez.

Gainera, ezinbestekoa da osasun neurri urgenteak hartzea presoen eskubideak babesteko, eta ezinbestekoa, era berean, egoera honen kudeaketa ez izatea ordenaren ingurukoa bakarrik, eskubideak modu indiskriminatuan urratzeko bakarrik. Ezinbestekoa da abokatuen laguntzaz baliatzeko eskubidea bermatzea: eskubide hori larriki urratu da kartzeletan, etenda baitaude Lege eta Espetxe Orientabiderako Zerbitzuak.

Dena dela, zerbitzu horiek ematen dituzten abokatuei esker, telefono bidezko laguntza jasotzen ari dira zenbait kartzelatan, Iruñekoan besteak beste, baina presoek ordaindu behar dituzte deiak, nahiz eta zerbitzu publiko eta doakoa den. Era berean, presoek familiekin eta lagun hurkoekin kontaktua dutela segurtatu beharra dago, eta etengabe, zehatz eta zorrotz eman behar zaie kanpoko informazioa presoei, eta presoen inguruko informazioa gizarteari.

Eta, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Nazio Batuen Goi Mandatariak gomendatu duten bezala, presoak kartzelatik ateratzeko mekanismoak lehenetsi behar dira. Krisialdietan, begien bistan geratzen dira egituren gabeziak eta ahultasuna. Krisi honek, jakina, agerian utzi du zein krudela den kartzela, eta nola sistematikoki mespretxatzen diren presoen eskubideak eta, batik bat, osasuna. Arduragatik eta elkartasunagatik (guztion ahotan daude asteotan etengabe), ezin diegu bizkarra eman gehien ahuldutako pertsonei. Koronabirusa kartzelan sartzen bada, kartzelak hustu egin behar dira.

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE:

Paz Frances, Iranzu Baltasar, Maje Martinez Soto, Amelia Gonzalez, Manuel Ledesma, Ruth Martinez, June San Millan, Maria Rodes, Javier Martinez eta Irune Juanena.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku