“Bada gure gorputz gaixoa aldarrikatzeko beharra, maitatzekoa”

“Bada gure gorputz gaixoa aldarrikatzeko beharra, maitatzekoa”

Iosune de Gonフナk badu bide bat egina literaturaren eta argazkigintzaren esparruetan. Kapazitismoaren kontrako mezua erantsi die bere azken lanei. Irunフテko egile berrientzako lehiaketa irabazi berri du burlatarrak.

Edurne Elizondo

Idazlea eta argazkilaria da Iosune de Goテアi (Burlata, 1993); feminista eta antikapazitista ere bai. Trenza roja fanzinea ondu du gaixotasunari buruz, hain zuzen, Ines Martinez kazetari madrildarrarekin batera. Iruテアeko egile berrientzako lehiaketa irabazi berri du.

Zertaz ari zara gaixotasunari buruz ari zarenean?

2018an, infekzio bat izan nuen, eta nire osasunak okerrera egin zuen. Ohetik ezin atera gelditu nintzen, ahotsik gabe, eta beste hamaika sintoma gehiagorekin. Bi urtez egon nintzen ohean. Hobera egiten hasi nintzen hirugarrenean; orain, ezin dut lanik egin. Paseoren bat ematera ateratzen naiz, baina ezin dut hori baino askoz gehiago egin. Nire bizitza erabat aldatu da.

Orduan hasi zinen kapazitismoaren inguruan hausnartzen?

Gizartearen edo familiaren eta lagunen indarkeria kapazitista beti ezagutu dut. 2018an gaixotu eta gero, halere, dena askoz bortitzagoa izan zen.

Generoaren auziak ere badu kapazitismo horrekin lotura?

Bai, zalantzarik gabe. Emakumeak histerikotzat jotzen gaituzte, eta dena gure antsietatearen ondorio dela esaten digute. Orain diagnostikoak ditut, eta horrek erraztu du dena. Baina hamaika arazo izan ditut. Kapazitismoa sufritu dut, eta sortu zitzaidan erantzun bat emateko beharra. Amari esaten nion, feminismoak lagundu nauen bezala, behar nuela beste mugimendu bat egoera horiek kudeatzen laguntzeko.

Eta aurkitu zenuen.

Kapazitismoaren aurkako mugimendua aurkitu nuen, eta hasi nintzen sakontzen, eta literaturan eta artean gaia lantzen. Sare sozialen bidez ere saiatzen naiz aktibismoa egiten.

Zure literaturaren erdigunean ere jarri duzu auzi hori.

Barne munduei buruz idaztea interesatzen zait, emozioei buruz; kapazitismoari buruz ere bai. Nire gaien artean garrantzitsuenetako bat izan daiteke, oso beharrezkoa iruditzen zaidalako hortaz idaztea. Azken urteotan, ingelesez idazten duten emakume gaixo, desgaitu eta neurodibergente askoren lanak irakurri ditut, eta lagundu didate hobeto ulertzen gertatzen zaidana, eta diskurtso politiko bat eraikitzen. Halako prozesu batean bakarrik sentitzen zara, eta besteen esperientziak irakurtzeak sentiarazten dizu komunitate baten barruan zaudela.

Mugimendu ezezagun samarra da hemen, oraindik ere?

Bai. Egoera bestelakoa da beste toki batzuetan. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, desgaitasunari buruzko unibertsitateko ikasketak dituzte, generoaren ingurukoak dauden bezala. Hemen hori ezin dugu imajinatu ere. Halere, koronabirusarekin eta gaixotasunak azken urteotan izan duen garrantziarekin, uste dut gero eta gehiago hitz egiten dela auzi honi buruz; literaturan ere gero eta gehiago idazten da gaixotasunari edo desgaitasunari buruz, edo osasun mentalari buruz.

Emakumeak dira gaia erdigunean jartzen ari direnak?

Gaixotasunari buruzko liburu gehienak emakumeek idatziak dira; batez ere, pazientearen ikuspuntutik eginak direnean. Askotan, profesionalen edo senideen kontakizunak ailegatzen zaizkigu, eta horrekin kontuz ibili behar dugu. Gaur egungo gaixotasun kroniko gehienak emakumeek bizi ditugu, batez ere.

Gizarteak gaixotzen edo desgaitzen gaitu?

Horri buruz asko pentsatu nuen konfinamenduan. Denok etxean gelditu behar izan genuenean, lehen ez ziren aukerak erabilgarri zeuden denentzat; dena ikus zitekeen Interneten bidez zuzenean, lana etxetik egiten ahal zen… Konfinamenduaren aurretik, guk ez genituen aukera horiek. Gizarteak erabakitzen du nork balio duen eta nork ez.

Gorputza dago zure testuetan; lotura badu horrek kapazitismoaren aurkako mezuarekin ere?

Kapazitismoa politikoki lantzen ez dugun arren, Trenza roja fanzinean nolabaiteko borroka bat islatzen da. Gaixotasunak askotan gure gorputzean giltzapetuta gaudela sentiarazten digu, gorputzeko eta etxeko mugak zeharkatu ezin ditugula. Fanzinean, batetik, gorputzetik ihes egiteko desioa lantzen da; bestetik, gure gorputz gaixoa aldarrikatzeko beharra, maitatzekoa.

Ines Martinezekin egin duzu lan hori. Gustukoa duzu saretzea?

Bai. Nik euskaraz eta gaztelaniaz idazten dut, eta bi zirkulu literario horietan murgilduta nago. Gaztelaniazkoan sakabanatuago gaude, eta Internetek batzen gaitu. Euskarazko egileekin harremana zuzenagoa da. 2011n Urruzuno literatur lehiaketa irabazi nuen, eta saria zen bidaia bat. Hogei idazle inguruk bat egin genuen, eta hortik sarea sortu dugu. Oso polita da hori. Idazleak ez du zertan bakartua egon, eta lan kolektiboak ere egin daitezke.

Aspalditik duzu idazketa lagun?

Bai, beti izan dut idazteko beharra eta grina. Txikitan, amarekin ipuinak asmatzen nituen, lotara joan aurretik; egunerokoak eta poesia idazten hasi nintzen gero. Nerabezaroan jada idaztea gauza serio bat zen niretzat.

Literaturaz gain, argazkigintza ere lantzen duzu.

Bai. Hasieran jolas moduko bat zen, eta ez zuen literaturarekin deus ikustekorik. Txikitan gurasoen eta izebaren makinak erabiltzen nituen argazkiak egiteko. 15 urterekin erosi nuen nire lehendabiziko kamera, eta 18rekin hasi nintzen argazkigintza analogikoarekin. Hori lantzen dut gehien. Hasieran zaletasun bat zen, baina serioago heldu nion 2016tik aurrera, eta 2017an egin nuen lehen erakusketa. Sentitzen nuen argazkigintzak ematen zidala askatasun handiagoa filtrorik eta zentsurarik gabe lan egiteko.

Uztartu duzu argazkigintza literaturarekin?

Hasieran, bi bide ezberdin ziren, baina elkartuz joan dira, argazkigintzari serioago heldu diodan neurrian. Elkarri ematen diote. Literaturan eta argazkigintzan, bietan dago natura. Nire argazkiek badute poesiaren kutsu onirikoa, eta badute literaturaren eragina; idazten dudanean, berriz, irudiak erabiltzen ditut. Nire idazketa oso bisuala da, hain zuzen.

Orain, literaturaren aldetik ailegatu zaizu saria: Iruテアeko egile berrientzako lehiaketakoa, Itzalak uraren azpian lanagatik.

Greziara egindako bidaia bati buruz da. baina handik bueltan idatziak dira poemak. Iragana, oraina eta geroa nahastea zen nire helburuetako bat. Oroitzapenak eman dit aukera erreala dena eta ez dena nahasteko. Bidaia bikotekidearekin egin nuen, eta hari eskainiak dira poemak. Ur azpiko hirien inguruan gogoeta egiten aritu ginen bidaia osoan, eta metafora hori erabili nuen testuan.

Xabier Portugal-Pasaia Hiria olerki lehiaketa ere irabazi duzu. Kontent?

Bai. Gorputz baten aztarnak elurretan poema sortagatik jaso dut. Urtarrilaren 28an eginen dute sari banaketa. Liburu bat argitaratuko dute irabazleon lanekin.