Bonbak noiz isildu zain

Bonbak noiz isildu zain

Ukrainako gerraren hotsak Nafarroara iritsi dira. Tania Beniva duela astebete ailegatu zen herri horretatik Iruñera, bere bi alabekin. Han daude oraindik Txernobyl elkartearekin Euskal Herrira udan etortzen diren umeak. Komunikazioa gero eta zailagoa dela erran dute hemengo familiek.

Edurne Elizondo

Ez dakit”. Etorkizuna ezin asma daitekeen zerbait bilakatu da Tania Benivarentzat. Ez daki Ukrainan zer gertatuko den; ez daki zer eginen duen hemendik aste edo hilabete batera; ez daki egun gutxirako edo luzerako etorri ote den Nafarroara. Duela astebete atera zen Ukrainatik, 4 eta 6 urteko bere bi alabekin. Senideak ditu Iruñean, eta haiek eman diote aterpe hiriburuan. Ukrainan gelditu da Benivaren senarra. “Telefonoz badugu hitz egiteko aukera”. Aitortu du kezka ezin uxatu bizi dela, eta bonbak isil daitezela bertzerik ez duela nahi.

Errusiak otsailaren 24an hasi zuen Ukrainaren kontrako erasoa, herri hori “desmilitarizatzeko eta

Ukrainako Tania Beniva bere bi alabekin.

desnazifikatzeko” asmoz. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gerra legea ezarri zuen berehala, eta armadara joateko adinean dauden pertsonak mobilizatzera deitu zituen. Herri bateko zein bertzeko agintariek hartutako erabakien gainetik, herritarrak daude gatazkaren erdigunean; herritarrak zauritu edo hil dira; herritarrak bilakatu dira iheslari, aukera izan dutenean, edo etxean gelditu behar izan dute, bonbak noiz isildu zain.

Ukrainatik ateratzeko aukera izan dutenen artean da Beniva; alabengatik erabaki du sorterria atzean uztea; Errumanian egin zuten bidaiaren lehendabiziko geldialdia, eta handik ailegatu dira hirurak Iruñera. Benivari kostatu egiten zaio sinestea Ukrainan gertatzen ari dena, oraindik ere. “Beldur naiz”, aitortu du. Ukrainan gelditu diren lagunak eta senideak ditu buruan, batez ere. “Isil daitezela bonbak behingoz”. Baikor sentitzeko gai ez dela erran du argi eta garbi: “Ukrainaren kontrako erasoak bertze mundu gerra bat ekarriko ote duen beldur naiz; ez dakit zer gertatuko den”, berretsi du. Ez daki familia hemendik aste edo hilabete batera non egonen den; ez daki Ukrainara itzultzeko aukera noiz izanen duen. Ez daki, eta ez jakitea gogorra zaio.

Umeen berrien zain

Mari Carmen Arregi leitzarra da, baina Beniva bezala Ukrainara begira bizi da, gerrak eztanda egin zuenetik; Ukrainan gertatzen ari denari egiten dio so, hango Zorin herrikoa delako Liubomira Alieva. 6 urte zituenean etorri zen Alieva aurrenekoz Nafarroara, Chernobil elkartearen eskutik. 12 ditu orain. Herrialdean egon den aldi guztietan Arregirena izan du etxe. Eguberrietan etorri zen azkenekoz, eta hilabete bat gelditu zen Leitzan. “Urtarrilaren 18an hartu zuen Ukrainara itzultzeko hegazkina. Jakin izan bagenu!”, erran du Arregik.

Mari Carmen Arregiren familia Leitzan: eserita, ezkerrean, Ukrainatik etortzen den Liubomira Aliva Txernobylgo haurra.

Otsailaren 28an izan zuten Arregik eta haren senideek Alivaren berri azkenekoz. “Geroztik, deus ez”. Kezkak hartu du, eta anitzetan telebistako irudien beldur dela onartu du. “Ez piztea hobe”. Telefono bidez aritu dira Alivarekin eta haren amarekin hizketan, komunikazioa eten arte. “Inguruan zalaparta entzuten zuten bakoitzean, etxeko sotoan sartzen ziren, babesteko”.

Zorin herri txiki bat da, eta, gerra piztu aurretik ere, gogorra zen hango egunerokoa. Orain, egoerak okerrera egin du, eta Arregiren kezkak, berriz, gora. “Gerrak gure haurren aurpegia du; gaizki gaude, nola dauden ere ez dakigulako”, azaldu du. Herritik ateratzeko aukerarik ez dutela erantsi du. “Herri txiki bat da Zorin; herritarrek komunitate bat osatzen dute. Elkarri laguntzen diote, behintzat”. Arregik garbi dauka “zerbait” egin beharra dagoela: “Umeak atera behar ditugu handik”.

Ukrainako berrehun haur inguru etortzen dira udan Euskal Herrira Chernobil elkartearekin. Pandemiak hutsean utzi ditu azken bi urteotako bidaiak. Eguberrietan, 90 haur inguru ekarri zituzten. Orain, ume horien berri izatea eta Ukrainatik ateratzeko aukera ematea da elkarteko arduradunen lehentasuna. “Korridore humanitarioak behar ditugu, nahi duenak ateratzeko aukera izan dezan, eta gelditzen direnentzat laguntza bideratu ahal izateko”, nabarmendu du Chernobil elkarteko kide Olatz Linazisorok.

Begiraleekin harremanetan

“Gabonetan haurrak ekarri genituenean, ezin genuen imajinatu orain horrela egongo ginenik”. Linazisorori kostatu egiten zaio hitz egitea tarteka. Arregik errandakoa berretsi du: gerrak umeen aurpegiak dituela. Haietako batzuek etxea galdu dutela badakite; bonben hotsak betean harrapatu dituela. “Txernobylgo leherketaren ondorioz, erradiazioak kutsatutako eremu batean bizi dira gurekin Euskal Herrira etortzen diren haurrak; orain gerra sufritu behar izateak are gogorrago bilakatu du haien egunerokoa. Gerrak zaurgarrienak jotzen ditu betean”.

Tacto Sutil Kollage Taldeko kideek gerraren aurka egindako lanetako bat. Egilea: Ildara Eskala.

Egunero saiatzen dira Ukrainako egoerari buruzko berriak jasotzen, elkarteak han dituen kideen bidez. Euskal Herrira etortzen direnean haurren begirale lanetan aritzen diren boluntarioak berriemaile bilakatu dira, gerrak behartuta. “Herriz herri bizi diren begirale horiek haurren irakasleak edo amak dira, kasu askotan; begiraleen arduraduna egunero saiatzen da emakume horiekin guztiekin hitz egiten, eta jasotako informazioa guri ematen digu, guk gure familiei zabaltzeko, haurren berri izan dezaten”, kontatu du Linazisorok. Aitortu du ziurgabetasuna gogorra dela, eta komunikaziorik eza kudeatzea zaila izaten ari dela.

Haurrak laguntzeko asmoz, halere, ez diote lan egiteari utzi, eta diru bilketa bat hasi dute jada ukrainarrek behar dutena lortzeko asmoz. “Erasoa amaitzen denean, hutsetik hasi beharko dute askok. Dirua biltzea eta beharko dutena han bertan erostea da gure asmoa”, azaldu du Chernobil elkarteko kideak.

Tania Beniva eta Mari Carmen Arregi bezala, bonbak noiz isildu zain da Olatz Linazisoro ere. Eta ez dira bakarrak. Iruñeko Tacto Sutil Kollage Taldeak sormenaren bidez zabaldu nahi izan du gerra guztien aurkako bere aldarria. Martxoaren 4an, bonbak isil daitezela eskatzeko lan kolektiboa egin zuten taldeko artistek, eta beren collageetan jaso zituzten gerren inguruko beren gogoetak. Agerian utzi zuten gaur egun nagusi den ziurgabetasunak eragiten dien kezka. Ukraina ez baita bonben hotsak hartutako herri bakarra, eta guztietan herria dago gerraren erdian. Bonbak noiz isildu zain.

SOS Ukraina taldea sortu dute herrialdean, laguntza bideratzeko

SOS Ukraina izeneko klusterra sortu dute Nafarroan, Ukrainako herritarrei behar duten laguntza bideratzeko asmoz. Gobernuz kanpoko zenbait erakundek, enpresak eta elkargok osatu dute plataforma hori, Berehynia eta Ukrainako Hegalak elkarteen ekimenez.

Nafarroan bizi diren ukrainarrak dira Berehynia eta Ukrainako Hegalak elkarteetako kide. Material bilketa hasi zuten, Errusia Ukrainan sartu, bonbardaketak hasi eta berehala. Iruñerriko zenbait tokitan aritu dira arropa eta bertzelakoak jasotzen. Laguntza Ukrainako iheslariei eta gerrak kalte egindako herritarrei helarazteko asmoz, laguntza eskatu zuten, eta dei horri erantzunez sortu dute orain klusterra bi elkarteok, SAR-Nafarroa taldeak, Nafarroako Erizainen Elkargoak eta Mugarik Gabeko Botikariek, bertzeak bertze.

“Kluster honen asmoa da herritar nafarren laguntza bideratzea, herritar ukrainarrek jaso dezaten: laguntza materiala, batetik, eta dirua, bertzetik”. Horixe azaldu du Berehynia elkarteko kide Yuriy Kvasnitskik, hedabideen aurrean egindako agerraldian.

Osasun materiala

Nafarroako Erizainen Elkargoa eta Mugarik Gabeko Botikariak ari dira osasun materiala jaso eta bidaltzeko prozesua zaintzen. Erizainen elkargoko ordezkari Isabel Iturriozek erran du harremanetan direla Ukrainako profesionalekin, material hori zehazki nora helarazi adosteko asmoz. Bertzalde, Mugarik Gabeko Botikarien taldeko Ana Aliagak nabarmendu du elkarte horretako kideak arduratuko direla behar dituzten botikak jasotzeaz: “Nafarrei eskatu nahi diegu ez dezatela botikarik eraman farmazietara; gu arduratuko gara, gure botiken bankuaren bidez”, zehaztu du Aliagak.

SOS Ukraina plataformako kideek aipatu dute boluntarioen laguntza ere beharko dutela, talde sortu berria aurkezteko egin duten agerraldian. “Laguntza beharko dugu jasotakoa biltzeko eta bidaltzeko prestatzeko, bertzeak bertze”. Herritarrek klusterra osatzen duten elkarteetako kideengana jo dezakete, nola lagundu zehaztu ahal izateko.

Zenbait erakundek ere egin dute bat SOS Ukrainarekin; Iruñeko Udalak, adibidez, babesa agertu dio plataformari. Iruñeko alkate Enrique Maiak, hain zuzen, Berehynia elkarteko arduradunak eta Bigarren Familia elkartekoak hartu ditu udaletxean berriki, haien ahotik jasotzeko beren kezken berri.